From Wikipedia, the free encyclopedia
Alan Mathison Turing (Paddington, Londres, Ingalaterra, 1912ko ekainaren 23a – ib., 1954ko ekainaren 7a) matematikaria, kriptografo eta filosofo eta biologo teorikoa izan zen[1]. Informatika modernoaren gurasotzat hartzen da, algoritmo eta konputazio kontzeptuen formalizazioa eman baitzuen Turing makinarekin, erabilera orokorreko ordenagailu baten eredutzat har daitekeena[2][3][4]. Turing informatika teorikoaren aitatzat hartzen da[5].
Alan Turing | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizitza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jaiotzako izen-deiturak | Alan Mathison Turing | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jaiotza | Maida Vale (en) eta Warrington Lodge (en) , 1912ko ekainaren 23a | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Herrialdea | Erresuma Batua | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Bizilekua | Maida Vale (en) Guildford | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Lehen hizkuntza | ingelesa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Heriotza | Wilmslow, 1954ko ekainaren 7a (41 urte) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hobiratze lekua | Woking Crematorium (en) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Heriotza modua | suizidioa: zianuroagatiko intoxikazioa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Familia | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Aita | Julius Mathison Turing | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Ama | Ethel Sara Stoney | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Heziketa | Hazlehurst Community Primary School (en) 1926) Sherborne School (en) (1926 - 1931) King's College (en) (1931 - 1934) Princetongo Unibertsitatea (1937 - 1938) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Tesia | Systems of Logic Based on Ordinals (en) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Tesi zuzendaria | Alonzo Church | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Doktorego ikaslea(k) | Robin Gandy (en) Beatrice Helen Worsley | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hizkuntzak | ingelesa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Irakaslea(k) | Alonzo Church | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Ikaslea(k) | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | informatikaria, kriptografoa, matematikaria, unibertsitateko irakaslea, logikaria, estatistikaria, maratoilaria eta artificial intelligence researcher (en) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Enplegatzailea(k) | Cambridgeko Unibertsitatea (1934 - 1937) Government Communications Headquarters (1938 - 1945) National Physical Laboratory (United Kingdom) (en) (1945 - 1947) Victoria University of Manchester (en) (1948ko martxoa - 1952) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Influentziak | Max Newman (en) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Kidetza | Royal Society | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Erlijioa | ateismoa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
turingarchive.org | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Londresen jaioa, Turing Ingalaterrako hegoaldean hazi zen. Cambridgeko King's College-n lizentziatu zen, eta, 1938an, Princetongo Unibertsitatean, doktore titulua lortu zuen. Bigarren Mundu Gerran, Turingek Government Code and Cypher School-en egin zuen lan, Bletchley Parkean, Ultra adimena ekoitzi zuen Britainia Handiko Kriptoanalisi zentroan. Alemaniako itsas kriptoanalisiaren ardura zuen Hut 8 zuzendu zuen. Turingek Alemaniako kodeen deszifratzea azkartzeko teknikak asmatu zituen, gerra aurreko poloniar bonba metodoaren hobekuntzak barne, Enigma makinarentzat ezarpenak aurki zitzakeen makina elektromekanikoa. Funtsezko papera izan zuen bidean atzemandako mezuak deszifratzen; horiek, aliatuei, Ardatzako potentziak hainbat borroketan garaitzeko aukera eman zien, hala nola Atlantikoko guduan.[6][7].
