From Wikipedia, the free encyclopedia
Gailupa (Pyrrhula pyrrhula) Fringillidae familiako hegazti paseriformea da, txonta eta karnaba bezala. Eurasiako eskualde epeletan bizi da[1].
Gailupa | |
---|---|
Emea | |
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Fringillidae |
Generoa | Pyrrhula |
Espeziea | Pyrrhula pyrrhula Linnaeus, 1758
|
Sinonimoak | |
Zerrenda
| |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,41 g 31 g |
Zabalera | 0,26 m |
Kumaldiaren tamaina | 4,5 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 15 egun |
Errusierazko izena снегирь da (снег hitzak elurra esan nahi du). Gailupa Errusian berezia da, Siberiako hainbat gunetan negua ematen baitu, tenperatura -30º-raino jaitsi daitekeen tokietan ere moldatu daitezke. Elurretan oso ikusgarriak dira .
Txonta arruntaren (Fringila coelebs) tamaina beretsukoa da; 16-18 zentimetroko luzera eta 21-27 gramoko pisua ditu. Itxuraz potoloa da, biribiltsua, lepamotza eta buruhandia, eta bere moko koniko eta sendoaren laburrak lodikote-itxura are handiagoa ematen dio. Koloreari dagokionez, ale helduek burua, mokoa eta luma arraunlariak beltzak izaten dituzte, eta ipurtxuntxurra, berriz, zuria. Basoan edo baso-ertzetan bizi diren hegazti askotan gertatzen den legez, gailuparen kasuan ere dimorfismo sexuala nabaria izaten da oso koloreari dagokionez. Emearen bizkarra gris arrea, eta lepapea eta sabela gris argiak dira baina arrak bizkarraldea gris urdinxka eta paparra eta sabela gorrizta deigarriak ditu.[2][3]
Eurosiberiar espeziea denez, ia Europa osoan bizi da, mediterraneoar eskualdean bakanagoa den arren. Iberiar penintsulan oso urria da, eta iparraldean eta Pirinio inguruan soilik da habiagile. Euskal Herrian, berriz, eurosiberiar eskualdean eskuarki ugaltzen da, pagadietan, hariztietan, ameztietan eta oihan mistoetan. Araba eta Nafarroa Garaiko erdialde eta hegoaldean, ordea, mendietako laiotzetan da, amezti eta erkameztietan batez ere, eta inoiz baita artadietan ere.[2]
Udazkenean gailupek migrazio partzialak egiten dituzte, nahiz eta normalean gure eskualdean bizi direnak sedentarioak izan. Jakia zuhaitz eta sastraketan lortzen duten zenbait espezieren moduan, iparraldeko eremuetan gailupak ere ez du neguan bazka lortzerik izaten, eta hegoaldera, edo elikagaiak topatuko dituen lekuetara alde egiten du inoiz. Era berean, uzta ugari biltzen denetan bertako gailupa-populazioa ikaragarri emenda daiteke inmigrazioa dela eta, eta zenbait eskualdetan horrek ondorio latzak ekar ditzake: aldika behintzat, gailupak frutarbolak ugari diren lurraldeetan izurrite bilakatzera ere iristen dira.[2]
Baso-ertzetan, larreak eta zuhaitz-multzoak tartekatzen direnetan, eta zuhamuxkez jantzitako palaxuetan bizi da gehienbat.[2]
Izaeraz lasaia da oso, fidakaitza eta lotsagabea, eta horrexegatik nahikoa erraza izaten da hurbiletik ikustea. Bizimoduari dagokionez, erabat zuhaiztarra da, eta beti zuhaitz eta zuhamuxketan aritzen da gora eta behera, lurrera ia sekula ere jaitsi gabe.[2]
Elikaduraren aldetik, fitofagoa da; horren ondorioz, dieta aldakorra du, urte-sasoiaren arabera: udaberrian kimuak eta loreak sabeleratzen ditu gehienbat, baina urteak aurrera egin ahala, fruituak eta haziak jateari ekiten dio, haiek eskaintzen dioten balio energetiko handiagoa eskuratzearren. Gainerako fringilidoetan gertatzen den legez, haren kasuan ere mokoa haziak txikitu eta jateko moldatutako tresna bikaina da: ahosabaian kokatutako barrunbean egokitzen da hazia, eta behe-baraila muskulu maxilar sendoez igotzen duenean hautsi egiten du; ondoren, hazi-azala mihiaz kanporatu eta gainerakoa berehala irensten du.[2]
Udaberria ugaltzeko sasoia da gailuparentzat. Beraz, urtean zehar talde txikitan bizi diren arren, garai horretan bikoteka banantzen dira, eta lurraldekoitasun handia izaten dute gainera. Habia altuera txikian zotz eta sustraitxoz eraikitako ontzi-itxurako egitura xumea izaten da, eta bukaturik dagoenean emea bertan geratzen da 12-14 egunez, ondoz ondoko egunetan errundako lauzpabost arrautza urdin txitatzen. Bitarte horretan, arra habia inguruko lurralde txikia defendatzeaz eta emea bazkatzeaz arduratzen da. Eta horra hor txori horien dimorfismo sexual nabariaren arrazoia: emeak luze egon behar duenez habian, kolore hitsak ditu, etsaiek ikus ez dezaten. Arra, berriz, lurraldearen defentsaz arduratzen da, eta kolore bizi deigarriak lagungarri ditu eginbehar horretan.[2]
Txitoek 16-18 egun igarotzen dituzte habian hegan egiteko gai izan aurretik: gailupen lurraldea tamainaz txikia izaten denez, kumeak elikatzea arraren eta emearen artean egin beharreko lana izaten da. Hazijale gehienek intsektuz elikatzen dituzte beren txitoak, baina gailupak eta gainerako karduelinoek (karnabak, txokak, eta abarrek...) haziak ere ematen dizkiete, intsektuekin batera, hots, paparoan biltzen dituzte guztiak, ondoren habiara iritsi eta txitoei emateko. Horrela, gailupak bizpahiru txitaldi osa ditzake urtean, eta udatik aurrera guztiak familia txikietan bizi dira, hurrengo udaberria iritsi artean.[2]
Pyrrhula pyrrhula tokiko euskarazko testuetan:[4] fruitu-batzaile (fruto-batzaile); gallofa (gallupa); herio-txori; lore-batzaile (lorabatzaile); lore-jale (lorajale); mertxika-txori; moreta; mote-txori (motatxori); murruba; muttu ♀; neguta papargorri; okaran-lore-jale (okaran-lorajale); papagorri ♂; purloi; ttuka; txorigorri (txorgorri, xorigorri); txori-oilar; tuluma; zuntzun (suntzun); batzuetan briskoka. Tokiko gaztelaniaz: chonta real.
Horrez gain, euskal testuetan agertzen ez diren izen hauek ahoz jaso dira: amabirjinatxori, azpigorri, brisko-txori, fiu, frutabatzaile, guadalupe-txori, hazibatzaile, loretxori, motabatzaile, muxikatxori, neguta erreal, neguta gorri, papargorri, paranda gorri, pepetanbor, pipitajale, sunsun, txonta, txonta erreal.[5]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.