Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hakim Abul-Qasim Firdawsi Tusi (persieraz: حکیم ابوالقاسم فردوسی توسی), Ferdowsi izenaz ezagunagoa[1] (935-1020)[2] persiar olerkaririk[3][1] ospetsuena da. Haren lanik ezagunena Xahname (Erregeen Liburua) da, egungo Iran Handiko epopeia nazionala.
Ferdowsi | |
---|---|
(2011) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | حَکیم اَبوالقاسِم فِردُوسی طوسی |
Jaiotza | Tus, 940 |
Herrialdea | Samandar Inperioa Ghaznavidarren Inperioa |
Heriotza | Tus, 1020 (79/80 urte) |
Hobiratze lekua | Tus |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | persiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Xiismoa |
Ferdowsi persiar literaturan eragin handienetakoa duen idazlea da, eta, literatura orokorrean, historiako garrantzitsuen artean hartzen da[1][1].
Haren kunia (ابوالقاسم – Abo'l-Qâsem) eta haren laqaba (فِردَوسی – Ferdowsī (paradisukoa esan nahi due) izan ezik, haren izen osoari buruz ez da ezer ziurtasunez ezagutzen. Hasiera-hasieratik, hainbat izen eta titulu gehigarrirekin aipatu izan da: ohikoena, حکیم / Ḥakīm filosofoa[4]. Horretan oinarrituta, haren izen osoa persiar iturrietan, حکیم ابوالقاسم فردوسی توسی / Ḥakīm Abo'l-Qâsem Ferdowsī Țusī gisa ematen da. Persieratik ingeleserako transliterazio ez-estandarizatua dela eta, izenaren grafia desberdinak erabiltzen dira ingelesezko lanetan, besteak beste, Firdawsi, Firdusi, Firdosi, Firdausi, etab. Islamaren Entziklopediak Firdawsī ortografia darabilt, Alemaniako Ekialdeko Elkartearen transliterazio metodo estandarizatuan oinarrituta[5]. Metodo beraren bertsio aldatua erabiltzen du Encyclopædia Iranicak (persiar intonazioari garrantzia handiagoa emanez), Ferdowsī grafiaz[6]. Bi kasuetan, -ow zein -aw diptongo gisa ahoskatu behar dira (/aʊ̯/), izenaren jatorrizko arabiera eta persiar berriaren hasierako ahoskera islatuz. Transliterazazio tayika modernoa eskritura zirilikoan Ҳаким Ҳаким Абулқосим Фирдавсӣ Тӯсӣ da. Euskaltzaindiak, berriz, ez du, oraindik, arautu persiera-euskararen transliterazioa.
Ferdowsi Irango lur jabeen (dehqans) familia batean jaio zen 940. urtean, Paj herrian, Tus hiritik gertu, Samandar Inperioko Khorasan eskualdean, Iran ipar-ekialdeko Razavi Khorasan probintzian dagoena, gaur egun[7]. Ferdowsiren hasierako bizitzari buruz ezer gutxi ezagutzen da. Poetak emaztea zuen, ziurrenik alfabetatua eta dehqan klase berekoa zena. 37 urterekin hil zen seme bat izan zuen, eta poetak Xahnamen txertatu zuen elegia batean dolutu zuen[6].
Ferdowsi dehqans klasekoa zen. Sasandar dinastiaren menpe (Iran gobernatu zuen azken dinastia aurre-islamiarra) loratutako Irango aristokrata- eta lur-jabeak ziren, eta haien boterea, gutxitua bazen ere, aro islamiar arte bizirik iraun zuen VII. mendeko islamiar konkisten ondoren. Dehqansek islamiar-aurreko literatura-ondareari atxikita zeuden, haien estatusa harekin lotua baitzegoen (hainbesteraino, ezen dehqan, batzuetan, iranieraren sinonimo gisa erabiltzen da Xahnamen). Beraz, haiek zaintzea beren zeregina bezala hartu zuen aurre-islamiar kultur tradizioak, errege mitikoen ipuinak barne[6][7].