Gerra ostean, Turingek Fisika Laborategi Nazionalean lan egin zuen, eta han konputazio motor automatikoa diseinatu zuen biltegiratze-programa zuen ordenagailu baten lehen diseinuetako bat. 1948an, Turing Max Newman-en makina informatikoen laborategian sartu zen, Manchesterreko Victoria Unibertsitatean, eta, bertan, Manchesterreko ordenagailuak garatzen lagundu[8], eta biologia matematikoan interesatu zen. Turingek morfogenesiaren oinarri kimikoari buruz idatzi zuen[9][10], eta erreakzio kimiko oszilatzaileak iragarri zituen, hala nola Belousov-Zhabotinsky erreakzioa, lehen aldiz 1960ko hamarkadan behatutakoa. Emaitza horiek lortu arren, bere bizitzan ez zen inoiz guztiz aintzat hartua izan bere lanaren zati handi bat Sekretu Ofizialen Legearen mende zegoelako[11]
1952an, Turing ekintza homosexualengatik epaitu zuten. Espetxea saihesteko, kastrazio kimiko deritzon prozedura onartu zuen (hormona-tratamendua), Turing 1954ko ekainaren 7an hil zen zianuroz pozoituta, 41 urte zituela. Azterketa batek erabaki zuen heriotza suizidioa izan zela, baina ustekabeko pozoitze izan zitekeela adierazten duten frogak ere badaude[12]. 2009an, kanpaina baten ostean, Gordon Brown britainiar lehen ministroak barkamen publiko ofiziala eskatu zuen «[Turing] tratatzeko modu ikaragarriagatik». Isabel II.a erreginak indultua eman zion 2013an. Erresuma Batuan, «Alan Turing legea» terminoa informalki erabiltzen da 2017ko lege bati, zeinak atzeraeraginezko indultua eman zien homosexualen ekintzak legez kanpo uzten zituen legedi historikoaren arabera larderiatutako edo zigortutako gizonei[13].
Turingek matematika eta informatikan ondare zabala utzi zuen; gaur egun aitortza handiagoa du bere izena daramaten estatuekin eta zenbait gauzekin, informatika-berrikuntzaren urteko saria barne. Bere erretratua Ingalaterrako Bankuko 50 £-ko diru-paperetan agertzen da, lehen aldiz 2021eko ekainaren 23an kaleratu zena, bere urtebetetzearekin batera. 2019an, BBCren serie batean ikusleek Turing bozkatu zuten XX. mendeko pertsonarik handientzat.
Turing 1912an jaio zen Londresen. Bere aita, Julius Mathison Turing, Britainiar Inperioaren Indiako Zerbitzu Zibilean ari zen lanean, baina Alanen gurasoek Britania Handian jaiotzea nahi zuten, eta, beraz, lan utzialdia eskatuta, Londresko Paddington auzora itzuli ziren, eta bertan jaio zen Alan. Aitak, ordea, bere lanpostuan jarraitu behar zuen; horregatik, bere gurasoek, askotan, Indiara eta Britania Handira bidaiatu behar zuten. Beraz, lagun ingeles batzuekin utzi behar izan zituzten Alan eta bere anaia. Diotenez, oso azkarra omen zen, bakarrik ikasi zuela irakurtzen, 3 astetan eta interes handia erakusten zuela zenbakiekin.
Eskolan hasi zenean, haren jakinduria oso handia zela ikusten zuten irakasleek. 16 urterekin, Albert Einsteinen lanen berri izan zuen; arreta handia jarri, eta oso ongi ulertu zituen, eta, ez bakarrik hori, gainera, kritika ugari egin zituen.
Unibertsitate ikasketak Cambridgeko Trinity College ospetsuan egin nahi izan zituen, baina ez zuen lortu hara joateko beka, eta King's Collegen egin behar izan zituen matematika-ikasketak. 1935ean graduatu zen. 1937an eta 1938an, Ameriketako Estatu Batuetako Princetongo Unibertsitatean jardun zuen ikerketan.
1938ko irailez geroztik, Turing lanean hasi zen Britainia Handiko kode-apurketa erakundearentzat denbora partzialeko aholkulari moduan, eta Bigarren Mundu Gerran, alemaniarrek erabilitako kodeak deszifratzen aritu zen lanean.
