From Wikipedia, the free encyclopedia
María Eva Duarte de Perón, izengoitiz Evita, eta jaiotza izenez Eva María Ibarguren, (Los Toldos, Buenos Aires, 1919ko maiatzaren 7a - Buenos Aires, 1952ko uztailaren 26a) argentinar aktore eta politikari nabarmena izan zen. Peronismo izenaz ezagutzen den mugimendu politikoko eragile nagusia izan zen 40ko eta 50eko hamarkadetan, eta giza eskubideen aldeko ekintzaile garrantzitsua. Lurjabe handiek osatutako oligarkiaren, pobreziaren eta desberdintasun ekonomikoaren aurka, eta langileen, emakumeen eta babesgabeen eskubideen alde egin zuen borroka nagusiki. Bere irudiak eztabaida handiak eragin izan ditu Argentinan, peronismoaren lehen agintaldia jarraitu zuten estatu kolpe militarrek bere aipamen oro debekatu egin zuten hogei urtez, eta gaur egun ere muturreko grinak pizten ditu.
Eva Perón | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1948ko uztailaren 8a - 1952ko uztailaren 26a ← baliorik ez - Juan Perón →
| |||||||
Bizitza | |||||||
Jaiotzako izen-deiturak | María Eva Duarte | ||||||
Jaiotza | Junín, 1919ko maiatzaren 7a | ||||||
Herrialdea | Argentina | ||||||
Heriotza | Buenos Aires, 1952ko uztailaren 26a (33 urte) | ||||||
Hobiratze lekua | La Recoleta hilerria | ||||||
Heriotza modua | berezko heriotza: umetoki lepoko minbizia | ||||||
Familia | |||||||
Ezkontidea(k) | Juan Perón (1945 - 1952) | ||||||
Haurrideak | ikusi
| ||||||
Hezkuntza | |||||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||||
Jarduerak | |||||||
Jarduerak | politikaria, antzerki aktorea, zinema aktorea, sindikalista, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta sufragista | ||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||
Mugimendua | Emakumeen eskubideak | ||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||||||
Alderdi politikoa | Emakumeen Alderdi Peronista | ||||||
Argentinako panpetako herri txiki batean jaio zen, Los Toldosen, eta euskal jatorriko guraso ezkongabeak zituen, Juana Ibarguren eta Juan Duarte; hain zuzen ere, aitak beste legezko familia bat zuen. Evak haurtzaro txiro eta gogorra bizi izan zuen, batik bat, XX. mende hasieran ama ezkongabeen seme-alabek jasaten zuten diskriminazioa zela eta. 1934. urtean, 15 urte baino ez zituela, Buenos Airesera bizitzera joan zen aktore bihurtzeko asmoz. Gabezia handiko zenbait urteren ostean, antzezpen munduan ezaguna egin, eta 1943rako diru gehien irabazten zuen Argentinako irrati antzezlea bihurtu zen. Politika munduan ere garai hartan murgildu zen, sindikalismoan parte hartzen hasi zenean: 43ko abuztuaren 3an irratiko langileen lehen sindikatuaren sortzaileetako bat izan zen. Juan Perón senarra, aldiz, 1944ko urtarrilaren 22an ospatu zen ekitaldi benefiko batean ezagutu zuen; hurrengo urtean ezkondu ziren.
1946ko hauteskunde orokorren ostean Juan Perón Argentinako presidente izendatu zuten, eta hurrengo sei urteetan, Eva Perónen boterea izugarri hazi zen. Besteak beste, Lanaren eta Osasunaren Ministerioko arlo batzuk kudeatu zituen, eta Eva Perón Fundazioa sortu zuen, peronismoaren garaian laguntza soziala banatzeaz arduratu zen elkartea. Gainera, emakumeen boto eskubidea bultzatu zuen Argentinan, eta emakumeak politikagintzan esku hartzeko emakumez osatutako alderdi politikoa sortu zuen: Emakumeen Alderdi Peronista. Behartsu, babesgabe eta langileen ondoan lan eginez, sindikalismoaren sostengu osoa lortu zuen, eta 1951n CGT sindikatu bakarrak presidenteordetzarako hautagai proposatu zuen; horrek peronismoaren bigarren oinarria ziren militarren gaitzespena ekarri zuen. Hala ere, osasun makalak eta militarren presioek presidenteordetzan atzera egitera behartu zuten.
Utero-lepoko minbiziak jota hil zen 33 urte zituela. Hil baino lehenago, 1952. urtean, "Nazioaren Buruzagi Espiritual" titulu ofiziala jaso zuen (egun arte izendapena jaso duen argentinar bakarra da), eta 2010ean, berriz, Argentinako "Bigarren Mendeurreneko Emakume" izendatu zuten.
Juníngo Erregistro Zibileko 728. aktaren arabera, María Eva Duarte izeneko neska bat jaio zen bertan 1922ko maiatzaren 7an. Dena den, Eva Perónen biografia ikertzen aritu diren aditu guztiak bat etorri dira akta hori gezurrezkoa dela aldarrikatzen. Hain zuzen, ikertzaileen ustez, Evak berak eskatuta faltsutu zen agiria 1945. urtean, Juan Domingo Perónekin ezkontzeko Junínen izan zenean. Zehazki, Borroni eta Vacca ikertzaileak izan ziren jaiotza-agiria faltsua zela frogatu zuten lehenbizikoak, eta horretarako bataio agiriaz baliatu ziren. Gaur egun, historialari guztiak bat datoz Eva hiru urte lehenago jaio zela, 1919ko maiatzaren 7an, eta Eva María Ibarguren bataio izena jaso zuela. Aipatzekoa da, bestalde, Eva Perónen autobiografian, La Razón de mi Vida izenekoan, ez dela jaiotzaren inguruko data ez erreferentziarik jasotzen, ezta haurtzaroko kontakizunik ere[1][2].
Sorterriari buruz, aldiz, ez dago inongo adostasunik. Alde batetik, Los Toldos udalerrian jaio zela esaten dutenak daude, hala ere, badirudi familia Eva jaio eta urte gutxira iritsi zela bertara. Bestetik, zenbait adituk, hauen artean Dimarco eta Vargas historialariek, lekukoen bitartez, Junín hirian jaio zela defendatu izan dute, haurdunaldi arazotsuaren ondorioz Evaren amak erditzera bertara joan behar izan zuelakoan. Azkenik, La Unión inguruan jaio zela diotenak daude, tartean Borroni eta Vacca ikertzaileak, izan ere, Los Toldos herritik 20 km-ra dagoen zelai hori Juan Duarte Evaren aita biologikoaren jabetza zen, eta uste da familia osoa bertan bizi izan zela 1908tik 1926ra.
Evaren gurasoak Juan Duarte (1858-1926) eta Juana Ibarguren (1894-1971) izan ziren, biak euskal jatorrikoak. Ama Joaquín Ibarguren orgariaren eta Petrona Núñez kreole saltzailearen alaba zen, Los Toldosko maputxe komunitatearekin harreman estua izan zuena -amaren erditze guztietan Juana Rawson de Guayquil emagin indiarra izan zen-. Aita, aldiz, "el Vasco" ezizenaz ezaguna, Chivilcoyko lurjabe, ugazaba eta politikari kontserbadore garrantzitsua zen. Juan Duarte Argentinako Gobernuaren trikimailuen onuradunetako bat izan zen XX. mendearen hasieran, Los Toldosko maputxe komunitateen lursail handien jabe egin zenean. Evaren aitak bi familia mantentzen zituen aldi berean: bata legezkoa, Chivilcoyn, Adela emazteak eta sei seme-alabek (Adelina, Catalina, Pedro, Magdalena, Eloísa eta Susana) osatzen zutena, eta bestea sasikoa, Juana Ibarguren, Eva eta bere lau anai-arrebek osatzen zutena -Blanca (1908-2005), Elisa (1910-1967), Juan Ramón (1914-1953) eta Erminda Luján (1916-2012)-[3][4].
Hain zuzen ere, badirudi Evak jaiotza-agiria aldatzeko izan zuen arrazoi nagusia garai hartan harreman ez-legitimoetatik, alegia, ezkontzatik kanpo jaiotzen ziren umeek jasaten zuten diskriminazioa izan zela. Garai hartako argentinar legeak sasiko seme-alabak markatzen zituen umeen jaiotza agirian, bertan, "Seme-alaba ez-legitimo" izendapena agertzen zen. Ondorioz, beste arrazoi batzuen artean, pentsatzen da Evak jaiotza agiria egiazki izendapena kentzeko aldatuko zuela[5].
Eva landa eremuan bizi izan zen 1926. urtera arte, aita auto istripu batean hil eta familia babesgabe gelditu zen arte. Diru laguntzarik gabe, Ibarguren familiak ordura arte izandako etxebizitza utzi behar izan zuen, etxe txiki bat hartu eta Los Toldosko aldiri txirora joan zen bizitzera. Izan ere, Juan Duarteren testamentuan ez zen diru, ez ondasunik uzten Juana Ibargurenentzat, gizonak familiari utzitako ondare bakarra abizena izan zen, seme-alabei "Duarte" abizena erabiltzeko baimena eman baitzien. Egoera horretan, Juana Ibarguren amak umeak mantendu ahal izateko egun osoko jostun lanaldiak zituen, eta haurtzaroko egoera honek eta jasandako diskriminazioek neskatoa markatu zuten txikitatik. Juan Duarteren hiletara ere ezin izan omen zuen sartu Ibarguren familiak, aitaren legezko familiak istilu handia sortu eta Evaren familiari elizara sartzea debekatu baitzion[6].
Evak berberak honi buruz hitz egiten du La Razón de mi Vida autobiografian[7]:
« | Gaur egungo bizitza azaltzeko, alegia, egiten dudana azaltzeko, nire arimak sentitzen duena egiteko, nire lehenengo urte eta sentimenduen artean bilatu behar izan nuen... Hala, nire bihotzean aurkitu dut nire izpiritua eta bizitza menderatzen duen funtsezko sentimendua: injustiziarekiko sumina. Aurreneko oroitzapenetatik gogoratzen dudan bidegabekeria bakoitzak nire arima mintzen du, bertan zerbait iltzatuko balitz bezala. Adin bakoitzetik oroipen bat gordetzen dut, erraiak urratzeraino sumindu ninduen injustizia bat. | » |
Horrela, Juan Duarteren heriotzak familiaren egoera ekonomikoa okertu zuen. Orduan, Evak sei urte baino ez zituen, eta hurrengo urtean eskolan hasi zen. Lehen Hezkuntzan zailtasunak izan zituen Evak eta, bestak beste, 1929. urtean errepikatu egin behar izan zuen. Amak lanean ziharduen egun osoa, eta garai hartan alabak oso gustuko zuen maputxeen komunitatean arratsaldeak pasa eta dantza, kermesseak eta festak antolatzea. Ahizpen arabera, hamar urterekin dagoeneko drama eta malabarismoak atsegin zituen neskatoak. Aurpegiaren formagatik "Chola" ezizena jaso zuen, baita "Negrita" ere[8][9].
Urte batzuk beranduago, 1930ean, Juana Ibargurenek familia osoa Junín hirira bizitzera eraman zuen; Evak orduan 11 urte zituen. Bertan, hiru anai-arreba zaharren eta amaren lanpostu eta diru-sarrerei esker, Ibarguren familiak aurrera egitea lortu zuen. Garai hartan familia osoa hainbat aldiz aldatu zen etxez; guztira, lau urtetan lau etxebizitza ezagutu zituen[10].
Evita, bestalde, Catalina Larralt de Estrugamou eskolara aldatu zen, eta han graduatuko zen 1934an, 15 urte zituenean. Neskatoak eskola hartan eman zituen lehen urratsak antzezpenean. Bertan parte hartu zuen bere lehenengo antzezlanean -Arriba Estudiantes (Gora Ikasleak) izenekoan-, baita eskolako liburutegiarentzako dirua lortzeko antolatu zen Cortocircuito lanean. Hala, eskolako programa jarraitzeko arazoak zituen arren, ikuskizunetan esku hartzeko grina erakusten zuen. Gainera, zaletasun handienetako bat olerkiak ozen irakurtzea zuen, eskolako lagun izan zuen Délfida Noemí Ruiz de Gentileren arabera[11].
Garai hartan, etorkizunean ezaugarri nagusi izango zuen lidergo sena garatzen hasi zen Eva. Hala, 1933ko uztailaren 3an, 1930eko estatu kolpean presidentetzatik kanporatua izan zen Hipólito Yrigoyen gobernuburu ohia hil zenean, neskatoak eskolara ikur beltz bat eraman zuen soingainekoaren gainean, eta ikaskideak bultzatu zituen gauza bera egitera. Ordurako, Palmira Repetti irakaslearen hitzetan, Eva neska geldiezina zen, azkarra, segurua eta ikaskide aparta, literatura eta deklamazioa maite zituena, eta gogoratzen zuen bere ametsa Buenos Airesera migratu eta aktore izatea zela kosta ahala kosta[12].
Dena den, Evak bere autobiografian aipatzen ez dituen kontu batzuk ere badira. Esate baterako, Lucía Gálvez historialariaren arabera, Evak eta bere lagun batek sexu eraso bat jasan zuten 1934an. Bi gazte neskatoak bortxatzen saiatu omen ziren Mar del Platarako bidean, baina helburua lortu ez zutenez, bi neskak biluzik utzi omen zituzten errepide bazter batean[13]. Urte berean ere, 34an, 15 urte baino ez zituela, Eva Junínetik alde egin eta Argentinako hiriburura joan zen bere bizitzako aukeraren bila. Lehen saiakera hau baina, ez omen zen oso emankorra izan, lanik aurkitu ez eta egun gutxira buelta egin behar izan zuelako etxera. Hala eta guztiz ere, azkenean, urte hartan graduatu eta 1935eko urtarrilaren 2an, behin betiko aukera eman zion Buenos Airesko ametsari, amarekin maletak egin eta hara abiatu baitzen. Evak ospea lortu zuenean, Junínetik musikari gazte batekin ihes egin zuen zurrumurrua zabaldu zen, baina ez dirudi esamesa egia denik, bere ahizparen lekukotasunak esaten baitu Evak lehen lana aurkitu arte ama lagun izan zuela hirian[14][15].