VII. mendeko konkista islamikoek pixkanakako aldaketa linguistiko eta kulturalak ekarri zituzten Irango goi-ordokian. IX. mendearen amaieran, kalifatuaren boterea ahuldu zenean, tokiko dinastia ugari sortu ziren Iran Handian[7]. Ferdowsi Tus-en hazi zen, dinastia horietako baten kontrolpean zegoen hirian, samandarrak, zeinak beren burua Bahram Chobin jeneral sasanidarraren ondorengo bezala aldarrikatzen baitzuten (Ferdowsik Xahanameren azken ataletako batean kontatzen du bere historia)[8]. Samandar burokraziak persiar hizkuntza berria erabiltzen zuen, eta hori islama Irango munduko ekialdeko eskualdeetara eramateko erabili zen; tokiko hizkuntzak ordezkatu zituen, eta pahlavi testuen itzulpenak persiar berrira enkargatu zituen. Abu Mansur Muhammadek, dehqan eta Tus-eko gobernadoreak, bere ministro Abu Mansur Mamari-ri agindua eman zion bertako hainbat jakintsu gonbidatzeko Xahname (Erregeen Liburua) prosa bat osatzeko, eta 1010ean amaitu zen[9]. Dagoeneko bizirik irauten ez duen arren, Ferdowsik bere epopeiaren iturrietako bat bezala erabili zuen. Rudaki eta Daqiqi bezalako poeta persiar garrantzitsuen zaindari eta bultzatzaile izan ziren samanidar agintariak, eta Ferdowsik idazle horien urratsak jarraitu zituen[1].
Ferdowsiren hezkuntzari buruzko xehetasunak falta dira. Xahname begiratuta, ez dago arabiera edo pahlavi ezagutzen ote zuen ebidentzairik[6].
Baliteke Ferdowsik bizirik iraun ez duten lehen poema batzuk idatzi izana. 977. urtearen inguruan hasi zen Xahnamerekin lanean, bere esklaboak erail zuen Daqiqi poetaren lanaren jarraipena izateko asmoarekin. Daqiqik bezala, Ferdowsik ʿAbd-al-Razzāq-en Xahnameren prosa erabili zuen iturri gisa. Mansur printze samandarraren babes eskuzabala jaso zuen, eta, 994an, Xahnameren lehen bertsioa osatu zuen[6]. 990eko hamarkadaren amaieran, Ghaznavid turkiarrek samandarrak bota zituztenean, Ferdowsik poema lantzen jarraitu zuen Mahmud, Ghaznavid sultana, goraipatzeko atalak berridatziz. Ferdowsiren aldeko jarrera eta poeta zein ondo saritzen zuen Mahmudek aspaldi eztabaidagai izan diren gaiak dira, baita poetari eta bere mezenasi buruzko eleketen oinarria ere, seguru asko, Mahmud turkiarrari samandarrei baino gutxiago interesatuko baitzitzaizkion Irango historiako ipuinek[7]. Xahnameren azken atalek Ferdowsiren aldarte gorabeheratsuak agerian uzten dituzten pasarteak dituzte: zenbaitetan zahartzaroz, pobreziaz, gaixotasunez eta bere semearen heriotzaz kexatzen baita, beste batzuetan, alaiago agertzen den bitartean. Ferdowsik 1010eko martxoaren 8an amaitu zuen bere epopeia. Bere bizitzako azken hamarkadari buruz, ez da ia ezer ziurra ezagutzen[6].
Ferdowsi bere etxeko lorategian lurperatu zuten, kleriko batek Tuseko hilerrian lurperatzea debekatu baitzuen. Khorasaneko gobernari ghaznavid batek, berriz, mausoleo bat eraiki zuen hilobiaren gainean, eta errespetatutako gune bihurtu zen. Gainbeheran eroritako hilobia 1928 eta 1934 artean berreraiki zuen Irango Ondare Nazionalaren Elkarteak, Reza Shah-ren aginduz, eta, gaur egun, santutegi nazional baten baliokide da[10].
Kondairaren arabera, Ferdowsik idazten zuen Xahnameren kopla bakoitzeko urrezko pieza bat eskaini zion Mahmud Ghazniko sultanak. Poetak, dirua, ordainketa bakarrean jasotzea onartu zuen, epopeia amaitzen zuenean. Bere jaioterriko, Tuseko, dikeak berreraikitzeko erabiltzea pentsatzen zuen. Hogeita hamar urteko lanaren ondoren, Ferdowsik bere maisulana amaitu zuen. Sultana 60.000 urrezko pieza emateko prest zegoen, kopia bakoitzeko bat, adostu bezala. Hala ere, Mahmudek dirua emateko enkargatutako gortesauak Ferdowsi mespretxatzen zuen, herejetzat jota, eta urrezko txanponak zilarrezkoengatik ordezkatu zituen. Ferdowsi bainu etxean zegoen saria jaso zuenean. Zilarrezkoa eta ez urrezkoa zela konturatzean, dirua bainu-zainari, freskagarri-saltzaile bati eta txanponak eraman zituen esklaboari eman zion. Gortesauak sultanari kontatu zionean Ferdowsiren jokaera, haserretu, eta hiltzeko mehatxu egin zion. Ferdowsik Khorasanera ihes egin zuen Mahmudi buruzko satira bat idatzi ondoren, eta erbestean eman zuen bizitzaren gainerako zatirik handiena. Mahmudek, azkenean, gortesauaren engainuari buruzko egia jakin, eta erbesteratu edo exekutatu egin zuen hura. Ordurako, Ferdowsi zaharra Tusera itzulia zen. Sultanak urrezko 60.000 piezako opari berri bat bidali zion, baina, hain justu, dirua zeraman karabana Tuseko ateetatik sartzen ari zela hileta-prozesio bat ateratzen ari zen kontrako ateetatik; poeta, bihotzekoak jota, hila zen[1].
