From Wikipedia, the free encyclopedia
Fernando António Nogueira Pessoa (Lisboa, 1888ko ekainaren 13a - ib., 1935eko azaroaren 30a) portugaldar saiakeragile eta olerkari handia izan zen. Portugesezko idazlerik garrantzitsuenetakoa da. Mensagem (Mezua) lana dago bere lanik ospetsuenen artean.
Fernando Pessoa | |
---|---|
(1914) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Fernando António Nogueira Pessoa |
Jaiotza | Lisboa, 1888ko ekainaren 13a |
Herrialdea | Portugal Portugalgo Erresuma |
Lehen hizkuntza | portugesa |
Heriotza | Lisboa, 1935eko azaroaren 30a (47 urte) |
Hobiratze lekua | Jeronimotarren monasterioa |
Heriotza modua | berezko heriotza: zirrosia |
Familia | |
Aita | Joaquim de Seabra Pessoa |
Ama | Maria Magdalena Pinheiro Nogueira |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Lisboako Unibertsitatea Hegoafrikako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | portugesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, itzultzailea, idazlea, filosofoa, saiakeragilea, literatura-kritikaria eta prosalaria |
Lantokia(k) | Durban |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Alberto Caeiro, Álvaro de Campos, Ricardo Reis eta Bernardo Soares |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Neopaganismoa |
Haurtzaroaren eta gaztaroaren zati bat Hegoafrikan igaro zuen. Hori dela-eta, ingelesez ere idatzi zituen lan batzuk. Bere lanak izenpetzeko hainbat izengoiti erabili zituen, hala nola, Alberto Caeiro, Ricardo Reis, Bernardo Soares eta Álvaro de Campos. Pessoa 47 urterekin hil zen jaioterrian, gibelaren zirrosiak jota.
1984an Caetano Veloso brasildar abeslariak Língua ondu zuen, 1931n Pessoak idatzitako A minha pátria é a língua portuguesa artikuluak inspiraturik: A língua é minha Pátria / E eu não tenho Pátria: tenho mátria / Eu quero frátria. Urte berean Jose Saramagok O Ano da Morte de Ricardo Reis liburua argitaratu zuen, Fernando Pessoaren omenez.
Baldin eta ni hil ondorengoan, nire biografia idatzi nahi badute, Ez dago ezer xumeagorik Bi data bakarrik ditut: neure jaioteguna eta neure hil-egunarena. Bata eta bestearen artean egun guztiak nireak dira. |
Fernando Pessoa/Alberto Caeiro Se depois de eu morrer, quisierem escrever a minha biografia... Itzulpena: A. Iribar eta J. Azkona[1]. |
Fernando Pessoa 1888ko ekainaren 13an jaio zen, Lisboan. Aita 1893an hil zitzaion, eta ama berriz ezkondu zen Durbango portugaldar kontsularekin. Bere sorlekua, Lisboa erdialdeko Chiado auzoa utzirik, Pessoa Durbanen (Hegoafrikan) bizi izan zen zazpi urtetik hamazazpi urtera bitarte. Han egin zituen lehen ikasketak, eta gero High School-ekoak. Ondoren Lurmutur Hirian egin zituen unibertsitate-ikasketak.
Afrikan igaro zituen urte haietan etxean portugesez hitz egiten bazuen ere, Pessoak ingelesez bikain jakin zuen, asko irakurri baitzuen, eta ingelesez: William Shakespeare, John Milton, John Keats, Percy Shelley, Alfred Tennyson, Edgar Allan Poe... Garai hartan olerkiak eta hitz laua idatzi zituen, baita ingelesez ere.
1905ean itzuli zen Lisboara eta ez zen geroztik handik urrundu. Literaturan aritzea erabaki zuen, baina merkataritzako gutunen itzultzaile gisa atera behar izan zuen bizimodua esportazioko enpresatan. Jendetasunik gabeko gizon hark ordu asko ematen zituen A Baixa auzoko edaritegietan, bere bakardadean zurrutean.
1912an argitaratu zituen bere lehen lanak Portugalgo Berpizkundearen aldizkarian. Errepublikaren lehen urte haietan, Teixeira de Pascoaes olerkariaren gogo bero mesianikoarekin bat egin zuen. Pessoak sinbolismoaren baitan bilatu zuen bere ahotsa. Mario de Sa-Carneiro, Parisen bizi zen olerkari gaztea ezagutzeak abangoardiara erakarri zuen. 1914an, une erabakigarria izan zuen, heteronimoak erabiltzen hastearekin batera halako sormenezko sukar handi batez ari izan zen: filosofia bat asmatu zuen, neopaganismoa, teosofiari eta okultismoari eman zitzaion, mugimendu futuristan parte hartu, estetika berri bat proposatu, literatura eskolak ireki —intersekzionismoa, sentsazionismoa—. 1915ean Sa-Carneiro, Almada Negreiros eta beste adiskide batzuekin batera, abangoardiako aldizkari bat sortu zuen, Orpheu, gutxi iraun arren Portugalgo modernismoari bide eman ziona.
