From Wikipedia, the free encyclopedia
Shin-chan, Shin Chan edo Crayon Shin-chan (jatorrizko japonieraz クレヨンしんちゃん), Yoshito Usui marrazkilariaren manga bat eta anime edo animazio serie bat da, 5 urteko ume benetan bihurri bat protagonista duena.
Manga | ||
---|---|---|
Izena | Shin-chan | |
Generoa | Komedia, Seinen manga | |
Egilea | Yoshito Usui | |
Argitaletxea | Futabasha | |
Aldizkaria | Weekly Manga Action | |
Noiz hasi zen | 1990ean | |
Liburuki kopurua | 46 | |
Animea | ||
Zuzendariak | Mitsuru Hongo (1992-1996)
Keiichi Hara (1996-2004) Yuji Muto (2004-) | |
Estudioak | Shin'ei Doga | |
Telebista katea | TV Asahi, Animax | |
Noiz hasi zen | 1992ko apirilaren 13an | |
Atal kopurua | 600dik gora |
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude. Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez. |
Protagonista umea bada ere, bere edukiengatik manga hau publiko helduari zuzendua dago. Agian oso estilo sinpleko marrazkiak dituelako, animazio serie gehienek ez bezala, jende askok haurrentzako programa bat dela pentsatzen du (hasieran behintzat). Seriean Japoniako gizarteko pertsonaia asko parodiatzen dira, batzuetan baita animeko pertsonaiak ere. Adibidez, Sailormoon-ekoak.
Gainera, Nohara sendiak Japonia osoan zehar bidaiatzen du askotan. Hiriak bisitatu eta bertako kultura eta gastronomiaz gozatzen dute, zeharka bada ere ikusleari erakutsiz. Atzerrira ere zenbait bidaia egiten dituzte: Espainia, Guam edo Australiara, besteak beste. Bidaia guztietan, Japoniara edo atzerrira izan, Shinnosukek bihurrikeria mordoa egiten du.
Shin-chanen jatorrizko bertsioko esamolde batzuk ezin dira beste hizkuntzetara itzuli. Hala ere, euskarazko itzulpenak bere umore bereizgarri hori mantentzen nahiko ondo asmatu du. Gainera, gauza asko edozein hizkuntzatara itzuli daitezke. Adibidez, Shinnosukek etxera heltzen denean "Hemen naiz!" esan beharrean "Gero arte!" esan ohi du; edo beste baten etxera joandakoan "Ez da oso handia eta txukundu gabe dago, baina sartu lasai" esaten du, bere etxea balitz bezala.
Japonian Shin-chanek arrakastatsua izaten jarraitzen du gaur egun. Bere zenbait bideo-joko ere egin dira, horietako azkena Nintendoren Wiirako Crayon Shin-chan Saikyô Kazoku Kasukabe King Wii deiturikoa. Hau Japoniatik kanpo merkaturatuko ote den ez da ziurra, hala ere.
Manga astero argitaratzen da 1992az geroztik Weekly Manga Action aldizkarian. Gainera, atal horiek biltzen dituzten 200 bat orrialdeko 40 liburuki karrikaratu dira Japonian oraingoz. 2007ko apirilaren 11n, Shin Chanen 15. urteurrena ospatzeko eta jarraitzeko asmoa duela jakinarazteko, liburuki berezi bat ere atera zen.
Euskaraz ez da argitaratu Shin-chanen mangarik, marrazki bizidunek egundoko ospea lortu zuten arren. Hego Euskal Herrian gaztelaniaz eta Ipar Euskal Herrian frantsesez argitaratzen da.
Bestalde, mangan beste serie japoniar askoren parodiak ikusi izan dira, esate baterako, Dragoi Bolarenak. Behin baino gehiagotan ikusi izan dira Misae, Kazama edota Himawari Super Saiya bihurtzen, Misae Kame Hame Ha bat jaurtitzen edo Ultraheroia Krilinen disko ebakitzailea erabiltzen.
Crayon Shin-chan animea mangaren telebistarako bertsioa da, oso ezaguna egin dena. Atal bakoitza hiru istorio txikitan banatzen da (atal bat hasi aurretik, euskaraz Shinnosukek honela esaten zuen bere ahots bereziarekin: "Hara!", edo "Kontxo!"). Batzuetan, bi edo hiru istorio txiki erabiltzen dira kontakizun bat luzatzeko.
Espainiako estatuan, FORTAk erosi zuen Shin-chan. Kataluniako TV3 katean ospe handia lortu ondoren, hilabete batzuen buruan Euskal Herrian ematen hasi zen ETB1en eta ETB3en bitartez eta Galizian TVGren bitartez. Hauetan ere sekulako arrakasta lortu zuen Shin Chanek. 2002an, ordea, ikusleen eta gurasoen elkarte batzuk gogor kritikatu zuten seriea eta "ez zela hezigarria" eta "haurrentzat desegokia zela" argudiatu zuten. Izan ere, haurrentzako programen barruan ematen zen. Saioa gauez ematea eta programaziotik erabat kentzea ere eskatu zuten zenbaitek.
