From Wikipedia, the free encyclopedia
Traineru estropada —maiz, besterik gabe, estropada deitua— traineruen arteko lasterketa edo estropada da.
Arraunketa Euskal Herrian eta Kantauri osoan herri kirola da, traineruekin, batelekin nahiz trainerillekin egina. Estropadak egiteko, ontziok, hainbat txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa bat egiten dute. Estropada irabazten duenak bandera bat jasotzen du saritzat, edota ligarako hainbeste puntu. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean (kasu honetan arrantzan) oinarritzen dira.
Iragan mendeetan arrantzak garrantzi handia izan du euskaldunen elikaduran. Euskal Herria basoek estaltzen zuten eta lur landuak gutxi zirenez, hemengo biztanleak itsasora atera ziren elikagai bila. Lehenik Ipar Atlantikora abiatu ziren, han bakailaoa eta balea arrantzatzen zituzten. Zetazeo hau agertzen den zenbait herritako armarriek honen garrantzia adierazten dute. XVI. mendean, Euskal Herriko biztanleriaren hazkundearekin batera, gaur egun tradiziozkoak diren espezieen arrantza hasi zen: atuna, hegaluzea, legatza, bisigua, antxoa eta sardina.
XIX. mendean euskal itsasbazterrean hiru ontzi mota erabiltzen ziren arrantzarako: legatza bezalako espezieentzat "kalera" deituriko batel handiak; antxoa eta sardinaren arrantzarako traineruak, eta kostaldeko espezieentzako batel txikiak. Arrantzarako erabiltzen zen trainerutik sortu ziren estropadak. Traineruak azkarra izan behar zuen arrain-sardara iritsi, sarea bota eta azkar biratuz arrainak harrapatzeko. Ondoren ahalik eta azkarren itzuli behar zen portura, besteek ekarritako arraina gehiegi izan eta enkanteko prezioa jaitsi baino lehen. Horregatik arrantzaleek eta arotzek ontzi arin eta azkarra egin zuten, egonkortasuna gutxiagotu arren.
Herri kiroletan ohikoa den bezala, lehen estropadak desafio baten bidez sortu ziren: bi ontzitako arraunlariak aurka jartzen dira, dirua jokatzen dute eta puntu batera lehenengo iristen denak irabaziko du. Hala ere, norgehiagoka hau ohikoa zen apusturik gabe ere. Arrain-sardara azkar iritsi eta portura ahalik eta azkarren itzultzeko gogoak eragiten zuen.
Garai hartako bertso askotan aipatzen dira lehen lehiaketa hauek. XIX. mendeko egunkarietan ere agertzen dira arraunlariek luzatutako desafioen berriak. Desafio hauek egin beharreko distantzia adostu ondoren estropada jokatuz erabakitzen ziren.
Idatziz jasotako lehen desafioa Zarautz eta Getariako bi traineruren artean gertatu zen, 1761ko maiatzaren 2an. Estropada Mollarritik (Zarautz) Donostiako kairainoko distantzian jokatu zen, eta garaileak 100 ezkutuko saria lortu zuen. Ez dago jasota nork irabazi zuen.[erreferentzia behar]
XIX. mende bukaeran jokatu zen desafio bat izan zen, Euskal Herrian mito bilakatu dena. 1888ko azaroaren 25ean ondarrutarrek Pasai Donibanekoei irabazi zieten eta Bilboko egunkari batek 'Kantauriko garaitezinak' izendatu zituen ondarrutarrak. Donostiako señoritoek orduan herriko arrantzaleei burua berotu eta horiek erronka bota zieten ondarrutarrei. Zarauzko Otamendi ostatuan, artean errepidea handik igarotzen baitzen, elkartu ziren bi herrietako ordezkaritzak baldintzak adosteko. Estropada bederatzi miliatan jokatzea erabaki zuten (Lekeitiotik Donostiara). 25.000 pezeta jokatu zituzten, dirutza handia garai hartarako. Donostiako tripulazioa gidatzeko Luis Karril aukeratu zuten. Ikusmin handia piztu zuen lehia hark. Azkenean, Donostiak irabazi zuen 81 minutuko ibilbidea egin ondoren.
Gaurko traineruen eskifaia hamahiru arraunlari eta patroi batez osatzen da. Patroia txopan jartzen da eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea du. 1920 inguruan hasi ziren lehiaketarako traineruak eraikitzen, Donostian. Ordura arte arrantzontzi arruntak erabiltzen ziren estropadetarako, panelak eta babesgarriak kenduz zertxobait arinduta. 1916an Mutrikuko Bizente Olazabalek Getariako tripulazioarentzat lehen trainerua eraiki zuen. Enara izenez bataiatu zuten eta 400 kiloko pisua zuen.
