Fiteroko monasterioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Santa María la Real monasterioa[1] edo, batzuetan, Santa María de Nienzebas[2] Fiteron dagoen zistertar monasterioa da, Alhama ibaiaren ondoan. XII. mendean estilo erromanikoan eraikia, Nafarroan mota horretako eredurik ederrenetarikoa da. Bertatik gertu, ur termalak hartzeko aukera dago.
Fiteroko monasterioa | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Fitero |
Ur-masa | Alhama |
Koordenatuak | 42°03′22″N 1°51′26″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1140 |
Suntsipena | 1835 |
Arkitektura | |
Estiloa | Cistercian architecture (en) |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000757 |
1141an sortu zen, beste kokaleku batean, zistertarren hedakuntza planari jarraiki, eta Fiterora 1152an iritsi ziren. Lehenengo abadea Durando izan zen eta bigarrena San Raimundo Fiterokoa, Calatravako Ordenaren sortzailea[3].
Monasterioaren eraikin-multzoa herriaren hiri-bilbean sartuta dago gaur egun, eta Fiteroko eraikin batzuk (etxeak partikularrak, zinema bat) multzoaren barnean aurkitzen dira. Hala ere, elizaren absideen atzealdean bada zabaldi bat, multzoa ikusten ahalbidetzen duena.
XVI. mendetik, eliza Fiteroko parrokia bihurtu zen, herria handituz ahala gurtza lekuaren beharra izan baitzuen. Garai hartan antolatu zen bataiarria kalostraren zati bat hartuz. Garai hartan ere korua eraiki zen, erdiko nabean zegoen antzinakoa ordezteko.
Oraindik ere kalostraren inguruan badira bizitegi batzuk, monasterioaren barnean daudenak. Beste batzuk okupatuak izan ziren, etxebizitzak eta beste erabilera batzuk egiteko.
Elizak latindar gurutze itxurako oinplanoa du, Frantziako ama-elizaren ereduari jarraiki: sei tarteko hiru nabe, gurutzadura berezitua, burualdea girolarekin eta bosta abside-kapera. Gurutze-itxurako pilare handiek eusten dute nabe nagusia, erdi-koloma bikoitzez atxikiak. Argi naturala erdi-puntuko arkudun leihoetatik datorkio, nabe nagusiaren luzera osoan irekiak, txikiagoak diren alboko nabeen gainetik.
Nabeak estaltzeko gurutze-gangak erabiltzen dira. Abside-kaperetako gangak esfera laurdenak dira, nerbio gabeak (erdikoa izan ezik). XVI. mende erdialdean, oinaldeko hiru tartetan ganga izardunak eraiki ziren, gotikotik pizkunderako igaroaldia adierazten dutenak.
Kapera nagusiko elementu garrantzitsuena XVI. mendeko erretaula da, zistertarren estiloarekin edo izatearekin zerikusi gutxi duena. Proiektua Diego Sánchezena da, apaindura gabeko egitura bururatu zuena, arkitektura elementuek bakarrik osatua, bi koloma erraldoien artean ordena gainjarriekin. Bertan eskulturak eta margolanak daude. Eskulturak 1583an ezarri ziren, erretaularen gorputzarekin batera. Margolanak frandriar oholak dira, Roland de Mois-ek eginak Felices de Cáceres-en laguntzarekin, eta Olibako monasterioan zegoeneko lan egindakoa. Horien artean finenak dira Epifania, Artzainen adorazioa, San Joan Bataiatzailea eta San Joan Ebanjelaria.
Sakristia, transeptuaren eta girolaren artean kokatua, XVI-XVII. mendeetako lan barrokoa da. Oinplano laukizuzenekoa da, kanoi-gangaz eta lunetoz estalia. Horma hobi itxurako hutsarte batzuetan tiradera-altzariak daude, liturgia janzkiak gordetzeko erabiliak. Garaiko apaindura du, kornukopiekin, loretzar urrekarekin eta mahai rokokoarekin.
