2023ko urriaren 7an hasi gerra, gatazkaren erdian Gazako Zerrenda izan duena From Wikipedia, the free encyclopedia
2023-2024ko Israel-Palestina gerra, 2023-2024ko Israel-Gaza gerra eta 2023-2024ko Israel-Hamas gerra ere deitua, Ekialde Hurbileko krisi eta gerra bat da, urriaren 7an hasia eta, artean ere, amaitu gabea. Egun horretan, Gazako Zerrendatik, Hamasek eta Gazako erakunde politiko-militarrek Israeli eraso egin zioten eskualde mugakideetan. Israelek, kontraerasoan, komando palestinarrak kanporatu zituen. Luze gabe, gaurdaino heltzen den eraso iraunkor eta gogor bati ekin zion Hamasen eta, oro har, Gazako palestinarren kontra, lurraldearen setio orokor eta lehorreko inbasio batez. Ofentsiba militar horrek hondamendi orokorra ekarri dio Gazari, hala bertako biztanleei nola bizi azpiegiturei.
Egunotan albiste da gertakari hau. Litekeena da orri honetako informazioa edozein unetan aldatzea, beraz. |
2023-2024ko Israel-Palestina gerra | |||
---|---|---|---|
Arabiar-israeldar gatazka | |||
Legenda: Gazako Zerrenda Israelek okupatutako Gazako Zerrendako eremuak. (ikusi ere gatazkaren mapa detaileduna) | |||
Data | 2023ko urriak 7 – egun (1 urte eta 29 egun)Ger | ||
Lekua | Israel eta Gazako Zerrenda, Palestina | ||
Egoera | Martxan
| ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
| |||
17 nepaldar Hamasek bahiturik, beste 7 zauritu[12] 2 thailandiar hildako, 11 bahitu eta 8 zauritu[13][14] mediku indonesiar bat, Israelek hildakoa[15] |
Lehendabiziko erasoan, Hamasek 250 gatibu inguru eraman zituen atzera Gazara, eta Israelen zeuden 1.200 pertsona inguru hil ziren, ordu arteko Gaza-Israel krisietan ikusi gabea. Heriotza kopuru horretan, Israelgo Defentsa Indarrek berek hildakoak zenbatu behar dira. Israelgo armadako 635 soldadu hil dira urriaren 7tik, palestinarrekin borroketan edo armakideek hilda (2024ko maiatzaren 27ko datua).[16][17] Israelen kontra, hainbat kohete jaurti dira, baina gehienak neutralizatuak izaten dira heldu baino lehen, Israelen Burdinazko Kupula defentsa sistemari esker.
Israelek Gazako pertsonak eta eraikinak bereizi gabe bonbardatu ditu, era guztietako hornidura moztu, eta milioi bat pertsonaz gorako Gazako hainbat eremu herritarrez husteko agindu. Gerra hau hasi eta lau hilabetera, milioi bat palestinarrek Gazaren hegoaldean bilatu dute aterpe, eta gosetea zabaldu da. Egiaztatu da Israelen erasoek 40.000 palestinarretik gora hil dituztela, eta hamar milaka zauritu eragin. Hala ere, zenbaketa positibotik at, kalkulatu da 200.000 palestinar inguru hil direla.[18]
Biztanleria zibilaren kontrako Israelen eraso errepikakor, masibo eta latzek gerra krimenen eta gerrari buruzko nazioarteko hitzarmenak urratzearen akusazioak erakarri dizkio estatu sionistari. NBEk bertako inoizko giza hondamendi handiena deitu dio, eta bere Gazako mandatariak eta bertako zein munduko eragile politiko zein humanitario ugarik «genozidiotzat» jo dute palestinarren kontrako Israelen operazioa. Israeldar oldarra Zisjordaniara eta beste eskualde mugakide batzuetara hedatu zen, AEBren babes militarraz. Nazioarteko krisi politiko handiena da Ukrainako inbasioa hasiz geroztik, eta nazioartea bi polo nagusitan banatu du.