Evak La Razón de mi Vida autobiografian garai hartako sentimenduak adierazten ditu pasarte batean[16]:
« | Nire haurtzaroa igaro nuen lekuan, txiroak aberatsak baino askoz gehiago ziren. Baina nik neure buruari esaten nion nire herrialdean eta munduan egon behar zirela tokiak gauzak beste modu batean izango zirenak, alegia, alderantziz. Uste nuen, adibidez, hiri handiak leku liluragarriak zirela, aberastasuna baino ez zegoen lekuak zirela; eta jendeari entzuten nion guztiak uste hau berresten zuen. Buenos Aires paradisu miresgarritzat jotzen zuten, dena ederra eta aparta zen tokia, eta nik esaten zutenetik ulertzen nuenaren arabera, hango pertsonak nire herrikoak baino "pertsonagoak" ziren. | » |
Eva Duarte nerabe bat baino ez zen 1935eko urtarrilaren 3an Buenos Airesera iritsi zenean. Neskatoaren moduan, 1929ko ekonomia krisiaren eskutik milaka argentinar iritsi zen herrialdeko hiriburura 30eko eta 40ko hamarkadetan. Migrazio honek ez zeukan ordura arte Argentinak bizi izan zuen migrazioaren antzik, hirira iristen zirenak beste leku batzuetako herrikideak baitziren, ez europar jatorrikoak. Buenos Airesko maila altu eta erdiko jendeak "cabecitas negras" izendapen despektibo eta arrazista erabili zuen etorkinei erreferentzia egiteko. Dena den, cabecita negra hauek izan ziren herrialdeko industria garapenak bete behar zituen lanpostuak hartu zituzten langileak, eta 1943. urtetik aurrera peronismoaren giza oinarria izango zirenak.
Hasierako urteak latzak, eta zenbaitetan iraingarriak izan ziren Evarentzat. Diru eskasiak markatutako urteak izan ziren. Aldizka baino ez zuen lan egiten antzerki konpainietan, bigarren mailako paperak betetzen, eta hainbat pentsio merketan bizi izan zen urte haietan. Iritsi eta denbora gutxira, neskak bigarren mailako lana lortu zuen Eva Franco antzerki konpainian, garaiko antzerki konpainia nagusietako bat zena. Hala, 1935. urteko martxoaren 28an egin zuen debuta La señora de los Pérez antzezlanean, Comedias antzokian, eta hurrengo egunean Crítica egunkariak Evitari buruz ezagutzen den lehen aipua egin zuen: ≪Oso zuzena Eva Duarte bere antzezpen motzetan≫[17]. Dena den, audizioak gogorrak izaten ziren, eta lehia, aldiz, handia. Garai hartan Buenos Airesen izan zuen laguntza nagusia bere anaia Juan Duarte -Juancito- izan zen, bera baino 5 urte zaharragoa eta hiriburura Eva baino hilabete gutxi batzuk lehenago iritsi zena. Harreman estua izango zuten. Gainera, bi lagun handi ere egin zituen, orduan ezezagunak ziren Anita Jordán eta Josefina Bustamante aktoreak; hauekin ere bizitza osoan zehar mantenduko zuen laguntasuna[18][19].
1936. urtean lau hilabeteko bira bat egiteko kontratatu zuen Comedias Cómicas argentinar konpainiak. Protagonismo nagusia ez zuen arren, Rosario, Mendoza eta Córdoba hiriak ezagutzeko parada izan zuen, eta antzezlanak iraun zuen bitartean hainbat aipamen lortu zituen hiri horietako zenbait egunkaritan[20]. Garai hartako Eva oso argala eta ahula omen zen, hala izan zen deskribatua, morocha (beltzarana), alaia, xarma eta bizitasun handikoa, aktore garrantzitsu bihurtzeko ametsa zuena, eta aparteko laguntasun eta justizia zentzua zuena. Pierina Dealessik, Eva 1937an kontratatu zuen aktore eta antzerki enpresariak esan zuen[11]:
« | Eva Duarte 1937an ezagutu nuen. Berak lotsaz aurkeztu zuen bere burua: antzerkian lan egin nahi zuen. Nik hain gauza hauskorra eta eztia ikusi nuen José Gómezi esan niola konpainiako antzezleen artean lekutxo bat egiteko. Hain gauza etereoa zen, zera galdetu bainion: ≪Damatxo gaztea, ezta?≫ Bere baiezko erantzuna oso baxu entzun nuen, lotsaz. Errusiar boîte bat egiten ari ginen; proban jarri nuen eta ona iruditu zitzaidan. [...] Neska ongi moldatzen zen guztiekin. Pentsioetan bizi zen, oso txiroa zen, oso apala, umila. Goiz iristen zen antzokira, denekin hitz egiten zuen, barre egiten zuen, bizkotxo txikiak ekartzen zituen. Nik argala ikusten nuen, horren argala, zera esaten bainion: ≪Zaindu behar duzu zeure burua, asko jan, mate asko har ezazu, horrek on egingo dizu eta!≫ Nik esnea botatzen nion Evari matean. | » |
Pixkanaka, Eva Duarte lekua egiten eta ezagutzera ematen hasi zen. Lehenik, pelikuletan lanean hasi zen, bigarren mailako aktore moduan, baita modelo lanetan ere, ikuskizunei buruzko aldizkarietan agertzen hasi zen. Baina, batez ere, ibilaldi arrakastatsua hasi zuen esatari eta irrati-antzerkiko aktore gisa. 1937. urtean lortu zuen lehenengo lana irrati-antzerki batean. Antzezlana Belgrano irratiak ematen zuen, Oro blanco, Chacoko kotoi langileen bizitzan oinarrituta zegoena, eta emankizunak entzule asko izan zituen. Hurrengo urtean, 1938an, Evak 19 urte zituela, Teatro del Aire konpainia hasiberriaren antzezle taldean sartu zen, aktore nagusi moduan Pascual Palliciottarekin batera. Astelehenetik ostiralera lan egiten zuten Mitre irratian, Los jazmines del ochenta irrati-antzerkian. Era berean, aurrekontu gutxiko pelikuletan ere bere lekua egin zuen, eta aurreko urteetan baino maiztasun handiagoan agertu zen; besteak beste, ¡Segundos afuera! (1937), La carga de los valientes (1940), El más infeliz del pueblo (1941) eta Una novia en apuros (1942) filmetan parte hartu zuen.
Marcos Zucker aktore eta lagunaren arabera, garai hartan Eva lasaitzen hasi zen, aurreko urteetan izandako kezka eta larritasun artistikoak atzean gelditzen hasi ziren[11]. Lana bazuen. 1941ean Teatro del Aire konpainiak Los amores de Schubert antzezlana jarri zuen martxan irratian, arrakasta handia izan zuena. Azkenik, 1942an oreka ekonomikoa iritsi zen behin betiko aktorearen bizitzara, Candilejas konpainiak kontratatu zuenean. Goizero El Mundo irratian agertzen zen, garai hartan Argentinan gehien entzuten zen irrati katea zena, Muy Bien izeneko saioan. Gainera, beranduxeago urte berean, Eva bost urterako kontratatua izan zen Belgrano irratian; bertan, gauero, Grandes mujeres de todos los tiempos saioan parte hartzen zuen eta emakume ospetsuen bizitzak antzezten zituen; besteak beste, Elisabet I.a Ingalaterrakoa, Sarah Bernhardt eta Alexandra Feodorovna izan zen. Saioak ospe handia izan zuen. Bertan Francisco Muñoz Azpiri libretista ezagutu zuen, urte batzuk beranduago Evari lehenengo diskurtso politikoak idatziko zizkion idazlea[21].
Hala, irrati-antzerkiei, modelo lanei eta pelikulei esker, Evak egoera ekonomiko orekatua eta erosoa lortu zuen. 1942an bere etxe propioa erosi ahal izan zuen, Belgrano irratiaren estudioen aurrean, Recoleta auzo esklusiboan, eta 1943. urterako Evak bost-sei mila peso irabazten omen zituen hilabetero; diru gehien irabazten zuen Argentinako irrati antzezlea bihurtu zen. Politika munduan ere garai hartan murgildu zen bete-betean[22]. Zehazki, sindikalismoan parte hartzen hasi zen, eta 1943ko abuztuaren 3an irratiko langileen Argentinako lehen sindikatuaren sortzaileetako bat izan zen, Asociación Radial Argentina (ARA) izena jaso zuena[23][24].
Argentinako gizartea, ekonomia eta politika erabat aldatu ziren 1940ko hamarkadan, batik bat 1943ko ekainaren 4an estatu-kolpea eman zenean.
Gizarteari dagokionez, herrialdean migrazio handiko garaia izan zen. Mugimendu hau landa eremutik hirira eman zen, eta horrek urbanizazio prozesu bizkorra ekarri zuen berarekin. Hala, industria garapenaren eta etorkin berrien eskutik, hiri handietako biztanleria itxuraldatu zen. Hain zuzen, Buenos Aires izan zen aldaketa hau bizien jasan zuen hiria, bertara iritsi baitzen langile uholde nagusia. Hiriko maila altu eta erdiko jendeak "cabecitas negras" mespretxuzko izendapena erabiliz identifikatu zituen etorri berriak, europar jatorrikoak ziren etorkinak baino azal eta ile ilunagoak zituztelako. Inmigrante hauen bereizgarrietako bat, gainera, langileen artean emakumeek osatzen zuten ehuneko handia zen, lan merkatu berrian soldatapeko lanaren bila iritsi zirenak. Bestetik, industriaren garapenaren ondorioz, herrialdearen estruktura produktiboa goitik behera eraldatu zen urte haietan; zehazki, 43an, industriaren ekoizpen kopuruak nekazaritza eta abeltzaintzarena gainditu zuen lehenbiziko aldiz. Azkenik, politika aldetik, Argentina krisi sakon batean murgilduta zegoen. Alderdi politiko tradizionalek iruzurrez beteriko sistema ustela osatzen zuten, batak besteari babesa eskaintzen ziona. Garai hau herrialdeko historian "Década Infame" (1930-1943) izenaz ezaguna da, Hamarkada Zitala, eta aliantza kontserbadore baten agindupean eman zen, La Concordancia izenekoa. Gobernu kontserbadorearen ustelkeriarekin amaitzeko asmoz, 1943ko ekainaren 4an estatu-kolpe militar bat eman zen, berrantolaketa garai nahaspilatsua ekarri zuena berarekin. Kolpe militarraren ostean, Juan D. Perón teniente koronela gobernu berriaren hirugarren lerroko kidea zen[25].
1943an, gobernu militarra eratu eta berehala, Ángel Borlenghi, sindikatu sozialistek eta sindikalista iraultzaileek osatzen zuten talde baten izenean, Juan Perón eta Domingo Mercanterekin bildu zen aliantza bat egiteko asmoz. Ekimen honen eskutik, argentinar sindikalismoak historikoki 1890etik aurrera eraman nahi izan zuen programa sustatzeko erabakia hartu zen[26]. Aliantza militar-sindikalista honek, Perón eta Borlenghiren buruzagitzapean, hainbat lorpen eskuratu zituen langileen eskubideetan; besteak beste, hitzarmen kolektiboak, Landako langileen Estatutua eta erretiroetan hobekuntzak. Herriaren euskarria eta sostengua irabaztea lortu zuten. Gainera, Perón postu garrantzitsuak lortzen hasi zen gobernuan: lehen kargua Lanaren Departamentuan izan zen, ondoren Estatu Idazkaritzaren barruan gelditu zena[27].
Era berean, oposizio gogor bat osatzen hasi zen, patronalen, zenbait militarren eta ikasle tradizionalen eskutik, AEBetako enbaxadaren laguntza zuzena izan zuena, eta Argentinako maila altu eta erdiko biztanleen babesa. Liskar hau «espartinak liburuen aurka» moduan ezagutu zen, «las alpargatas contra los libros»[28][29].
Eva Duartek eta Juan Perónek 1944ko urtarrilaren 22an ezagutu zuten elkar, Buenos Airesko Luna Park estadioan antolatutako festa batean. Ekitaldi hau astebete lehenago San Juan hirian gertatu zen eta gutxi gorabehera 10.000 hildako utzi zituen lurrikarak eragindako biktimei laguntzeko prestatu zuen Juan Perónek berak, orduan Estatuko Lan Idazkaria zenak. Hondarmendiaren kaltedunentzako dirua biltzeko, bertara joan ziren Argentinako orduko film eta irratiko antzezle eta artista ospetsuenak, haien artean Niní Marshall, Libertad Lamarque eta Eva Duarte. Hala, ekitaldi honetan Evak 1938tik alargun zen Juan Perón ezagutu zuen. Antzezleak 24 urte zituen orduan, Juan Perónek, aldiz, 48. Fraser eta Navarro ikertzaileen arabera, biak elkarrekin atera ziren festatik goizeko ordu txikietan[30][31].
