From Wikipedia, the free encyclopedia
Nabonides[1] (akaderaz: 𒀭𒀝𒉎𒌇, dNabû-naʾid,, "Nabu goraipatua da") Neobabiloniar Inperioko azken erregea izan zen, K.a. 556–539 bitartean.
K.a. 556. urtean, Babilonian, Labashi Marduk errege gaztea kargutik kendu ondoren, Nabonides tronuan eseri zen. Herodoto greziarra lehen historialaritzat jotzen den arren, haren aurretik Nabonidesek ere iraganarekiko interes handia izan zuen. Indusketak egiteko agindua eman zuen gainbehera etorritako hiri sumeriar eta akadiarretan, eta horietako batzuetan berak parte hartu zuen zuzenean. Indusketa lan horietan aurkitutako erregeen eta jainkoen estatuak, testuak idatzita zituzten estelak eta bestelako materialak Babiloniara eramanarazi zituen[2]. Horregatik, historiako lehen arkeologoa dela esan ohi da[3][4].
Ustez, haren asmoa objektu horiek toki batean erakusgai jartzea eta herritarrek antzinako erregeen loria miretsi ahal izatea zen; hau da, egungo museo moduko bat eraikitzea. Horrez gain, errege-liburutegiko milaka taulatxoren kopiak eginarazi zituen. Erregealdi guztien kronikak gordetzeko obsesioa zuen eta horretarako hainbat tailer zabaldu eta idazlari mordoa bildu zituen. Halaber, buztinezko eta betunezko nahasketa berezia asmatu zuen dokumentuak gehiago iraunarazteko. Horri esker Babiloniako errege liburutegia ia osorik iritsi da[2].
Derrigorrezko informazioa bildu baino lehen objektuak testuingurutik ateratzea, esaterako, sakrilegioa da. Berak horrelakorik ez zuen egin eta berarengatik izan ez balitz, objektu asko eta bertan bildutako informazioa betiko galduak lirateke, Errege akadiarren berri, esaterako[2].
Nabonides agintari kaskarra izan zen. Hasteko, agintea lortzeko egindako bidea iluna izan zen eta klase boteredunarekin bat egin ordez, haien etsaitasuna irabazi zuen, bereziki apaizena. Marduk jainkoaren kultuaren nagusitasuna eten zuen eta haren ordez Sin ilargiaren jainkoa ipini zuen rankingaren lehen postuan. Horrenbestez, herri xeheak bat egin zuen boteredunekin erregearen aurka[2].
Halaber, huts larria egin zuen Pertsiako Ziro Handiaren kontra Lidiako Kresorekin bat egitean. K.a. 539an Ziro Babiloniako ateetan konkistarako prest zegoenean, edozein agintarik armada prestatuko zukeen erasoari aurre egiteko. Baina Nabonidesek beste estrategia bat hautatu zuen: erresumako jainkoen estatuak hiriburuan bildu zituen, jainkozko batzorde hark arazoa konponduko ziolakoan. Herritarrak Nabonideseen aurka egonik eta harrizko armada alferrikako harekin, Ziroren osteek ez zuten gezi bat bera ere jaurti behar izan Babilonia mendean hartzeko, Bibliak konkista gertaera ia apokaliptiko gisa deskribatu arren[2].
Herodotok dio Nabonides sutan erretzera kondenatu zutela baina azken unean Zirok barkamena eman ziola. Beste iturri batzuen arabera 539. urtean bertan exekutatu zuten eta bertsio baikorrenak dio bere azken urteetan bizimodu lasaia izan zuela Karmanian. Nabonides Babiloniako azken errege penagarri gisa igaro zen historiara[2].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.