El Sotillo trikuharria
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
El Sotillo Lezan dagoen trikuharri bat da, Arabako Errioxan, Guardia udalerriarekin mugan. Bere inguruko beste trikuharri batzuk bezala, Neolitoaren amaieran edo kalkolitikoan hasieran eraiki zen[1][2]. Arabar Errioxako estazio megalitikoaren parte da[3]. Bertan aurkitutako gorpuek hainbat emaitza eskaini dituzte, antzinako genetikaren esparruan.
El Sotillo trikuharria | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Leza |
Koordenatuak | 42°34′25″N 2°37′19″W |
Arkitektura | |
Dimentsioak | tumulu: 18 () m gela: 3,3 () m korridore: 1,3 () × 0,6 () m |
Korridore motako hilobi megalitikoa da. Hilobi-ganbera obalatua da (3,30 m x 2,90 m), eta bederatzi lauza ditu, horietako bat 2,29 metroko garaierarekin. Korridorea (0,60 m zabal, 1,30 m garai) bost lauzak mugatzen dute. Monumentuaren inguruan lurrez eta harri txikiz egindako tumulua ikusten da, 18 bat metroko diametroa duena. Bertara iristeko pistak tumuluaren beraren zati bat mozten du[1].
Datazioa zaila da, zaintzarako onddoen aurkako produktu bat bota baizitzaion, ezinezko egiten duena eraikuntza data zehatza lortzea[3]. Hala ere, gertu dagoen San Martin trikuharria datatzea posible izan zen karbono-14aren bidez, eta orain dela 4800 urte inguru eraiki zela ondorioztatu zuten[4]. El Sotillon lurperatutako lehen hezurrak orain dela 5110-4940 urtekoak direla kalkulatu da[3].
Hilobian hainbat tresna aurkitu dira, horien artean sei gezi punta. Bertan 13 pertsona hilobiratu zituzten, horietatik 11 heldu (5 emakume eta 6 gizon), gazte bat eta haur bat[5]. Guztietan goiko baraila lortu zen[3].
Gorpu hauen datazioak eraikuntza baino bostehun urte beranduago, gutxienez, hil zirela erakusten du, eta hezur gehienek datazio ezberdina eman dute, guztiak Brontze Aroan[3]. Baliteke azken lurperatzea K. a. 900 inguruan izatea[3], baina dataren gaineko ziurgabetasun handia dago[4]. Hilobiratzeen artean dagoen denbora-tartea azaltzeko, inguruaren despopulazioa proposatu da[4].
Hilobiratuetako bat Yamnaya kulturako kidea zen, analisi genetikoaren arabera[6]. Beste azterketa genetiko baten arabera, bi kide H3 mtDNA haplotaldekoak dira eta hirugarrena X2b haplotaldekoa. H3 haplotaldea oso ohikoa da euskaldunen artean[7]; X2 haplotaldea, bestalde, Ekialde Hurbilean sortu zen eta hortik hedatu zen leku askotara[8]. Y kromosoma aztertuta lehenengoa I haplotaldekoa izango litzateke eta gainontzeko biak I2a2a haplotaldekoak[9], batez ere Eskandinavian eta Kroazian oso ohikoa den haplotaldea, eta gravettiar kulturaren hedapenarekin lotu dena[10].
Hildako baten ikerketa genetikoaren ondorioz ikusi da arkakusoetara guztiz moldatutako Yersinia pestisen ondorioz hil zela, hau da, izurri bubonikoarekin[11][12].
2011ko uztailaren 26ko, 183/2011 dekretuan, Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriak monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa sailkatu ziren[13]. Kalifikazioa "Monumentu multzoa" du eta Babes maila, "kalifikatua".
Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzoa hemen daude: Arabako Lautadan, Arabako Errioxan gehienbat, Lantaronen eta Kuartangon. Egitura, kronologia eta material aldetik Iberiar Penintsulako mesetako antzeko beste batzuekin izan dezake loturarik. Monumentu-multzoan sartzen diren trikuharriak hauek dira: Sorginaren Txabola eta El Encinal (Elvillar); Lazaya, San Martin, Alto de la Huesera eta Los Llanos (Guardia); El Sotillo (Leza/Guardia); La Mina eta La Lastra (Lantaron); Sorginetxe (Agurain); Aizkomendi (Donemiliaga); San Sebastian Hegoa, San Sebastian Iparra, Gurpide Hegoa eta Gurpide Iparra (Kuartango) eta El Montecillo (Villabuena Araba).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.