From Wikipedia, the free encyclopedia
Idazkera kuneiformea arrasto arkeologikoak dituen idazkera motarik zaharrena dela onartuta dago (hala ere, berriki eginiko indusketetan, ustez idazkera zaharragoakoak dira Antzinako Egipton aurkitu diren taulatxo batzuk, datu hori baieztatzeke badago ere). Sumertarrek K.a. IV. milurtekoaren amaieran sortu zuten, piktograma sistematzat. Denbora aurrera joan ahala, irudikapen piktorikoak sinpleagoak eta abstraktuagoak bihurtu ziren, idazkera kuneiformea eratu arte.
Sumeriera, akadiera, elamitera, hititera eta lubitera idazteko egokitu zen eta antzinako persiera eta ugariteraren alfabetoen abiapuntua izan zen.
Lehen piktogramak buztinezko taulatxoetan zutabe bertikaletan grabatzen ziren, puntzoi edo zizel zorrotz batekin, kalamu, kanabera edo landare zurtoin batetik abiatuta egina. Ondoren, bi garapenek prozesu errazago eta azkarragoa egin zuten: jendea ezkerretik eskuinera idazten hasi zen ilara horizontaletan (prozesuan, piktogramak, ezkerretarantz 90º biratzen ziren), eta ziri mutur estilo berri bat sortu zen, buztinean sartuz erabiltzen zena; horrela, ziri formako karaktereak (kuneiformeak) asmatu ziren. Taulak zizelarekiko zuen posizio erlatiboa egokituz, eskribak erreminta bakar bat erabil zezakeen, zeinu barietate handi baterako.
Taulak kilnetan egosten ziren, idatzitakoa iraunkorra izatea nahi bazen, baita berrerabili ere, kontrako kasuan. Arkeologoek aurkitutako taulatxoetako asko nahigabe "egosiak" izan ziren, armada erasotzaileek taula horiek gordetzen ziren eraikinari su eman ziotenean.
Sumertarrek sortu zuten sumeriera idazteko; ondoren, akadiarrek, babiloniarrek, elamitarrek, hititek eta asiriarrek erabili zuten, euren hizkuntzak idazteko. Mesopotamian oso erabilia izan zen 3.000 urtean; hain zuen ere, alfabeto horren izaera silabikoa, sumertarrek findu ostean, ez zitzaien oso intuitiboa iruditzen semitar hizkuntzen hiztunei. Horren ondorioz, sumertar zibilizazioa berraurkitua izan aurretik, zenbait filologok Babiloniaren aurretik beste zibilizazioren bat egon zela pentsatu zuten.
Idazkera kuneiformearen ondorengo egokitze gehienek sumertar alfabetoaren zenbait alor behintzat mantendu zituzten. Akadiera idatziak sumertar silabategiko ikurrak zein hitz osotzat irakurtzen ziren logogramak zituen. Alfabetoko zeinu asko balio anitzekoak ziren: aldi berean, esanahi fonetiko eta logografiko bat zuten. Alfabeto kuneiformea hititera idazteko egokitu zenean, ahoskatze logografiko akadiozko beste geruza bat gehitu zitzaion alfabetoari; hala ere, horren emaitza ohiko logogramekin idatzitako hititar hitz askoren ahoskatzea jada ez da ezaguna. Sistemaren konplexutasunak japoniera klasikoarekin antzekotasuna du, txineratik datorren sistema batekin idatzia dena; sinogrametako batzuk logogramatzat erabili ziren eta beste batzuk, berriz, karaktere fonetikotzat. Japoniera modernoak grafikoki ezberdintzen ditu logogramak (kanji) karaktere silabikoetatik (kana), baina ezberdintasun hori gorabehera, oso antzeko sistema da.
Konplexutasun horren ondorioz, idazkera sistemaren zenbait bertsio sinplifikatu sortu ziren. Antzinako persiera karaktere kuneiforme sinplifikatu multzo batean idatzia zen, alfabeto erdisilabiko sinple bat eratzen zutena: asiriarrak erabiltzen zituena baino ziri formako trazu gutxiago zeuzkan, sarri agertzen ziren hitzetarako zenbait logogramekin batera, jainkoa edo erregea kasu. Ugaritera alfabeto ugaritarraz idazten zen, estilo semitikozko alfabeto estandar batez (abyad batez), era kuneiformea erabiliz idazten zena.
Aramaikoaren erabilerak hedapen handia izan zuen asiriar inperioan: pixkanaka-pixkanaka, kuneiformea ordezkatu zuen. Ezagutzen den azken inskripzio kuneiformea K.a. 75ekoa da.