Gazako lurralde biziki jendeztatua «aire zabaleko espetxe» gisa deskribatu dute palestinarrek eta hainbat GKEk. 2006an Gazako hauteskundeak irabazi zituenetik, Hamasen kontrolpean dago lurraldea. 2007an Israelek lurreko, aireko eta itsasoko itxiera inposatu zion Gazari, eta urteak dira zerrendako herritarren egoera humanitarioa larria dela. Blokeo hori okupazio mota bat da, nazioarteko zuzenbidearen arabera.[19]
Egungo eskaladak haustura batzuk izan ditu aurrekari: 2017ko urrian, AEBk eta Israelek iragarri zuten NBEko UNESCO utzi egingo zutela, «Israelen aurka» lanean ari zelakoan.[20] 2017ko abenduan, Donald Trump orduko AEBko presidenteak Jerusalem Israelgo hiriburutzat aitortu zuen, eta bertan enbaxada jarri, Tel Aviveko egoitzaren ordez. AEB hori egin zuen munduko lehendabiziko herrialdea izan zen.[21] Palestinan, suminez hartu zen erabakia. Mahmoud Abbas Palestinako presidenteak erantzun zuenez, «AEBko presidenteak nazioarteko ebazpen eta hitzarmen guztiak urratu ditu» eta «Jerusalem Palestinako Estatuaren hiriburua da, betiko».[21]
2023ko urrian hasitako gatazka militarra israeldarren eta palestinarren arteko gatazka historikoaren agerpen larri bat da, aurrekari hurbilenak 2023. urtearen udaberriko eta udako istilu eta erasoetan dituena. Maiatzean, Israelgo espetxeetan, Khader Adnan preso gose-grebalaria hil egin zen, «gizalegearen kontrako» palestinarren atxiloketa «masiboak» salatzeko, NBEk ere egin zuen bezala.[22]
Gazatik at ere, jada uztailean, airetik zein lehorretik, Israelek operazio militar odoltsu bat egin zuen Jeninen, Zisjordanian, bederatzi palestinar hildako utziz, tartean bi haur, gerra bat pizteko arriskua ekarri zuena.[23] Istilu guztien artean, Hamasek israeldar judu ultraortodoxoak Al-Aksa meskitako zelaira sartzea aipatu zuen urriaren 7ko erasoaren sorburu nagusitzat, «profanaziotzat» joaz.[24]
Urriaren 7ko ordu txikietan, Hamasek ezusteko eraso bat abiatu zuen Gazatik, ordu arte inoiz ez bezalakoa: airekoa, itsasokoa eta lurrekoa. Besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti zituzten Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko.[25] Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil zituzten —tartean, komandanteak, Hamas erakunde politiko islamistak adierazi zuenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez 700 israeldar hil zituzten, eta 2.200 baino gehiago zauritu. Ivan Illarramendi euskal herritarra ere hil bide zuten, Israelgo iturrien arabera.[26]
Erasoaren unean, 4.000 pertsona inguru Tribe of Nova musika jaialdia ari ziren ospatzen, Hamasek hori ez bazekien ere, Kibbutz Ra'im herria omen baitzuten begiz jota. Pentsatzen da jaialdian, Hamasko kideak ez ezik, 364 pertsona hil zirela, haietako «ehunka batzuk» bertaratutako DFIren helikopterotik bereizi gabe jendartera tirokatu ondoren.[27]
Bestalde, aldameneko Be'eri kibbutzean, Yasmin Portat-ek, kibbutzetako erasoetatik bizirik ateratako kolonoak, urriaren 15ean adierazi zuen bertaratutako israeldar indar militarrek zibil ugari hil zituztela, «dudarik gabe». Denen kontra bereizketarik gabe jo omen zuten, Hamasko kideek zibil horiek gatibu hartu eta gero, eta gaineratu zuen ere bahitzaileek gizalegez tratatu zituztela.[28][29] Israelgo estatu irratiak biktimaren lekukotza zentsuratu zuen.[30] Beste testigu israeldar batek ere adierazi zuenez, kibbutz horretako gatibuak bizirik zeuden urriaren 9an, harik eta DFIk bahitzaileak eta gatibuak denak hil zituen arte, tokia kontrolpean hartzearen ordainetan: 112 pertsona, orotara.[30]
Hamasen urri erdialdeko adierazpen baten arabera, erakundeak ia 250 pertsona hartu zituen gatibu.[31] Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu zen —baieztatu zuen 30 lagun zituela bahituta—, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu zuen.[25] Hamaseko Khaleed Meshalek eta beste erakunde palestinar batzuek Israelen preso dauden 6.000 preso askatzea ezarri zuen gatibuak askatzeko baldintzatzat.[32]
