From Wikipedia, the free encyclopedia
Momarra (Scyliorhinus stellaris) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Scyliorhinidae familiakoa[1]. Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta Mediterraneo itsasoan bizi da.
Momar | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Carcharhiniformes |
Familia | Scyliorhinidae |
Generoa | Scyliorhinus |
Espeziea | Scyliorhinus stellaris Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Itsaso hondoan aurkitzen dituen arrain, krustazeo eta zefalopodotaz elikatzen da. Gehiegizko arrantzak populazioak asko jaitsi ditu. 2023an Donostiako Aquariumean lau momar kume jaio ziren[2].
Lineok deskribatu zuen momarra 1758. urtean, Systema Naturae liburuan. Marrazoen tankerakoa zenez Squalus stellaris izena eman zion. Stellaris izenak "izarratua" esan nahi du eta gorputzean dituen puntu beltzei egiten die erreferentzia. Stewart Springer iktiologo estatubatuarrak Scyliorhinus generora aldatu zuen 1973. urtean[3].
Momarra izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[4]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
armoma | Elantxobe, Lekeitio |
moma | Bermeo |
momar |
Gorputz luzea du, marrazoen tankerakoa. 125 cm inguru neurtzen du bataz beste, aurkitu den handiena 170 cm luze zen[5]. 19 urtez bizi daiteke[6].
Buru zabal eta borobiltsua du eta estutuz doa buztanaren muturreraino. Begiak obalatuak dira eta azalaren tolestura batek babesten ditu, baina ez du mintz niktitanterik. Sudur-zuloen gainean dituen tolesturak ez dira ahoraino iristen[7]. Ahoa azpialdean du[8]. Goiko barailan 22-27 hortz lerro ditu alboetan eta erdialdean 0-2. Azpiko barailan 18-21 hortz lerro alboetan eta 2-4 erdialdean. Hortzek "Y" itxura dute eta ertz leuna. Zenbat eta atzerago hortzak txikiagoak eta angelutsuagoak dira[9].
Bost pare zakatzak txikiak dira, atzeko biak bularreko hegatsen oinarriaren atzean daude[10]. Bizkarraldeko hegats biak gorputzaren atzealdean kokaturik daude. Buztaneko hegatsa zabala da eta ia horizontala. Marrazoetan ohikoa den bezala hegats pare bat pterigopodio bihurtuak ditu, esperma transmititzeko balio diotenak[8]. Azala lakarra du, ezkatak gorantz luzatzen baitira[3].
Oinarrizko kolorea marroia da, hainbat tonu desberdin nahasten dira. Marroi ilunak diren puntuz eta puntu beltzez zipriztindurik dauka azala. Puntu zuriak ere agertzen dira. Puntuen patroia oso aldakorra da, aletik alera eta adinaren arabera. Momarraren azpialdea aldiz zurixka da eta punturik gabea[11]. Katuarrainaren (Scyliorhinus canicula) puntuak baino handiagoak dira, hori da haien arteko desberdintasunetako bat[10].
Momarra Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Eskandinavia hegoaldetik Mauritania edo Senegalgo kostaldera arte. Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere ikusten da. Mediterraneoan ere zabaldurik dago, ez ordean Itsaso Beltzean[5]. Gineako golkoan eta Kongo ibaiaren ahoan ere aurkitu da, baina agian Scyliorhinus cervigoni espeziearekin nahastu zuten behatzaileek[5]. Hainbat ikerketek Gabon aldean ere aurkitzen dela adierazi dute[12].
Sakonera txikiko uretan ikusten da, 20-63 metro artean, baina 400 metrotako sakoneraraino ere jaitsi daiteke[5].
Kostaldean edo ur zabalean, plataforma kontinentalean aurkitzen den marrazo mota bat da. Arrokaz edo koralez jositako inguruneak atsegin ditu, algaz estalita daudenak, han erraz kamuflatzen baita[5]. Egunez arroka arteko zuloetan sartzen da harraparietatik babesteko, haren espezieko ale handiagoen jazarpenari ihes egiteko eta gorputzaren termoerregulazioan laguntzeko[13].
Animalia bakartia da eta ez da lurraldekoia[8]. Aquariumetan talde txikiak osatzen ditu.
Gauez ateratzen da harrapakinak ehizatzera. Horretarako sakonera handiagoko uretan murgiltzen da. Espezie demertsala da eta itsaso hondoan aurkitzen dituen organismo bentikotaz elikatzen da. Arrain txikiak (Epigonidae familiakoak, eiherazainak, perloiak, arrain zapalak, sardinzarrak, marrazo txikiak...), krustazeoak (karramarroak, ermitauak eta ganba handiak) eta zefalopodoak jaten ditu[14]. Sarraskijale ere izan daiteke aukera ona badu[7]. Helduek arrain eta zefalopodo gehiago jaten dute, gazteek aldiz krustazeo gehiago.
Espezie obiparoa da. Udaberrian ar eta eme helduak sakonera txikiko uretara mugitzen dira eta martxoa eta iraila artean izaten da errunaldia[14]. Emeek 77-109 arrautza askatzen dituzte urtero, baina denak ez dira ernalduta egiten, 9-41 baino ez[15]. Obiduktu bakoitzetik arrautza bakarra askatzen du, beraz pareka askatzen zaizkio[16]. Arrautzak keratinazko kapsulatan gordeta daude. Kapsula hauek 10-13 cm luze eta 3'5 cm zabal dira, nahiko zilindrikoak eta lau luzakin dituzte inguruko landareei lotu eta finkatzeko. Enbrioiak gorringoaz baino ez dira elikatzen eta 10-12 hilabeteko garapenaren ondoren jaiotzen direnean 16 cm-ko luzera izaten dute[5].
77-79 cm dutenean lortzen dute sexu heldutasuna, lau urteko adina dutenean gutxi gorabehera[14].
Gastronomian arrain preziatua da. Gehiegizko arrantza momarraren populazioaren jaitsiera eragin du[8], Mediterraneo itsasoan bereziki. Tirreniar itsasoan, esate baterako, %99a gutxitu da 1970. hamarkadatik[17]. 2004. urtean 208 tona momar arrantzatu ziren Ozeano Atlantikoan[18].
Momarraren beste atal batzuk ere aprobetxatzen dira:
Akuariumetan ohiko arrain espeziea da eta itxituran haztea ere lortu da[19]. Donostiako Aquariumean lau momar kume jaio ziren 2023an[2].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.