liburua From Wikipedia, the free encyclopedia
Lazarragaren eskuizkribua edo Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua paper sorta bat da, Joan Perez Lazarraga arabar idazleak 1567-1602 bitartean, gutxi gorabehera, idatzitako lanak biltzen dituena. XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko literatura idazlan zaharrena. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen testua dugu: eskuizkribu osoan, hiru aldiz ageri da.
Lazarragaren eskuizkribua | |
---|---|
![]() Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko zutabean, behetik hasita 7. lerroan, eusquel erriau lehen bi hitzak dira (klikatu irudia, handitzeko). | |
Datuak | |
Idazlea | (1567tik 1602ra bitartean idatzia) |
Argitaratze-data | 1567 (egutegi gregorianoa) |
Generoa | Artzain nobela eta poesia |
Jatorrizko izenburua | Eskuizkribua |
Hizkuntza | Euskara (gehien-gehiena) Gaztelania (zatiren batzuk) |
Herrialdea | Araba |
Orrialdeak | 102 |
Formatua | Eskuizkribua |
Artzain nobela batek eta 21 koplak osatzen dute. Guztira, 51 orri dira (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz; baina pleguak ez daude osorik eta ezagutzen dugun zatian, gutxienez, beste hamasei orri galdu dira, gehi aurretik agian zeudenak, artzain eleberria in media res hasten baita.
Ez dago garbi idazlana garai hartan argitaratu zen ala ez. «Pleguetan, txori paperetan, litekeena da[; b]aina koadernoa bera, orain ezagutzen dugun bezala, ez [zen] orduan argitaratzekoa» dio Gidor Bilbaok.[1] «Idazle ona [...] baina badirudi ez zituela bere euskarazko testuak argitaratu» idatzi zuen Henrike Knörrek.[2]
Argitaratu denez, Borja Aginagalde Olaizola donostiar artxibozain eta historialariak aurkitu zuen, Madrilgo zaharki-salerosle batenean; Gipuzkoako Aldundiak erosi zuen, eta 2004ko otsailaren 18an aurkeztu zuen jendaurrean.
Eskuizkribuaren aurkezpena gertakizun mediatiko garrantzitsua izan zen, erabat berria euskal filologiaren historian: hedabide guztietara iritsi zen aurkikuntzaren oihartzuna, eta berehalakoan izan zen denek ikusteko moduan, prentsaurrekoaren egun berean CD-ROM batean, eta handik egun gutxira Interneten. Adituen lehenbiziko txosten teknikoak ere handik bi egunera zeuden Interneten: Borja Aginagalderen estreinako paleografia- eta datatze-azterketa (1564tik 1567rako tartean Joan Perez Lazarragakok idatzia dela proposatzen zuen) eta Joseba Lakarra filologoaren atariko filologia azterketa (XVII. mendea baino lehenagoko euskal testu altxorraren tradizioan eskuizkribuak hizkuntzaren, dialektologiaren eta literaturaren azterketetarako duen garrantzia nabarmendu zuen).
Hedabideetan eman zitzaion oihartzun handi horrek, bada, badu izateko arrazoirik, euskal testuen tradizioan aspaldian izandako aurkikuntzarik garrantzitsuena izan baitzen, besteak beste arrazoi hauengatik:
Eskuizkribuaren datazioa ez da ziurra, baina badirudi Lazarragak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak kopiatu dituela eskuizkribuan, ziur aski bere bizitzako azken urteetan. Baieztapen horren atzean, bi argudio nagusi dira: batetik, poema batzuk gaztetan idatziak direla iduri luke. Canción y copla echa por Laçarraga en servicio de Madalena poemaren aurretik idatziriko sarrera gisakoa argia da 1567ko data zehaztean:
« | Canción y copla echa por Laçarraga en servicio de Madalena, hija de M. Diego de Bicuña, barbero, el qual puso en un poste del portegado de la iglesia de Vicuña la noche de Santiago, a 25 de julio de 1567, y tomó el dicho traslado Pedro Saenz, clérigo de Bicuña, que lo supe yo después. | » |
Bestetik, gutxienez poema baten arabera, eskuizkribua Lazarragaren bizitzaren bukaeran data liteke Mari Lopezco ederreza poeman, poetaren ama hilik dela aditzera ematen da: «juramentu eguiten jagot / obian daçan amari». Hobian datzan ama Joan Perez Lazarragakoren ama baldin bada, datu horrek ezartzen du poeman —eta ziur aski eskuizkribu osoan— data daitekeen azken gertaera, goizenik 1602. urtekoa izan litekeena. Izan ere, Elena Saez Erdoñakoa, poetaren ama, 1602ko «AHPA. Protocolos Notariales, 2486, ff. 85-86» dokumentuan oraindik bizirik azaltzen baita, Gervasio di Cesarek jakinarazi zuenez.