Gaza aldameneko Israelgo hamabi herritako milaka pertsona ebakuatu zituzten, eta militar israeldarrek alimaleko mobilizazioa agindu zuten, 300.000 erreserbista armadarekin bat egitera deituz. Urriaren 25erako, Hamasek gatibu banaka batzuk askatu zituen. Haietako bat, 85 urteko Yocheved Lifshitz, kritiko agertu zen Israelgo Gobernuarekin, eta bahitzaileen tratu ona nabarmendu.[33] Haatik, abendu hondarrean, Tel Aviveko Ichilov psikiatria zentroko buruak adierazi zuen azaroan aske geratu Hamasen gatibu asko tratamendu intentsiboan zirela jasandako traumak zirela medio, batzuk "drogatuak" izan eta sexu abusuak jasan omen baitzituzten.[34] Martxoaren 4an, prentsaurrekoan, Pramila Patten NBEren ordezkariak berretsi zuen aske geratu gatibu batzuek gutxienez sexu erasoak eta tortura sexualizatuak pairatu zituztela.[35]
Askapen horretatik bi egunetara, Hamasek jakinarazi zuen bere 50 gatibu israeldar hilik zirela, israeldar bonbardaketen ondorioz, adierazi zutenez.[36] Azaro amaierako pausa humanitarioan, 105 gatibu israeldar aske geratu ziren eta, trukean, Tel Avivek 240 palestinar preso askatu zituen. Hilabete erdi geroago, polemika bizia sortu zen Israelen, estatu horretako armadaren bozeramaileek onartu ondoren abenduaren 17an, ustez erraturik, hiru gatibu israeldar hil zituztela, armarik gabe eta gerritik gora biluzik egon eta bandera zuriak eraman arren, «terroristen amarru bat» zelakoan.[37]
2024ko urtarrilaren 20an, 136 pertsona geratzen ziren Hamasen gatibu.[38] Hamasen gatibuak eta beren senideen mobilizazioak buruhauste iturri bilakatu ziren hasieratik Netanyahuren gobernuarentzat.[39] Urtarrilaren 22an, gatibuen 20 senide Israelgo Parlamentuko batzorde baten saiora sartu ziren, gatibuak berehala askatzeko erreklamatuz eta haserrea agertuz lehen ministroak Hamasekin hitzarmenik josteari uko egitearren.[40] Otsailaren 8an, aske geratu bahituek ezohiko prentsaurreko bat eman zuten, adieraziz ordu arteko Hamas suntsitzeko Israelen dinamika militarraren bidez, ez zela geratuko «bahitu bakar bat ere bizirik».[41]
Ekainaren 3an, Israelek iragarri zuen urriaren 7ko lau israeldar gatibu eta mediku ibiltari bat hil egin zirela, eta adierazi ere hasierako Israelgo gatibuetatik heren bat hilik zirela.[42] Hurrengo egunetan, bi eraso handitan, Israelgo armadak gutxienez bi sarraski eragin zituen Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuan, 274 pertsona erailez eta ia 700 zauritu eraginez. Horietako bigarrenean, askatu egin zituen Nova musika jaialdian urriaren 7an bahitu lau gatibu, eta era mediatikoan aurkeztu Israelen. Une horretan, urriaren 7ko Hamasen 116 gatibu gelditzen ziren Gazan, baina horietatik 40 hilik bide zeuden. Hamasek adierazi zuenez, israeldarrek beste hiru bahitu hil zituzten operazio berean.[43][44] Itxura batean, askatutako gatibuak ongi zeuden osasunez.[45]
Behatzaile batzuek gertaera horiek hirugarren intifada palestinar baten hasiera direla aipatu zuten.[oh 1] Urriaren 20an argitaratu inkesta baten arabera, israeldarren % 80k uste zuten Netanyahu presidenteak bere gain hartu behar zuela erantzukizun publikoa urriaren 7ko defentsa akatsengatik.[47] Izan ere, The New York Times egunkariaren arabera, Israelgo inteligentziak hilabeteak lehenago ezagutzen zuen Hamas erasoak prestatzen ari zela, baina ezikusia egin zion aukera horri, errealista ez zela iritzita.[48]
2024ko urtarrilean, Israelgo beste inkesta batek adierazi zuen israeldarren % 15ek soilik onartuko lukeela gerra amaitutakoan Netanyahuk herrialdeko agintari jarraitzea.[49] Ekain hasierako operazio militarrak arrakastatsuak suertatu ziren Israelentzat, Hamasen eskuetan zeuden zenbait gatibu askatuz. Haatik, Israelgo 12 Katea telebistaren inkesta baten arabera, israeldarren % 62k une horretan uko egiten zion Netanyahuri babesa emango liokeen alderdi bati bozkatzeari.[44]
Urriaren 7an eskalada militarra hasi zenetik, Israelek hainbat eraso militar jaso ditu, gehienak suziri edo koheteen edo droneen bitartez. Gehienak bere defentsa sistema sofistikatuen bidez geldiarazi ditu. Hiru sorburu izan dituzte aire erasook: Gaza, huthiak eta, azkenik, Hezbola, Libanotik jaurtiak bi herrialdeen arteko fronte desegonkorraren bestaldetik.
