politikaria, abeslaria From Wikipedia, the free encyclopedia
Gorka Knörr Borràs (Tarragona, Katalunia, 1950eko otsailaren 2a) euskal abeslaria eta politikaria da. Aita gasteiztarra eta ama katalana ditu. Henrike Knörr euskaltzain zenaren eta Roman Knörr enpresaburuaren anaia da.
Umea zelarik, Tarragonatik Gasteiza joan zen bizi izatera. Haren belaunaldiko abeslarien artean, beti Arabaren ordezkaritzat jo izan da. 1971n lehenbiziko aldiz jendaurrean abestu zuen eta handik gutxira Araba kantari diskoa kaleratu zuen. Halere, bere musika ibilbidearen ezaugarriak argiro agertzen zituen diskoa bigarrena izan zen: Nik nahi dudana, 1975ean argitaratua.
1976an Txalaparta diskoa kaleratu zuen: harekin arrakasta osoa lortu zuen eta diskoaren salmentak emendatu egin ziren: gorakada horren eragile nagusiak Txalaparta eta Xabier Letek euskaratutako Lluis Llachen L'estaca abestiak izan ziren.
Politikari gisa, Gorka Knörr Eusko Alkartasuna alderdiaren idazkari nagusi eta eurodiputatu izan zen. Alderdi horrekin Eusko Legebiltzarreko lehendakariordea ere izan zen. Azken postu horretan zebilela, Sozialista Abertzaleak alderdia ez desegiteagatik Juan Mari Atutxa (EAJ) eta Kontxi Bilbaorekin (Ezker Batua) batera auziperatua izan zen.[1]
Lau urte zituela heldu zen Kataluniatik Gasteizera. Familiatik zetorkion musikarekiko zaletasuna: Natxo anaiak pianoa jotzen zuen eta Jonek, gitarra. Biak izan zituen lagun bere musika ibilbidean. Kantautore gisa egin bada ere ezagun, bikote moduan hasi zen musika egiten, Eduardo Moreno Bergaretxe Perturrekin. Knörr Donostiara ikastera joan zelarik ezagutu zuten elkar, 1968ko udazkenean. Hark gitarrako lehen akordeak erakutsi eta elkarrekin hasi ziren kantuan, Mikel Laboaren eta Natxo de Feliperen (Oskorri) kantuak joz. 1969an, euskara ikasten hasi zen.
1970eko maiatzaren 1eko manifestazioetan Knörr atxilotu eta espetxeratu zuten eta abenduan, berriro kartzelan sartu. Espetxean idatzi zituen bere lehen abestiak. Hurrengo urtean, Eduardo Morenorekin batera, zuzeneko lehen emanaldia eskaini zuen, Gasteizen; baina hurrengo urtean, Morenok mugaz beste aldera ihes egin behar izan zuenez, Knörrek bakarkako ibilbideari ekin zion. Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundi kantariekin eskaini zuen lehen emanaldia, Gasteizko Guridi antzokian.
Beste musikari askok bezala, diskoa atera aurretik, Joxe Mari Iriondorekin egin zituen lehen grabazioak, Loiola irratian. Araba kantari izan zen argitaratu zuen lehen diskoa (Artezi, 1974). Arabako abesti tradizionalak moldatuz, probintzia hura «Euskal Herriko gainontzeko probintzien mailan» ezarri nahi zuen kantautoreak. Olaeta, Legutio, Aramaio, Segura eta beste toki batzuetako kantu zaharrak berreskuratu zituen. Hurrengo diskoa, Nik nahi dudana (Artezi, 1975), intimistagoa zen. Gorka Knörren arrakasta handienetakoa izan den kantua zekarren bigarren diskoak: Azken agurraren negarra. I. Mundu Gerran Frantziako iparraldeko borroketan bizia galdu zuten Ipar Euskal Herriko soldadu gazteen tragedia kantatu zuen. Irteerarik gabeko bideak, Xoxoak eta Araba kantuak ere oso ezagunak egin ziren.