Azkenik, beste poema batzuek data ez hain zehatzak ezartzen dizkiote eskuizkribuari:
Euskalkiari dagokionez, oso lan interesgarria da, Arabako euskararen testigantza delako. Orain arte egin diren azterketetan, mendebaleko euskalkiari —eta, zehazkiago, Debagoiengo euskarari— lotuta dagoela ikusi da, baina beste euskalkietako ezaugarri askorekin. Bereziki, gipuzkeraren eta Nafarroa Garaiko Sakanako euskararen hainbat bereizgarri ditu. Rosa Miren Pagolaren hitzetan, «mugako hizkera denik ere zail da ukatzen».[4] Izan ere, euskalkien arteko muga zen eskualde hori. Gainera, kontuan izan behar da garai hartan mendebaleko euskara orain baino askoz hurbilago zegoela beste euskalkietatik.
Manuel Larramendiz geroztik (XVIII. mendea), euskarak bazterreko erabilera izan du Hego Euskal Herriko eliteetan, eta lehenagoko garaietan ere Hegoaldean erabilera molde hori nagusi zela uste izan da. Lazarragaren eskuizkribuak eskema hori hautsi du:
« | Larramendik gauza garrantzitsuez gaztelaniaz idazten zuen, eta herri xehearentzako gauzak euskaraz. Ez zen hori Larramendi baino lehenagoko idazleen joera. Lazarragak jende ikasiarentzako literatura idatzi zuen euskaraz, eta erdaraz kronika historikoa batez ere. Zer klabe dago banaketa horretan? Oraindik ez dakigu, baina argi dago ez dela Larramendiz geroztik egin izan den banaketa. | » |
—Pruden Gartzia[5] |
Xabier Kintana euskaltzainak azaldu duenez, Lazarragak bigarren pertsonari hika egiten dionean, horrek ez dakar gainerako adizki guztiak ere alokutibozko forman (hitanoan) jarri beharra.[6] Konparazio baterako, Lazarragak bazekien hi haiz formaren ondoan ni nauk esan zitekeela, baina aldi berean zilegi zuela ni naiz ere erabiltzea. Hau da, Lazarragak hitanoaren bi eredu darabiltza:
Dirudienez, oinarrizko hitano hori (alokutiborik gabekoa) erabilera zaharrena da. Alokutibozko forma adizki guztietara XVI. mendea baino lehentxeago hasi zitzaigun hedatzen eta, hasieran, Euskal Herriko toki zehatz batzuetan baino ez. Euskaltzaindiak, bestalde, adizki alokutiboak arautu dituen arren, oraindik ez du arautu noiz eta nola erabili behar diren («Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan»).[7] Beraz, euskara batuko araurik ez luke urratuko oinarrizko hitanoa erabiltzeak, nahiz eta aspalditik euskaran erabili ez den molde bat den.