Hasierako Gazako erakunde armatuen erasoen ondoren, Israelen kontrako kohete erasoak ez ziren erabat eten. Israelgo askotariko eskualdeetan, hainbat palestinar kohete erori ziren, batzuk Libano hegoaldetik jaurtiak. Azaroaren 6an, Hamasen Qassam Brigadek hamasei kohete jaurti zituzten eskualde horietatik Israel iparraldeko Nahariya hirira eta Haifa ingurura, «Gazako gure herriaren kontrako erasoei eta sarraskiei erantzunez».[50] Azaroaren 10ean, Tel Aviven sirena hotsak entzun ziren, eta bi emakume zauriturik suertatu ziren koheteek jota.
Israeldar militarren arabera, 9.500 kohete eta drone jaurti ziren, une horretan, Israelen kontra urriaren 7tik, baina horietako 2.000 aire defentsek geldiarazi zituzten, iturri militar berdinen arabera. Kohete gehienak tokian bertan eginak ziren.[51] Abendu hasieran, Hamasek koheteak jaurti zituen Tel Avivera.[52] 2024. urte berria heltzearekin batera, Hamasek gutxienez 27 kohete jaurti zituen Israel hegoalde eta erdialdera, Israelgo The Times of Israel egunkariaren arabera, horietatik 18 airean geldiarazi zituzten arren.[53]
Maiatzaren 27an, sei hilabetean lehen aldiz, Hamasek suziriak bota zituen Tel Avivera eta Israelgo beste hiri batzuetara. Sionisten aire defentsarako sistemak jaurtigai gehienak geldiarazi zituen, baina zauritu bat izan zen gutxienez, Israelgo iturrien arabera. Israelgo armadak Rafah bonbardatzen jarraitu zuen.[54]
Uztailaren 19an, huthiek dronez Tel Aviv kolpatzea lortu zuten, hildako bat eta zenbat zauritu utziz. Distantzia luzeko drone batek egin zuen, eta «giza errore» bati egotzi zitzaion Israelen defentsa sistemek geldiarazi ez izana. Israelgo Defentsa ministro Ioav Gallantek mendekua agindu zuen.[55] Bada, Israelek Yemengo Hodeida portu hiriari eraso egin zion hainbat energia azpiegitura kiskaliz, baita hiru hildako eragin, eta 87 pertsona zauritu ere, bozeramaile huthien arabera. Uztailaren 21ean, berriz, Israelgo defentsa indarrek adierazi zuten Yemengo huthiek jaurti misil balistiko bat geldiarazi zutela, herrialde horren hegoaldeko Eilat portu hirira zuzendua. Bitartean, baso suteek Israel iparraldeko zenbait eskualde kiskali zituzten Libanotik jaurti kohete sorta baten ondorioz.[56]
Irailaren 15ean, hainbat misil ustez hipersoniko bat Israel erdialdera heldu zen, Yemendik huthiek jaurtiak, eta sua eragin zuen eremu batean, baina ez zauritu edo hildakorik. Netanyahuk adierazi zuen «larrutik ordainduko» zutela erasoa. Israel erdialdera iritsitako huthien lehen aire erasoa izan zen.[57] Irailaren 26an, misil hipersoniko bat begiztatu eta neutralizatu zen Tel Aviveko zeruan.[58] Israelek, orduan, eraso egin zien Yemengo Hodeida eta Ras Isa hiriei.[59]
Nazioarteko gatazka bilakaturik eta Damaskoko kontsulatuari Israelek egin aire eraso bati erantzunez (ikus behean, Sirian), apirilaren 13-14ko gauean, Iranek zuzendurik, Israeli egin zitzaion eraso. Irango Guardia Iraultzaileak berak eman zuen gertatutakoaren berri, eta Israelgo armadak berretsi: 170 drone, 120 misil balistiko eta 30 gurutzaldi misil bota ziren Israelera. Israelgo iturrien arabera, lurra jo aurretik suntsitu zituzten arma gehienak.[60] Aire eraso hori Irak, Siria eta Yemengo Iranen aliatuek egin zuten, eta Hezbolak ere parte hartu zuen, Libanotik, gauean Golan Gainetara dozenaka katiuska koheteak jaurtiz.[61] Mendebaldeko potentziek bat egin zuten Israelekin.[60] Iranek, «defentsibotzat» jo zuen erasoa,[62] eta Iranek Israeli eraso egindako lehendabiziko aldia izan zen 1979tik.[63]