1916an astrologo bulego bat jarri nahi izan zuen Lisboan; bizitza osoan iraun zion astrologiarako zaletasun hark. Urte hartan bertan Sa-Carneirok bere burua hiltzeak oso hunkitu zuen Pessoa. Harrezkero, literatura giroan parte hartzen jarraitu bazuen ere, gero eta baztertuago bizi izan zen, dena bere obrari sakrifikaturik, baita Ophelia Queirozi zion maitasuna ere. 1917an Pessoak manifestu bat argitaratu zuen Portugal Futurista aldizkarian, Alvaro de Campos heteronimoaz sinaturik, Ultimatum, kontraesanez betetako gizon haren elkarren kontrako aldeak eta aurpegiak biltzen zituena: faxismoaren mugan zegoen anarkista, bere ateismoa zurituko duen jainkoaren bilatzailea, ziniko itxaropenez betea, logika guztiz ere zorrotza haina esoterismoari dagozkion misterioen zalea...
Hogei bat urteko bakardadean Pessoak milaka eta milaka orrialde idatzi zituen, haina bizi zen artean liburu gutxi batzuk baizik ez zituen argitaratu: bi olerki liburuxka ingelesez —Antinous eta 35 Sonnets— eta, hil baino lehentxeago, olerki bilduma epiko eta mistiko bat, bai abertzalea eta are inperialista ere, eta antikomunista sutsua: Mensagem (1934, Mezua). 1934ko abenduan Salazarren gobernuaren Propaganda Idazkaritzak sari bat eman zion liburu horri, Pessoa haren ideologiaren aldekoa izan baitzen, nonbait, bolada batean. Urte batzuk lehenago, Presenta aldizkariaren inguruan bildutako Coimbrako poeta gazte batzuek goraipatua zuten Pessoa; ez zen, beraz, idazle ezezaguna.
1935eko azaroaren 30ean, 47 urterekin, edariak suntsitua hil zen Pessoa. Obra handia utzi zuen, ia dena argitaratu gahea, eta oso zatikatua.
Pessoaren lana hiru ataletan banatzen da: bere izenez idatzitako olerkiak, gehienak Cancioneiro (Kantutegia) liburuan bilduak, heteronimoz sinatutako olerkiak, Ficções do Interlúdio (Interludiozko fikzioak) izenburuaz argitaratuak; eta Livro do desassossego (Sosegurik ezaren liburua), bere bizitzan osoan zehar idatzitako egunkari modukoa, Pessoak bere erdi-heteronimo Bernardo Soaresi egotzia.
Oinarri-oinarrizko sailkapen horrek ez ditu kontuan hartzen hitz lauz idatzitako heste testu asko: kontakizunak, saiakerak, artikuluak, gutunak...
Pessoa hil ondoren argitaratu izan dira haren lan gehienak, etenaldi luzez, urraska-urraska eta ordenarik gahe: olerkiak, testu filosofikoak, estetikako orrialdeak, teologiakoak, arte ederrei buruzkoak, psikologiakoak, soziologiakoak, politikakoak, ekonomiakoak, gogoeta politikoak, esoterismoari eta astrologiari buruzko saiakerak, eta baita polizi nobela bat ere, eta kontakizun bitxi bat (Bankari anarkista), non arrazoibide biribilez erakutsi baitzuen logikak nahitaez absurdora daramala. Obra hori guztia nahas-mahas kutxa ustez agortezin batean zegoen gordea, eta handik atera izan dituzte geroztik haren argitaratzaileek haren lan guztiak.
1942an Atica argitaletxea Pessoaren idazlan guztiak argitaratzen hasi zen, eta gaurdaino hogei liburukik osatzen dute bilduma hori.
Pessoaren kezka nagusia beraren kontzientziaren gehiegia izan zen, eta horrek beraren eta munduaren irrealitate erabatekoaren sentipena eman zion: Zenbat eta garbiago ikusi neure baitan, orduan eta ilunagoa da ikusten dudana. Pessoak bere izenaz sinatu zuen poesia elegiakoa bere izateaz gabetua den kontzientzia baten kexua da, bere burua aztertzeari emanago dena sentitzeari baino, eta sentitzen ez dituen edo adierazi ahal izateko nahasiegi sentitzen dituen zirraren itxurak egiten dituena. Poesia horren lirismoa kritikoa da, Pessoa susmoaren garaiko poeta baita.