Hori guztia kontuan hartuta, eta hitanoa izaten ari den atzerakada larria ikusirik, Xabier Kintanak proposatu du haurrei eta euskara ikasleei oinarrizko sistema hori irakastea, galbidean den hitanoa indarberritzearren, eta alokutibozko sistema konplexua errazago ikasteko oinarria izan dadin.[6]
Hona hemen adibide batzuk, oinarrizko hitanoa (alokutibogabea) eta hitano osoa (alokutiboduna) euskara batuan aplikatuz:
Zukako adizkia | Hikako adizkia (solaskide gizonezkoa / emakumezkoa) | |
---|---|---|
oinarrizko hitanoa |
(adizki alokutiboduna) | |
zara | haiz | haiz |
naiz | naiz | nauk / naun |
dugu | dugu | diagu / dinagu |
zaitut | haut | haut |
dizkizut | dizkiat / dizkinat | dizkiat / dizkinat |
dizkiet | dizkiet | zizkieat / zizkienat |
nator | nator | natorrek / natorren |
zebilen | zebilen | zebilean / zebilenan |
dakigu | dakigu | zakiagu, zekiagu / zakinagu, zekinagu |
Berriz ere, Lazarragaren eskuizkribura etorrita, hona hemen erabilera alokutibodunaren adibide bat (hikako lau adizkiak letra lodiz nabarmendu ditugu; erdiko biak alokutiboak dira):
« |
Donostiaco San Françiscuan |
» |
Eta hemen, erabilera alokutibogabea (hau da, oinarrizko hitanoa; hikako adizki bakarra —lehenengoa— eta hitano osoan alokutiboak izan litezkeen hiru adizkiak letra lodiz nabarmendu ditugu):
« | Arçai polita, yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur [sic] egun seigarren eguneco. Eta ala ene lagun au eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ecusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. [1147 r-v] | » |
Edukiari dagokionez, eskuizkribuko testu nagusian bi atal bereizten dira: lehenik artzain liburu bat (testu nagusiaren % 32), gehienbat prosan idatzia, kantu moduko poemak tartekatuak dituen arren; bigarrenik, askotariko poema eta kantuen bilduma, haietarik 37 euskaraz idatziak, eta gainerako 9ak gaztelaniaz.
Artzain liburuaren hasiera eta bukaera galdu dira. Artzain nobelak genero arrakastatsua izan ziren Europan XVI. mendean, eta Jorge de Montemayor portugaldarrak gaztelaniaz idatzitako Los siete libros de la Diana (1559) Europa osoan itzuli eta imitatu zuten; badirudi ildo horretan kokatu behar dela Lazarragaren prosa lana.
Artzain liburuak, funtsean, amodio nahasien istorioa kontatzen du: Silberok Sirena maite du, Sirenak Doristeo (Dorido goitizena hartzen duena), Doristeok Silbia (Clarian goitizena hartzen duena), eta Silbiak Silbero (baina amodio kateak ez du beste alderako biderik). Beste pertsonaia batzuk hauek dira: ugazaba, Narvaez, Marte eta Kupido.
Askotariko poema eta kantuak dira, haietarik 37 euskaraz idatziak, eta gainerako 9ak. gaztelaniaz. Baliteke hiru poema, beste letra batekin jaso direnak, bereak ez izatea, Estibalitz Sasiolarenak baizik; kasu horretan, euskaraz idatzi zuen lehenengo emakumezko izango litzateke[8][9].
Bilduma hori artzain liburua baino zailagoa da deskribatzeko eta sailkatzeko: gaiak, neurriak, jatorriak, poema herrikoiak eta kultu izan nahi dutenak... Gehienetan, erdiak baino gehiago, maitasun kontuak gai nagusia dira, baina badira erlijiozkoak, narratiboak, isekazkoak...
Poema batzuen neurriak eta moldeak oso herrikoiak dira (eta ez dakigu Lazarraga den egilea ala herri tradiziotik jasoa bildu duen), baina beste batzuetan gaztelaniazko cancionero zahar eta berrietako neurriak eta moldeak hartzen ditu. Gaztelaniazko poema batzuetan, ziur dakigu ez direla Lazarragak asmatuak, plegu horietan bilduma osatzearren kopiatuak baizik. Euskarazko poema batzuei, berriz, aurkitu zaizkie ordainak beste hizkuntza batzuetan. Hortaz, azterketa sakonagoak behar dira ezer ziurrik esateko, baina badirudi koaderno berean bildu dituztela idazle batek baino gehiagok berek asmaturiko lanak eta beste nonbait ikasiak. Testu nagusiari dagokionez, badirudi Lazarraga dela idazlea; eta alboetako testuetan, agian Lazarraga eta geroagoko beste esku batzuk egon litezke.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.