Israeli eraso egin eta berehala, Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak «mendeku latza» agindu zuen Hamasen kontra.[64] «Hamas munduko lurrazaletik desagerrarazteko», israeldar segurtasun iturriek segurtatu zuten «lurrazala berdindu» behar zutela.[65] Israelek munduko armada ahaltsuenetako bat du, 2.200 tanke baino gehiagoz osatua eta 169.500 militar aktiborekin, eta urteko 3.800 milioi dolarreko AEBren babesaz.[6] Hamasek indar militar nabarmen txikiagoa du, ekipamenduz zein pertsona kopuruz.[4]
Indar militar israeldarrek kontraeraso militar zabal bati ekin zion Hamasen erasoen ondoren, airez Gazako eraikinen kontra joz eta batzuk erabat suntsituz, tartean zirela osasun zentroak, OMEk jakinarazi zuenez. Gazako hamar milaka herritarrek beren etxeetatik ihes egin zuten.[66] Israeldar agintariek 2006tik kazetariak Gazan sartzeko debekua ezarri zuten, urriaren 7tik guztiz eraginkorra izan zen kazetarientzat Zerrenda horretan sartzeko baimena. Palestinar kazetariak geratu ziren berri-emaile bakar;[67] are, Israelek kazetariak jarri zituen jo-puntuan, Israel barnean zentsura estu bat ezartzeaz gain.[68]
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazari setio gogor bat iragarri zuen, erabateko blokeoa, lurraldeari eta bertako herritarrei janari, ur, elektrizitate eta gas hornidura moztuz.[69] Urriaren 12an, Israelgo Gobernuko Energia ministro Israel Katzek adierazi zuen Gazaren setioari eutsiko ziola Hamasek bahitutako israeldarrak askatu arte.[70] Urriaren hondarreko Tel Aviveko Unibertsitatearen iritzi inkesta batek azaleratu zuenez, israeldar juduen % 57k uste zuten Gaza gaineko lehen asteetako israeldar bonbardaketak ez zirela nahikoak izan; beste % 36,6k, berriz, egokitzat jo zituen egindako bonbardaketak.[71] Urriaren 7tik, Gazaren gainean, 150 eta 1.000 kilo arteko 12.000 bonba jaurti ziren bi hilabetetan Israelen errepresalia operazioan.[72]
|
Israelgo agintariek, gainera, agindu bat helarazi zieten Gazako palestinarrei: 24 ordu Gazako Zerrendaren iparraldea husteko, israeldar lur inbasio militar handi bat hasi baino lehen. Israelgo armadak terrorismoaren konplizetzat hartu zuen bertan geratutako edonor.[73] Eremu horretan, 1,1 milioi pertsona bizi dira.[74] Urriaren 11rako, 300.000 soldadu inguru prestatu ziren Gazaren atarian.[6]
Gazaren kontrako Israelen erasoaren unetik, urriaren 13rako, 338.000 pertsonatik gora lekualdatu ziren lurralde zerrenda horretan,[75] baina egun batzuk geroago, jada 1.000.000tik gora ziren.[76] Gatazka zehatz hau hasi aurretik, dena den, 3.000 palestinarrek baino gehiagok utzi bide zituzten beren bizilekuak.[77] Palestinar hildakoak 680tik gora ziren Hamasen erasoa hasi eta bi egunera, Gazako osasun ministroaren arabera;[66] urriaren 17rako, berriz, Israelek Gazako 3.000 pertsonatik gora hil zituen gatazka hasi zenetik, eta 12.500 pertsonatik gora zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Gazan hildakoen herenak adingabeak ziren, Save the Children erakundearen arabera,[78] urriaren 20 arte 1.500 haur inguru Israelen bonbardaketetan, Al-Jazeeraren arabera.