From Wikipedia, the free encyclopedia
1850eko hamarkadaz geroztik emandako glaziarren atzerakada ondo dokumentatuta dago eta klima aldaketaren ondorio da. Hamarkada horretan Izotz Aro Txikia izeneko etapa klimatiko hotza amaitu zen eta gero eta abiadura handiagoarekin aurrera doan klimaren berotze globala hasi zen, giza jardueraren ondorioz, batik bat. Atzerakada hori klima aldaketaren froga eztabaidaezin bihurtu da.
Lurreko historian zehar tenperatura hotz eta beroagoko zikloak eman dira eta, beraz, glaziarrek aurrera eta atzera egin dute, baina azken bi mendeotan giza jarduerak fenomeno hau izugarri azkartu du.
Urte guzti horietan zehar glaziarren atzerakada latitude ertain eta baxuko mendietan izan da nabariena (oso galera handiak izan baitituzte). Dena den, balantze globalean, Groenlandia eta Antartikako izotz geruza edo inlandsis-etan dago munduko ia izotz guztia eta eskualde horietan 1990eko hamarkadatik aurrera bizkortu da galera, mundu osoan itsas mailaren igoera eraginez.
Itsas mailaren igoeraz gain, atzerakada honek ekosistema askoren galera eragin dezake eta ur hornidura kolokan jarri eskualde askotan, glaziarrek ibaiak elikatzen dituzten urtegi natural gisa funtzionatzen baitute[1].
Lurreko historian zehar klima hotz eta beroagoko garaiak egon dira. Kuaternarioan zehar, azken 2,6 milioi urteetan, hainbat glaziazio egon dira, klima epelagoko garaiekin tartekatuta[2]. Duela 10000 urte, azken glaziazioa amaitu zenetik, klima epelagoko garai batean gaude[3]. Unerik gorenean (duela 20000 urteinguru), izotzak Lurreko azaleraren %8 (eta lehorreko azaleraren %25) estaltzen zuen eta itsas-maila egun baino 125 m beherago zegoen [4].
Garai modernoagoetan, XIII. mendetik 1850eko hamarkadara bitartean Izotz Aro Txikia izenez ezaguturiko garaia izan zen. Aski dokumentatuta dago klima hoztu egin zela eta polo zein mendietako izotza zabaltzen joan zela. Ordutik hona, mundu osoko glaziarrak nabarmen atzera egiten egon dira. Prozesu hori 1980tik aurrera izugarri bizkortu da, giza-jarduerek eragindako berotegi-efektuko gasen ondorioz.
Glaziarrak urteetan zehar pilatutako elur eta izotzez osatutako egiturak dira, haien pisuaren eraginez mugitu egiten direnak. Glaziarren masa-balantzea izotz metaketa (prezipitazioek eragindakoa) eta ablazioaren (izotz galera, urtzeak, sublimatzeak, haizeak eta glaziarraren mugimenduak eragindakoa) arteko aldea da. Balantze horrek glaziarraren aurrerakada eta atzerakada azaltzen du[5]. Klima-aldaketa dela eta, tenperaturak igotzen ari dira mundu mailan, urtze-tasa handituz. Horrez gain, prezipitazioan ere eragina dauka, elur gutxiago eraginez, oro har. Hori dela eta, ia glaziar gehienak masa-balantze negatiboan daude eta atzera egiten ari dira[6].
Masa-balantze negatibo horrek esan nahi du glaziarrak klimarekiko desorekan daudela, hau da, garai hotzagoetako arrastoak direla. Desagertze prozesu hori klima berrira egokitzea da. Beheko zatiak galdu ahala, glaziarrak gunerik hotzenetan geratzen ari dira eta batzuek oreka-egoera berriak aurkituko dituzte geratzen zaizkien zatietan. Beste batzuk, ordea guztiz desagertuko dira [7][8].
Eskualde epeletan (Tropikoen eta Zirkulu Polarren arteko eskualdeetan) glaziarrak mendietan eta eremu garaietan kokatuta daude [9]: Himalaian bereziki, Alpeetan, Pirinioetan, Kaukason, Mendi Harritsuetan, Ipar Amerikako Pazifikoko mendilerroetan, Patagoniako Andeetan eta Zeelanda Berrian[10]. Eremu populatuetatik eta herrialde garatuetatik hurbil egoteagatik, azken 150 urteotan gehien aztertu direnak dira. Eremu tropikaletakoekin gertatzen den bezala, latitude ertainetako glaziar ia guztiak masa-balantze negatiboan daude[9].
Euskal Herriko klima epela eta altitude ertaina direla-eta, ez dago glaziarrik azken glaziazioa amaitu zenetik. Euskal Herritik hurbil, gaur egun Europan hegoalderen geratzen diren glaziarrak daude, Pirinioetakoak.
