Motia
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Motia (antzinako grezieraz: Μοτύη, Μοτύα; italieraz: Mozia, Mothia; Sizilieraz: Mozzia), antzinako hiri indartsu bat zen, Siziliako mendebaldeko kostako irla batean kokaturik, Drepanum eta Lilibeoren artean. Monje basiliotarrek, XI. mendean, irla San Pantaleon berrizendatu zuten. Stagnone urmaelean datza, Marsala udalerrian. Irlaren neurriak honako hauek dira: 850 metro luze, 750 metro zabal, Siziliako kostatik kilometro batera dago. Antzinean, lubeta batek irla lotzen zuen kostarekin, gurdiak gurpil handiekin hirira errazago heltzeko[1]. Motian,1979an, marmolezko eskultura bat aurkitu zen, auriga bat irudikatzen zuena[2].
Motia | |
---|---|
Datuak | |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Sizilia |
Free municipal consortium | Free Municipal Consortium of Trapani |
Italiako udalerri | Marsala |
Eskualdea | Sizilia |
Koordenatuak | 37°52′06″N 12°28′07″E |
Azalera | 0.65 km² |
isoladimozia.it |
Hiriaren sorrera, agian, K.a. VIII. mendean gertatu zen, hau da, Kartagoko fundazioaren mende baten ondoren. Fenizioen kolonia bat izan zen, gustuko zutenak antzeko tokietan merkataritzarako guneak eraikitzea. Denboraren poderioz, hiria garrantzitsua bilakatu zen. Hasieran, irla ez zen bizitzeko modukoa,baina feniziarrek haren garaiko hiri aberatsenetako bat bilakatu zuten. Urmael baten erdian egotea defentsa naturala zen, baina harresiez inguratuta zegoen. Putzuetan ura lurrundu eta gero, lortutako gatza haize-errotetan ehotzen eta findatzen zuten. Gaur egun, errotak eta gatz-putzuen (Ettore Infersa izenekoak) jabeek konpondu dituzte bisitagarriak izateko. Greziarrek, haien ohiturei eutsiz, hiriako izena kondairazko jatorri bati lotzen zuten: Motya emakume bat zen, Heraklesekin zerikusia zuena[3]. Aurkitu diren txanpoietan Motia izena, feniziar Mtw hitzetik dator, artilea iruteko gunea esan nahi duena. Siziliako beste feniziar koloniak bezala, Kartagoren agindupean erori zen, Diodorok esan bazuen ere kartagotar kolonia zela, beharbada ez zen guztiz egia izan[4][5]. Siziliako greziar koloniak ugaritu eta handiagotu zirenean, feniziarrek utzi zituzten etorri berrien ondoko eremuak eta hiru kolonia nagusien inguruan ezarri ziren, hau da, Solunte, Panorno eta Motia[6]. Azken hau, Kartagotik eta Afrikako komunikazioetatik hurbil zegoenez eta, gainera, babestutako toki batean, kartagotarren gotorlekurik preziatuena bilakatu zen baita irlako merkataritzarako hiririk onena ere[7]. Dirudienez, Lilibeok antzeko garrantzia izan zuen beranduago. Hala ere, Motia oso gutxi aipatzen da historian, setioa pairatu arte. Lehenengo aipamena Hekateo Miletokoa da[8] geroago, Tuzididesek dio atenastarren espedizioaren garaian (K.a. 415), Motia feniziarren koloniarik handiena zela[9]. Zenbait urte geroago, K.a. 409an, Hanibal Magonek kartagotar armadarekin Lilibeon lehorreratu zenean, jeneral horrek itsas-armada Motiako golkoan ainguratu ondoren, lurretik Selinontera abiatu zen hiria erasotzeko[10]. Hiria suntsitu zuen, baina kartagotarrek alde egin ondoren, Hermokratesek, Sirakusako erbesteratu batek, horretan aurkitu zuen babesa eta handik jarraitzaile askorekin Panornoko eta Motiako eskualdeak arpilatzen zituen[11]. Hamilkarrek egindako espedizioan K.a. 407an, hi hiri horiek etengabean eman zien abegi kartagotar flotari[12].