Otsailerako bikotea elkarrekin bizi zen Evaren etxean, eta harremanak aurrera joko zuen. Antzezleak bere lanean jarraitu zuen; ordurako hiru programatan zebilen: Tempestad eta Reina de Reyes irrati-antzerkietan, eta Hacia un futuro mejor programan, Gobernuko Lan Idazkaritzaren lorpen sozialak zabaltzeaz arduratzen zen propaganda-saioan. Gainera, bi pelikulatan ere agertu zen: La cabalgata del circo (1945) Libertad Lamarque eta Hugo del Carril aktoreekin batera, eta La pródiga (1945), agertokietara iritsi ez zena. Badirudi Juan Perónen presioek zerikusia izan zutela pelikularen desagerpenean, Miguel Matxinandiarena agoiztar ekoizlearen arabera. Azken honek filmaren negatibo guztiak suntsitu omen zituen, Montevideon gordea izan zen kopia bat izan ezik, beranduago, Juan Perónen heriotzaren ostean, 1984an, pelikularen emanaldia ahalbidetuko zuen kopia[32].
Zenbait kritikarik Eva Duarte antzezle kaskarra izan zela esan dute. Aktore lanak utzi eta gero, Evak berak ondorengo adierazpena egin zuen[33][34]: Nire antzezpenak txarrak izan ziren zineman, erdipurdikoak antzerkian eta onargarriak irratian. |
Hala eta guztiz ere, Eva Duartek ez zuen egiazki arrakasta handia izan zineman, bai ordea irratian. Hain zuzen, 1945ean, Asociación Radial Argentinako presidente aukeratua izan zen, hau da, irratiko langileen sindikatuko presidente[17]. Baina, Eva Duarte eta Juan Perónen erlazioak aurrera egiten zuen heinean, neskak aktore lanak alde batera utziko zituen politikaren mesedetan.
Argentinako historian erabakigarria izan zen 1945. urtea, eta Eva Duartek eta Juan Perónek paper garrantzitsua jokatu zuten bertan.
43ko estatu-kolpe militarra gertatu zenetik, gobernuaren kontrola armadako ofizialen talde baten esku zegoen, GOU "Grupo de Oficiales Unidos" izenekoaren esku. Isileko talde honen gorakada nabaria izan zen, eta helburu nagusiak Hamarkada Zitaletik zetorren ustelkeriarekin bukatzea, gatazka sozialari irtenbidea ematea, eta langileen mugimendua eustea zen, batik bat, mugimendu hau ezker muturrera joan ez zedin lortzea. Argentinak Bigarren Mundu Gerran parte hartzea ere eragotzi nahi zuen, AEBetako enbaxadaren haserrea ekarri zuena. Hain zuzen, GOUren presioek Pedro Pablo Ramírez presidentearen dimisioa eragin zuten 1944ko otsailaren 24an. Fraser eta Navarro historialarien arabera, Juan Perónek berak prestatu zuen presidenteak sinatutako uko egitea. Orduan, boterea Edelmiro Farrellek eskuratu zuen, oinarri sendoa baitzuen militarren artean eta Perónen beraren laguntza[35].
Dena den, armadako ofizialen artean ere botere interes kontrajarriak zeuden, eta pixkanaka GOU zatikatzen hasi zen. Juan Perónek sindikatuekin zuen harremana begi onez ikusten ez zutenak zeuden, eta bere eragina gutxitu nahi izan zuten gobernu berrian. Hala eta guztiz ere, Farrell presidenteak Gerra Ministro izendatu zuen Perón 44an; eta, hain zuzen, armada zen herrialdeko politikan esku hartzen zuen erakunde nagusia. Postu berri horrek koronelaren eragina handitzen zuen, armadako postuak egokitu, aldatu eta kentzeko gai baitzen. Garai hartan eginiko izendatzeek, promozioek eta kaleratzeek Perón ministroaren irudia egonkortu zuten GOUren estrukturan. Horrela iritsi zen gobernuan Perónen aurkari nagusia zen Prelinger Barne Ministroaren dimisioa, Perón 1944ko uztailaren 8an Nazioaren presidenteorde postura eraman zuen dimisioa. Hala, herriaren sostenguari, eta botere politiko eta militarrari esker, Perónen eragina mehatxugarri bihurtu zen Farrell presidentearentzat: aldi berean koronela, presidenteordea, Barne Ministroa, eta Lan eta Aurreikuspen idazkaria zen[36].
Gizartea inoiz baino zatikatuago zegoen, eta, pixkanaka, espartinen eta liburuen arteko norgehiagoka, peronisten eta antiperonisten arteko lehia bihurtu zen. Talde baten eta bestearen manifestazio eta aldarrikapenak nahasten ziren Buenos Airesko kaleetan, eta, azkenean, GOU taldeko Eduardo Ávalos jeneralak estatu kolpea ematea erabaki zuen, Juan Perón ministroaren eta sindikalisten boterea murrizteko asmoz. Hala, 1945eko urriaren 8an, Ávalosek Perónen dimisioa eskatu eta lortu zuen. Gobernua utzi aurretik, Edelmiro Farrell presidenteak Peróni publikoki agurtzeko baimena eman zion irrati bidez, eta presidenteordeak herritarrei eta langileei azken bi urteetan eskuratutako lorpen sozialak defendatzera bultzatu zituen.
Talde antiperonistek kontrola bereganatu zuten arren, hauen arteko tirabirak nagusitu ziren eta ezin izan zuten boterea guztiz mantendu. Bitartean, etxe desberdinetan isil-gordeka ibili ostean, Juan Perón urriaren 12an atxilotu eta kanoiontzian Martín García uharteko espetxean sartu zuten. Orduan, bazirudien Perón behin-betiko baztertua izan zela politikatik, eta kasurik onenean, Evarekin erretiratuko zela Patagoniara.
Hala ere, urriaren 15ean sindikatuak mobilizatzen hasi ziren Perónen askatasuna eskatzeko. Mobilizazioek, azkenean, urriaren 17ko manifestazioa piztu zuten, izugarrizko jendetza bildu zuena. Guztira, 250.000 eta 350.000 argentinar inguru bildu ziren Etxe Arrosaren aurrean, Plaza de Mayon, eta gobernua presionatzen hasi ziren Juan Perón aska zezaten. Aldarrikapen hau hainbat sindikatuk eta elkartek antolatu zuten, artean sindikatu guztiak biltzen zituen Confederación General del Trabajo (CGT edo Lanaren Konfederazio Orokorra). Bertan gelditu ziren, gaueko 11etan Juan Perón Etxe Arroseko balkoira atera eta manifestari piloa agurtu zuen arte. Robert D. Crassweller biografoaren arabera, indar handiko unea izan zen, dramatikoa, milaka pertsonen sentimenduak xaxatu zituena[37]. Juan Perónek jendearen euskarria eta baldintzarik gabeko sostengua irabaziak zituen, eta urriaren 17ko eguna peronismoa fundatu zen eguntzat hartzen da; "Dia de la Lealtad" (Leialtasunaren eguna) izena jaso zuen. Horrela, manifestazioaren eskutik, peronisten eta golpisten arteko akordioa gauzatu zen: Juan Perónek gobernu militarra uzteko konpromezua hartzen zuen, baldin eta lehenbailehen gobernuak hauteskunde demokratikoak antolatzen bazituen. Hauteskunde presidentzialak 1946ko otsailaren 24an ospatuko ziren[38].
Urriaren 17tik, peronisten eta bere oinarri sozialaren aurkako hitz despektiboak zabalduko ziren: "cabecitas negras", "aluvión zoológico", "grasas" eta ospetsuena bihurtu zen "descamisados"; izendapen iraingarri guztiek Perónen jarraitzaileen ezaugarriak irudikatzen zituzten, langile, pobre eta etorkin izaera. Juanek eta Evak ere izendapen horiek erabiliko zituzten euren hitzaldietan, baina kasu horietan euren jarraitzaileei adore emateko.
Bestetik, Héctor Daniel Vargas kazetariak 1945eko urriaren 17an Eva Duarte Junínen zegoela frogatu zuen; froga hiri hartan sinatu zuen ahalorde bat da[39]. Segur aski bere amaren etxean babestuko zen Perón atxilotu zutenetik, eta hainbat adituk ere bidaia bere jaiotza-agiria aldatzeko baliatu zuela defendatzen dute; "Alaba ez-legitimo" izendapena ezabatu eta, bide batez, izena eta jaiotza data ere aldatu zituen. Eva Duarte, hala ere, mobilizazioaren berri izan ostean, arratsalderako Buenos Airesen omen zegoen Juan Peroni ongietorria egiteko. Alabaina, aipatzekoa da antzezlea urriaren 17ko mobilizazioaren atzean zegoela defendatu duten ikerle eta kazetariak asko dira[13][38].
Perónek kartzelatik bidalitako gutunetan Evari agindu zion moduan, bikotea urriaren 22an ezkondu zen Junínen. Ezkontza zibila izan zen, eta bi egun beranduago, San Francisco elizan ospakizun katolikoa egin zuten, La Plata hirian[40]. 1946ko hauteskunde presidentzialetarako kanpaina hasiko zuten orduan ezkonberriek. Evak ordurako transformazioa egina zuen: Eva Duarte izatetik Eva Duarte de Perón edo Eva Perón izatera igaro zen.
Kartzelatik atera eta ezkondu ostean, Juan Perónek hurrengo hauteskunde presidentzialak prestatzeari ekin zion. Hitzordua 1946ko otsailaren 24an zen, eta argentinar gizartea guztiz bitan zatitua iritsiko zen bertara: peronistak eta antiperonistak. Peronisten aldea Alderdi Laboristak osatzen zuen, Perón eta Hortensio Quijanoren batasunak sortua. Antiperonisten aldea, bestetik, alderdi kontserbadoreek, eta alderdi sozialista eta komunistak osatutako aliantza baten esku zegoen, Alderdi Demokrata Nazionala eta Batasun Zibiko Erradikalaren izenpean.
Hauteskunde hauetan hasi zen ofizialki Eva Perónen ibilbide politikoa. Evak berak kanpaina osoan izugarrizko garrantzia izan zuen, eta, senarrarekin batera, herrialdearen mutur guztiak zapaldu zituen; kanpaina batean senarraren ondoan publikoki agertzen zen Argentinako historiako lehen emakumea bihurtu zen. Lantegiak bisitatu zituen, miseria gorrian zeuden auzuneak, eta premia larriena zuten sindikatu eta langileekin bildu ziren. Gainera, irratian ematen zen asteroko saioa erabiliz, hitzaldi sutsuak egin zituen bere senarraren alde, eta erretorika eta argudio populistak erabiliz, argentinar langile eta pobreak peronismorantz bideratu zituen. Nahiz eta Evak ordurako diru asko irabazia zuen irratiko saioei eta modelo lanei esker, bere jatorri umilak eta txiroak, eta hizkera zuzen eta sinpleak gizarteko klase txirotuenak erakarri zituen[3][17].
Emakumearen agerpenarekin bat oposizioaren eraso gogorrak iritsi ziren, batik bat, gizarte aberatsenetik, esparru militarretik eta politikarien artetik. Izan ere, garai hartan, emakumeek ez zuten eskubide politikorik (San Juanen izan ezik), eta hautagaien emazteek ere jendaurrean presentzia oso murritza zuten, eta izatekotan, apolitikoa. Mende hasieratik talde feministek, artean Alicia Moreau de Justo, Julieta Lanteri eta Elvira Rawson ekitzaileek, eskubide politikoak aldarrikatu zituzten emakumeentzat, baina arrakasta handirik gabe. Orokorrean, kultura matxistaren nagusitasunak feminitate gabekotzat jotzen zituen politikari buruz hitz egiten zuten emakumeak. Hala eta guztiz ere, Eva Perón hauteskunde orokorretara aurkezten zen hautagai baten lehen emaztea izan zen kanpaina batean parte hartzen[41]. Bere agerpenak oso ospetsu egin ziren herritarren artean, gainera, irratiko saioetatik eta modelo lanetatik ezagutzen zuten zale asko zituen, eta ordutik "Evita" ezizen maitekorraz ezaguna izaten hasi zen, "Evatxo" txikigarriaren antzeko deitura[42].
Hauteskunde kanpainak iraun zuen bitartean, Evak ezin izan zuen emazte papera alde batera utzi. Dena den, ordurako argi zegoen bere helburua papel politiko bat betetzea zela, nahiz eta ekintza politiko hauek emakumeentzat debekatuak egon. 1949ko maiatzaren 1ean jendaurrean egin zuen hitzaldi batean, garai hartako bizipenei eta peronismoaren sorreran izan zuen eginkizunei buruz zera esan zuen[43]:
« | Oso nirea den esaldi batekin amaitu nahi dut, nire aberriko descamisado guztiei beti esaten diedan bezala, baina ez dut beste esaldi bat gehiago izatea nahi, baizik eta esaldi honetan ikustea emakume baten sentimendua herritar umilenen zerbitzura eta sufritzen duten guztien zerbitzura: ≪Nahiago dut Evita izan, Presidentearen emaztea izan baino, Evita horrek nire aberriko etxeren bateko minen bat gutxitzeko balio badu≫. | » |
1946ko otsailaren 24an ospatu ziren hauteskundeetan, Perón-Quijano aliantzak irabazi egin zuen, botoen %54 eskuratu ostean[44].
Eva Perónek emakumeen eskubideen aldeko borroka zuzena egin zuen Argentinan, onarpen hori eman dio argentinar gizarteak. Bere lana eta eragina ezinbestekoa izan zen gizon eta emakumeen arteko eskubide politiko eta zibilak parekatzeko; besteak beste, emakumeen boto eskubidea, senar-emazteen berdintasun juridikoa eta guraso-aginte partekatua lortzeko eginiko presioa izugarria izan zen. Gainera, Emakumeen Alderdi Peronista sortu eta politikagintzako ateak ireki zituen emakumeentzat[45][46].