Argitaratu duen diskorik arrakastatsuena, baina, Txalaparta (Movieplay, 1976) da gaurdaino. Izen bereko abestiarekin, Katalintxu eta Hilgo naiz kantuekin eta Lluis Llachen L'estacari Xabier Letek eginiko bertsioarekin (Agure zaharra) lortu zituen Knörrek salmenta ugari. Halaber, harekin eman zuen bere ibilbidean hain garrantzitsua izan zen kontzertu hura: Donibane Lohizunekoa, Lluis Llach lagun zuela, 1976ko udazkenean. Argentinako euskal etxeetan (Buenos Aires, Rosario, Mar de Plata, Tandil eta Bahía Blanca) bira bat egin ostean izan zen Donibane Lohizuneko kontzertua. Disko harekin Espainian, Herrialde Katalanetan, Frantzian, Belgikan eta Venezuelan ere eman zituen kontzertuak, gertuko talde bat lagun zuela: Jon Knörr (ahotsa eta gitarra), Natxo Knörr (pianoa), Gabi Alegria (akordeoia), Jesus Mari Alegria (zeharkako txirula eta txirula) eta Per Carlson (gitarra).
Franco hil ondorenean mugitzeko erraztasunak izan zituen Gorka Knörrek, baina 1970eko hamarkadako lehen urteak zailak izan ziren. Gipuzkoan eta Bizkaian diskoak saldu arren, Espainiako Gobernuko Ministerioak ez zion ematen herrialde haietan abesteko baimenik. Kontzertu bakoitzean jo behar zituen abestien letra denak aztertzen zituzten. Garai zail haietan, Benito Lertxundiren bigarren ahots moduan eutsi zion musikari.
1978an, Herri bat gara (Movieplay) argitaratu zuen, eta ondo saldu zen diskoa. Kantuen artean, Txakurrak dago, Eduardo Morenorekin batera idatzitakoa, baina Lapurdin eman zuen kontzertu baten ondoren liskarrak izan zituen errefuxiatu politikoekin, eta kantugintzatik urrundu egin zen 1981 arte.
Ordutik aurrerako urteetan, politikak hartu zuen protagonismoa Gorka Knörren bizitza publikoan. Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aholkulari pertsonala izan zen 1986 arte, lehendakaritzatik dimisioa eman zuen arte. Orduan berriro agertokietara igo zen. Bitarte horretan, bi disko kaleratu zituen: Gutunak, 80ko hamarkada hasierako giro politikoari buruzko diskoa (Movieplay, 1980) —Patxi Zabaletaren Etorriko direnei (Domuit vascones) eta Telesforo Monzonen Begi urdiñetako gizonari abestiak zituen, besteak beste—, eta Hegaldia (IZ, 1985).
90eko hamarkadan, berriro estu lotu zitzaion politikari. 1998an Estatistikako Euskal Institutuko zuzendari izendatu zuten; handik gutxira, EAko idazkaritza hartu zuen, eta Europako Parlamentuan diputatu akta eskuratu zuen. Garai horietan musika bigarren planoan zegoen arren, ez zuen erabat utzi, eta europarlamentari zela bere zazpigarren diskoa argitaratu zuen: Gogoaren taupadak (Elkar, 2000).
2001etik 2005era, Eusko Legebiltzarreko presidenteorde izan zen, eta legegintzaldi haren amaieran politika behin betiko utzi zuen. Gaur arte bere azken diskoa dena prestatzen hasi zen, anaia Natxorekin: Arimaren zubiak (Discos A Medida, 2005). Koldo Uriartek zuzenduriko disko hark zazpi abesti ditu katalanez (horien artean, Raimonen D'un temps, d'un pais eta Vicent Torrenten Per Mallorca), bost euskaraz (Joan Manuel Serraten Paraules d'amor-en moldaketa, besteak beste) eta poema bat gaztelaniaz, Mohamed Sidatik, Fronte Polisarioak Europako Parlamentuan zuen ordezkariak, idatzirikoa.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.