2003ko ekainean "Shin Chan bola galduen bila" filma estreinatu zen Euskal Herrian (Japonian 1997an estreinatua). 2005eko amaieran, Espainiako Antena 3 telebista kateak erosi zituen Shin-chanen eskubideak eta ordutik ez da Euskal Telebistan gehiago eman.
Japonian serieak dagoeneko 15 urte daramatza jarraian eta astero atal berri bat emititzen da. Gaur egun 1000 atalen inguruan dabiltza. 1992an astelehen goizetako 7:00etatik 7:30etara hasi zen, 30 minutuko saio bezala. Geroago ostiral eta larunbatetan ere emititu izan da eta 24 edo 28 minutuko iraupena izan du. 2004ko urriaren 22an eta gaur arte, berriro ere ostiral goizetara eta 24 minutuko iraupenera itzuli zen. Atal bereziak edota filmak, hala ere, ordubete eta bi orduren artean ibiltzen dira.
Nazioarteko pertsonaia bihurtu da Shin-chan. Beste herrialde askotan ere emititu edo argitaratu izan da edo jarraitzen du oraindik: Espainian, Portugalen, Frantzian, Herbehereetan, Hungarian, ia Hego Amerika osoan, Israelen, Estatu Batuetan, Indonesian, Malaysian, Filipinetan, Txinan, Hego Korean, Taiwanen...
Pertsonaia asko agertzen dira Shin-chanen ataletan, horietako batzuk hauek dira: Kazama, Nene, Masao, Boo-chan, irakasleak, Misae eta Hiroshiren senideak, auzokoak, Nanako, Ultraheroia eta beste asko.
Shin-chanen animeko pertsonaiei ahotsak jarri dizkietenak hauek dira:
Pertsonaia | Jatorrizko ahotsa (seiyū) | Bikoizlea |
---|---|---|
Shinoosuke Nohara | Akiko Yajima | Nekane Sarobe |
Hiroshi Nohara | Keiji Fujiwara | Martin Zabala |
Misae Nohara | Miki Narahashi | Begoña Huegun |
Masao Sato | Teiyū Ichiryūsai | M. Arantzazu Aranburu |
Bo-Chan | Chie Satō | |
Tooru Kazama | Mari Mashiba | Arantxa Moñux |
Nene Sakurada | Tamao Hayashi | Itziar Gomez |
Ume Matsuzaka | Michie Tomizawa | Loinaz Jauregi |
Midori Yoshinaga | Yumi Takada | Dolores Diaz de Mendibil |
Ultraeroia (Aktion Kamen) | Tesshō Genda | Iñigo Puignau |
Kitamoto andrea | Reiko Suzuki | Ane Aseginolaza |
Tsuru Nohara | Ane Aseginolaza | |
Ginnosuke Nohara | Ginzo Matsuo, Cho | Jose Manuel Goikoetxea |
Eskolako zuzendaria | Rokuro Naya, Junpei Morita | Jose Manuel Goikoetxea |
Nanako | Sayuri | Jaione Insausti |
Ogin Uonome | Midori Nakazawa | Jaione Insausti |
Michi Hatogaya | Makiko Ōmoto | Itziar Urretabizkaia |
Yoshiri Hatogaya | Daisuke Sakaguchi | Xabier Alkiza |
Himawari Nohara | Satomi Koorogi | |
Elur (Shiro) | Mari Mashiba | |
Txerritxo ausarta (Buriburizaemon) | Kaneto Shiozawa |
Euskaraz hasierako abesti bakarra eman izan da eta bukaerako bi, baina gehiago ere badaude. Japonian hasierako 10 kanta ezberdin eta bukaerako 14 ere egon dira momentuz.
Aipatzekoa da 2004an Euskal Herrian Betizu saioak kaleratu zuen Shin-chanen diskoa ere, honako hauekin: hasierako eta bukaerako abestiak, hasierako abestia karaoke bertsioan, hasierako abestia bertsio elektronikoan eta beste batzuk. Disko honek arrakasta handia izan zuen eta euskarazkoa izateko asko saldu zuen (5.000 kopia baino gehiago).
Shinnosuke da mutiko alai-alaia
bihurri eta azkarra.
Ez da geldirik egoten
ez zaitu uzten bakean.
(Shinnosuke!)
Maitasun kontuetan
argia naiz benetan.
Neska gazte guztiak
nik ditut atseginak.
Zatoz, txiki, zatoz nirekin!
Ez dut piperra atsegin!
Begira ze tronpa, elefante tronpa.
Troonpa, troonpa...
Mutiko bihurria Shin-chan!
(Shinnosuke!)
Jende guztia oso urduri jartzen da
ni azaltzen naizenean.
Etorri nirekin pasatzeko primeran!
Japonian ondorengo film hauek atera dira orain arte:
Filmen antzerako beste atal berezi batzuk ere sarritan izan dira, atal arruntak baino luzeagoak eta zinemetan eman beharrean zuzenean telebistan bota izan direnak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.