[79] Urriaren 14an, Israelek Gaza iparraldeko ospitaleak jo-puntuan jarri zituen, 2.000 pazientetik gorako 22 ospitale husteko agindua emanez, Osasunaren Munduko Erakundeak gogor gaitzetsi zuenez.[80] Al-Ahli Arabi ospitaleak hustua izateko Israelen hainbat ohartarazpen jaso zituen.[81] Israelen bonbardaketen artean, urriaren 17an, leherketa batek Zerrendako iparraldeko Al-Ahli Arabi ospitala partzialki suntsitu zuen, barruan ehunka pertsona zituela. 500 pertsonatik gora hil ziren haren ondorioz, eta ehunka zauritu. Israeli egotzi izan zitzaion bonbardaketa, Israelek hori ukatu egin zuen arren, eta Jihad Islamikoari leporatu.[82]
Israelen zela, Biden AEBko presidenteak, berriz, sinesgarritasuna eta babesa eman zizkion Israeli.[83] Urriaren 19rako, Israelek 250 ospitale bonbardatu zituen. Une horretan Rafahko pasabidea, Egiptoren eta Gazaren arteko mugan, nazioarteko giza laguntza iristeko bide bakarra zen. Gainera, milaka palestinar bertan pilatu ziren ihesi hura noiz gurutzatuko, baina Israelek eta Hamasek ez zuten hori irekitzeko su eten bat adosteko asmorik agertu.[82]
Urriaren 14an, Netanyahuk agindu zuen Israelek Gaza airez, lehorrez eta itsasoz inbadituko zuela.[84] Esperotako lehorreko interbentzio militarra, ordea, atzeratzen joan zen. Urriaren 26rako, Israelen tankeak Gaza iparraldeari erasotzen hasi ziren, bertan sartu-irtenak eginez,[84] lehorreko inbasio militar handia prestatzera bideratua.[85]
Urriaren hondarrean, Israelek areagotu zituen lehorren interbentzio militarrak, eta Gazako komunikazio guztiak eten, telekomunikaziokoak barne, laguntza humanitarioko erakundeei ere eragin ziena.[85] Hartara, israeldar agintariek bigarren fasea deitu zutenari ekin zioten, «Hamasen gobernu egiturak eta gaitasun militarrak desegiteko eta bahituak askatzeko»[86]. Urriaren 29ean, Gazako lehorreko inbasio handiaren ondoren, Israelek bertan Hamasik gabeko ordena erabat berria ezarriko zuela adierazi zuen. «Gaza ez da inoiz itzuliko izan dena izatera», Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallanten esanetan.[87]
Netanyahuk eta Yoav Gallant Israelgo defentsa ministroak adierazi zuten azaroaren 6an Israelen tropek Gaza Hiria estu inguratu zutela, eta haren barnean sartu zirela. Hartara, Gazako Zerrenda bitan zatiturik geratu zen: batetik, iparraldea edo Gaza Hiria eta, bestetik, Zerrendako gainerako hegoaldeko lurraldea.[88] Gainera, agintari militar israeldarrek lau orduko epea eman zieten inguratutako eremu horretan zeuden zibilei, bertatik atera zitezen.[89] Israelek, era horretan, hiria hustu nahi zuen.[90]
Armadaren esanetan, 450 «helbururi» egin zieten eraso, eta horien artean ziren Hamasen milizianoak, azpiegiturak, behaketa postua, lur azpiko tunelak eta tankeen kontrako misilak jaurtitzeko postuak, besteak beste.[91] Israelgo Defentsa Indarrak pozik agertu ziren, adieraziz israeldar aire erasoek Hamasko dozenaka buruzagi hil zituztela,[92] horien artean Hamasko bigarren buruzagi gorena.[93]