1946ko otsailaren 27an, hauteskundeak izan eta hiru egun beranduago, Evitak, orduan 26 urte baino ez zituela, bere lehenengo hitzaldi politikoa eman zuen jendaurrean, emakumeei bere senarrari emandako laguntza eskertzeko. Aukera hori baliatu zuen lehen damak gizon eta emakumeen eskubideak berditzeko eta emakumeen sufragioa eskatzeko[47]:
« | Argentinar emakumeak tutoretza zibilen garaia jasan du. Emakumeak bere ekintza azaldu behar du, emakumeak botoa eman behar du. Emakumeak, etxeetako oinarri moralak, bere lekua bete behar du herriko engranaje sozialean. Talde handi, anitz eta berriztatuak antolatzeko nahi berri batek eskatzen du. Hau da, emakume kontzeptuaren transformazioak berak eskatzen du, betebeharren zerrenda luzatzen joan zaiona eskubideentzat gutxiengoa ere eskatu gabe. | » |
Lege proiektu berria gobernu konstituzional berria eratu eta berehala aurkeztua izan zen, 1946ko maiatzaren 1ean. Hala ere, oposizioan eta peronismoaren beraren barruan ere aurreiritzi atzerakoi eta kontserbadoreek pisu handia izaten jarraitzen zuten. Evitak presioa egin zuen etengabe parlamentariek lege proiektua onar zezaten, eta horrek parlamentarien protestak ekarri zituen; askok presidentearen emaztearen esanak gaitzesten zituzten eta Evari muturra ez sartzeko esan zioten. Nahiz eta testua hiru artikuluko idazki motza izan eta eztabaida gutxi ekarriko zituen, Senatuak atzeratu egin zuen proiektu legea 1946ko abuztuaren 21ean, eta urtebete baino gehiago itxaron behar izan zen bideratzeko[48]. Azkenean, 1947ko irailaren 9an, Diputatuen Batzarrak 13.010 Legea onartu zuen. Horrela, sufragio unibertsala ezarri zen Argentinan, emakumeen eta gizonen eskubide politikoak berdinduz. Legea aho batez onartu zen eta Eva izan zen kate nazionalean emakumeen sufragioaren onarpenaren berri eman zuena[47]:
« | Nire aberriko emakumeak, oraintxe bertan jaso dut Nazioko Gobernuaren eskuetatik gure hiritar eskubideak onartzen dituen legea, eta zuen aurrean jasotzen dut argentinar emakume guztien izenean eta ordezkaritzan hartzen dudan ziurtasunez, nire eskuek alaitasunez dardara egiten dutela sentituz garaipena aldarrikatzen duen erramua ukitzerakoan. Hemen dago laburtuta, nire ahizpak, hizki estu batzuk dituzten artikulu gutxitan, borroka, estropezu eta itxaropenez beteriko historia luze bat; horregatik, bertan daude haserre suminak, gainbehera mehatxugarrien itzalak, baina baita garaipen egunsentien esnatze alaiak ere, eta azken onek emakumeen garaipena dakar, ulertezintasun, ukapen eta gure esnatze nazionalak gaitzesten dituen kastek sortzen duten interes ororen gainetik(...). | » |
Evaren helburua emakumeak emakume gisa errealizatzea zen, hau da, emakume eta gizonen arteko berdintasuna defendatzen zuen arren, emakumeak euren izaera propioan, feminitatean aurrera egitea bilatzen zuen. Horrela, feminismoaren garaiko zenbait korronte gogor kritikatu zituen, emakumeak gizon bilakatu nahi zituztela salatuz. Feminista asko erresuminduak zeudela ere esan zuen, gizon izateko grina zutelako, eta nahi horrek bultzatuta eta ezinezko bat lortzeko, emakume izateari uko egiten ziotela. Era berean, emakumeen eskubideen alde egiteko politikagintza berri bat sortu behar zela aldarrikatzen zuen, ez zela, zenbait feministak egiten zuen moduan, gizonezkoen politika imitatu behar[49].
Evak gertu izaten zuen hitzaldietan feminismoaren aldeko hitzen bat; ondorengoa Europako itzulian esandakoa, bere aipu ezagunenetako bat dena[48][49]: Mende hau ez da pasako historiara «desintegrazio atomikoaren mendea» izenpean, baizik eta beste izen adierazgarri batekin ezagutuko da: «feminismo garailearen mendea». |
Hausnarketa hauen harira, Evaren ikuspuntua zenbaitetan misogenotzat hartua izan da[50]. Evak etxekoandre eta familiaren oinarri ziren amak gurtzen zituen, Argentinako funts soziala zirela esanez, eta familiaren eta honen antolakuntzaren alde egiteko, eta etxetik kanpo lan bila aritu behar ez izateko, Estatuak ama eta etxekoandreei soldata bat eman behar ziela defendatu zuen[18]. Hala ere, berak goresten zuen emakumearen irudiaren guztiz aurkako eredua eman zuen, etxezulotik atera ez ezik, politikagintzan ziharduen emakume trebe, irmo eta boteretsua izatera ere iritsi baitzen. Gizartearen aurreiritzi eta statu quoaren aurka ere iraultza txikiak egin zituen, esate baterako, publikoki galtzak jantzi izan zituen, orduan gizarte klasikoak emakumeen artean gaitzesten zuen moda[51]. Evaren izaera sendo, seguru eta ausartak mirespena sortu zuen, eta inongo laguntzarik eta babesik gabe bere haurtzaro txirotik eta zorigaiztoko patutik ihes egin izana laudagarria izan zen[52].
Azkenik, Eva María Cristina Vilanova de Árbenzen oso lagun ona izan zen. Vilanova de Árbenz, Evaren antzera, Guatemalako lehen dama izan zen, eragin handia izan zuena Guatemalako gobernu iraultzaileetan, eta biak Latinoamerikan botere politiko nabarmena izan zuten emakume aitzindariak izan dira[53].
Eva Perónek 1947an publizitate handia izan zuen bidaia bat egin zuen Europara. Garai hartan berria zen emakume batentzat nazioarteko bidaia ofizial bat egitea, eta horri esker, politikako lehen planoan kokatu zen Argentinako lehen dama. Itzulia 64 egunekoa izan zen, ekainaren 6an atera eta abuztuaren 23an bueltatu zen, eta, guztira, zortzi herrialde bisitatu zituen: Espainia (18 egun), Italia eta Vatikano Hiria (20 egun), Portugal (3 egun), Frantzia (12 egun), Suitza (6 egun), Brasil (3 egun) eta Uruguai (2 egun)[54]. Evaren asmo ofiziala borondate oneko enbaxadore moduan bidaiatzea zen, laguntza sozialen europar sistema ezagutzeko. Hain zuzen ere, helburu nagusia, Argentinara bueltatzean, lehen dama obra sozialak kudeatuko zituen sistema berri baten buru bihurtzea zen. Bidaia honetan, besteak beste, Hernán Benítez jesuita aholkulari izan zuen, eragin handia izango zuena itzuleran, Eva Perón Fundazioaren sorreran[55].
Bidaia honetan agintari eta gobernuburu ugari ezagutu zituen Evak, artean, Francisco Franco, Pio XII.a eta Charles de Gaulle; eta Argentinaren interes ekonomikoak garatzeaz arduratu zen. Hala ere, badirudi bisita guzti hauek ez zirela Argentinako Gobernuaren burutazioa izan. Hasiera batean, Francok Juan Peróni Espainia bisita zezan eskatzeko bidali zion gonbidapen baten eskutik iritsi omen zen ideia. Herrialde frankista nazioartean isolatuta zegoen, Bigarren Mundu Gerraren ostean AEBek ez zioten laguntza publikorik ematen (Marshall Plana), baina Europako gainontzeko herrialdeen moduan, argentinar gari eta hornigaien premia larrian zegoen. Francoren diktaduraren isolamenduak eta harreman kaskarrek Juan Perónek gonbidapenari uko egitea ekarri zuten. Aholkulariek, baina, argentinar gobernu berriaren loturak sendotzeko, produktuak esportatzeko, eta salerosketak bideratzeko Evak Europan barna bira bat egingo zuela erabaki zuten, eta Espainia bakarrik ez, kontinenteko beste hainbat herrialde ere bisitatuko zituela, nazioartean Argentina Espainia faxistarekin ez lotzeko. Evak "Ortzadarraren Itzulia" izena eman zion bidaiari Europara iritsi bezain laster: «Ez naiz etorri ardatz bat osatzeko, baizik eta geure bi herrialdeen arteko ortzadar baten moduan»[55][56].
Espainia izan zen lehen geldialdia. Harrera beroa egin zioten aireportuan, hogeita bat kanoikadak eta espainiar langile multzo batek ongietorria eman zioten Madrilen. Eva Perón leku askotan izan zen, besteak beste, Madrilez gain, Villa Cisnerosen izan zen, Kanaria Handian, Galizian, Sevillan, Zaragozan eta Bartzelonan. Errege-erregina katolikoen hilobiak bisitatu zituen eta Elisabet Katolikoaren Ordena jaso zuen, gurutze handia. Espainia, Francoren menpe, Gerra Zibiletik atera berri zen, eta Evak gerturatzen zitzaizkion ume txiroei 100 pezetako billeteak banatzen hastea erabaki zuen[57]. Evaren atsekabe eta nahigabearen berri ematen duten testigantza ugari daude, batik bat, agintariek langileak eta herritar umilak tratatzeko zituzten moduaz. Batez ere, Francoren emaztearekin, Carmen Polorekin tirabira handiko harremana izan zuen, eta ezinikusia begien bistakoa egin zen hainbatetan; hala nola, Carmenek Austrien eta Borboien Madril historikoa erakustera eraman nahi izan zuenean, eta Eva Perónek, aldiz, ospitale publikoak eta langileen auzoak (txabola auzoak) erakusteko eskatu zionean[11][58]. Gainera, Juana Doña sindikalista, komunista eta feministaren barkamenean izan zuen eragina azpimarratu ohi da, heriotza-zigorretik libratu baitzuen[55][59][60].
« | Francoren emazteari ez zitzaizkion langileak gustatzen, eta ahal zuen bakoitzean «gorriak» («rojos») esaten zien aurpegira, gerra zibilean parte hartu zutelako. Nik bi aldiz eutsi nion neure buruari, gehiago ahal izan ez nuen arte, eta esan nion bere senarra ez zela gobernaria herritarren botoei esker, baizik eta garaipen baten inposizioz. Emakumeari («a la gorda») ez zitzaion batere gustatu. | » |
Bidaiak Italia izan zuen bigarren helmuga; bertan, Evak egunkarietan idatzi, eta gobernuko eta gizarteko arduradun nagusiekin afaldu zuen, haurtzaindegiak bisitatu eta langileekin bildu zen. Hala ere, harrera ez zen Espainian bezain beroa izan. Vatikano Hirian, aldiz, Pio XII.a aita santuak hartu zuen, eta honek domina pontifikala eta urrezko arrosario bat eman zizkion, azken hau hiltzerako orduan Evak eskutan izan zuena. Ondoren, jendetzak harrera ona egin zion Portugalera eta Frantziara jo zuen. Azken honetan, Versaillesko jauregia bisitatu eta politikariekin bildu zen, hala nola, Parlamentuko presidentea zen Édouard Herriot sozialistarekin eta Charles de Gaullekin. Gainera, Frantziari, aurretik Espainiari eta Portugali egin zion moduan, bi itsasontzi bete gari eskaini zizkion, herrialdeek bizi zuten goseteari aurre egiteko. Nôtre Dameko katedralean, etorkizuneko Joan XXIII.a aita santua izango zenarekin bildu zen, alegia, Angelo Giuseppe Roncallirekin; honek hainbat aholku eman zizkion laguntza soziala emateko eginkizuna aurrera eramateko[61].
Frantzian zegoen bitartean, Evak ohar bat jaso zuen: Erresuma Batuko Jurgi VI.a erregeak ez zion harrerarik egingo. Hau da, mezu horrek antolatutako bisita ofiziala ez zela estatu bisita baten moduan tratatuko adierazten zuen, eta aitzakia udako egonaldia pasatzeko errege familia Eskozian egongo zela izan zen[62]. Badirudi erabakiaren atzean AEBen eragina egon zela. Hala, Fraser eta Navarro historialarien arabera, Evak gutxieste eta desaire moduan hartu zuen berria, eta Erresuma Batuko bisita bertan behera uztea erabaki zuen. Lehen damak, hala ere, publikoki nekeari egotzi zion errua[55].
Europako azken geltokia Suitza izan zen, eta han ere hainbat politikarirekin bildu zen. Herrialde honetan ez omen zuen oso harrera ona jaso, batik bat, herritarrengandik. Beranduago Eva Perónen biografia bat idatziko zuen John Barnes idazlearen arabera, Suitzako kaleetan barna zebilela pertsona batek bi harri jaurti omen zizkion kotxe ofizialari, haizetako bat puskatuz[12]. Hala, Europan nahikoa zuela erabaki eta Amerikara itzuli zen Eva. Argentinara bueltatu aurretik, Brasilen eta Uruguain geldialdia egin zuen, eta Rio de Janeiron ospatzen ari zen Bakearen Mantentzea eta Kontinentearen Segurtasunerako Amerikarren arteko Konferentzian parte hartu zuen. Bertan 1947ko abuztuaren 20an sinatu zen Elkarrekiko Sostenguko Akordioan izan zen, eta han amaiera eman zion nazioarteko bidaiari.
Peronismoaren lehen agintaldian, Eva Perón laguntza sozialen esparruan nabarmendu zen gehien. Pobreziaren aurkako eta babesgabetasun egoeran zeuden pertsonen aldeko neurriek Argentinako lehen damaren irudia goratu zuten herritarren artean[3].