Idazkera kuneiformearen ezagutza galduta zegoen 1835ean, armada britainiarreko ofizial Henry Rawlinsonek Behistungo inskripzioan aurkitu zuen arte, Behistungo amildegi batean, Persian, egungo Iranen. Dario I.aren erregealdian (K.a. 522-K.a. 486) zizelkatuta zeuden, inperioko hiru hizkuntza ofizialetan idatzitako hainbat testutan: elamiteraz, antzinako persieraz eta babilonieraz: hirurotan gauza bera esaten zenez, Rosetta harria Egiptoko hieroglifoak ulertzeko giltza izan zen modu berean, Behistungo inskripzioak idazkera kuneiformea argitzea ahalbidetu zuen.
Rawlinsonek antzinako persiera alfabeto silabikoa zela zuzen pentsatu zuen, eta baita zuzen deszifratu ere. Bere kabuz lan eginez, Edward Hincks asiriologo irlandarrak ere lagundu zuen deszifratzen. Persiera itzuli ondoren, Rawlinson eta Hincks besteak itzultzen hasi ziren. Neurri handi batean, Paul Émile Bottak 1842an Ninive aurkitu izanak lagundu zien. Bottak aurkitutako altxorren artean, Asurbanipalen liburutegi handiaren hondarrak zeuden, bertan inskripzio kuneiformeak idatzita zituzten egositako milaka buztinezko taulatxo zituen errege artxibategi bat.
1851 inguruan, Hincks eta Rawlinsonek, jada, 200 zeinu babiloniar irakur zitzaketen. Laster batu zitzaizkien beste bi kriptologo: Julius Oppert, jatorri alemaneko ikasle gazte bat, eta William Fox Talbot, orientalista britainiar apetatsua. 1857an, laurek Londresen elkar ezagutu zuten eta euren ikerketen zehaztasuna frogatzeko, esperimentu ospetsuan parte hartu zuten: Asiako Errege Elkarteko idazkari Edwin Norrisek bakoitzari Tiglath-Pileser I.a asiriar enperadorearen erresumako berriki aurkitutako inskripzio baten kopia eman zion. Adituen epaimahai bat deitu zuten, beren itzulpenak aztertu eta horien zehaztasuna ziurtatzeko.
Funtsezko puntu guztietan, lau adituen itzulpen guztiak bat zetozela ikusi zen. Jakina, ezadostasun txiki batzuk ere egon ziren. Talbotek —eskarmentu txikiagoa zuen— zenbait akats egin zituen, eta Opperten itzulpenak zalantzazko zenbait pasarte zituen, ingelesa ez baitzen haren ama hizkuntza; baina Hincks eta Rawlinsonen itzulpenak funtsean berdin-berdinak ziren. Epaimahaiak pozik zegoela adierazi zuen, eta idazkera kuneiforme akadiarraren deszifratua fait accompli izatera pasa zen.
Eskribek zirien bidez zeinu kuneiformeak idazten zituzten, ia beti buztinezko taulatxoetan (metalean, bakan); liburutegi primitibo antzeko toki batzuetan gordetzen ziren, zorrotz antolatuta, ondorengo eskribek ikasi ahal izan zezaten. Liburutegi horiek hiri bakoitzeko eskolarenak ziren edo, batzuetan, bilduma pribatuetakoak. Taulatxoak zutabetan idatzita zeuden (kopuru aldagarrian) eta honako hau adierazten zuten:
Jakina, idazkera hura ez zen bakarrik taulatxoetan idazten. Adibidez, idazkiak aurki daitezke lehen milurteko Babiloniako adreiluetan.
Idazkera kuneiformeak transliterazio formatu zehatza du. Idazkera sistemaren balioaniztasuna dela eta, transliterazioa ez da bakarrik galerarik gabekoa: jatorrizko dokumentuak baino informazio gehiago ere du batzuetan. Adibidez, DINGIR zeinuak, hititar testu batean, an hititar silaba irudikatzen du, eta akadiar esaldi baten zati da halaber, il silaba irudikatuz, edo sumerograma bat ere bai, jatorrizko sumerierazko esanahia irudikatuz, hots, jainkoa. Horrela, giro kultuetan (eskriba eskoletan), edo eraturiko hitzen faltagatik, batzuetan, sumeriera erabiltzen zen: hor, hitz bakoitza zeinu baten baliokidea dea, baina zeinu hori bera silaba bat ere bada inoiz, neobabilonieraz adibidez, latindar hizki sistemarako pauso batean.
Idazkera kuneiforme sistema Unicoderen etorkizuneko bertsio batean sartzeko onartu da.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.