Aktore frantziarra (1832-1891) From Wikipedia, the free encyclopedia
Marie-Léonide Charvin, Agar goitizenaz ezaguna (Sedan, Frantzian, 1832ko irailaren 18a[1] - Sidi M'Hamed, Aljeria Frantsesa, 1891ko abuztuaren 15a[2][3][4][5]) frantziar antzerki-aktorea izan zen, XIX. mendearen amaierako famatuenetako bat Rachel Félix eta Sarah Bernhardt-ekin batera.
Marie Léonide Charvin | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Marie Léonide Charvin |
Jaiotza | Sedan, 1832ko irailaren 18a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Sidi M'Hamed (en) , 1891ko abuztuaren 15a (58 urte) |
Hobiratze lekua | Montparnasseko hilerria Q113026195 |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Pauline Savari (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea eta Communarda |
Marie Léonide Charvinen ama Marie Fréchuret zen, eta aita Pierre Charvin, 17 eta 32 urtekoak Marie-Léonide jaiotzean. Aita, garai hartan, mariskala zen zaldizko ehiztarien errejimenduan Sedango garnizioan.[3][6]
Ezer gutxi dakigu Marie Léonideren gaztaroaz. Bere gurasoak Isère departamendukoak ziren, aita Faramans-ekoa eta ama Vienne-koa.[3] Dirudienez, gurasoek aitaren lanbideari lotutako garnizio-bizimodua eramaten zuten bitartean, Marie Léonidek haurtzaro eta gaztaro lasaia bizi izan zuen aitaren aldeko aitona-amonekin Faramans-en.[3]
Gutxienez badakigu Nique izeneko gizon batekin ezkondu zela,[7] eta horri esker bere aitaren emazte berriaren eraginetik ihes egin ahal izan zuela, 1848an alargundu ondoren berriro ezkondu baitzen.
Senarrak oso tratu txarra eman zion. Ia bost urte igaro ziren ezkontza horretatik ihes egin eta 1853an Parisa joan baino lehen.[7]
Parisen piano klaseak ematen hasi zen, eta gero, "ahots ona zuenez"[8], 1857tik aurrera beuglants zeritzoten kafe-kontzertuetan abesten hasi zen, Mademoiselle Lallier ezizenarekin[9], "bere talentuari egokiturik konposatutako" abestiak, "nolabaiteko indar tragikoarekin" interpretatzen zituenak.[8]
1859an, benetako antzeztoki batera igo zen lehen aldiz Beaumarchais antzokian, Solferinoko garaipenaren[8] gorazarrez kantata bat interpretatzeko. Ricourt arte dramatikoko irakasleak eite berria hartu[3] eta izena aldatzeko aholkua eman zion. Agar goitizena aukeratzea gomendatu zion, "Rachel Félix aktorearen arrakasta handiaren ondoren, komediante guztiek Biblian hartu behar baitzuten izena».[8]
1859an, Ricourten zuzendaritzapean, aktore gisa hasi zen Tour d'Auvergne-ko antzoki txikian, Dumanoir eta Dennery-ren Don César de Bazan antzezlanean, non Maritanaren papera jokatu zuen[10] eta arrakasta handia izan zuen, antzoki hartako "izarra" bihurtu zelarik. 1860ko martxoaren 6an, Racineren Fedra interpretatu zuen lehen aldiz.[8] 1862ko eskuorri batek honela zioen: "Fedra, nire Jainkoa, bai! berak [Agar] sei aste lehenago ez zekien izen horretako pieza bat zegoenik ere [...] Zoritxarrez, bere ebakeran, oraindik ere, badu zer hobetu.»[10].
Francisque Sarceyk, kritikari dramatikoak, honela deskribatu zuen: "Egun batean, bere klasera eraman ninduten, Ricourt-en etxean, aitzindariak egindako miraria ikusteko. Mademoiselle Agar zen. Andre aparta zen, marmolezko aurpegi ederra, lepoan pilatutako ile beltz sarria, bular oparoa, gerri dotorea... eta ahots sakon horrekin, zeinari bere tonu lausotuak nolabaiteko misterioa ematen baitzion. Bazen norbait!»[7].