Hiri honen kokapen estrategikoa dela eta, Dionisiok eraso egin zuen K.a. 397an. Motiako biztanleek Kartagok lagunduko zielakoan, borrokarako prestatu ziren kontinenterekin lotzen zuen lubeta moztuz. Dionisiok beste berri bat eraikitzeaz gain, katapultak ekarri zituen ere harresiak apurtzeko, baina motiarrek erresistentzia gogorra jarri zuten. Behin murruak zeharkatuta, motiarrek kalez-kale eta etxez-etxe defendatu zuten hiria. Azkenean, hiria erori zenean, greziarrek populazio guztia hil zuten[13]. Horren ostean, Dionisiok garnizio bat jarri zuen Biton esanetara. Bitartean, Dionisiok bere anaia Leptinesi ontziteriaren ardura eman zion. Hala ere, horrek ezin zuen eragotzi, K.a. 396ko udaberrian, Himilkon Palermon lehorreratzea, zeinak, ahalegin handirik gabe, Motia berreskuratu zuen[14]. Hala ere, Motiak ez zuen aurreko garrantzia berreskuratu, Himilkonek, seguruago zelakoan, Lilibeo fundatu zuelako eta Motiako biztanleria hara eraman zituelako[15]. Harrez geroztik, Motia historiatik desagertu zen, eta irla horretan bakarrik arrantzale batzuk bizi ziren. Erromatarrek Sizilia konkistatu zutenean, Lehen Gerra Punikoan (K.a. 264-241) Lilibeok Motia eklipsatu zuen. Motiak greziar populaziorik ez bazuen ere Dionisioren konkista baino lehen, txanponak aurkitu dira ΜΟΤΥΑΙΟΝ greziar inskripzioekin. Inguruko Segestan gauza bera gertatu zen[16].
Erdi Aroan monje basiliotarrek ezarri ziren irlan eta San Pantaleon izendatu zuten. 1888an, Joseph Whitakerrek aurkitu zuen hiria.
Hasieran, Motiaren kokapena zenbait geografok dudan jarri zuten, baina William Henry Smythek argi identifikatu zuen hiria, Lilibeo eta San Teodoro muinoen artean zegoena. Kostak badia sakon bat eratzen du, horren aurrean hainbat harkaitz daude, Stagnone izenekoak. Harkaitzen eta kostaren artean, San Pantaleón irla dago, non antzinako hiri baten aztarnak identifikagarriak diren, hala nola, harresien atal batzuk eta hauetako bi sarrerak. Irla osoan zehar, txanponak, adreiluak eta zeramikazko atalak aurkitu dira. Aztarnategiaren perimetroa ez da 2,5 km baino handiagoa eta han bakarrik arrantzale batzuk bizi dira[17]. Agerian dagoen hiriko hedadura ados dago Diodorok esandakoarekin. Horren arabera, etxeak altuak ziren, eraikuntza sendokoak eta kale estuak zituen biztanleen defentsa ahalbiderateko[18]. Whitaker Foundation (Palermokoa) da Motia irlaren jabea, hau ospetsua da Marsala ardoengatik. Irlan bisitagarri da museo txiki bat eta zenbait zibilizazioetako ondo zaindutako hondakinak. Motiako aztarnek Egipto, Korinto, Atika, Erroma eta Heleniar zibilizazioetatik eragina dute. Tofeta hilerria ezaguna da. Horretan errausten ziren umeak Tanit edo Baal Hammon jainkoei sakrifizio gisa. Antzinako egoitza asko publikoarentzat zabaldu dira. Gidariek bisitarientzat ingelesez eta italieraz azaltzen dute.
Motiako aurigaren eskultura, 1979an aurkitu zena, ikusgai dago Giuseppe Whitaker museoan. Gurdi-lasterketa baten garaile horrek oso aberatsa izango zen lan hori agintzeko. Feniziar gotorlekuen barruan aurkitu zen, eraiki zirenak Dionisiok Motia inbaditu baino lehen, K.a. 397an. Horren kalitatea aztertuz, egilea greziar bat izango zen, pertsiarren porrotaren garaian bizi zena. Litekeena da, eskultura hau kartagotarrek, K.a. 409-405. urteen artean, greziar hiri batetik egindako arpilaketa izatea[19].
2006ko martxoan egindako indusketek agerian utzi zuten etxe bat harresien ondoan. Lan horien arabera, Motia populatuta zegoen greziarren suntsitu ostean. Aurkitutakoaren artean agertu dira sukaldaritzarako kaikuak, feniziar estiloko edalontziak, aldareak eta iruteko tresnak.
L. Sprague de Campek 1965ean idatzi zuen The Arrows of Hercules eleberri historikoa, non “K.a. 399ko” Motiako gudua gertakizun handiena den.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.