XX. mendearen bukaera aldera arte ontzigileek diseinua hobetu zuten teknika eta esperientziari esker. Ontziaren hezurdura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltze galbanizatuekin. Gaur egun, lehiaketan ez da zurezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute. Traineruaren prezioa ere nabarmen igo da, inflazio-maila baino gehiago. 1970ean 45.000 pezeta kostatzen bazen, gaur egun zenbait milioi (pezeta) ere bai.
Traineru-estropadak Kantauri itsaso osoan zehar jokatzen badira ere, garrantzitsuenak Euskal Herrian jokatzen direnak dira. Gipuzkoan (Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia...) eta Bizkaian (Nerbioi ibaia, Ondarroa, Santurtzi, Lekeitio, Bermeo...) jokatzen dira estropadak udan.
Estropadarik itzaltsuena Donostiako Kontxako Bandera da. Arraunaren olinpiada izena ere eman izan dio jendeak. Edozein klubentzat gehiago balio du Kontxako Bandera lortzeak, urte osoan irabaz daitezkeen beste guztiek batera baino. Entzute izugarria du arraunaren munduan.
Kontxako Bandera irailaren lehen bi igandeetan ospatzen da, bi jardunalditan. Kanporaketa bidez hautatutako zortzi talde onenek parte hartzen dute. 3 miliako ibilbide klasikoan jokatzen da, baina ziaboga bakarrarekin. Estropada honek itsas zabalean haize, olatu eta korronteen aurka egiten ziren desafio zaharren tradizioa gordetzen du. Gehienetan irabazi duena Orioko trainerua izan da 32 banderarekin. 2008tik aurrera Emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da, hauek distantzia erdia osatzen dutelarik. Hasieran galiziarrak izan ziren nagusi baina azken urteetan euskaldunak nagusitu dira, San Juanek esate baterako bost garaipen lortu zituen jarraian.
1950 eta 1960. hamarkadetan arraunarekiko interesak behera egin zuen nabarmen. Ozta-ozta jokatzen ziren hiruzpalau estropada (Kontxa, Espainiako estropada eta Coruñakoa) eta azken unean inprobisaturiko tripulazioak lehiatzen ziren. 1960. hamarkadaren amaieran Bizkaian bi estropada handi antolatzen hasi ziren Nerbioi itsasadarrean, Nerbioiko Sari Handia (1966an) eta El Corte Ingles Bandera (1971an). Diru sari ederrak ematen zituztenez bigarrenari Regata Monstruo ezizena eman zitzaion. Hauei jarraiki Zarauzko Ikurrina eta Kantabriako hainbat bandera ere antolatu ziren. Guzti honek arrauna indarberritu zuen eta kirol elkarte ugari sortu ziren kostaldeko herri guztietan.
1994ean aurrera Ligak eratu ziren arraunketa modernizatzeko. 2002 arte Traineruen Euskal Liga izan zen (talde kantabriarrek ere parte hartzen zutelarik) eta 2003tik aurrera TKE Liga osatu zen, bertan galiziarrak ere aritzen dira. Arraun talde guztiak sisteman sartu dira, bigarren eta hirugarren mailak osatuz, Galizian Ipar-mendebaldeko Ligan eta Euskal Herrian eta Kantabrian KAE Ligan.
Emakumezkoei dagokionez Euskotren Liga osatu zen eta bigarren maila batean ETE Liga eta Galiziako Liga.
Ligako estropadak eta Kontxakoa telebistaz ematen dira. Traineruen barruan GPS aparatuak jartzen dira denborekin zalantzarik egon ez dadin. Laburbilduz, XXI. mendearekin batera estropaden mundua ere garai berrietara egokitu da ezinbestean.
Urtea | Kontxako Bandera | Liga nagusia | Euskadiko Txapelketa |
---|---|---|---|
2008 | Galiziako selekzioa | ez | ez |
2009 | Rias Baixas (Galizia) | Galiziako selekzioa | Getaria-Tolosa |
2010 | Rias Baixas (Galizia) | Galiziako selekzioa Gipuzkoako selekzioa | Getaria-Tolosa |
2011 | Rias Baixas (Galizia) | Getaria-Tolosa | Getaria-Tolosa |
2012 | Rias Baixas (Galizia) | Zumaia | Getaria-Tolosa |
2013 | Zumaia | Zumaia | Zumaia |
2014 | San Juan | San Juan | San Juan |
2015 | San Juan | San Juan | Zumaia |
2016 | San Juan | San Juan | San Juan |
2017 | San Juan | San Juan | Hibaika |
2018 | San Juan | San Juan | San Juan |
2019 | Orio | Orio | Orio |
2020 | Orio | Orio | Donostiarra |
2021 | Arraun Lagunak | Arraun Lagunak | Arraun Lagunak |
2022 | Orio | Orio | Arraun Lagunak |
2023 | Arraun Lagunak | Arraun Lagunak | Donostiarra |
2024 | Arraun Lagunak | Arraun Lagunak | Arraun Lagunak |
2024 denboraldiko datuak barne.