XIX. mendetik Buenos Aires hiriko karitate lan gehienen esku Sociedad de Beneficencia (Ongintza Elkartea) izeneko elkartea zegoen, maila altuko emakume gutxi batzuk osatzen zuten talde murriztua. Diru ekarpen nagusiak emakume horien senarren poltsikotik iristen ziren, eta laguntza gehienak umezurtzei eta etxerik gabeko emakumeei zuzenduta zeuden. Hala ere, 1930eko hamarkadako gizarte hiritar etsiaren beharrak asetzeko, elkartea eta ongintza bera zaharkituak gelditu ziren. Taldearen eraginkortasuna ezbaian jarri zen, eta estatuaren diru laguntzen bidez zaharberritzen saiatu ziren, harik eta Juan Perón presidente izendatu zuten arte. 1946ko irailaren 6an gobernuak esku hartu zuen elkarte honetan, eta ordutik peronistak arduratu ziren asistentzia eta laguntza sozialaz[42].
Ordura arte, ohitura izan zen ongintza elkarteko presidentea Argentinako lehen dama izatea; baina, badirudi Sociedad de Beneficencia osatzen zuten maila altuko emakumeek Eva Perón izendatzearen aurka agertu zirela. Emakumeek ez zuten begi onez ikusten Evaren iragana, bere haurtzaro txiro, apal eta iluna. Lehen dama berriak ez zuen hezkuntza formalik, eta aktore lanbideko emakume bat talde hartan sartzea asaldagarria zen garai hartako gizartean. Emakumeak beldur ziren Eva ez ote zen gizartearentzat eredu txarra izango. Horrela, Fraser eta Navarro historialarien iritziz, gutxieste horren ondorioz, Eva Perónek bere elkarte propioa sortzea erabaki zuen eta peronistek bereganatu zituzten eskumen batzuk kudeatzera iritsi zen[42].
Dena dela, Europako itzulitik bueltatu bezain laster, Eva Perón gizarte laguntzara bideratutako ekintzak antolatzen hasi zen. Subsidio eta aldi baterako etxeak eskaini zizkien zahar eta emakume babesgabeei, eta azkenean, 1948ko uztailaren 8an, María Eva Duarte de Perón Fundazioa sortu zuen formalki. Guztira, 10.000 pesoko aurrekontuarekin ekin zuen jarduera, Evak berak bere poltsikotik jarri zuen oinarria[63]. Baina, fundazio berriak izugarrizko oihartzuna izan zuen aurreneko hilabeteetan, eta maila altuko gizarteak babestu ez zuen arren, talde peronisten, zenbait enpresariren eta Lanaren Konfederazio Orokorraren -CGTaren- donazioei, eta, zinema, loteria, kasino eta zaldi-lasterketa jardueren gainean gobernuak jarri zuen tasa berriari esker, elkartearen aurrekontua haziz joan zen urtetik urtera[64]. Hala, urte gutxitan, diru eta ondasun handiak bildu zituen fundazioak, hiru bilioi pesoko poltsa izan arte. Guztira, 14.000 langile izatera iritsi zen, hauetatik 6.000 eraikuntzako langileak, eta, besteak beste, urtero 400.000 zapata pare, 500.000 josteko makina, eta 200.000 eltze banatzen zituen[65].
Eva Perón Fundazioak izugarrizko ekintza soziala eraman zuen aurrera. Batez ere, haur, zahar, ama ezkongabe, eta familiaren euskarri bakarra ziren emakumeei zuzendutako laguntzak ematen zituen, argentinar gizartean behar eta babesgabetasun maila handiena zuten taldeak baitziren. Hala, fundazioak jarduera sozial ugari burutu zituen: ospitale, zahar-etxe eta eskolak eraiki zituen, eskola bekak eta etxebizitza izateko laguntzak banatu zituen, oporretako udalekuak antolatzen zituen, eta emakumearen irudia eta presentzia sustatu zuen arlo desberdinetan. Gainera, urtean behin Evita Haur Joko ospetsuak eta Juan Perón Gazte Jokoak antolatzen zituen, maila apaleko milaka ume eta gaztek parte hartzen zuten jokoak. Ospakizun hauetan, kirola sustatzeaz aparte, gazte txiroenek ere osasun kontrolak egiten zituztela ziurtatzen zen[66]. Fraser eta Navarroren esanetan, fundazioak eskaintzen zituen osasun-zerbitzuei esker, Argentinako historian lehen aldia izan zen egiazki osasunean herritarren arteko berdintasuna ematen zena[67]. Horrez gain, Fundazioak laguntza solidarioa eman zion zenbait herrialderi; artean, AEBetako txiroei eta Israel sortuberriari[68]. Hain zuzen, 1951n, Golda Meirrek Argentinara egin zuen bidaia Eva Perónekin elkarrizketa izateko eta bere herrialdeari emaniko donazioak eskertzeko. Garai hartan, Meir Israelgo Lan Ministroa zen eta nazioartean posizio politiko nabarmena lortu zuen emakume bakanetakoa[69].
Bestalde, Eva Perónek zaharrekiko zuen ardurak 1948ko abuztuaren 28an Zahartzaroaren Dekalogoa idaztera eta aldarrikatzera eraman zuen. Hamar eskubide hauek Argentinako 1949ko Konstituzioan sartu zituzten hurrengo urtean: asistentzia, etxebizitza, elikagaiak, jantziak, osasun fisikoaren zainketa, osasun moralaren zainketa, aisia, lana, lasaitasuna eta errespetua. Argentinako historia osoan zaharren eskubideak konstituzioan lekua izan duten urte bakarrak izan ziren, 1955eko estatu-kolpe militarrak 49ko Konstituzioa bertan behera utzi zuen arte.
Gizarte laguntza honek Evitaren irudia zabaldu, hazi eta goratu zuen herrialde osoan. Urteetan bere lantokia fundazioaren bulegoa bihurtu zen, eta egunero herritarrak jasotzen zituen, laguntza ematen zien, dirua, babesa, eta irtenbide bat eskaintzen zien. Bere bulegoko ateak zabal-zabalik zeuden goizez eta gauez. Horrela, langabeak laguntzen, babesgabeko emakumeei etorkizun bat eskaintzen, maila apaleko eskaleak musukatzen, eta gaixoak zaintzen zituen lehen dama berritasun handia bihurtu zen. Aurreko urteetan oligarkiak gobernatutako herrialdearekin, baita aberatsen gizartearekin alderatuz gero ere, kontraste eta aldaketa izugarria eman zen, eta horrek herritarren eta langileen mirespena ekarri zuen. Argentinarrak Eva Perón gurtzen hasi ziren[3].
Evitak fundazioan lanean jardun zuen hil egin zen arte. Urteek aurrera egiten zuten heinean, lehen damaren hitzak gogorragoak izango ziren herrialdea gobernatu zuten aberats eta oligarken aurka[70]: ≪Batzuetan nire irainak zaplastekoak eta zartadak izan zitezen nahi izan dut. Jendea aurpegian jo nahi izan dut, jo ikusarazteko, egun batez bada ere, jendea laguntzen dudanean egunero ikusten dudana≫. Crassweller idazleak esan zuen Evita fanatiko bihurtu zela bere lanean, gau eta egun igarotzen zuela bulegoan, eta gizartearen gaixotasun moralaren eta pobreziaren aurkako gurutzada bilakatu zuela bere bizitza. Hala, herritarrek bere konpromisoa eta lan sutsua mirespen handi baten inguruan kokatu zuten, irudi traszendente bat bihurtzeraino[71].
Hauteskundeak irabazi ondoren, 1947. urtean, Juan Perónek presidentetzara eraman zuten bi alderdiak desegitea erabaki zuen, Alderdi Laborista eta Batasun Zibiko Erradikala Batzorde Berritzailea, eta alderdi politiko bakarra sortzea: Alderdi Peronista. Erabaki honekin sindikatuek autonomia galdu zuten peronismoaren barruan; baina, era berean, alderdi berriaren oinarrian kokatu ziren. Hala, sindikalismoa alderdi berriaren bizkarrezurra bihurtu zen, eta horrek Alderdi Peronista ia alderdi laborista baten itxura hartzera eraman zuen praktikan.
Eva Perónek hasieratik bertatik erlazio estu, indartsu eta bitxia izan zuen langileekin eta sindikatuekin. Lehen damak eskubide sozialen eta laboralen aldeko ikuspegi oso muturrekoa zuen, borrokalaria, sindikatuekin bat egiten zuena. Biek pentsatzen zuten oligarkia eta inperialismoa ez zirela besoak gurutzaturik geldituko, eta indarkeriaz garai eta erreforma berriak suntsitzen saiatuko zirela. Beraz, Evak, buruzagi sindikalekin batera, langileen miliziak bultzatu eta armatu zituen. Emakumearen eta sindikatuen arteko erlazioa Eva hil ondoren gelditu zen agerian, bere gorpua baltsamatua izan zedin CGT erraldoiaren egoitzara eraman zutenean[72][73].
Hala eta guztiz ere, botere heterogeneo horretan, peronismoak klase eta sektore anitz hartu zituen. Evak 1947an emakumeen boto eskubidean lan handia egin zuen arren, konturatu zen legea ezartzeak ez zuela bermatzen emakumeen presentzia hautagaien artean. Ondorioz, politikan aurrera pauso bat gehiago ematea erabaki zuen: 1949. urtean, politika munduan itzalpean ibili ziren beste emakume batzuekin batera, Emakumeen Alderdi Peronista sortu zuen (Partido Peronista Femenino, PPF). Argentinako emakumeen lehen alderdi nagusia izango zen. Uztailaren 26an, Buenos Airesko Cervantes Antzoki Nazionalean, Eva Perónek alderdi berriaren oinarriak ezarri zituen; erakundea emakumeen oinarrizko unitatez osatuta egongo zen, auzo, herri eta sindikatuen artean barneratuko zena. Helburu nagusia emakumeen militantzia zuzenean bideratzea zen, kideen arteko inongo bereizketa eta hierakiarik gabe. Eva Perón alderdiko lehen presidente bihurtu zen, eta modu horretan, bere eragin politikoa izugarri handitu zuen herrialdean[41][74].
Cervantes Antzokian emandako hitzaldian alderdia sortzearen arrazoiak argitu zituen Evitak[75]:
« | Nik zuzentzen dudan emakumeen alderdia, nola ez, mugimendu peronistari lotua dago, baina independentea da, gizonek osatzen duten alderdiaren moduan... Langileek euren burua salbatu ahal izan zuten bakarrak izan ziren moduan, eta nik beti esan dudan moduan, Peróni errepikatzen diodan moduan, "Xumeek bakarrik salbatuko dituzte xumeak", bada nik ere pentsatzen dut emakumeak emakumeen salbazioa izango direla. Hor dago emakumeen alderdi hau antolatzeko erabakiaren zergatia, gizon peronisten antolakuntza politikotik aparte. Guztiok lotzen gaituena Liderra da, bakarra eta eztabaidarik sortzen ez duena. Geure doktrinaren helburu nagusiek eta mugimendu peronistak batzen gaituzte. Baina gauza bakarrak bereizten gaitu: geuk geurea den helburua dugu, emakumea askatzeko helburua. | » |
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikoa, sufragioaz gain, senar-emazteen berdintasun juridikoan eta guraso-aginte partekatuek osatu zuten. Guzti hauek 1949ko Konstituzioko 37. artikuluan (II.1) ezarri ziren, nahiz eta ezin izan zen arautua izan. Testua zuzenean idatzi zuen Eva Perónek berak. Hala ere, 1955eko estatu-kolpe militarrak konstituzioa bertan behera utzi zuen, eta horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun juridikoaren bermea. 1957ko erreforma konstituzionalak ez zuen berme hori berreskuratu, eta argentinar emakumea lege aldetik baztertua izan zen 1985eko guraso-aginte partekatua ezartzen zuen araua iritsi zen arte[75].
1951ko azaroaren 11n hauteskunde orokorrak ospatu ziren Argentinan. Emakumeen Alderdi Peronistari, erakunde autonomo moduan, Alderdi Peronistak lortzen zituen kargu guztien %33a zegokion (gainontzeko bi herenak, bata sindikatuentzat eta bestea gizonentzat ziren), eta, horrela, 1951. urtean, lehen aldiz Argentinako historian, 23 emakume diputatu, 6 emakume senadore, eta beste hainbat probintzietako emakume batzarkide hautatu ziren; guztira, 109 emakume politikari[41]. Aipagarria da Alderdi Peronistak eginiko lana, eta batik bat Emakumeen Alderdi Peronistarena, izan ere, orduan Argentinako bigarren alderdi politikoa zen Batasun Zibiko Erradikalak ez baitzuen emakume hautagairik aurkeztu. Navarro eta Fraserren arabera, 51n, Emakumeen Alderdi Peronistak 500.000 kide zituen. Aurretik apolitikoak ziren milaka emakume politikan sartu ziren Eva Peróni esker, eta, aditu eta analista politiko askoren iritziz, emakumeen aldeko mugimendu honek zerikusi handia izan zuen hauteskundeen garaipenean, Juan Perónek herrialdeko botoen %63 lortu baitzuen[76].
Ondorengoa Eva Perón eta kabildo irekira joandako jendetzaren arteko elkarrizketa espontaneoa[77]: - Evitak (jendetzari eta Peróni hitz egiten): Gaur, nire jenerala, Justizialismoaren Kabildo Ireki honetan, herriak zer egingo den jakin nahi zuela galdetu zuen. Bada, hemen herriak badaki zer egingo den eta Perón jeneralak aberriaren patua zuzentzen jarrai dezala nahi du. |
Juan Perón presidentearen lehenengo agintaldia amaitzear zen, eta hauteskunde orokorrak antolatuko ziren berriro ere 1951. urtean. Emakumeek botoa eman zezaketen lehendabiziko hauteskunde orokorrak izango ziren, baita hautagai aurkezteko aukera zuten aurreneko aldia ere. Langileen Konfederazio Orokorrak (CGT) Argentinako presidenteorde kargurako Eva Perón hautagaia proposatu zuen, emakumeak urte haietan sindikatu eta langileei emandako laguntza eta babesaren esker onez. Perón senarrarekin batera aurkezteko hautagaitzak oihartzun handia izan zuen herrialdean, eta eztabaida handia piztu zuen; izan ere, alde batetik, emakume bat botere betearazlearen buru jartzeko aukera ekartzen zuen, eta, bestetik, gobernu peronistaren barruan sektore sindikalistaren indarra handitzen zuen. Jokaldi horrek peronismo barneko borroka eragin zuen. Buruzagitzan zeuden gizonek eta sektore kontserbadoreenek presio gogorra egin zuten Eva Perónen hautagaitzak aurrera egin ez zezan[42].