Sherbornen, Turingek adiskidetasun handia hartu zuen Christopher Collan Morcom ikasketa-lagunarekin (1911ko uztailaren 13a - 1930eko otsailaren 13a)[14], Turingen lehen maitaletzat hartu izan dena[15][16][17]. Haien arteko harremana inspirazioa izan zen Turingen etorkizuneko ahaleginetarako, baina, 1930eko otsailean, Morcomen heriotzak moztu zuen, urte batzuk lehenago infektatutako behi-esnea edan ondoren hartutako behien tuberkulosiaren konplikazioengatik[18][19][20].
Gertaerak pena handia eragin zion Turingi. Bere atsekabeari, aurre egin zion Morcomekin partekatu zituen zientzia eta matematika gaietan askoz gehiago lan eginez. Morcomen amari, Frances Isobel Morcom-i (jaiotzez Swan), Turingek idatzi zuen:
« | Ziur nago ezingo nukeela inon aurkitu hain distiratsu zen beste lagunik, eta, hala ere, xarmagarri eta apala. Nire lanarekiko interesa eta astronomia gisako gauzak (hark irakatsi zizkidanak) harekin partekatu beharreko zerbaitzat hartzen nuen, eta uste dut hark ere apur bat berdin sentitzen zuela nirekiko... Badakit bera bizirik balego bezainbesteko interesa, ez bada hainbeste energia, jarri behar dudala nire lanean, zeren horixe baita nik egitea gustatuko litzaiokeena[21]. | » |
Turingek Morcomen amarekin zuen harremanak Morcom hil eta gero luze jarraitu zuen; hark Turingi opariak bidaltzen zizkion, eta Tourinek gutunak bidaliz, normalean, Morcomen urtebetetze egunean[22]. Morcomen heriotzaren hirugarren urteurrena bete baino egun bat lehenago (1933ko otsailaren 13a), Morcom andreari idatzi zion:
« | Hau zuregana iristen denean Chrisengan pentsatzen egongo zarela espero dut. Ni ere hala egongo naiz, eta gutun hau bihar Chrisengan eta zugan pentsatuko dudala esateko baino ez da. Ziur nago hemen zegoenean bezain pozik dagoela orain ere. Zure Alan maitagarria[23] | » |
Batzuek espekulatu izan dute Morcomen heriotza Turingen ateismoaren eta materialismoaren kausa izan zela[24]. Antza denez, bere bizitzako une horretan, oraindik ere sinesten zuen gorputzetik independentea eta heriotza gainditzen duen espiritu gisako kontzeptuetan. Geroagoko gutun batean, Morcomen amari ere idatzia, Turingek idatzi zuen:
« | Nik neuk uste dut espiritua benetan betirako lotuta dagoela materiarekin, baina, zalantzarik gabe, ez gorputz-mota berarekin... espirituaren eta gorputzaren arteko benetako loturari dagokionez; uste dut gorputzak «espiritu» bat eutsi dezakeela, gorputzak bizirik eta esna dagoen bitartean, biak irmo lotuta baitaude. Ezin dut asmatzen zer gertatzen den gorputza lo dagoenean, baina, gorputza hiltzen denean, gorputzaren mekanismoa, izpiritua eusten duena, desagertu egiten da, eta espirituak gorputz berri bat aurkitzen du lehenago edo beranduago, agian berehala[25][26] | » |
Turing Cambridgera itzuli zenean, 1939an, Ludwig Wittgensteinek matematikaren oinarriei buruz emandako hitzaldietara joan zen[27]. Hitzaldiak hitzez hitz berreraiki dira, Turingen eta beste ikasle batzuen interjekzioak barne, ikasleen oharretatik abiatuta[28]. Turingek eta Wittgensteinek argudiatu zuten, eta ez zeuden ados; Turingek formalismoa defendatu zuen, eta Wittgensteinek, bere ikuspegia proposatuz, matematikak ez duela egia absoluturik aurkitzen, asmatzen baizik[29].
