From Wikipedia, the free encyclopedia
Cyd Charisse (jaiotza-izena: Tula Ellice Finklea) (Amarillo, Texas, 1922ko martxoaren 8a - Los Angeles, Kalifornia, 2008ko ekainaren 17a) estatubatuar dantzaria eta aktorea izan zen. 1950eko hamarkadako zinema musikalean. ospea irabazi zuen akatsik gabeko teknikagatik eta bere begirada xarmant eta sentsualagatik.[1]
Cyd Charisse | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Tula Ellice Finklea |
Jaiotza | Amarillo (Texas), 1922ko martxoaren 8a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Los Angeles, 2008ko ekainaren 17a (86 urte) (86 urte) |
Hobiratze lekua | Hillside Memorial Park (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Tony Martin (1948 - 2008) |
Familia | |
Hezkuntza | |
Heziketa | Hollywood Professional School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, ballet dantzaria, antzerki aktorea, telebista-aktorea eta zinema aktorea |
Lantokia(k) | Ameriketako Estatu Batuak |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa |
|
Betidanik deitu izan zioten Cyd ezizenez, Sister (ahizpa) hitzetik sortua. Hala ere, antzezpean karrera egiteko gaztetan Hollywoodera joan zenean, erabili zuen lehen izena Lily Norwood izan zen.[2] Felia Sidorova izenez ere jardun zuen dantza munduan.[3] Charisse deitura, lehen senarrarengandik jaso zuen, eta harrezkero horrela ezaguna izan zen, baita dibortziatu ondoren berriz ezkondutakoan ere.
Dantza Nico Charisse koreografoaren zuzendaritzapean ikasi zuen. 1939an harekin ezkondu zen. 1947an dibortziatu eta urtebete geroago, Tony Martin abeslariarekin ezkondu zen eta 60 urte egon ziren elkarrekin. Hamalau urte zituela Montecarloko Errusiar Balleteko dantzaria izan zen. Charisse kasualitatez iritsi zen dantzaren eta ikuskizunaren mundura.[4]
Zinean debutatu zuen Something to shout about (1943) filmarekin, Gregory Ratoffek zuzendua. Hain zuzen ere Ratoffek ezagutu zuen David Lichine koreografoaren bidez ezagutu zuen. II. Mundu Gerra zen, eta Sergei Diagilevekin dantza-ikuskizunetan zebilen urte haietan soldaduen arteko birak egiten (propaganda eta sustapen ekintza gisa), handik ezagutu zuen Lichinek, eta berarengandik Ratoffengana iritsi zen.[5]
Ondoren etorri ziren Mission to Moscow (1943) eta The Harvey Girls (1946), 2. eta 3. filmak.[2]
Charissek betikotu zituen Brigadoon (1954), eta Fred Astairerekin dantzaldi gogoangarriak egin zituen All of You eta Fated to be Mated filmetan, baita bakarkakoak It’s a Chemical Reaction eta Silk Stockings-en (hau izan zen bere azken musikala MGM-rekin, Ernst Lubitschen Ninotchka-ren remake bat).
Musikal estatubatuarren izar eztabaidaezinetako bat da. Zine musikalaren bilakaeran estilo guztiz moderno batekin ekarpena egin bazuen ere, dantzari formazio klasikoak pisua zuen bere dantzakeran. Garaiko konparazioetan, Marlene Dietrichenak bezain mitikotzat jotzen zituzten bere zangoak, eta bere edertasun beltzaraba Ava Gardner gogorarazten zuen. Hala ere, Metrok ikusi zuen beregan edertasun latinoaren prototipo arrazializatu bat, eta sarri mexikar bihurtu zuten, Hego Amerikako zirkuituan arrakasta komertziala lortzeko gai ziren hainbat filmatan. II. Mundu Gerrak Europako merkatua itxi zuela ikusita, gerraoste horretako urteetan Hollywoodek herrialde latinoetara bideratu zituen begiak ustiapen komertzialaren bide nagusi gisa, eta kontinente horretan garatutako istorioekin osatutako zinema-ziklo bati hasiera eman zion, amerikar gustura deformatutako topiko faltsuz beteta.[6]
Dantzarako gaitasun hori aseguru etxe batek ere babestu zuen, estudioarentzako 5 milioi dolarreko asegurua eginez 1952an (konparaziorako Ginger Rogersen asegurua milioi bakarrekoa zen).[2]
Bereziki gogoratzen da Charisse Euripean Abestuz filmean (1952) Gene Kellyren bikote dantzaria izanagatik. Pelikula honetan zazpi minutu inguruko eszena bakarrarekin, publikoa eta industria liluratu zituen, eta Debbie Reynolds ustezko aktore nagusia, filmaren protagonista, bigarren plano batean geratu zen. Kellyrekin egindako dantzaldiaren erotismo sofistikatua erreferente izaten jarraitu du zinema musikalaren historian.[6] Charisse zigarro bat sentsualitatez erretzen ere agertzen da eszena horretan dantzan ari dela, eta ez zenez erretzailea, kostatu zitzaion hura ondo egitea, aitortu zuenez.[3]
Une horretatik aurrera, Charisseren ibilbidea geldiezina izan zen, generoaren urrezko garaiko azken titulu garrantzitsuetan parte hartuz.