Estropada | Garaipenak |
---|---|
Kontxako Bandera | Orio (32), San Pedro (15), Donostia (14), Hondarribia (14), San Juan (10), Sestao (8), Bermeo (8), Getaria (5)... |
Espainiako Txapelketa | Orio (15), Astillero (8), Pedreña (8), Sestao (7), San Juan (6), Santurtzi (5), Bermeo (5), Moaña (4), San Pedro (4)... |
Euskal Liga (1994-2002) | Orio (3), San Juan (3), Castro Urdiales (2) eta San Pedro (1). |
TKE Liga (2003- ) | Urdaibai (10), Kaiku (3), Hondarribia (3), Astillero (2), Santurtzi (2), Castro Urdiales (1) eta Orio (1). |
Euskadiko Txapelketa | Urdaibai (9), San Pedro (7), Kaiku (7), Hondarribia (7), Orio (6)... |
Nerbioiko Sari Handia | Orio (10), San Pedro (6), Kaiku (4)... |
El Corte Ingles Bandera | Kaiku (11), Orio (10), Urdaibai (6), Santurtzi (4), San Pedro (4), Hondarribia (4) ... |
Zarauzko Ikurrina | Orio (11), San Pedro (5), Kaiku (5), Hondarribia (5), Urdaibai (5), Santurtzi (4)... |
Estropada | Garaipenak |
---|---|
Kontxako Bandera | Galizia-Rias Baixas (5), San Juan (5), Orio (3), Arraun Lagunak (3) eta Zumaia (1). |
Emakumezkoen Liga | San Juan (5), Orio (3), Arraun Lagunak (3), Galizia-Rias Baixas (2), Zumaia (2), Gipuzkoa (1) eta Getaria-Tolosa (1). |
Euskadiko Txapelketa | Getaria-Tolosa (4), San Juan (3), Arraun Lagunak (3), Zumaia (2), Donostiarra (2), Hibaika (1) eta Orio (1). |
Zarauzko Ikurrina | San Juan (5), Orio (4), Zumaia (2), Arraun Lagunak (2), Gipuzkoa sel. (1), Galizia sel. (1) eta Getaria-Tolosa (1). |
2024 denboraldiko datuak barne.
Taldea | Kontxako Bandera | Espainiako Txapelketa | Liga (Euskal + TKE) | Guztira |
---|---|---|---|---|
Orio | 32 | 15 | 4 | 51 |
Bermeo Urdaibai | 8 | 5 | 10 | 23 |
San Pedro | 15 | 4 | 1 | 20 |
Hondarribia | 14 | 2 | 3 | 19 |
San Juan | 10 | 6 | 3 | 19 |
Sestao (Kaiku+Iberia) | 8 | 7 | 3 | 18 |
Donostia | 14 | 2 | 0 | 16 |
Pedreña | 4 | 8 | 0 | 12 |
Astillero | 2 | 8 | 2 | 12 |
Santurtzi | 4 | 5 | 2 | 11 |
Castro Urdiales | 4 | 1 | 3 | 8 |
Getaria | 5 | 1 | 0 | 6 |
Zumaia | 2 | 3 | 0 | 5 |
Moaña (Tirán+Meira) | 0 | 4 | 0 | 4 |
2024 denboraldiko datuak barne.
Taldea | Kontxako Bandera | Emakumezkoen Liga | Euskadi/Galizia Txap. | Guztira |
---|---|---|---|---|
San Juan | 5 | 5 | 3 | 13 |
Arraun Lagunak | 3 | 3 | 3 | 9 |
Rias Baixas (Galizia) | 5 | 2 | 1 | 8 |
Orio | 3 | 3 | 1 | 7 |
Zumaia | 1 | 2 | 2 | 5 |
Getaria-Tolosa | 0 | 1 | 4 | 5 |
Cabo da Cruz | 0 | 0 | 5 | 5 |
Riveira | 0 | 0 | 2 | 2 |
Mecos | 0 | 0 | 2 | 2 |
Donostiarra | 0 | 0 | 2 | 2 |
Hondarribia | 0 | 0 | 1 | 1 |
Hibaika | 0 | 0 | 1 | 1 |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.