1862ko urtarrilaren 20an, Odéon antzokian, Fedra papera jokatu zuen.[12] “Antzokiko publiko gazte eta adimentsuaren artean arrakasta handia izan zuen bere edertasunagatik, eta bere talentu garratz, latz, ez oso neurtuak, baina inspirazio pertsonal, bitxi eta komunikatiboaz beteak, oso eragin bizia izan zuen”.[10] Antzezlan horren ostean hainbat paper jokatu zituen: Corneille-ren Horazio-n; François Ponsard-en Agnès de Méranie; Ernest Legouvéren Medea, Eskola Lirikoan; François Ponsard-en Lukrezia;[10] eta paper garrantzizko bat Charles Garand-en drama batean, Les Étrangleurs de l'Inde-n, La Porte-Saint-Martin antzokian.[8]
1863ko maiatzaren 12an agertu zen lehenengo aldiz Comédie-Français-eko antzokian. Han Fedra antzeztu zuen berriro; baina estreinaldia istripu batengatik, bereziki, izan zen entzutesua: "Lehenengo ekitaldian atera zenean, Mlle. Agar berogailuaren sareta batean erori zen, eta min hartu zuen aurpegian eta, batez ere, sudurrean. Hala ere, hurrengo bi ekitaldiak antzeztu ahal izan zituen; baina, laugarrenean, eszenatokiko oihala jaitsi behar izan zuten obra amaitu gabe, aktorea ondoezik sentitzen baitzen.[8]
Antzoki ospetsu horretan jokaturiko emanaldietan —Racineren Andromakan eta Ifigenian, Clytemnestre pertsonaian, azkenengoan—, lortu zuen arrakasta ez zen izan espero bezain handia.[13]
Comédie-Française antzokia utzi zuenean beste hainbatetan aritu zen: L'Anbigun (La Sorcière antzezlanean); 1864an, La Port-Saint-Martin-eko antzokian (Louis-Hyacinthe Bouilhet-en Faustine-n); Boulevard du Temple-ko La Gaîté antzokian (Frédéric Gaillardet eta Alexandre Dumasen La Tour de Nesle antzezlanean eta Gérard de Nerval eta Alexandre Dumasen Le Fils de la nuit-en, Ghébel-en paperean); eta azkenik, 1866an, berriz ere Odéonen (Bouilheten La Conjuration d'Ambois-en; Shakespeareren Lear Erregean, Ama erreginaren paperean; eta Jeanne de Lignières-en).[13]
Marie Léonide François Coppée poeta gaztearen adiskidea zen. Coppéek bere lehen antzezlana idatzi berri zuen, Le Passant, ekitaldi bakarreko komedia, bertsoz idatzia eta bi pertsonaiarekin. Agarrek lortu zuen Odéon antzokiko zuzendaritzak lana bere errepertorioan sartzea, eta horrela, 1869ko urtarrilaren 14an, Sarah Bernhardtekin lan egiteko abagunea izan zuen, bera Silviaren paperean eta Bernhardt Zanetto trobadorearenean. Emankizun horiei esker, ospe handia lortu zuten bai bi aktoreek eta bai autoreak ere.
Le Passantekin izandako arrakastak berriro zabaldu zizkion Agar-i Comédie-Françaiseko ateak; bertan, 1869ko ekainaren 6an, Corneilleren Cinna antzezlanaren Émilie pertsonaia jokatu baitzuen[oh 1], bere lanik onenetakotzat hartu izan zena: «Leundu ditu bere talentuaren alde zorrotzak [...], eta ahalegin laudagarrienak egin ditu berezko zituen joera batzuk zuzentzeko».[14] Une hartan, “zalantzarik gabe, Antzerki Frantsesaren aktore dramatiko nagusitzat" hartzen zuten.[15]
Cinnan eginiko antzezpenagatik goraipatua izan ondoren, beste paper batzuk jokatu zituen eszenatoki berean: uztailean, Camillerena, Corneilleren Horacen; gero, Racineren Fedra-n paper nagusia; irailean Hermione-rena Andromaque-n; eta, azkenik, urrian Andromaque-rena tragedia berean.[15]
1870eko uztailaren 20an, Frantziak Prusiari gerra deklaratu eta hurrengo egunean, François Ponsard-en Lion amoureux obraren antzezpen batean[oh 2], publikoak eskatu zuen, aurreko 18an egin bezala, orkestrak La Marseillaise jotzea bi ekitaldiren artean. Orduan, Agar, antzezlanean parte hartzaile, "aurreratu zen, eta indar handiz deklamatu zituen, banan-banan, himnoaren ahapaldiak, haien artean publikoak errepika kantatzen zuelarik".[16]
Handik aurrera, emanaldia edozein izanda ere, ikusleek gauero eskatzen zuten Agarrek Marseillesa kanta zezala, eta horixe egin zuen aktoreak berrogeita lau aldiz jarraian, antzerkia itxi zuten arte.[13] Théophile Gautierrek honela esan zuen: «Agarrek ez du La Marseillaise zehaztasun handiz kantatzen, baina melodia eta errezitatua oso trebe nahasten ditu, eta lortzen duen efektua oso handia da [...] Bultzada heroikoa eta garaipenaren ziurtasuna nabarmentzen jakin du.»[16]
1871ko martxoan Parisko Komunaren agintea hasi zen. Marie-Léonide Charvinek haren aldeko hainbat saio eman zituen: apirilaren 30ean, Vaudevilleko antzokiko matinée batean; maiatzaren 14an, Tullerietan; eta maiatzaren 21ean, Versaillesko gobernuaren tropak Parisen sartu ziren egunean, zaurituen eta guardia nazionaleko hildakoen alargun eta umezurtzen aldeko kontzertu batean.[17]
1871ko maiatzaren 6an, Komunaren gobernuak kontzertu bat antolatu zuen Tuilerietan, Federatuen alargunen eta umezurtzen mesedetan; hori zela eta, artista bat eskatu zion Comédie-Française konpainiari, La Marseillaise errezitatzeko. Édouard Thierryk, orduko Théâtre-Françaiseko administrari eta zaindariak, Mlle. Agarri proposatu zion eta berak onartu egin zuen. Kontzertuan parte hartzeak ekarri zizkion gaitzezpen ugariei beti erantzun zien “Beti izango naiz zorigaiztokoei laguntzeko prest» esanez. Handik aurrera, bere egoera ezinezkoa izan zen Comédie-Française-n, eta horren ondorioz, 1872an konpainia utzi eta probintzietan bira luze eta neketsuak egin behar izan zituen.[13]
Bere ibilbidearen azken urteetan, Marie Léonidek agerraldi gutxi batzuk egin zituen Parisen, Georges Marye eta Paul Bourget-en laguntzarekin. 1875ean, Porte-Saint-Martin-eko eta Renaissance-ko antzokietan jardun zuen, eta 1877an Ambigu-Comique antzokian.