XVI. mendeko bataiategia da, eliza Fiteroko parrokia bihurtu eta sakramentuak emateko beharra izan zenean. Oinplano karratukoa, behiala kalostrako zati bat zen.
XVIII. mendekoa, Plácido del Corral abadearen panteoi izateko eraiki zen. Bi tarte ditu eta oinaldekoan kopula bat du lanternarekin. Bertan Bardako Ama Birkina gurtzen da, XIII. mende amaierako tailua, oraindik ere polikromia apur bat gorde duena. Kondairaren arabera, elorri bat (barda) inguruetan hazi eta beiratetik sartu zen, tailuaren oinetara iritsiz eta arantza guztiak galduz.
Koru garaia XVI. mendean eraiki zen, nabe nagusian zegoena ordezkatzeko. Aulkiteria bi ordenatan banatua dago eta ez du apaindurarik, besoetan izan ezik. Egilea Esteban Ramos izan zen, XVII. mendeko artista, prozesio irudi batzuk ere zizelkatu zituena.
Balio handiko jantzi liturgikoak gordetzen dira elizan, XVI. mendekoak, abadeen opari izandakoak. Aipagarriena, hiru ataleko (kasula, eliz longaina eta dalmatika) janzki pontifikal handia da, XVI. mendekoa, zuria eta brodatu koloredunekin. Graciosa de los Angeles amak josi zuen, Iruñeko karmeldar oinutsak.
Urre eta zilarlan bilduma handia ere bada, horietako batzuk XVI. mendekoak. Erlikia ontziak garrantzitsuak dira, batez ere Erramun abadearenak: San Erramunen beso erlikia, San Andresen ekisaindua (XVIII); XVII. mendeko kalizak; zilarrez eta maskorrez eginiko nabeta bat (XVI); zilarrezko filigranako kopoia (XVII)[4].
Aipagarriak dira halaber kutxatila ugari[5], duten balio artistiko eta historikoagatik:
Kalostra elizaren hego hormari datxekio, transeptuak osatutako angeluan zokoratua. Horrela, kapitulu gelaren sakonera transeptuaren zabalera hartzen du. Elizara daraman ateak krismon bat du zizelkatua. Ateak, leihoak eta gela batzuk XII. mende amairekoak edo XIII. mende hasierakoak dira, baina arkupeak eta kapitelak XVI. mendekoak.
Kapitulu gela, ohikoa denez, kalostrako ekialdeko arkupean dago. Ipar horma gurutzaduraren hegoaldeari datxekio. Ondoen gorde den aretoa da. Oinplano karratukoa, gurutze-gangaz dago estalia, lau koloma bakartutan eta hamabi pilastratan oinarrituak. Kapitelak soilak dira, zistertarren apaindurari dagokionez. Sarrera arkupetik egiten da, hiru arkudun ate erromanikotik. Arku hauek zutabe motzetan oinarritzen dira, eta hauek podium garai batean. Atearen bi albotan leiho bana dago. Ekialdeko horman, hiru leiho zaharren arrastoak daude, fraideen baratzera irekiak eta gela argitzen zutenak. Garai batean itxi egin zituzten, kanpoaldeko itxura aldatu zutenena.
Bertan dago errefektorio, baina jatorrizko sabaia gabe, XVII. mendean horman altxatu baitzituzten bigarren solairuan liburutegia egiteko. Bi ate ditu, bata arkupera eta bestea sukaldera. Sukaldeak[6] jatorrizko atea eta leihoak gorde ditu.
Eraikinean 200 hargin markatik gora katalogatuta daude, ohikoenetatik (letrak, gurutzeak) bitxietaraino (jirafa bat). Eraikinaren burualdean, atal antzinakoena, Tuterako katedraleko burualdean ere aurkitzen diren markak daude: zortzi puntako izarra, esbastikak, kiribilak...
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.