Hain zuzen, hautagaitza horrek buruzagi militar ugari haserretu zituen, Evitak gobernuan zuen eragina handitzea begi onez ikusten ez zutenak[12]. Argentinar Konstituzio berriaren arabera, presidenteordeak zuzenean ordezkatzen zuen presidentea, azken hau hil eginez gero. Evita presidente bihurtzeko aukera militarrek onartu ezin zezaketen aukera zen. Hala ere, Evitak hilabete gutxitan langileen, sindikatuen eta Emakumeen Alderdi Peronistaren sostengu zabala eskuratu zuen. Talde hauek eskaini zioten babesa eta oinarria Juan Perón bera harritu omen zuten. Fraser eta Navarroren arabera, Evitaren itzalpean zabaltzen zen indar borrokalariak emakumea Alderdi Peronistako buruzagi guztien maila berean kokatzen zuen, baita Juan Perón beraren maila berean ere[78].
Testuinguru horretan, CGTk Justizialismoaren kabildo ireki bat iragarri zuen 1951ko abuztuaren 22rako. Bilera horrek ehun milaka langile bildu zituen kalean, zenbait adituren ustez bi milioi pertsona, eta ekitaldiaren erdian, sindikatuek publikoki presidenteordetzarako hautagaitza onartzeko eskatu zioten Evitari. Perón presidentea eta Eva agertokian zeuden orduan, eta biek hitza hartu zuten jendetzaren aurrean karguaren garrantzia leuntzeko; emakumeak ordurako herritarren sostengu osoa zuela eta posturik behar ez zuela argudiatu zuen. Baina, bikoteak hautagaitza onartzeko imintziorik egiten ez zuela ikusita, jendeak gogor egin zuen lehen damak une hartan hautagaitza onartzeko eskatuz. Zenbaitek Perón presidentearen aurka egin eta Evitari hitz egiten uzteko eskatu zuten, ≪¡Ahora, Evita, ahora!≫ (≪Orain, Evita, Orain!≫) lelopean. Une hartan, elkarrizketa ireki bat izan zen bertan bildu zen jendetzaren eta Evitaren artean, oso ezohikoa ekitaldi jendetsuetan. Langileek emakumearen azken hitzak postua onartuko zuen konpromezu moduan hartu zituzten[42][77].
"Cabildo Abierto" hau nazioartean emakume politikari batek inoiz jaso duen aldeko ekitaldi jendetsuena izan zen[79]. Hala ere, bederatzi egun beraduago, CGTren atsekabea iritsi zen: Evak hautagaitzari ofizialki uko egiten ziola adierazi zuen irrati bidez. Peronismoaren aldeko herritarrentzat, ordutik, abuztuaren 22a "Uko egitearen eguna" izenaz ezaguna da.
Badirudi erabaki honen atzean Eva Perónen osasun makala zegoela, eta horrek, azkenean, presidenteordetza hautagaitzaren porrotean eragin zuzena izan zuen. Dena den, horrek ez zuen eragotzi peronismoaren barruan zeuden barneko borrokak agerian uztea, baita gizartekoak ere; izan ere, argentinar herritar guztiak ez zeuden prest sindikatuek babesten zuten emakume bat presidenteordetzan ikusteko, ezta etorkizun hurbil batean Aberriko presidentetzan ere[3][17].
Azkenean, hauteskunde orokorrak 1951ko azaroaren 11n ospatu ziren, eta Hortensio Quijano politikaria aukeratua izan zen presidenteordetzan. Juan Perónen eta Hortensio Quijanoren Alderdi Judizialistak irabazi zituen hauteskundeak, botoen %63,5i esker. Evak, bestetik, ospitaleko ohetik bertatik eman behar izan zuen botoa, sei egun lehenago heriotzera eramango zuen minbizia sendatzen saiatzeko ebakuntza bat egin baitzioten[80][81].
Eva Perónek utero-lepoko minbizia izan zuen[82][83]. Gaixotasunak lehenengo seinaleak 1950eko urtarrilaren 9an eman zituen, Eva taxi gidarien sindikatuaren sorrera ekitaldian zorabiatu egin zenean. Hiru egun beranduago ebakuntza bat egin behar izan zioten, eta apendizektomia bat jasa zuela esan zen arren, minbizia diagnostikatu zioten. Hala, zorabioek urte osoan zehar iraun zioten. 1951 hasieran, esate baterako, Eva Perón Fundazioko bulegoetan ondoezik jarri eta konorte gabe gelditu zen berriro ere; orduan, bere bulegoa etxera eramateko agindu zuen[84].
Minbiziak etengabe aurrera egiten jardun zuen, eta Eva geroz eta ahulago zegoen. Atsedenaldi luzeak egin behar izaten zituen, baina, hala ere, ekitaldi publikoetan parte hartzen jarraitu zuen. Abuztuaren 22an, Evitari ofizialki presidenteordetza eskaini zioten egunean, beste gaixoaldi bat izan zuen bi milioi herritarren aurrean hitz egin ondoren. Zorabioek eta baginako odol jarioek okerrera egin zuten, eta 1951 bukaerarako argi zegoen bere osasuna azkar ari zela gaiztotzen. Urriaren 17an, Leialtasunaren egunean eman zuen hitzaldia Evitaren testamentu politikotzat hartzen da, orduan bere heriotza bederatzi aldiz aipatu baitzuen[84].
Bestetik, urriaren 15ean, La Razón de mi Vida biografia kaleratu zuen, Manuel Penella espainiar kazetariaren laguntzaz idatzia. Lehenengo edizioan 300.000 ale argitaratu ziren; hil ondoren, Argentinako eskoletan derrigorrezko irakurketa bihurtuko zen liburua.
1951ko azaroaren 5ean ebakuntza kirurjikoa egin zion George Pack onkologoak Avellaneda Ospitalean, Eva Perón Fundazioak eraiki zuen ospitalean. Sei egun beranduago, histerektomiatik indartzen ari zela, Argentinako hauteskunde orokorrak ospatu ziren, eta Evak lehen aldiz eman zuen botoa ospitaleko ohetik bertatik. Juan Perón presidente hautatua izan zen berriro ere.
Garai hartan, Eva Perón bere azken liburua diktatzen hasia zen, Mi mensaje izenaz argitaratuko zena eta irakasleen sindikatuaren buruzagiari zuzenean diktatu ziona, alegia, Juan Jiménez Domínguezi. Hil baino egun gutxi batzuk lehenago bukatu zuen. Lan honetan Evitaren testu sutsuenak topatu daitezke, eta pasarte bat bere heriotza ondoren irakurria izan zen, 1952ko urriaren 17an, Plaza de Mayon antolatu zen ekitaldian[85]:
« | Nire gorrotoaren pozoi guztiarekin sutan jartzen naiz, edo nire maitasunaren sutearekin -ez dakit oraindik-, indar armatuen eta klerikalen goiko zirkulu altuek oraindik ere mantetzen dituzten pribilegioen aurka. | » |
« | Perón eta gure herriari inperialismo kapitalistaren zorigaitza tokatu zaie. Gaur gertutik ikusi ditut bere miseria eta bidegabekeriak. Justiziaren defendatzailea dela esaten du, bere harrapari atzaparrak bere omnipotentziaren mende dauden herri guztien ondasunen gainera luzatzen dituen bitartean. Asktasunaren defendatzaile aldarrikatzen da, bere erantzunezineko exijentziak fede onez edo txarrez onartu behar dituzten herri guztiak katez lotzen dituen bitartean... Baina inperialistak baino are gorrotagarriagoak dira oraindik aberriko oligarkiak, euren mende jartzen direnak beraien herrien zoriontasuna txaponengatik salduz edo batzuetan irribarreengatik oparituz. | » |
1952ko ekainaren 4an Evitak Juan Perón presidentearekin batera desfile bat egin zuen Buenos Airesen, Perón berriz hautatua izan zela ospatzeko. Evita, ordurako, oso ahul eta gaixo zegoen, eta ez zen gai zutik bakarrik mantetzeko ere. Jantzi zuen larruzko berokiaren azpian, igeltsu eta burdin hariz egindako egitura bat zuen deskantsatu ahal izateko. Gainera, mina arintzeko hartzen zuen dosiaren hirukoitza hartu zuen ospakizuna jasan ahal izateko. Oso zargaldua zegoen ordurako, 36 kg baino ez zuen pisatzen. Egun batzuk beranduago, Juan Perón presidente izendatzeko ospakizunean, Evitak "Nazioaren Buruzagi Espiritual" titulu ofiziala jaso zuen Argentinar Nazioaren Kongresuan[86].
Hil aurretik erradioterapia jaso zuen hainbat aldiz; hain zuzen, kimioterapia bidez minbizia tratatu zioten lehenengo argentinarra izan zen. 2011n, Yale Unibertsitateko neurozirujau batek Evitaren burezurra aztertu zuen argazki eta x-izpien bitartez, eta bizitzako azken hilabeteetan bekokiko lobotomia bat ere jasan zuela esan zuen. Tratamendu ohikoa zen, gaixotasunak eragindako mina, antsietatea eta asaldura sendatzeko[87]. Aditu askok, baina, ebakuntza hau ez zela inoiz burutu defendatzen dute[86][88].
Dena dela, Evak ez zuen minbizia biziraun ahal izan, eta metastasiak jota uztailaren 18an koman sartu zen. Eva Perón 33 urte zituela hil zen, 1952ko uztailaren 26an, arratsaldeko 20:25ean. Herrialdeko hedabide eta ekitaldi guztiak bertan behera gelditu ziren, eta 21:36ean J. Furnot esatariak ondorengoa irakurri zuen irratian[89][90]:
« | Nazioko Presidentziako Informazioen Idazkariordetzak min izugarriz Errepublikari aditzera eman behar dio, gaur, 20.25 orduan Eva Perón andrea hil egin dela, Nazioaren Buruzagi Espirituala. Eva Perón andrearen gorpua bihar goizean Lan eta Aurreikuspen Ministeriora eramango da, eta bertan hil-kapera jarriko da... | » |
Bere heriotzaren ondoren, CGTk hiru eguneko lan uztea iragarri zuen, eta gobernuak, aldiz, 30 eguneko dolu nazionala ezarri zuen. Dena den, badirudi horrek ez zuela herritarren dolumina baretu. Izan ere, herritarrek Eva hil zen presidentearen etxearen aurrea hartu eta inguruko kaleak kolapsatu zituzten; guztira, presidentearen etxetik hamar eraikin blokeraino iritsi zen jendetza. Gainera, hurrengo egunean, gorpua Lan eta Aurreikuspen Idazkaritzara eraman zutenean, izugarrizko jende-oldeak izan ziren; 24 ordutan, guztira, bi mila pertsona zauritu baino gehiago ospitaletan izan ziren eta, guztira, zortzi pertsona hil egin ziren jendeak zapalduak. Kalean bildu ziren jarraitzaile guztiek Evaren gorpua ikusi nahi zuten[90].
Bere gorpua abuztuaren 9 arte Lan eta Aurreikuspen Idazkaritzan gaubeilatu zen, harik eta egun hartan ohore ofizialak jasotzeko Konpresu Nazionalera eraman zuten arte; handik CGTren egoitza nagusira eraman zuten. Prozesioa bi milioi pertsonak baino gehiagok jarraitu zuen, eta ibilbidea egiten zuten bitartean, jendeak krabelinak, orkideak, urreliliak, ahuntz-prakak eta arrosak bota zizkion[12]. Prozesuan, CGTko ofizialek gorpua eraman zuten, eta jarraian, Perón, bere gobernukideak, Evaren familia eta lagunak, Emakumeen Alderdi Peronistaren ordezkariak, eta Eva Perón Fundazioko erizain eta ikasleak joan ziren. Nahiz eta aginte kargurik izan ez zuen, estatu hileta egin zitzaion[91]; eta ordutik irratiko esatariak 20:25ero testu bat irakurtzen hasi ziren gobernuaren erabakiz: ≪20.25 dira, Eva Perón inmortalitatera igaro zen ordua≫.
Bere gorpua CGTren egoitzan baltsamatua izan zen, eta bertan mantentzeko asmoa zegoen bere hilobia eraikitzen zen bitartean. Pedro Ara doktorea izan zen Evaren gorpua baltsamatzeko eginkizuna bete zuena[92]. Hala ere, badirudi erabakia Juan Perónena izan zela; izan ere, Leninen gorpuaren moduan, Evitarena ere bere horretan mantendu nahi izan zuen herritarrek ikus eta gogora zezaten. Bestetik, gobernuak Descamisadoari Monumentua eraikuntza erraldoia altxatzeko lanak hasi zituen, Evaren ideia bat oinarritzat hartuta egin zen proiektua. "Descamisado" ("alkandorarik gabea") argentinar herritar apal eta langileei erreferentzia egiteko erabiltzen zen hitza zen, maila altuko jendeak despektiboki sortu zuen izendapena zena, eta peronismoak eta, batez ere, Evitak bere egin eta haien jarraitzaileei zuzentzeko erabiltzen zuten hitz goxoa bihurtu zena. Plan berriaren arabera, monumentuaren oinarrian kapera laiko bat egongo zen: lehen damaren behin betiko hilobia. Estatu kolpeak, baina, Perón gobernutik bota zuenean, 1955eko irailaren 23an, monumentuaren eraikitze lanak bertan behera gelditu ziren, eta Evitaren hilotza, aldiz, bahitu eta 14 urtez desagerrarazi zuten[93].