Bigarren Mundu Gerran, beharrezkoa izan zen haren laguntza nazien sekretuak deszifratzeko. Fish gailuei buruz egin zituen ikerketez lagunduta, lehen ordenagailu elektroniko digitala egin zuen, Colossus izenekoa. Ordenagailu horrek gainerako Fish kodeak deskodetzeko balio izan zuen. Bere deskodetzeko modua ez zion inori esan 1970. urtera arte. Bere adiskide minek ere ez zekiten hori.
1938ko irailetik aurrera, Turingek lanaldi partzialean lan egin zuen Government Code and Cypher School-ean (GC&CS), kodeak deszifratzeko erakunde britainiarrean. Alemania naziak erabilitako Enigma zifratze-makinaren kriptoanalisian zentratu zen, Dilly Knox-ekin batera, GC&CSko kode-deszifratzaile senior batekin[30]. 1939ko uztailean, Varsoviatik gertu egindako bileraren ostean, non Poloniako Zifraketa Bulegoak Enigma makinaren errotoreen kable-sareari eta Enigma makinaren mezuak deszifratzeko metodoari buruzko xehetasunak britainiar eta frantsesei eman baitzizkieten, Turing eta Knox-ek irtenbide zabalagoa garatu zuten[31]. Poloniarren metodoa oinarritzen zen alemaniarrek aldatuko zuten ziurtasunik gabeko adierazle-prozedura batean, hain zuzen ere 1940ko maiatzean egin zutena. Turingen planteamendua orokorragoa zen, «crib»etan oinarritutako deszifraketa erabiliz; horretarako, bonbearen zehaztapen funtzionalak egin zituen (Poloniako Bombaren hobekuntza bat)[32].
1939ko irailaren 4an, Erresuma Batuak Alemaniari gerra deklaratu eta biharamunean, Turingek Bletchley Park-en (GC&CSren gerra garaiko bulegoa) aurkeztu zuen bere burua[33]. Bletchley-ra joandako beste guztien antzera, Sekretu Ofizialen Legea sinatu behar izan zuen, eta, bertan, Bletchley-n egindako lanari buruz ezer ez ezagutaraztea onartzen zuen, Legea hausteagatik lege-zigor gogorrak jasotzeko isunpean[34].
Bonba zehaztea izan zen Turingek gerra garaian egin zituen bost aurrerapen kriptoanalitiko handietako lehena. Besteak hauek izan ziren: Alemaniako itsas armadak erabilitako adierazle-prozedura ondorioztatzea; bonbak askoz eraginkorragoa izateko, Banburismus izeneko prozedura estatistiko bat garatzea; Lorenz SZ 40/42 (Tunny) zifratze-makinaren gurpilen espeka[35] ezarpenak lantzeko Turingery izeneko prozedura garatzea eta, gerraren amaiera aldera, Delilah izena zuen ahots-nahasketa seguru kodetzaile eramangarri baten garapena Hanslope Parken[36][37]
Kode-hauste prozesuan hainbat aukeraren proba optimizatzeko teknika estatistikoak erabiltzerakoan, Turingek ekarpen berritzailea egin zion gaiari. Matematika-ikuspegiak aztertzen zituzten bi artikulu idatzi zituen: The Applications of Probability to Cryptography[38] eta Paper on Statistics of Repetitions[39] izenekoak, zeinak GC&CSrentzat eta haren ondorengo GCHQrentzat hain baliogarri izan ziren, ezen Erresuma Batuko Artxibategi Nazionalean ez ziren 2012ko apirila arte kaleratu, bere jaiotzaren mendeurrena bete baino zertxobait lehenago. GCHQ-ko matematikari batek, bere burua Richard izenez soilik identifikatu zuenak, esan zuen garai hartan edukiak (Sekretu Ofizialen Legearen arabera) 70 bat urtez mugatuta egon izanak haien garrantzia eta gerraosteko kriptoanalisirako zuten garrantzia frogatzen zuela[40]:
« | [Hark] esan zuen: edukiak mugatuak izan izanak erakusten du zer-nolako garrantzia duten gure materiaren oinarrietan... Dokumentuek zehazten dute analisi matematikoaren erabilera zehazteko ezarpen aukerarik egokienak zein diren ahalik eta azkarren frogatu ahal izateko... Richardek esan zuen GCHQk zukua atera ziela orain bi dokumentuei eta pozik zegoela domeinu publikora zabaldu zirelako. | » |
Turingek xelebretasunaren ospea zuen Bletchley Park-en. Bere lankideek «Prof» izengotiz ezagutzen zuten, eta Enigmari buruzko tratatua «Prof's Book» izenez[41][42]. Ronald Lewin historialariaren arabera, Jack Goodek, Turingekin lan egin zuen kriptoanalista batek, bere lankideari buruz esan zuen:
« | Urtero ekaineko lehen astean belar sukarren eraso txarra izaten zuen, eta, bulegora, bizikletaz joaten zen gas-maskara bat jantzita polenatik babesteko. Haren bizikletak akats bat zuen: katea aldian-aldian ateratzen zitzaion. Konpontzera eraman beharrean, pedalek zenbat bira ematen zuten zenbatu eta bizikletatik jaisten zen katea eskuz doitzeko. Bere xelebrekerietako bat da bere katilua erradiadorearen hodietara kateatu zuela lapurtu ez ziezaioten[43] | » |
.
Peter Hiltonek Hut 8-n Turingekin lanean izandako esperientzia kontatu zuen A Century of Mathematics in America-n bere "Reminiscences of Bletchley Parken[44]:
« | Esperientzia arraroa da benetako jenio bat ezagutzea. Erudizioaren munduan bizitzeko pribilegioa dugunok talentu handiko lankideek emandako estimulazio intelektuala ezagutzen dugu. Gurekin partekatzen dituzten ideiak mirets ditzakegu, eta, normalean, haien jatorria ulertzeko gai gara; sarritan ere uste izan dezakegu guk geuk gai ginatekeela halako kontzeptuak eta halako pentsamenduak sortzeko. Hala ere, jeinu baten bizitza intelektuala partekatzeko esperientzia guztiz bestelakoa da; adimen baten aurrean dagoela konturatzen da norbera, halako sakontasun eta originaltasuneko sentsibilitatea non harriduraz eta zirraraz betetzen den. Halako jeinua zen Alan Turing, eta Bigarren Mundu Gerrako exijentzia bitxiek sortutako aukera harrigarri eta ustekabekoa izan zutenek (esaterako, nik neuk) Turing lankide eta lagun izateko, ez dute inoiz ahaztuko esperientzia hura, ez eta inoiz galdu hark emandako onura izugarria. | » |
Hiltonek antzeko pentsamenduak jaso zituen Nova PBSren Decoding Nazi Secrets dokumentalean[45].
Bletchley-n lanean ari zela, Turingek, distantzia luzeko lasterkari trebea zena, noizean behin, bilerak egiteko behar zuenean, 40 mila (64 km) egiten zituen Londresera korrika[46], eta mundu mailako maratoi denbora estandarrak lortzeko gai zen[47][48]. Turingek, 1948an, Britainia Handiko Olinpiar Talderako saiakera bat egin zuen, baina lesio batek oztopatu zuen. Maratoirako proba saiorako denbora 11 minutu motelagoa izan zen Thomas Richards britainiar zilarrezko dominaren lasterketa olinpikoaren denbora baino, 2 ordu 35 minutukoa. Walton Athletic Clubeko korrikalaririk onena izan zen; bakarka korrika ari zela taldea gainditu zuenean konturatu ziren horretaz[49][50][51] Entrenamenduetan zergatik egiten zuen hain gogor korrika galdetuta erantzun zuen:
« | Lan estresagarri bat daukat, eta hura burutik kentzeko modu bakarra gogor korrika egitea da; hori da hartatik askatzeko dudan bat modu bakarra[52] | » |
.