Ferdowsiren Xahname lana Iranen eta persiar hizkuntza mintzatzen diren beste nazioetako epopeia nazional ezagunena eta eragingarriena da. Xahname da, zalantzarik gabe, benetakotzat jotzen den Ferdowsiren lan bakarra.
Baliteke bere bizitzan lehenago idatzitako poemak izatea, baina jada ez dira existitzen. Poema narratibo bat, Yūsof o Zolaykā (Jose eta Zuleika) egotzi zioten behin, baina, gaur egun, adostasun akademikoek berea izan daitekeenaren ideia baztertzen dute[6].
Mahmud Ghaznikoari buruz (sultanak behar beste saritu ez zuenean) Ferdowsik idatzi omen zuen satirari buruz ere espekulatu izan da. Nezami Aruzik, Ferdowsiren lehen biografotako batek, baieztatu zuen bertso guztiak, sei izan ezik, Ferdowsiren poemagarentik mila Dirham ordaindu zizkion jarraitzaile batek suntsitu zituela. Xahnamearen eskuizkribu batzuen sarreretan, satira hori izan nahi duten bertsoak daude. Jakintsu batzuek, ordea, fabrikatutzat jo dituzte; beste batzuk, berriz, beren benetakotasunean sinesteko joera handiagoa dute[11].
Ferdowsi persiar literaturako erraldoi eztabaidaezinetako bat da. Ferdowsiren Xahnameren ondoren, izaera antzeko beste hainbat lan azaleratu ziren, mendeetan zehar, persiar hizkuntzaren kultura-esparruan. Salbuespenik gabe, horrelako lan guztiak Ferdowsiren Xahnamen oinarritzen ziren estiloan eta metodoan, baina horietako batek ere ezin izan zuen Ferdowsiren maisulanaren ospe eta entzute maila bera lortu[1].
Ferdowsik leku paregabea du persiar historian, persiar hizkuntza eta kultura-tradizioak biziberritzen eta birsortzen eman zituen aurrerapausoak direla eta. Haren lanak, persiar hizkuntzaren iraupenean, funtsezko osagai gisa aipatzen dira, lan horiek hizkuntzaren zati handi bat kodifikatu eta oso-osorik geratzea ahalbidetzen baitzuten. Alde horretatik, Nezami, Khayam, Asadi Tusi eta beste persiar literatur-pertsona nagusi batzuk gainditzen ditu Ferdowsik persiar kulturan eta hizkuntzan izan zuen eraginean. Iraniar moderno askok persiar hizkuntza modernoaren aita bezala ikusten dute.
Izan ere, Ferdowsi etorkizuneko persiar figura askoren atzean zegoen motibazioa izan zen. Pertsonaia aipagarri bat Rezā Shāh Pahlavi izan zen; Persiar Hizkuntza eta Literaturaren Akademia sortu zuen arabiera eta frantseseko hitzak persiar hizkuntzatik kentzen saiatzeko eta persiar alternatiba egokiekin ordezkatzeko. 1934an, Rezā Shāhk zeremonia bat antolatu zuen Maxhaden (Khorasan), Ferdowsiren garaiez geroztik, persiar literaturaren mila urte ospatzen zituena, «Ferdowsiren Milurteko ospakizuna» izenekoa eta Europako zein Irango jakintsu nabarmenak gonbidatuz[1]. Maxhadeko Ferdowsi Unibertsitatea 1949an sortutako unibertsitatea da, eta bere izena ere Ferdowsitik hartzen du.
Ferdowsik persiar kulturan izan zuen eragina Encyclopædia Britannicak azaltzen du[12]:
Oxford Unibertsitateko Wadham Collegeko liburutegiari, Ferdowsi Liburutegia izena eman zioten, eta persiar atal espezializatu bat dauka jakintsuentzako.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.