Nafarroa Garaiko errugbi kluba From Wikipedia, the free encyclopedia
BRT Menditarrak Nafarroa Garaiko errugbi kluba da, Baztango eta Ultzamaldeko jokalariz osaturik dagoena. 1978an sortu zen, Baztan Rugby Taldea izenarekin,[1] eta 1978-79ko denboraldian egin zuen debuta Gipuzkoako Ligan.[2] Etxeko partidak Lekarozko ikastetxeko errugbi zelaian jokatu ohi ditu.
Izen osoa | BRT Menditarrak Rugby Taldea | ||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hiria | Lekaroz, Baztan Nafarroa, Euskal Herria | ||||||||||||||||
Sorrera | 1978an sortua 2001ean birsortua | ||||||||||||||||
Kirol zelaia | Lekarozko ikastetxea | ||||||||||||||||
Liga | Euskal Maila | ||||||||||||||||
2023-24 | 4.a | ||||||||||||||||
Webgunea | www.baztanrt.com | ||||||||||||||||
|
Baztan Rugby Taldea 1978an sortu zen. Bultzatzaile nagusia Xabier Soubelet izan zen, errugbian aritu nahi zuten baztandar gazte batzuk elkartu zituena. Lehenbiziko partida Oronoz-Mugairiko San Martin eskolako zelaian jokatu zuten, Donibane Lohizuneko institutoko ikasle talde baten kontra; neurketa aise galdu arren, hirugarren denbora gogoangarria izan omen zen. Hurrengo bi partidetan, Atlético San Sebastián eta Zarautz taldeetako beteranoen aurka lehiatu ziren.[3][1]
1978-79 denboraldian, Gipuzkoako Ligan jokatu zuen; izan ere, garai hartan BRT eta CRUN ziren Nafarroa Garaiko errugbi talde bakarrak.[2] Jokalariek atorra berdea, galtza zuriak eta galtzerdi gorriak jazten zituzten eta, besterik ezean, Hernaniko Landare-Tokira joan behar izaten zuten etxeko partidak jokatzera. Lander Santamaria izan zen lehenbiziko presidentea, Xabier Soubelet entrenatzailea eta Rafa Olaizola kapitaina.[1] Baina, 1979-80 denboraldian berriz ere Gipuzkoako Ligan aritu ondoren,[4] taldea desegin zen.
Zazpi urteko itzalaldiaren ondoan, 1987an berpiztu zen Baztan Rugby Taldea. 1987-88an, denboraldi txukuna egin zuen Nafarroako Ligan, eta hirugarren postuan amaitu.[5] Urte haietan, Lino Plazaren ahaleginari esker, bai C.D. Arquitecturak, Espainiako txapeldunak, bai Espainiako errugbi selekzioak prestakuntza egonaldiak egin zituzten Gartzaingo Hotel Baztanen, eta baztandarrek punta-puntako talde horien aurka jokatzeko parada izan zuten.[6][7][oh 1]
Bigarren aldi hartan, BRTk Oronozko San Martin ikastetxeko zelaian jokatzen zituen etxeko partidak, 1991n Lekarozko ikastetxekora aldatu zen arte.[8] Gorabehera batzuk izan bazituen ere, kluba egonkortuz joan zen, eta Nafarroako azpitxapeldun atera zen 1989an[9] eta 1995ean.[10] Handik aitzina, ordea, jokalari eskasia izan zuen, eta 1997an desagertu zen.[11]
Lau urte geroago, 2001ean, berriz ere taldea osatzea lortu zuten. Baztandarrekin batera, Ultzamaldeko, Bertizaranako, Malerrekako eta Bortziriko errugbizaleak elkartu ziren, eta Ipar Euskal Herriko trebatzaile eta jokalari batzuen laguntza ere izan zuten. Lagun talde horren xedea, errugbian aritzeaz gain, eskualdeko haur eta gazteei kirol alternatiba bat eskaintzea zen: errugbia eta herri kirola. Baliabide handirik gabe, dena auzolanean eginez, aitzina egitea lortu zuten.[11][8]
2003-04 denboraldian, Nafarroako Liga irabazi ondoren, Lehenengo Nazionalera igo zen.[12] Gastuei aurre ahal izateko, Larraintzarko pilotalekuko gaupasa antolatzen hasi zen, eskualdeko gazteen artean arrakasta handia bildu zuena.[13] 2005ean, Lehenengo Nazionaleko C multzoko bigarren postuan geratu zen eta, ondorioz, Ohorezko B mailara igotzeko fasea jokatu zuen; lehenbiziko kanporaketan C.R. Sant Cugat talde indartsua egokitu zitzaion, eta kataluniarrak gailendu ziren.[oh 2][14]
Ondorengo urteak oparoak izan ziren, talde bat Lehenengo Nazionalean aritzeaz gain, bigarren taldeak Nafarroako Ligan (eta Euskal Ligan 2011tik aurrera) parte hartzen baitzuen. 2012an, Baztan Kirol Elkarteko errugbi sekzioa izatetik Menditarrak-BRT Rugby Taldea izatera igaro zen, Baztanen egoitza izanik baina Nafarroa mendialdeko kirolari ugarirekin.[8] Kirola haur eta gazteei hurbiltzeko asmoz, klubak eskolak eratu zituen Lekarozen eta Larraintzarren. Jokalari falta zela eta, ezin izan zitzaion eutsi senior mailako nesken taldeari; hala ere, aipagarria da Agurtzane Obregozo eta Saioa Jaurena baztandarrak Espainiako selekzioan aritu zirela.[15]
2013-14ko denboraldian, aurrekontu arazoak zirela-eta, uko egin zion maila nazionalean aritzeari eta Euskal Ligan parte hartu zuen;[16] eta baita txapelketa irabazi ere.[17] 2010eko hamarkadaren amaieran taldearen etorkizuna kolokan egon zen jokalari eskasiagatik, eta 2018-19 denboraldian Euskal Ligako bigarren mailara jaitsi zen. COVID-19 pandemiak ere estualdian jarri zuen kluba,[11] baina 2021-22koan indarberriturik itzuli zen, eta bigarren mailako txapela eskuratu.[18]
Denboraldia | Liga[oh 3] | Postua |
---|---|---|
2010-11 | Lehenengo Nazionala | B multzoko 7.a[20] |
2011-12 | Lehenengo Nazionala | B multzoko 6.a[21] |
2012-13 | Lehenengo Nazionala | 1 multzoko 4.a[22] |
2013-14 | Euskal Liga (A multzoa) | 1.a[17] |
2014-15 | Euskal Liga (A multzoa) | 5.a |
2015-16 | Euskal Liga (1. maila) | 4.a |
2016-17 | Euskal Liga (1. maila) | 6.a |
2017-18 | Euskal Liga (1. maila) | 9.a |
2018-19 | Euskal Liga (1. maila) | 9.a |
2019-20 | Euskal Liga (2. maila) | B multzoko 2.a |
2020-21 | - | - |
2021-22 | Euskal Liga (2. maila) | 1.a |
2022-23 | Euskal Liga (1. maila) | 8.a (B multzoko 2.a) |
2023-24 | Euskal Liga (1. maila) | 4.a |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.