Hala ere, Gene Kellyk filmaketa hartan gaizki tratatu izan zuela Charisse idatzi izan da.[2][7] Kellyk obsesiboa dantza eszenen alde fisikoan, eta Cyd Charisse entsegu eta eszenetatik ubelduekin irteten zen sarri. Lana Turner eta Esther Williams bezalako izarrek ere baieztatu zuten Kellyren lan egiteko era abusatzaile hori.[8]
1950eko hamarkadaren amaieran Hollywoodeko musikalen moda pasatu ondoren, Charissek dantza utzi zuen, baina zinema eta telebistako rol batzuk antzeztu zituen 1960 eta 1990 artean. [9][10] Horien artean bereziki gogoratzen da Something’s Gotta Give, non Marilyn Monroe eta Dean Martin izan zituen ondoan.
Zinema beltzaren parametroetan ere bikain jardun zuen, esate baterako "Party Girl" (1958) filmean, Robert Taylor heldu batekin batera eta Vincente Minnellik zuzendua "Two Weeks in Another Town" (1962) filmean.
Geroago, ondoriorik gabeko film sorta batean parte hartu ondoren, bere karrera utzi zuen ziur berea bezalako figura batek lekurik ez zuela panorama zinematografiko eraldatuan, non musikalen magia xaloa desagertua zela zirudien.
1989an Broadwayn egin zuen debuta Grand Hotel-en bertsio musikalean Elizaveta Grushinskaya dantzari beteranparen rolean.
Neska gaixo bat zen, eta sei urterekin dantza eskolak hartzen hasi zen poliomielitis baten ostean indarrak sendotzeko. 12 urterekin Los Angelesen balleta ikasi zuen Adolph Bolm eta Bronislava Nijinskarekin. 14 urterekin, Ballet Russe de Monte-Carlo konpainiarekin audizio bat egin eta bi rol lortu ziten "Felia Siderova" lehenik eta gero " Maria Istomina".[11]
Europako bira batean, Nico Charisserekin elkartu zen berriro, Los Angelesen denbora batez elkarrekin dantzari jardun zuen gazte bat Nico. 1939an Parisen ezkondu ziren eta seme bat izan zuten, Nicky. Gaztaroko ezkontza batek eman zion Charisse deitura, eta dibortzioa 1947an egin zuten arren, izen horri eutsi zion, Metro Goldwyn Meyerrekin lehen kontratua horrela sinatu zuenetik.[12] Dibortziatu ondoren Howard Hughes aberatsarekin afera izan zuela zabaldu zen.[3]
1948an Tony Martin abeslariarekin ezkondu zen eta 60 urtez egon ziren elkarrekin harrezkero.[2] Seme bat izan zuten, Tony Martin Jr.
1976an, Charissek eta bere senarrak Dick Kleiner idazlearekin batera egindako oroitzapen liburua idatzi zuten The Two of Us izenekoa; kritikari batzuen arabera asmakizun eta okerrez betea.[3]
Laurogei urte zituela, Charissek noizean behin agerraldi publikoak egin zituen eta maiz agertu zen Hollywoodeko urrezko aroa nabarmentzen zuten dokumentaletan. Nagusitan halaber The Love Boat telesailean ere agertu zen.[13]
1990ean, Debbie Reynolds eta Angela Lansbury MGM-ko lankideek egindako antzeko mugimenduak jarraituz, Charissek gimnasiako ariketa-bideoa ekoitzi zuen, Easy Energy Shape Up izenekoa eta adineko pertsona aktiboei zuzenduta.
2006. urtean, AEBetako Arteen Domina Nazionala eman zioten Etxe Zurian, domina zibil inportanteenetakoa herrialde hartan. George W. Bush presidenteak ezarri zion.[14]
Bihotzeko infartu batek jota hil zen.[10][15]
Charisse kristau protestante metodista praktikantea zen, baina senarraren erlijio judua zela eta Hillside Memorial Park Cemetery hilerri juduan lurperatu zuten, Culver Cityn (Kalifornia), hileta metodista baten ondoren.[16]
Oinarri on bat izatea garrantzitsua da edozertarako, eta baletak oinarri oso osoa ematen dio dantzariari. Beraz, niretzat oso erraza izan zen beste dantza estilo batzuetara pasatzea. (Cyd Charisse)[19]