Punto de Vista Zinemaldia
urtero Iruñean egiten den zinema jaialdia From Wikipedia, the free encyclopedia
Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia urtero Iruñean (Nafarroa) antolatzen den zinema jaialdia da. Zinema dokumentalean dago espezializatuta, eta otsailean edo martxoan egiten dute.[1] 2005. urtean sortu zuten. Nafarroako Gobernuak bultzatzen du, eta haren NICDO sozietate publikoak antolatu. Baluarte jauregia da jaialdiaren egoitza nagusia. Banatzen dituen saririk garrantzitsuenak film onenaren Punto de Vista Sari Nagusia eta zuzendari onenaren Jean Vigo saria dira.[2] Gaur egun, Manuel Asín da zuzendari artistikoa.[3]
Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia | |
---|---|
![]() | |
Sorrera | 2005 |
Lekua | Iruñea (Nafarroa) Euskal Herria |
Kokapena | 42°48′49″N 1°38′50″W |
Antolatzailea | Nafarroako Gobernua |
Saria | Punto de Vista Sari Nagusia Jean Vigo saria |
Proiekzio aretoak | Civican (2005-2013) Golem zinemak (2006) Saide zinemak (2008) Kondestablearen jauregia (2010-2013) Baluarte jauregia (2015-gaur egun) |
Zuzendari artistikoa | Manuel Asín |
Egoitza | Baluarte jauregia |
Webgunea | Webgunea |
- Ez nahastu Iruñeko Zinemaldiarekin
Historia
Nafarroako Ikus-entzunezko Sorkuntza Lehiaketaren oinordeko zuzena da Punto de Vista zinemaldia.[4] Jaialdi hark hamar urtez iraun zuen, 1993tik 2002ra (Iruñeko I. Bideo Erakusketa gisa sortu zen, baina Nafarroako Bideo Jaialdia izena hartu zuen hurrengo urtean; 1999an bihurtu zen Nafarroako Ikus-entzunezko Sorkuntza Lehiaketa).[5] Garai hartan, Euskal Herrian sortutako bideo ekoizpenaren erakusketa testuinguru nagusietako bat izan zen. Ana Herrerak koordinatu zuen jaialdia.[4]
2002. urtean, jaialdiaren norabidea aztertzen hasi ziren, eta Punto de Vista proiektua sortzen hasi zen. Aurretik jaialdian zinema dokumentalaren eta esperimentalaren arteko mugako eremua lantzen aritu eta gero, 2005ean sortu zuten Punto de Vista. 2010. eta 2014. urteen artean, INAAC fundazio publikoak antolatu zuen, eta ondoren, UPNren esku zegoen Nafarroako Gobernuak INAAC itxi eta gero, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak kudeatu zuen lehenik,[6] eta NICDO enpresa publikoak 2018tik aurrera.[4]
2005etik 2011ra, urtero antolatu zuten jaialdia; 2011n, ordea, bi urtez behin antolatzea erabaki zuten, finantzaketa publiko faltarengatik. Jaialdia desagertzeko arriskuan ere egon zen krisi haren hasieran, zuzendaritzak publikoki salatu zuenez.[7] 2015az geroztik urtero egin dute berriro.
Ana Herrera izan zen jaialdiaren zuzendari exekutiboa sorreratik, eta hari lotuta egon zen 2015era arte.[8] 2006tik aurrera, erabaki zuten zuzendaritza bikoitza ezartzea jaialdia kudeatzeko: bata exekutiboa eta bestea artistikoa. Zuzendaritza artistikoa lau urtean behin aldatzen da; lehiaketa publikoa egiten dute 2016az geroztik.[9] Zinemaldiaren sortzaile izandako Carlos Mugiro izan zen lehen zuzendari artistikoa, 2009ra arte. Josetxo Cerdánek zuzendu zituen 2010eko, 2011ko eta 2013ko jaialdiak, murrizketen urteetan, eta Oskar Alegria zuzendari izendatu zutenean berreskuratu zuen zinemaldiak urteroko maiztasuna.[10] 2017an, Garbiñe Ortega komisarioak irabazi zuen zuzendari artistiko izateko lehiaketa publikoa,[11] eta 2018tik 2021era aritu zen jardunean. 2022tik, Manuel Asín da jaialdiko zuzendari artistikoa; 2025ekoa izango du azken jaialdia.[12]
Atzera begirakoak
Lehen urtetik, atzera begirakoak izan dira Punto de Vista zinemaldiaren bereizgarrietako bat. Zinemagileei, joerei, herrialdeei eta ildoei erreparatu izan diete ziklo horietan, «zinemaren memoria ahaztua berreskuratzeko» asmoz. Jaialdiaren «espiritua» jasotzen dute, antolatzaileen hitzetan.[13]
Atzera begirako hauek programatu dituzte:
- Su Friedrich. Lotzen gaituzten begiztak (2024)[14]
- Joël Akafou. Haute Bourgeoisie Française-aren abentura klandestinoak (2024)[15]
- Zuhaitzetatik hurbil (2024)[16]
- Beste garai batzuk datoz | Es nahen andere Zeiten. Peter Nestlerren filmak (2023)[17]
- Zuhaitzetatik urrun (2023)[18]
- Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon (2022)[19]
- Topaketa ibaian (2022)[20]
- Nancy Holt (2021)[21]
- Amos Vogel (2021)[22]
- Ute Aurand, Renate Sami, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz (2020)[23]
- An Oceanic Feeling (2020)[24]
- Anne Charlotte Robertson (2020)[25]
- Jonathan Schwartz (2019)[26]
- Marcia Hafif (2019)[27]
- Korrespondentziak: filmak eskutitzen gisara (2018)[28]
- Luciano Emmer (2017)[29]
- Hegan (2017)[30]
- Jean-Daniel Pollet. Etxea eta mundua (2016)[31]
- Ten Years Older. Denbora eta zinema (2016)[32]
- Uharteak (2015)[33]
- Margaret Tait (2015)[34]
- Eduardo Coutinho. Begirada eta ahotsa (2013)[35]
- Thomas Heise. Bilaketaren zatiak (2013)[36]
- Tupi or not Tupi. Kanibaleak banpiroaren kontra (2011)[37]
- Pertsonala politikoa da (2011)[38]
- Las afinidades de Vigo (2010)[39]
- Signal Fires: el cine de Jem Cohen (2010)[40]
- La segunda vida de las imágenes (2009)
- Heterodocsias. Sin fin (2009)
- James Benning (2009)
- Heterodocsias. La mano que mira (2008)
- El silencio (2008)[41]
- Ermanno Olmi (2008)[42]
- Querido Andrei (2007)[43]
- Conocer a David Perlov (2007)[44]
- La forma que piensa (2007)[45]
- Homenaje X Films (2006)
- El cine de los mil años (2006)
- Homenaje Pío Caro Baroja (2005)[46]
- Homenaje Jean Vigo (2005)[47]
- Raymond Depardon (2005)[48]
Zuzendari artistikoak
Punto de Vista zinemaldiko zuzendaritza lau urtean behin aldatzen da, lehiaketa publiko bidez. Orain arte, honako hauek izan dira zuzendari artistikoak:[8]
- Carlos Mugiro (2006-2009)
- Josetxo Cerdán (2010-2013)
- Oskar Alegria (2015-2017)
- Garbiñe Ortega (2018-2021)
- Manuel Asín (2022-2025)
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.