Aldizkako historiaren arazoak direla eta, zaila da kalkulatzea Ultra adimenak gerran izan zuen eragin zehatza[53]. Hala ere, Harry Hinsley gerrako historialari ofizialak kalkulatu zuen lan horrek Europako gerra bi urte baino gehiago laburtu zuela eta 14 milioi bizitza baino gehiago salbatu zituela[54].
Gerra amaitzean, Bletchley Park-en lan egin zuten guztiei ohar bat bidali zitzaien oroitaraziz Sekretu Ofizialen Legeak agindutako isiltasun-kodea ez zela gerrarekin amaitzen, mugarik gabe jarraituko zuela[34]. Hala, 1946an, Jurgi VI.a erregeak gerra garaiko zerbitzuengatik Turing Britainiar Inperioko Ordenako (OBE) ofizial izendatu bazuen ere, bere lana ezkutuan egon zen urte askotan[55][56].
1945etik 1947ra, National Physical Laboratory-n aritu zen lanean ACE ordenagailuaren diseinuan. ACEren diseinua bukatuta, proiektua abiatzen ari zela urte sabatikoa hartu, eta Cambridgera itzuli zen. Gero, 1948an, Manchesterko unibertsitatean hasi zen lanean matematika irakasle. 1949an, unibertsitateko konputazio-laborategiko zuzendariorde izendatu zuten, eta benetako lehen ordenagailuetako baten softwarearen diseinuan jardun zuen: Manchester Mark I izenekoan hain justu.
1954an, bere buruaz beste egin zuen zianuroz injektatutako sagarra janez. Izan ere, 1952an, homosexuala izateagatik kondenatu zuten (Britainia Handian, homosexualitatea delitu izan zen 1967 arte). Epaian, bi aukera eman zizkioten: bi urteko kartzela ala libidoa apaltzeko tratamendu hormonala. Bigarrena aukeratu zuen kartzelara ez joatearren, eta estrogenozko injekzioak hartu zituen urtebetez. Horren albo-erreakzioetako bat ginekomastia izan zen, hots, bularrak handitzea. Halaber, bere lanean, ondorio kaltegarriak izan zituen, eta, besteak beste, kriptografiari buruz britaniar gobernuaren inteligentzia-agentziarentzat egiten zituen aholkulari lanak bukatu zitzaizkion. Horrek krisi sakon batean murgilarazi zuen, eta bere buruaz beste egitera bultzatu[57].
Egin zituen ekarpenen artean Turingen makina eta Turingen testa dira ezagunenak
Turingen makina makina abstraktu bat definitzen duen konputaziozko modelo matematikoa da[58], erregela-taula baten arabera zinta tira baten gainean sinboloak manipulatzen dituena[59]. Sinplea bada ere, Turing makina edozein konputazio-algoritmo simulatzeko[60] egokitua izan daiteke.
Turing makina ordenagailu batek egindako datu-manipulazio guztia kontrolatzen duen prozesamendu unitate zentral (PUZ) baten adibide orokor bat da, makina kanonikoarekin datuak biltzeko memoria sekuentziala erabiliz. Zehazkiago, alfabeto baten kate baliodunen azpimultzo arbitrarioren bat zerrendatzeko gai den makina —automata— da. Kateak modu mugikorrean zerrendatu daitezkeen multzo baten zati dira. Turingen makinak luzera infinituko zinta bat du, non irakurtzeko eta idazteko eragiketak egin ditzakeen.
Testaren xedea makina bat noiz den kontziente definitzea da[61][62][63].
Testa egiteko, hiru elementu daude: solaskideak ikusi gabe, gizaki batek ebaluatzen du galdera batzuen aurrean beste gizaki batek eta makina batek ematen dituzten erantzunak, eta erabaki behar du zein den makina. Ebaluatzailea gai ez bada makina zein den bereizteko, makinaren jokabidea adimenduna jotzen da.
Testaren gaurkotasuna eztabaidagai da[64].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.