1850eko hamarkadan Pirinioetan 52 glaziar zeudela estimatzen da, 2060 ha-ko azalerarekin. Gaur egun, ostera, 19 baino ez dira geratzen (batzuk oso txikiak), guztira 242 ha dituztelarik. Azaleraz gain, kontuan hartu behar da haien lodiera ere nabarmen murriztu dela[11]. Pirinioetako glaziarrik handiena ere (Anetokoa) izugarri txikitu da eta hamarkada gutxitan guztiz desagertuko dela espero da, gainerako guztiak bezala[12]. Adibide bat jartzearren, 1873. urtean Henry Russell mendizaleak Gourgs Blancs eta Boum mendien artean zeuden glaziarrek 14 km-ko elur geruza ia jarraia osatzen zutela esaten zuen[13]. Gaur egun, eremu horretan hiru glaziar baino ez dira geratzen, guztien artean 16,4 ha osatuz.
Alpeetako glaziar gehienak atzerakada nabarmenean daude Izotz Aro Txikiaren amaieratik eta XXI. mendean zehar desagertu egingo direla estimatzen da, egungo klima-aldaketa erritmoa jarraitu ezkero[14].
Alpeetako glaziarrak duela hamarkada batzuk baino azkarrago uzkurtzen ari direla adierazten duten ikerketak daude. 2009an argitaratutako artikulu batean Suitzako 89 glaziarrek 1973tik izandako bilakaera aztertu zen eta 76 txikiagotu, 5 aldaketa barik eta 8 hazi egin zirela ondorioztatu zen[15]. Era berean Italian 1980an glaziarren herena atzeraka ari zen eta 1999an %89 ziren jada[16]. Atzerakada hori, gainera, gero eta handiagoa dela ikusten ari da[17].
Alpeak ikertuenak izan badira ere, Europako gainerako mendikateetan antzeko ondorioak atera dira, Suedian, esaterako[18]. Norvegian glaziarrak XIX. mendetik aztertu izan dira eta barnealdeko glaziarren atzerakada nabarmena ikusi izan da[19]. 90eko hamarkadan zehar, Norvegiako kostaldeko glaziarrak hazi egin ziren, prezipitazioak handitu egin zirelako[19]. Dena den, 2010 eta 2013an egindako neurketek erakutsi dute gero eta gehiago direla uzkurtzen ari direnak (aztertutako 33 glaziarretatik, 26 atzeraka, 4 egonkor eta 3 hazten ari ziren)[20].
Klima tropikalaren ezaugarri nagusia urtean zeharreko tenperatura aldakuntza egunean zehar ematen dena baino txikiagoa izatea da. Hori dela eta, eremu hauetan glaziarrek apenas daukate aldaketarik urtaroetan zehar[21]. Beste era batera esanda, ez daukate neguko izotz pilaketa faserik eta (egungo baldintzetan) urte osoan zehar ari dira urtzen. Hori dela eta, gainerako eskualdeetakoak baino sentiberagoak dira tenperaturaren igoerara[22].
Glaziar tropikalak planetako eskualderik beroenetan daudenez, mendi garai oso gutxitara mugatzen dira. Gaur egun, glaziar tropikalen %99,6 Hego Amerikako Andeetan daude, eta gainerakoak Afrikako Rwenzori, Kenya eta Kilimanjaro mendietan eta Ginea Berriko Irian Jaya eskualdean (nahiz eta azken honetakoak ia desagertuta egon)[21]. Glaziar guzti hauek atzerakada nabarmenean daude[23].
Eskualde epel eta tropikaletako glaziarrek garrantzia izan arren (eremu jendetsuetatik hurbil daudelako), Lurreko izotz ia guztia eremu polarretan kokatzen da. Zehatzago izateko, munduko izotzaren %99 inguru Antartikako bi izotz geruzen eta Groenlandiako izotz geruzan kokatzen dira. Eskala kontinentaleko izotz geruza hauek 3 km edo gehiagoko lodiera daukate eta eremu polarretako zati handi bat estaltzen dute. Glaziar hauetako izotza zuzenean itsasoraino heltzen da, izotz geruzaren ertzetatik, batzuetan izotz plataforma egonkorrak osatuz[24].
Groenlandiako glaziarrak atzerakada azkarrean daude 90eko hamarkadatik gaur egun arte [25][26][27]. 2019ko bi hilabetetan, Groenlandian urtutako izotzak mundu osoko itsas maila 2,2 mm igo zuela kalkulatzen da[28]. Oro har, datu horiek erakusten dute glaziar horiek uste baino sentikortasun handiagoa daukatela ozeanoaren berotzearekin[29].
Antartika mendikate Transantartikoak banatzen du bi izotz geruzatan: Ekialdekoa eta Mendebaldekoa. Ekialdekoa handiena da eta lur gainean kokatzen da, oro har, eta oraingoz ez du atzerakada nabarmenik jasan. Mendebaldekoa, ostera, leku batzuetan 2500 m baino gehiagoko sakonerako lurzoruaren gainean dago, izotzik ez balego itsas hondoa izango litzatekeena. Hori dela eta, itsasoan oinarritutako izotz geruza gisa sailkatzen da. Oinarria urpean daukanez, itsasoaren berotzeak kalte handia egin diezaioke geruza horri. Geruza hori inguratzen duten hainbat izotz plataforma daude, geruzatik itsasora mugitutako izotzak osatuak. Plataforma horiek izotz geruza babesten dute, eta atzerakada handia jasaten ari dira azken hamarkadetan[30][31][32]. Horiek desagertuta, Mendebaldeko Antartikako Izotz Geruza guztia urtuko balitz, munduko ozeanoen maila 4 m baino gehiago haziko litzateke[33][34].
