heste-paretak substantzia jakin batzuk odolera pasatzea ahalbidetzen duen propietatea da, beste substantzia batzuk igarotzea oztopatzen duen bitartean From Wikipedia, the free encyclopedia
Heste-iragazkortasuna heste-paretak substantzia jakin batzuk odolera pasatzea ahalbidetzen duen propietatea da, beste substantzia batzuk igarotzea oztopatzen duen bitartean.
Hesteak, normalean, nolabaiteko iragazkortasuna du, elikagaiak odolera pasatzea ahalbidetzen duena, eta , aldi berean, hesi funtzioa mantetzen du kaltegarriak izan daitezkeen substantziak (antigenoak, adibidez) hesteetatik irten eta organismoan zehar, odolaren bidez, zabaldu ez daitezen [1]. Horretarako, enterozitoen arteko loturak oso estuak izan behar dira [2].
Azken urteetako ikerketek agerian jarri dute heste-iragazkortasunaren arazoak (batez ere gehiegizko iragazkortasuna) lotuta daudela hainbat gaitz gastro-intestinalekin eta gaixotasun sistemiko batzuekin [3][4][5].
Fisiologia
Bide transzelularra eta bide parazelularra erabiltzen dute molekula batzuek hestearen barrualdetik (goian) odolera pasatzeko (behean)
Heste-iragazkortasuna, aipatu den bezala, selektiboa da: substantzia batzuk hesteetatik odolera pasatzen uzten ditu (elikagai eta molekula txikiak) eta beste substantzia batzuen irteera ekiditen du. Bi dira elikagaiek jarraitzen dituzten bideak heste-hesia zeharkatzeko:
Bide transzelularra: heste-pareta enterozito-geruza batez osatuta dago. Heste-pareta zeharkatuko duten molekulak (elektrolitoak, aminoazidoak, azukreak, kate laburreko gantz-azidoak...) enterozitoen mutur apikaletik zitoplasmara pasatzen dira (mutur apikalean enterozitoen azalera areagotzen duten milaka mikrobiloxka daude), eta hortik mutur basaletik irtetzen dira, odolera pasatuz [6]
Bide parazelularra: enterozitoen arteko esparrutik molekula batzuk pasatzen dira hesteetatik odolera. Enterozitoen arteko loturak oso estuak ez badira, bide horretatik substantzia onuragarriak ez ezik, substantzia kaltegarriek ere (antigenoak, metabolismo bakteriarraren molekulak, makromolekulak...) odolera pasa dezakete.
Azken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartu dute medikuntzan heste-iragazkortasunaren aldaketek. Bereziki heste-iragazkortasun areagotua. Hau gertatzen denean, enterozitoen arteko loturak (tight junction deritzonak, ingelesez) erlaxatu egiten dira, eta ondorioz bide parazelularretik substantzia batzuk odolera iristen dira hesteetatik. Hori lotu dute ikerketa ugarik patologia zehatz batzuekin [7][8].
Hainbat eragilek heste-iragazkortasuna areagotu dezakete. Zonulina da horietako bat. Molekula honen gehiegizko jarduerak edo kontzentrazioak enterozitoen arteko loturak irekitzen ditu eta horrenbestez heste-hesiak bere funtzio babeslea galtzen du, odolera pasatuz heste barruan egon beharko liratekeen substantziak. Hau izan liteke patologia batzuen sorburua [9][10]
Heste-iragazkortasuna areagotzen duten beste substantzia batzuk hauek dira:
Eragile hauetako batzuek zonulinaren jarduera aktibatzen dute, eta beste batzuek jarduera propioa dute, heste-hesian mikro-zuloak sortuz.
Lotutako patologiak
Enterozitoen arteko loturak irekitzen direnean substantzia batzuk odolera pasatzen dira. Substantzia horiek antigeno modura jardun dezakete eta gaixotasun autoimmuneak eta hantura prozesuak, besteak beste, sortu
Ugari dira heste-iragazkortasun areagotuak izan ditzakeen loturak patologia ezberdinekin [9]:
Oro har, onartzen da gaixotasun horien garapena ingurumen-faktoreen eta suszeptibilitate-gene espezifikoen arteko elkarreraginaren ondorio dela. Heste iragazkortasun areagotuak joera genetikoa duen gizabanako batean sortuko luke gaitza, horrenbestez.
Heste-hesia indartzen duten eragileak
Enterozitoek heste-hesiaren egitura mantentzen dute eta heste-iragazkortasunean funtsezko zeregina burutzen dute. Enterozitoen geruzaren osotasuna eta haien arteko loturak sendotzeko substantzia batzuek haien eraginkortasuna frogatu dute:
butiratoa: heste-florako bakterio batzuek butiratoa, kate laburreko gantz-azido bat, sortzen dute hartzidura butirikoa egiten dutenean. Agerian jarri dute butirato horrek onura nabarmenak dakarzkiela enterozitoei eta heste-hesiari [17]
larazotida azetatoa (AT-1001 deritzona): zonulinaren inhibidorea da. Saio klinikoetan bere eraginkortasuna frogatu du gehiegizko heste-iragazkortasunari aurre egiteko, eta gaixotasun zeliakoan, glutenik gabeko dietarekin batera, erabil liteke.