Iraultza Askatzaileko (1955-1958) diktadura militarrean, alegia, Juan Perón presidentetzatik bota zuen diktaduran, Carlos de Moori Koenig teniente koronelaren buruzagitzapean zegoen komando batek Evitaren gorpua bahitu zuen. Gertakizuna 1955eko azaroaren 22ko gauean jazo zen, Pedro Eugenio Arambururen aginduz militar taldea CGTren egoitzara indarrez sartu zenean. Lehenik eta behin, komandoak lehenengo solairuan zegoen Eva Perónen bustoa behera bota zuen, eta berehala bigarren solairura jo zuen, han baitzegoen kapera. Atea bortxatu ondoren, Evaren gorpuaren gainean zeuden argentinar banderak erre eta hilotzaren gainean pixa egin zuten. Azkenean, gorpua kamioi baten barruan sartu eta egoitzatik lehenbailehen alde egin zuten; kamioia, aldiz, hiru egunetan izan zuten hiriaren alde batetik bestera, herritarren susmorik ez pizteko[94][95].
Badirudi gorpuak ibilbide makabroa jasan zuela hurrengo hilabeteetan, nahiz eta beranduago militarrek emandako lekukotasunak oso desberdinak diren. Besteak beste, Moori Koenig teniente koronelak Evaren hilotza bere bulegora eraman zuela esan izan dute askok, eta han, gorpua zeraman hilkutxa zutik jarri eta jasotzen zituen bisitei erakusten omen ziela; artean, María Luisa Bemberg zinemagileak berak ikusi omen zuen. Azkenean, Pedro Eugenio Aramburuk Moori Koenig kargutik kendu zuen, eta Héctor Cabanillas koronelari eskatu zion Eva Peróni isilean lur emateko[96]. Hala, 1957ko apirilaren 23an, gorpua itsasotziz garraitu zuten Genovara, Italiara, María Maggi de Magistris izena zeraman hilkutxa baten barruan. Eva Milango hilerri nagusian ehortzi zuten[97].
Bitartean, peronismoaren ikur oro debekatua izan zen Argentinan, Eva Perónen irudia, mitoa eta bertuteak haziz joan ziren, guztiz sakratu egin ziren arte.
1970. urtean, Montoneros izeneko ezkerreko talde gerrillari batek Aramburu jenerala bahitu zuen, beste hainbat gauzen artean, Evitaren gorpua agertzeko eskatuz. Cabanillasek, orduan, aginduak eman zituen emakumearen gorpuzkiak ekartzeko, baina, aginduak ez ziren garaiz iritsi eta gerrillariek Aramburu hil egin zuten ekainaren 1ean. Urtebete beranduago, 1971an, Lanusse jeneralak, orduan herrialdeko diktadorea zenak, Cabanillasi berari eskatu zion Evitaren gorpua bueltatzeko. Hala, Juan Perónek bere emaztea berreskuratu zuen azkenean Madrilgo erbestean[96].
María Estela Martínez de Perón presidenteak, 1974ko azaroaren 17an, Juan Perón hil eta lau hilabetera, Evitaren gorpua herrialdera ekarri zuen berriro ere. Dena den, Eva, Juan Perón eta Argentinako beste hainbat politikari garrantzitsuren atsedenleku izango zen Aberriaren Aldarea izeneko mausoleo baten proiektua gauzatzen hasi zen unean, beste diktadura militar batek María Estela Martínez presidentetzatik bota zuen. 1976ko martxoaren 24an, azkenik, militarrek Evaren gorpua Duarte familiari bueltatu zioten, eta hauek familiak Buenos Airesko La Recoleta hilerrian duen lur zatian gordetzea erabaki zuten[98]. Gorpua desagertzeko edo kalteak jasateko beldurrez, Evitaren hilkutxa tranpa batzuk babesten omen dute. Marysa Navarro eta Nicholas Fraser biografia idazleen arabera, Evitaren hilobia hain da segurua, ezen eraso nuklear bat ere jasango bailuke: ≪Horrek beldur bat islatzen du, gorpua hilobitik berriro desagertuko den beldurra, eta emakumea, edo emakumearen mitoa, berragertuko den beldurra≫[99].
Eva Perónen ideologia peronismoa edo justizialismoaren barruan sartu ohi da. Mugimendu politiko honek Argentinan du jatorria, eta 40ko hamarkadan sortu zen Juan Perón presidentearen inguruan. Oligarkia lurjabearen eta inperialismoaren aurkako mugimendu gisa eratu zen, eta ideologia abertzale eta populista zuen. Peronismoak armadan eta, batez ere, sindikatu bakarrean bildutako langileen gremioak zituen euskarri: Lanaren Konfederazio Orokorra (CGT). Hain zuzen, langileen egoera hobetzea eta kapitalismotik zein komunismotik bereiz izango zen sistema ekonomikoa ezartzea zuen helburu, demokrazia eta justizia soziala oinarri izanda[100].
Pobreziaren eta argentinarren arteko desberdintasun ekonomikoen aurkako ekintzaile sutsua izan zen Evita[101]. Bere izena zeraman Fundazioaren bitartez, langile eta behartsuen ongizatea bilatu zuen; eta maila altuko herritarren eta aberatsen aurkako hitzek bere hitzaldiak bete zituzten. Gainera, sindikalismoari emandako sostengu eta bultzadak ezinikusi asko sorrarazi zizkion peronismoaren alderdi militar eta klerikalaren artean. Ondorioz, Eva Perón peronismoak hartzen duen esparru zabalaren ezker aldean jarri ohi da. Hala nola, 1970eko hamarkadan jardun zuen eta ezker muturreko peronismoaren ordezkaritzat jotzen den Montoneros gerrilla taldearen aipua ospetsua da[102]: ≪Si Evita viviera sería Montonera≫ (≪Evita bizirik balego, montonera izango litzateke≫).
Bestetik, emakumeen eta gizonen arteko eskubide politiko eta zibilak parekatzea izan zen Eva Perónen ardura nagusietako bat: Emakumeen Alderdi Peronista sortu zuen, eta sufragio unibertsalaren, senar-emazteen berdintasun juridikoaren eta guraso-aginte partekatuaren alde egin zuen lana aipatu ohi da[103].
Eva Perón ez zen edonolako pertsona izan; egiazki, bere bizialdian ez zuen argentinar herritarrik epel utzi[104]. Garai hartako emakumeek esleitua zuten itzalpetik, bigarren mailatik, mututasunetik ihes egin zuen, eta 40ko hamarkadako argentinar gizarteko eragile nagusia bihurtu zen. Kargu politiko ofizialik izan ez zuen arren, peronismoaren buruzagi nabarmenena izan zen, eta mugimenduak Argentinan izan zuen atxikimenduaren arduradun nagusia. Hala, Eva Perónen irudia oso polemikoa izan zen hasieratik, Argentinako gizartean ospetsu egin zen unetik bertatik. Bizi zen garaian, bere aldeko eta kontrako herritarrak peronismoari zioten atxikimenduaren arabera sailka zitezkeen; baina, Evaren heriotzaren ostean, bere pertsonaren inguruko mitoek, irainek eta laudorioek eztabaida politikoaren esparrua gainditu zuten, eta gaur egun bere irudia bera da muturreko suak pizten dituena: aldeko eta kontrako suteak, hau da, gorespena eta gaitzespena. Gainera, herrialdearen mugetatik kanpora ere zabaldu da Eva Perónen itzala, eta horrek bere oihartzuna bizirik mantentzea ekarri du, batik bat, Latinoamerikan[3].
Emakumeak sortzen zituen muturreko grinen erakusgarri dira Eduardo Galeano uruguaiar kazetari eta idazlearen ondorengo lerro ospetsuak[105]:
« | ≪Gora minbizia!≫ idatzi zuen etsai esku batek Buenos Airesko horma batean. Gorroto zuten, gorroto dute biencomidoek: pobre izateagatik, emakume izateagatik, lotsagabea izateagatik. Berak hitz eginez desafio egiten zien eta bizitzen mintzen zituen. Zerbitzari izateko jaioa, edo gehienez jota melodrama merkeetako aktore. Evita zegokion lekutik atera zen. Maite zuten, maite dute malqueridoek; bere ahotik esaten eta madarikatzen zuten. Gainera, Evita maitagarri ilehoria zen, legenduna eta zarpaila besarkatzen, eta etsituei bakea ematen zien maitagarri ilehoria zen, lanpostuak eta koltxoiak oparo ematen zituen etengabeko iturria, zapatak eta josteko makinak, hortzordeak, emazte arreoak. Dohakabeek karitate hauek aldamenetik jasotzen zituzten, ez goitik, nahiz eta Evitak bitxi liluragarriak erakutsi eta uda betean bisoi berokiak eraman. Ez da luxua barkatzen ziotela: ospatzen zioten. Herria ez zen umiliatua sentitzen bere erreginaren jantziengatik, baizik eta mendekua hartua. Evitaren gorpuaren aurrean, krabelin zuriz inguratua herriak negarrez desfilatzen du. Egunak eta egunak, gauak eta gauak, argi-zuzi lerroa: bi aste luzeko ilara. Lukurariek, merkatariek, lurjabeek lasaituta hasperen egiten dute. Evita hilik, Perón presidentea aho gabeko labana da. | » |
—Eduardo Galeano |
Alde batetik, Eva Perónen aldean kokatzen diren herritarrak daude; orokorrean, multzo hau ezkerreko alderdi politikoek[102], egungo alderdi peronistek, maila apaleko argentinarrek, langileek, behartsuek, babesgabeek[101], feministek[103], giza eskubideen aldeko ekintzaileek[106], eta iraultzaileek osatzen dute[107][108].
Ondorengoak dira talde horiek Evitaren irudia goraipatzeko ematen dituzten argudio nagusiak:
Lehenik eta behin, lehen damak Eva Perón Fundazioaren buruzagitzapean egin zuen lan eskerga aipatzen da. Evitak berak sortu zuen elkarteak laguntza sozialetan eginiko ekarpena izugarria izan zen; batez ere, haur, zahar, ama ezkongabe, eta familiaren euskarri bakarra ziren emakumeei zuzendutako laguntzak ematen zituen, argentinar gizartean behar eta babesgabetasun maila handiena zuten taldeak baitziren. Hala, fundazioak ospitale, zahar-etxe eta eskolak eraiki zituen, eskola bekak eta etxebizitza izateko laguntzak banatu zituen, oporretako udalekuak antolatzen zituen, eta emakumearen irudia eta presentzia sustatu zuen arlo desberdinetan. Evitak egunero herritarrak jasotzen zituen, laguntza ematen zien, dirua, babesa, eta irtenbide bat eskaintzen zien. Bere bulegoko ateak zabal-zabalik zeuden goizez eta gauez. Horrela, langabeak laguntzen, babesgabeko emakumeei etorkizun bat eskaintzen, maila apaleko eskaleak musukatzen, eta gaixoak zaintzen zituen lehen dama berritasun handia bihurtu zen Argentinan, eta horrek herritarren mirespena ekarri zuen.
Gainera, Evitak eskubide zibilen alde egindako borroka ere azpimarratzen da; eta oroz gain, emakumeen eta gizonen arteko eskubide politiko eta zibilak parekatzeko lana. Hala nola, Evitaren eragina garrantzitsua izan zen emakumeek botoa emateko eskubidea lortzeko; lehen damak emakumeen sufragioa ahalbidetzen zuen lege proiektua onartzeko egindako presioa horrenbestekoa izan zen, parlamentarien protestak ere eragin zituela. Gainera, legea ezartzeak hautagaien artean emakumeen presentzia bermatzen ez zuela konturatu zen, eta horrek politikan aurrera pauso bat ematera eraman zuen: 1949. urtean, politika munduan itzalpean ibili ziren beste emakume batzuekin batera, Emakumeen Alderdi Peronista sortu zuen. Emakumeek bakarrik osatutako herrialdeko lehen alderdi nagusia izan zen eta Eva Perón, aldiz, lehen presidentea. 1951. urtean, herrialdeko historian aurreneko aldiz, 109 emakume politikari hautatu ziren, guztiak PPFko kideak. Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikoa, sufragioaz gain, senar-emazteen berdintasun juridikoarekin eta guraso-aginte partekatuarekin osatu zen. Aginpide hauek 1949ko Konstituzioan ezarri ziren, Eva Perónek berak idatzi zuen testu baten bitartez. Azkenik, homosexualen alde eginiko lana ere aipatu ohi da. Peronismoak zuzenean neurririk hartu ez zuen arren, homosexualek aurreko hamarkadetan jasandako jazarpena leundu egin zen Perónen agintaldian, eta Evitak berak hainbat homosexualei babesa eta laguntza eman zien; ezagunak dira Miguel de Molina espainiar artistaren eta Paco Jamadreu arropa disenatzailearen kasuak[109][110].
