From Wikipedia, the free encyclopedia
Hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica) hegoaldeko Europa eta iparraldeko Afrikako baso epeletan bizi den Colubridae familiako sugea da[1].
Hegoaldeko suge leun | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Squamata |
Familia | Colubridae |
Generoa | Coronella |
Espeziea | Coronella girondica Daudin, 1803 |
Banaketa mapa | |
Hegoaldeko suge leunaren izen zientifikoa Coronella girondica da. Coronella hitzak 'koro txikia' esan nahi du latinez, eta suge honi atxiki zaio buruan aurkezten duen orbanagatik. Luzera txikiko sugea da, eta hegoaldeko Europan eta iparraldeko Afrikan bizi da. Euskal Herrian suge arrunta da Gipuzkoan eta batez ere Araban eta Nafarroa Garaian.[2]
Hegoaldeko suge leuna luzera txikiko, buru txikiko eta buztana erlatiboki txikia duen sugea da. Bataz beste 25 cm-ko luzera du; 50–90 cm arteko aleak ere egon daitezke.
Alde dortsala eta laterala kolore gris edo arrekoak izaten dira. Gainera, alde dortsalak beraien artean loturarik ez duten zeharkako marra ilunak aurkezten ditu. Alde bentralean diseinu xakeztatua duten karratu itxurako orban ilunak ageri dira, ezaugarri honek genero bereko Coronella austriaca espezietik bereiztea errazten duelarik.
Buruaren alde dortsalak U itxurako orbana aurkezten du; alde lateral bakoitzean berriz, lerro beltz bana dago. Honek begia zeharkatzen du, eta plaka frontaleraino luzatzen da. Hegoaldeko suge leunak ez du dimorfismo sexual nabarmenik aurkezten, hala ere, arren alde bentraleko eta dortsaleko ezkata-hilaren kopurua txikiagoa da emeena baino (arrek 19, emeek >19); arren isatsa ere erlatiboki handiagoa da eta ezkata azpikaudalen kopurua ere bai.
Coronella girondica espeziearen banaketak Afrikako ipar-ekialdea (Marokoko kosta, Aljeria, Tunisia, Rif mendikateak eta Erdi- eta Goi-Atlasa)[3][4] eta Europako hego-mendebaldea barneratzen ditu. Europa mailan, Iberiar penintsulako zati gehiena, Frantziako hegoaldea eta Italiako iparraldea eta erdialdea betetzen du. Iberiar penintsulan Kantauriar mendikatean (Galiziako iparraldea eta Asturiaseko mendebaldea) eta mendikate nagusien eremu garaienetan soilik falta da. Oso zabalduta dago Gaztela-Leonen, Nafarroan eta Katalunian. Atlantikoko[5][6][7] eta Mediterraneoko[8][9] zenbait irletan ere ageri da.
Euskal Herrian ia lurralde osoan aurki badaiteke ere, bere bizimodu ezkutua dela eta ez dugu datu gehiegirik bere banaketa zehatza finkatu ahal izateko. Nolanahi ere, Kantaurialdean hegoaldeko suge leuna nonahi baina urri ager daiteke kostaldean, eta lehorrean barnera egiten dugun heinean lokalagoa da. Edonola ere, eskualde menditarretan ez da ageri, ez Pirinioen inguruetan eta ez uren banaketa-lerroa osatzen duten mendi gehientsuenetan ere, gure lurraldean beti ere 800 m-ko altitudetik behera ageri baita. Eskualde mediterraneoan berriz, edonon ikus daitekeela esan genezake, nahiz eta Arabako eta Nafarroako hegoaldeko eremu lehorragoetan ugariagoa den.
Espezie jeneralistatzat har dezakegu Hegoaldeko suge leuna, habitat natural ugari betetzen baititu. Iberiar Penintsulako iparraldean hegoalderantz orientaturiko mendialdeetan ageri da[10]. Aldiz, hegoaldean iparralderantz orientaturiko mendialdeetan eta begetazio nahikotxo duten guneetan topa daiteke, baita ere, lur-eremu soil eta lauetan. Begetazio gutxiko edo ertaineko artadi, harizti, pinudi, sastrakadi eta espartzadietan (Lygeum spartum) bizi da[11]. Ez da ordea, horren ugaria nekazal guneetan. Altitudeari dagokionez itsas-mailatik Mendikate Betikoetaraino (2.150 m) topa dezakegu.
Espezie sauriofagoa da, hau da, sugandiletaz elikatzen da batez ere. Hala ere, neurri txikiago batean, eskinkoak, gekonidoak, narrasti-arrautzak, mikrougaztunak, hegazti-arrautzak eta artropodoak ere bere dietaren zati dira[6][12].
Arrek zein emeek heldutasun sexuala 4 urterekin lortzen dute eta 15 urte bizitzera hel daitezke. Araldia udaberri aldera ematen da, Coronella girondica espeziea hibernazio-sasoitik esnatzean alegia, eta estaltzea maiatzean edo ekainean. Espezie obiparoa da, bataz beste 10 arrautza erruten ditu. Arrautza kopurua emearen tamainarekin zuzenki lotuta dago eta 2tik 20 bitarterakoa da. Errunaldia uztaila erdialdera gertatzen den bitartean, eklosioa irailean ematen da.
Martxotik azaro erdialdera arte aktiboa da Hegoaldeko suge leuna. Eguneko zikloan zehar suge ilunabatar eta gautarra dugu Coronella girondica espeziea[6][13]. Termoerregulazioari dagokionez, litekeena da suge tigmotermoa izatea (substratuaren bidezko termoerregulazioa burutzen duen espeziea)[14].
Artropodo, narrasti (Malpolon monspessulanus, Vipera latasti)[15] eta hegaztien (Milvus migrans, Circaetus gallicus, Buteo buteo) dietaren parte dira hegoaldeko suge leunak. Ugaztunen artean, litekeena da basurdearen (Sus scrofa) harrapakina ere izatea, basurdearen emendioa eman den tokietan suge honen murriztea ikusi baita.
Coronella austriaca antzeko espezie du. Alde bentralean diseinu xakeztatua duten karratu itxurako orban ilunak ageri ditu hegoaldeko suge leunak, genero bereko iparraldeko suge leunetik bereiztea errazten dutenak.
Itxura guztien arabera hegoaldeko suge leun populazioen joera Euskal Herrian egonkorra da. Monakoko Printzerriko populazioaren gainbehera bakarrik adierazi da.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.