From Wikipedia, the free encyclopedia
Pio Caro Baroja (Madril, Espainia, 1928ko apirilaren 5a - Málaga, Espainia, 2015eko azaroaren 30a) idazlea, zinema zuzendaria eta dokumentalgilea izan zen, Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan lan handia egina. Folklorearen inguruko dokumentalak zuzentzeaz eta gai askoren inguruko liburuak idazteaz gain, lan asko egin zuen Pio Baroja idazlearen eta Julio Caro Baroja historialari eta antropologoaren obren zabalkunderako; osaba zuen lehena, anaia bigarrena.[1]
Pio Caro Baroja | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Madril, 1928ko apirilaren 5a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Málaga, 2015eko azaroaren 30a (87 urte) |
Familia | |
Aita | Rafael Caro Raggio |
Ama | Carmen Baroja |
Haurrideak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, telebista zuzendaria, film-zuzendaria eta gidoilaria |
Zuzenbide ikasketak egin zituen. Ondoren, 1953an Mexikora alde egin zuen, eta han sartu zen zinemagintzan, kritikari gisa. Italiar neorrealismoaren alde egin zuen, eta higikunde horri buruzko liburu bat idatzi zuen, El cine neorrealista italiano. Mexikon, gainera, dokumentalak egin zituen. Mexikar zinema etnografikoak eta eskola neorrealistaren mirespenak eragin handia izan zuten Caroren ondorengo karreran, dokumentalaren ingurukoa izan baitzen beti.
Espainiara itzulita, etengabe jardun zuen lanean. Anaiarekin batera, Documentales Folclóricos de España ekoiztetxea sortu zuen, desagertzear ziren herri-usadio eta jaiak gordetzeko helburuaz, eta Espainiako eta Euskal Herriko folkloreari eta tradizioei buruzko dokumentalak filmatzeari ekin zioten, NO-DO sailerako lehenik, Espainiako Telebistarako gero: Los diablos danzantes (1964), El carnaval de Lanz (1964), La Virgen de la Peña (1964), Las botargas (1965) eta La última vuelta del camino (1965).
1966an Espainiako Telebistako bigarren katean hasi zen lanean, eta bertan film labur asko egin zuen: Deportes vascos, Carta de Murcia, Pescadores gallegos, En un lugar de la Mancha, El principado de Asturias, El País Vasco. TVEko zenbait sailen arduradun egin zuten (Fiesta), eta hartarako egin zituen El valle de Iraurgui (1966), Bertsolaris, Las figuras bíblicas de Puente Genil (1967), eta abar.
1972an, lan bat debekatu ziotela-eta, utzi egin zuen Espainiako Telebista, eta orduantxe egin zituen lanik nagusiak: Las cuatro estaciones (1970-1972), Vianako Printzea erakundearentzat egindako bi ordu eta erdiko dokumentala, eta Guipúzcoa (1976-1979), Donostiako Kutxak eskatutako hiru orduko dokumentala. 1982an TVEra itzuli eta Baroja a través de Baroja eta El mayorazgo de Labraz egin zituen, azken hori lau ataleko saila, bere osabaren eleberrian oinarritua.
Haizegua. El viento sur poema liburua ere argitaratu zuen (Pamiela, 1994). Pio Caro Barojak idatzitako poemak jasotzen zituen liburu horrek, jatorrizko bertsioaren ondoan —gaztelaniazkoa— euskarazkoa zutela.[1]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.