Bestetik, bere bizialdian eta peronismoan zehar langileek euren lan eta bizi baldintzetan lortu zituzten hobekuntzak ere aipatzen dira Evitaren lorpenen artean; besteak beste, hitzarmen kolektiboak, soldata igoerak, erretiro duinak, lan orduen murrizketak, landako langileen estatutua eta langileen antolakuntzari emandako bultzada. Peronismoaren izaeraren eta indarraren ezaugarri nagusia izan zen sindikalismoa, CGTren bitartez antolatu zena. Eta arlo honetan, Evitaren lana eta sostengua ezinbestekoa izan omen zen, sindikalismoaren boterearen euskarri nagusi bihurtzeraino eta peronismoaren aliantzan militarrek zuten aginpidea gutxitzeraino. Lehen damak eskubide sozialen eta laboralen aldeko ikuspegi oso muturrekoa zuen, borrokalaria, sindikatuekin bat egiten zuena, eta horrek hasieratik bertatik elkarren arteko harremana estua, indartsua eta bitxia izatera bultzatu zuen.
Azkenik, Evitaren irudia goraipatzeko arrazoien artean, bere bizimodua aipatzen da; batez ere, heriotza goiztiarra eta jatorri umila. Eva Perón (jaiotza izenez: Eva Ibarguren) ezkongabeko emakume baten alaba zen, Juan Duarte izeneko lurjabearen alaba ez-legitimoa. Egoera horrek asko baldintzatzen zuen haur baten bizimodua XX. mende hasierako Argentinan, eta jakina da kondizio horren eskutik mespretxu ugari jaso izan zituela. Horrek eta argentinar Panpan bizitako haurtzaro eta gaztaro txiroek eragin izugarria izan zuten Evaren bizitzan, beranduago Buenos Airesko oligarkia eta aberatsen aurka neurriak hartzera bultzatuko zutenak. Maila apaleko bizimodu horrek argentinar askoren egunerokoarekin bat egiten zuen. Gainera, ezaugarri honi Evitaren heriotza goiztiarra gehitu behar zaio: emakume gazte, eder eta boteretsu baten heriotza tragikoa. Herritarren bihotzak urratu zituen albisteak eta horrek Evitaren mitoa handitzera eraman zuen.
Muturreko gorespen honen barruan, gaur egun asko dira santu baten moduan gurtzen dutenak; izan ere, Eva Perón hil ondoren, Evitaren mitoak aurrera egiten jarraitu zuen. Bere irudiak zabalkuntza handia izan zuen, batik bat, argentinar gizarteko behartsuenen artean, eta Ama Birjinaren moduan irudikatzen zuten estanpa eta afixa ugari kaleratu ziren. Mirespen eta gurtza horrek asko gogaitu zuen Eliza Katolikoa, batez ere, Pio XII.ak Eva santu izendatzeko 23.000 eskaera jaso zituenean. Gainera, emakumea inguratzen zuen halo sakratuaren itzala are gehiago hedatu zen hurrengo hamarkadetako estatu-kolpe militarrek bere gorpua desagerrarazi eta peronismoari buruzko aipamen oro debekatu zutenean[111].
Julie M. Taylor kultura antropologoak, "Eva Perón: The Myths of a Woman" liburuan, Evitari zaion debozioa azaltzeko argigarriak iruditu zitzaizkion hiru ezaugarri nagusi bereiztu zituen: feminitatea, indar espiritual edota mistikoa, eta iraultza lidergoa. Hiru elementuek bat egiten zuten Eva Perónengan, botere handiko emakume bihurtu zutenak. Ezaugarri hauei laugarren bat ere gehitu zien Taylorrek: heriotza goiztiarra. Hain zuzen, antropologoaren ustetan, heriotzak jendearen irudimenean duen indarra oso ahaltsua da, are gehiago herrialde katolikoetan. Evitaren gorpu baltsamatuak galbideratu ezinak diren hainbat santu katolikorekin analogiak egiteko aukera ematen omen du[112]. Bestetik, Fabienne Rousso-Lenoir artistaren hitzetan: ≪Latinoamerika osoan, beste emakume batek baino ez du lortu Eva Perónek herritarrengan piztu zuen horrebesteko emozio, debozio eta fedea, Guadalupeko Ama Birjinak. Etxe askotan, Evitaren irudia birjinaren irudiaren ondoan jarrita dago≫.
Tomás Eloy Martínez idazlearen hitzak Evaren (eta Che Guevararen) mitoei buruz[113]: Latinoamerikako mitoak diruditenak baino iraunkorragoak dira. Kubatik irten den exodoak, eta Fidel Castroren erregimenaren porrotak eta isolamenduak ere ez dute Che Guevararen mito arrakastatsua higatu; oraindik Latinoamerikako, Afrikako eta Europako milaka gazteren ametsetan dirau. Che eta Evita eraginkorrak dira sinesmenean, jatorrizko esentzia baten sinbolo direlako: mundu hobe baten itxaropena irudikatzen dute. Lurreko txiroen, babesgabeen, behartsuen alde bizitza aldarean sakrifikatu zutenak dira. Mitoak dira, Jesukristo irudikatzen dutenak nolabait. |
Hala ere, bizi zen artean ere, bere kultua gobernutik bertatik zabaldua izan zen: Eva Perónen irudiak jartzen ziren eraikin publikoetan, La Razón de mi Vida liburu autobiografikoa eskoletako derrigorrezko irakurketa bihurtu zen, eta bere izen-abizenak eta jaiotza-datak erabiltzen ziren leku publikoak izendatzeko, besteak beste.
Zenbait pertsonak, ordea, iraultzaile izaera nabarmendu izan dute, eta hainbatetan Che Guevararen irudiarekin lotura sinbolikoa egin izan da, batik bat, gazte hil zirelako. Esate baterako, Tomás Eloy Martínez argentinar idazleak Evita ≪tangoaren errauskine eta Latinoamerikako loti ederra≫ zela esan zuen 1996ko elkarrizketa batean, eta Che Guevararekin batera herrialde askotako ezinbesteko ikur kulturala bihurtu zela[113]. Cristina Fernándezek ere, Argentinako historian lehen aldiz hautatua izan den emakume presidenteak, Eva Perón Argentinako historian fenomeno bakarra izan zela aldarrikatu zuen eta bere belaunaldiko emakumeak berarekin zorretan zeudela pasioaren eta borrokarako grinaren eredu izan zelako. Hain zuzen ere, Eva Perón "Nazioaren Buruzagi Espiritual" titulua jaso duen Argentinako pertsona bakarra da, eta, gainera, Argentinaren Bigarren Mendeurrenaren 2010eko ospakizunetan, Evari "Bigarren Mendeurreneko Emakumea" izeneko omenaldia egin zioten[114].
Lehen dama ohiaren omenez, gainera, estatua, busto eta plaka ugari ezarri dira herrialde osoan. Hala nola, 2011. urtean, Evitaren bi mural erraldoi jarri ziren peronismoaren garaian Lanaren Ministerioa izan zen eraikinaren aurrealdean, Buenos Airesen; artelanak Alejandro Marmok egin zituen. Bestetik, 2012ko uztailaren 26an, heriotzaren hirurogeigarren urteurrenaren omenez, 100 pesoko billeteak Evaren irudiarekin inprimatzen hasi ziren; Argentinako monetan agertzen den lehenengo emakumea bihurtu zen[115].
Azkenik, aipatezkoak dira Eva Peróni buruz kaleratu diren pelikulak, dokumentalak, abestiak, musikalak, antzezlanak, olerkiak eta eleberriak. Ezagunak dira Andrew Lloyd Webber musikariaren "Don't Cry for Me Argentina" ("Ez negarrik egin nigatik Argentina") abestia, nazioartean arrakasta handia izan duena, "Evita" musikala eta musikalean oinarritutako "Evita" filma, María Elena Walsh olerkariaren 1976ko "Eva" poema, eta José María Castiñeira de Dios idazlearen "Volveré y seré millones" ospetsua[116]:
« |
Aunque la muerte me tiene |
» |
Bestalde, Evaren kontra agertzen diren herritarrak ere badaude; hauen artean, maila altuko argentinarrak, aberatsak, kontserbadoreak, talde antiperonistak (eskuindarrak eta komunistak[117]), eta hein handi batean, militarrak[3] eta AEBetako gobernariak[118]. Askorekin ezinikusia elkarrekikoa izan zen, hau da, Eva Perónen kritika nagusi eta sutsuenak, era berean, argentinar oligarkiarentzat[119], maila altuko herritarrentzat eta inperialismo yankiarentzat izan ziren[101][120][121].
Ondorengoak dira talde horiek Evitaren irudia gaitzesteko eman izan dituzten argudio nagusiak:
Hasteko, azpimarratzekoa da bere garaian oso kritikatua izan zela politikan bereganatu zuen garrantzia. 40ko hamarkadako Argentina oso herrialde matxista zen, emakumeen rola etxeko pareta artera mugatzen zena, eta bere presentzia eta iruzkin politikoek gizon eta emakume askoren mespretxua ekarri zuten. Gaitzespena peronismoaren barrutik ere iritsi zen, izan ere, Juan Perónen emaztearen mutur sartzeak begi okerrez ikusten zutenak asko ziren, batik bat, militarren aldean. Gainera, emakumea izateaz gain, maila altuko argentinarrek bere iragana ere erdeinuz ikusten zuten. Eva familia txiro batean jaio zen, landa eremuan, alaba ez-legitimoa zen, eta aktore ibilbideak ere ezinikusi asko sorrarazten zituen, antzezpena ez baitzen lehen dama itxuroso baten lanbide ereduzkoa. Ezaugarri horiei lotuta zurrumurru asko zabaldu ziren Buenos Airesen: ama Juníngo burdel baten jabe zela esan zen, baita hiriburura iristean Evak berak prostituzioari esker bizirautea lortu zuela ere. Horrez gain, lanpostuak eta boterea lortzeko gizonak limurtu, manipulatu eta erabili izana leporatu izan zaio Evari, egotzi nahi izan zaion muturreko anbizioaren erakusgarri[121]. Akusazio hauek guztiak inoiz frogatuak izan ez diren arren, garaiko argentinar askoren gorrotoa piztu zuten; aipagarria da lehen dama hiltzerakoan hiriburuan agertu ziren ¡Viva el cáncer! (Gora minbizia!) pintadak[105][108].
Eva Perónek jaso duen beste salaketa garrantzitsu bat faltsukeria izan da; hala, zenbait adituk bere irudia peronismoak eraiki zuen obratzat jo izan dute. Juan Perónek jende masaren sostengua lortzeko pertsonaia baten beharra izan zuen, eta Eva Perónek paper hori baino ez omen zuen jokatu, hau da, argentinarren eta gobernarien arteko zubia, erregimenaren aurpegi polita. Populismoaren bitartez, eta itxurakerien bitartez, Juan Perón boteregunean mantendu nahi izan zen, alegia, politikagintzan goraino bultzatuko zuen herritarren babesa lortu nahi izan zen. Zeregin horretan Eva Perón Fundazioak ere lan handia egin zuen, lehen damaren irudia santu baten mailara goratu zuena. Askoren ustez, elkarteak jasotzen zuen gobernuaren diru-laguntza guztiaren helburu bakarra Juan Perónen emaztearen irudia indartzea zen, eta, hala, peronismoaren eta presidentearen beraren lana eta politikak babestea. Bestalde, Juan Perón eta Evaren arteko maitasun harremana ere faltsua izan omen zela esan izan da, biek euren irudiak hobetzeko eta euren anbizioei aurrera egiten laguntzeko batasuna onuragarria baitzitzaien. Beste teoria batzuek, aldiz, Eva Perón ez zela peronismoaren txotxongiloa defendatu izan dute, baizik eta bera zela itzalpean bere nahien arabera hariak mugitzen zituen eragilea. Azken teoria horren alde Eva Perónen izaera menderatzailea, apetatsua, autoritarioa eta zakarra zela azpimarratu izan dute, gaizki hezitako emakumea zela, eta horrek mugimendu guztiak bere baimen zuzena izatera eraman zutela. Gainera, Fundazioak jasotzen zuen dirua desbideratu eta harribitxi, arropa eta osagarrietan dirutza xahutu izana egotzi diote[12].
Bestetik, peronismoari egotzi izan zaizkion gaitz guztiek ere zeharka zipriztindu dute Eva Perónen irudia. Peronismoa faxismotzat jo izan dute zenbaitek, Latinoamerikako nazionalsozialismotzat, diktadura ezkututzat, antisemitatzat eta populistatzat[122]. Peronismoaren garaian, gobernuaren aurkari asko espetxeratuak izan ziren, erbesteratuak eta zapalduak; oposizioa gertutik estutu zuen gobernuak, hedabideak kontrolatu zituen, eta mendeku asko burutu zituen. Eva bera ere aktore ibilbidean bildutako etsaiei bere ordaina emateaz salatu izan dute; Libertad Lamarqueren kasua aipatu ohi da, nahiz eta antzezle honek salaketa hauek guztiak gezurtatu izan zituen. Jakina da Juan Perónek Benito Mussolini faxista goresten zuela, baita peronismoak Argentinak Bigarren Mundu Gerran parte hartzeari uko egin ziola ere, AEBen gaitzespena ekarri zuen erabakia. Gainera, Eva Perónek Europara 1947an egin zuen bidaiak zeresan ugari eman zuen; alde batetik, Francisco Franco diktadorearekin izan zuen enkontrua larritzat jo zuten herrialde askok; eta, bestetik, Vatikano Hiriko eta Suitzako egonaldiek ezkutuko helburu bat izan ez ote zuten esan izan da[121]. Izan ere, Perónen gobernuari ihesean zebiltzan buruzagi nazi askori isilean Argentinara eramatea egotzi izan diote zenbait ikerlarik; batik bat, Rodolfo Freuden irudia aipatu ohi da, Informazio Dibisioen buruzagia eta ODESSA operazioa Argentinan garatzeaz arduratu omen zen gizona[123][124].
Azkenik, peronismoak izan zuen kutunkeria ere leporatu izan zaio Eva Peróni, eta bere familia, anai-arrebak, koinatuak postu esanguratsuetan jartzeaz salatu izan dute[12].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.