Kultura primitibo baten minez zegoen Pessoa, platonismoa eta kristautasuna baino lehenagoko kultura baten minez, alegia, hartan, haren ustean, gizona izadiarekin harreman zuzenean bizi baitzitekeen.
Heteronimoak izan ziren Pessoaren asmakizun berezkoena. Heteronimoa eta goitizena ez dira gauza bera. Izengoitia egilearen benetako izena estaltzen duen gezurrezko izena da. Heteronimoa, berriz, beste pertsona bat da, beste nortasun bat. Heteronimoak ez ziren Fernando Pessoa, Fernando Pessoaren bestelako nortasun bat zuten idazleen izenak ziren. Bere ni-aren alderdi anitzak adierazteko baliatu zituen Pessoak heteronimo horiek. Alegia, haren obra literatura oso bat zen, idazle multzo bat hain zuzen, zeinek bere estilo eta jarrera berezia zuena, besteenarengandik desberdina.
Alberto Caeiro, Ricardo Reis, Alvaro de Campos, Bernardo Soares, Antonio Mora... Nortasun desberdin horien gibelean, Pessoak giza izatearen beste esperientzia bat bizi izan zuen, non egiaren irizpidea ez baitzen ezaguerazkoa, zentzumenezkoa baizik. Pertsona horietako bakoitzak bere erara sentitzen zuen mundua, bere izate eta nortasun berezia baitzuen.
Alberto Caeirok uko egin zion mundua pentsatzeari, munduaren izatea bera egiaztatzera mugatu zen, munduarekin liluratu ahal izateko. Uko egin zion, beraz, erlijio era orori eta metafisikari, gauzek ez baitzuten harentzat inolako barne zentzurik. Sentipenak adierazi zalea zen, bertso librean idazten zuen, eta haren olerkietako hizkera ahozko hizkeraren oso hurbilekoa zen.
Ricardo Reisek, berriz, lasaitasunez onartzen zuen bere izate hilkorra, eta une iheskorraz gozatzeko erabakia zuen hartua. Latinista eta helenista zen, Epikuroren jarraitzailea. Oso hizkera landua erabiltzen zuen bere olerki, neurtitz zorrotzez eta mundu klasikoaren aipamenez onduetan.
Alvaro de Campos oso pertsonaia konplexua zen: ingeniaria, bere garaiko aurrerabide teknikoek liluratua, eta futurismoaren kutsu handia zuena. Gozamenaren bidea hautatu zuen, sentipenen eta sentimenduen zorabioan murgildu zen, Walt Whitmanen jarraitzailea izan zen, eta eremu basa handien olerkaria izan zen, eta era berean zibilizazio urbano industrialarena ere. Bere nahikunde handia oda luzeetan aldarrikatu zuen —Itsasoaren odak mila bertsotik gora zituen—, eta haren hitz etorri eldarnioak joa Caeiroren eta Reisen neurritasunaren guztiz bestelakoa zen. Baina Campos hori aldatuz joan zen, ez zeukan jadanik bere bizi-egarri handia asetzerik, errealitateko neurrietatik kanpo zegoen, eta, hala, bere porrotaren eta gizadi osoaren porrota kantatu zuen azkenerako.
Pessoa bera da laugarren heteronimo nagusia, neurri eta errima tradizionalaren zalea. Pessoa zen berarengandik sortutako poeta horien guztien artean harmonia gehiena zuena, Caeiro zen zuhurrena, Reis artistena, Campos gaztea ahaltsuena, eta azken urteetako Campos, berriz, patetikoena eta ironikoena. Pessoak maiz errepikatu zuen heteronimo horiek beregainak zirela berarengandik. Pessoaren eta harengandik sortu eta harengan errotu ziren heteronimo ugarien obraren ardatz nagusia objektibotasunaren ideiarekiko haustura zen, edo bizitza amestea bestela, bere ametsak bizi ezinean, ametsa baita egia bakarra. Jendetza anonimoaren artean galduta bizi zen bulegari apal hark mundu osoa zuen ikusmiran bere ametsen goratasun handitik.
Ustez kontraesanez betea, ustez kaotikoa, ustez arbitrarioa bazen ere, inkoherentziaren profeta hori gizonik koherenteena gertatu zen azkenean, eta idazle handi horren itzal handia gailen ageri da Portugaleko eta mundu osoko literaturan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.