1878ko apirilaren 8an, sei urte ondoren, Comédie-Françaisek ateak ireki zizkion, berriz ere, eta Émile Augier-en Les Fourchambault antzezlanaren Mme. Bernard-en papera jokatu ahal izan zuen eta arrakasta handia lortu. Ondoren, Racineren Athalie-n paper nagusia antzeztu zuen eta autore beraren Britannicus-en Agripinarena. Horren ostean, berriro lan egin zuen Octave Feuillet-en Le Village-n eta Nicolas Brazier eta Théophile Théophile Marion Dumersan-en Les Ouvriers lanean.
Hala ere, Marie Léonide ez zuten Comédie-Française-ko bazkide izendatu, eta horregatik, urte amaieran, konpainia utzi eta berriro joan zen Frantzian zehar.
Marie Léonideren lehen senarra, Nique, 1879an hil ondoren, 1880an berriro ezkondu zen Georges Maryerekin. Georges Algerrekoa zen, eta Afrikako antigoalekoen kontserbadorea.
1882an eta 1883an Parisen jardun zuen, berriz ere, Ambigu antzokian, Boleska printzesaren paperean, Catulle Mendès-en Les Mères ennemies antzezlanean, eta gero Marie-ren rolean Jean Richepin-en La Glu-n.
1885eko irailean Comédie-Française-ra bueltatu zen Shakespeareren Hamleten Gertrude erreginaren papera antzeztera. Lan hori egiteko egoiliar plaza berreskuratu bazuen ere, ez zuten artean konpainiako bazkide izendatu
Marie Léonidek gaixorik, nekatuta eta adorerik gabe bizi izan zituen bere bizitzako azken urteak. Gainera, garai hartan, mingostasunez, eta baita Comédie-Françaiserekiko erresuminaz ere, gogoratzen zituen "Théâtre-Français-en galdutako zazpi urteak".
1889ko maiatzean, Pauline Savarik, Agarren ikasle eta lagun handiak, "ongintzako funtzio" bat antolatu zuen haren alde, elbarri baitzegoen eta zailtasun ekonomiko handiak baitzituen.[18]
« | Batez ere heroi handiez maitemindurik zegoen, hala nola Camille, Phèdre, Hermione eta Émilie, eta, horregatik, ez zuen bere talentu miresgarria sorkari iheskor anitzetan xahutu; baina jokatu zituen obrak Le Passant, François Coppéeren inspirazio hunkigarria, eta Les Mères ennemies, Catulle Mendèsen lan magistral eta ahaltsua, besterik izan ez balira, hura izango zen hura loria! | » |
Pauline Savari |
1890ean, 58 urte zituela, Víctor Hugoren Le Cimetière d'Eylau poema deklamatzen ari zenean, perlesiak jo zuen eszenatokian bertan, gorputzaren alde oso bat mugitu ezinik gelditu zitzaiolarik.
1891ko abuztuaren 15ean, Agar Marye Aljerreko etxean hil zen. Egun, Montparnasseko hilerriko 9. sailean hilobiraturik dago. Bertan, Henry Cros eskultoreak eginiko haren busto ederra dago.
François Coppée-k, bustoaren inaugurazioan, honako bertso hauek deklamatu zituen:
1910ean, medailoi bat ezarri zen aktorearen omenez Odeonen, bere lehen emankizun arrakastatsuak izan zituen antzokian, hain zuzen.[19]
Zenbait anbiguotasun daude Agarren izenaz, jaioterriaz eta jaiotza- eta heriotza-datez, bere adierazpenek ere argitu ez zituztenak. Batzuetan, Marie izenaren ordez Florence agertzen da; adibidez, Aljerreko herriak 1917an hil zen etxean jarri zuen plaka oroigarrian.[20]
Plaka horretan bertan adierazten da 1836an jaio zela, aktorea lau urtez gaztetuz, Saint-Claude (Jura) herrian. Beste batzuetan, ordea, bere jaioterria Vienne (Isère) herria dela esaten da[21], edo baita Valence (Drôme) ere. Agarrek berak Baionan (Pirinio Atlantikoak) 1837ko irailean jaio zela adierazi zuen, Artisten elkartean izena eman zuenean.[3]
Batzuetan, abuztuaren 14an hil zela agertzen da.[22]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.