Mendietako glaziarren urtze tasa urte batetik bestera egonkor samarra da eta aurreikusteko modukoa, prezipitazioak baino gehiago. Urtzerakoan, glaziarrek ibaiak elikatzen dituzte, urtaro lehor nahiz hezeetan eta modu erregularrean. Zentzu horretan, urtegi natural gisa funtzionatzen dute mundu osoan, neguko elurren ura pilatuz eta pixkanaka askatuz.
Glaziarren urarekiko dependentzia bereziki handia da munduko bi mendikate handienen inguruan dauden eskualde lehorretan: Andeetan eta Himalaia sisteman[35]. Munduko biztanleriaren heren bat bizi da eskualde horietan, beraz, arazo garrantzitsu bilaka daiteke.
Ur hornidurarekin bezala, uretako ekosistema askok (gaziak zein gezak) glaziarren ura dute haien habitataren oinarri. Uraren eskuragarritasunaz gain, glaziarren desagertzeak uraren tenperaturetan eragina izango du eta itsas-korronteetan aldaketak eragin ditzake. Arrantza-jardueretan ere eragina izan dezake prozesu honek[36].
Glaziarrak desagertzean, glaziar aintzira gisa ezagutzen diren egiturak eratu ohi dira haien lekuan. Aintzira horiek glaziarrek garraiatutako sedimentuek osatutako lurzoru ezegonkorretan egon daitezke, eta uholde, lur-jausi, elur-jausi, lurrikara edo bestelako fenomenoen ondorioz hautsi egin daitezke, bat-bateko uholde erraldoiak sortuz. Fenomeno horiek glaziar aintziren lehertze uholde gisa ezagutzen dira eta arazo larriak eragin izan dituzte[37][38].
Munduko izotz gehiena (%99 inguru) Groenlandiako eta Antartikako izotz geruzetan pilatuta dago. Bertako izotz guztia urtuko balitz, mundu osoko itsas-mailak 70 m gora egingo lituzke[39]. Izotz geruza horien atzerakadak urtean itsas-maila 0,5 mm igotzen duela estimatzen da, bataz beste[40][41][42]. Gaur gaurkoz, munduko tenperaturaren igoera eta glaziarren atzerakada prozesua azkartzen ari dira eta erritmo hori handitzen joatea espero da.
Permafrost-a urte osoan zehar 0ºC azpitik mantentzen den lur azpiko materiala da. Lurzoru horrek karbono eta bestelako mantenugai kopuru handiak gordetzen ditu izoztuta dagoen bitartean. Glaziarren atzerakadarekin batera, mendeetan zehar izoztuta geratu den permafrost-a ere urtzen joango da, prozesuan zehar bertan pilatutako karbonoa askatuz, CO2 eta metano gisa, negutegi efektuko gasak. Estimazio batzuen arabera, emisio horiek gizakiak eragindako emisioen %15en baliokideak izan daitezke[43].
Glaziazio osteko errebotea, lurrazalaren errebotea edo errebote isostatikoa izotz-geruza handiak desagertzean sortzen den lurrazalaren gorakada da. Lurrazala mantuaren gainean flotatzen dagoen heinean, izotz geruza handiek deformatu eta hondoratu egin dezakete. Izotz geruzak desagertzean, eskualde horietako lurzoruaren maila igo egiten da. Igoera hau nabaria da ipar Eurasiako, Ipar Amerikako, Patagoniako eta Antartikako zenbait lekutan. Hala ere, leku horietatik urrun lurrazala hondoratzea eragiten du, lurrazal horiek altxatzean mantuko materiala leku batetik bestera mugitzen baita[44][45].
Problematika hau gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorio da. Beraz, behin betiko konponbide bakarra berotegi efektuko gasen isurketa murriztea da, klimaren berotze globala gelditzeko.
Hortik kanpo, maila lokalean eta txikian iniziatibak egin izan dira. Esate baterako, Austria eta Suitzan glaziarren zatiak plastikoz estali izan dituzte partzialki, eguzkiaren erradiazioa estali eta urtze-tasa moteltzeko[46][47]. Dena den, ez da uste ekonomikoki praktikoa izango denik irtenbide hauek eskala handira eramatea.
Glaziarren uren menpekoa den Ladakh eskualdean, esaterako, neguan izozmendi artifizialak eraikitzen hasiak dira, udarako ur erreserbak metatzeko. Teknika hau Kirgizistan, Txile eta Suitzan ere probatzen ari dira[48][49]. Konponbide erraz eta merke honek maila lokalean ur erreserbak bermatzeko balio du, baina ez du problematika orokorra desagerrarazten.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.