Lehorreko israeldar indar militarrak Gaza Hirira sartu ahala, kale borrokak areagotu egin ziren. Azaroaren 14rako, ospitale bakarra geratzen zen funtzionamenduan Gaza osoan, eta Israeldarrek jo-mugan jarri zuten.[94] Une horretan, Al-Xifa Ospitalea bihurtu zen borroken erdigune, eta israeldar aire misilek inguruetan eztanda egin zuten. Ekipamendu eta horniduraren faltaz, 40 paziente hil ziren bertan.[94] IDFk adierazi zuenez, Hamasen parlamentua, gobernu egoitza eta poliziaren kuartel nagusia hartu zituen mendean, Israelgo The Times of Israel egunkariak azaldu zuenez.[95] Hala ere, 2024ko otsailaren 4an, Al-Xifa Ospitala setiaturik jarraitzen zuen Gaza Hirian. Bertan aterpetzen ziren osasun langileak, pazienteak eta bertan babesa hartu palestinarrak; israeldarrek frankotiratzaileak baliatu zituzten ospitalearen ingurumarian, eta gutxienez zazpi palestinar hil.[96]
Azaroaren 24an, 96 orduko pausa humanitario bat hasi zen Gazan, Egipto, Qatar eta Estatu Batuen bitartekaritzaz.[97] Pausa horretan, adostu zen palestinar-israeldar gatibuen elkartrukea egitea: Hamasek bahituta Gazara eramandakoak eta Israelek bere espetxeetan preso dituenak. Aldi horretan, hornigai eta elikagai gehiago hasi ziren sartzen Gazara Rafah-ko pasabidetik.[98] Azaroaren 27an, menia hori beste bi egunez luzatu zen. Horretarako, palestinarrek beste 50 gatibu askatzea jarri zuten baldintzatzat.
Horien trukean egunean 30 preso palestinar espetxetik irteteko eskatu zuen Hamasek. Hargatik, Netanyahuk adierazi zuen pausaren ostean berriz gogor joko zutela: «Gerran jarraituko dugu gure helburu guztiak bete arte: bahitutako guztiak etxera itzultzea, Hamas erabat desagertzea eta Gaza Israelentzat inoiz gehiago mehatxu bat ez izatea».[99] Astebeteko pausaren ondoren, borrokak abenduaren 1ean [Euskal Herriko] goizeko 6etan hasi ziren berriz: israeldarrek kohete bat geldiarazi zuten; gainera, israeldarrek bonbardaketa gogorrei berrekin zieten.[100]
Abenduaren 1ean, Israelgo armadak Gazako Zerrendaren mapa 600 eremu zenbakitutan banatu zuen, eta zibilei horiek identifikatzeko eskatu, gero bloke barruti horiek ebakuatu zitzaten horretarako agindua ematen zenean eta bonbardatu baino lehen. Hala ere, hustuketa metodo hori ez zen fidagarria suertatzen.[101] Abenduaren hasieran, Gaza hegoaldea milioi bat palestinar iheslariren aterpe bilakatu zen urriaren 13tik israeldarrek Gaza iparraldea husteko agindu zuenetik. UNRWAko instalazioetan, 250.000 errefuxiatu aterpetu ziren.
Israelek Khan Yunisi egin zion eraso, Gazako bigarren hiri handienari, eta Israelek «gerra eremu arriskutsu» izendatu zuen. Abenduaren 4an, lehorreko tropa israeldarren buruak adierazi zuen «ia-ia» amaitua zutela Gaza iparraldeko operazio militarra eta,[102] presoen elkartrukea bertan behera geratu ondoren, Israelek areagotu egin zituen Gaza hegoaldean bonbardaketak, bereziki Khan Yunisen. Urtarrilaren 6an, Israelgo armadak segurtatu zuen «osoki desegin» zuela Gazako Zerrenda iparraldeko Hamasen egitura militarra, eta orain soilik erdialdean eta hegoaldean jarriko zuela indarra.[103]
Urtarrilaren 22an, Ilargi Gorria erakundeak salatu zuen Israel bere egoitza bonbardatzen ari zela Khan Yunisen, dronak ere baliatuz; Israelgo armadak adierazi zuen «Hamasen brigada baten gotorlekua» zela.[104] Abendu hasieran, Avichai Adree Israelgo Armadaren bozeramaileak Gaza hegoaldeko hainbat herritako biztanleei beren etxeetatik alde egiteko adierazi zien, «ekintza gogorrak» egingo zituztelako herriotan.[52] Bi egunetan, Israelen aire erasoek 800 pertsona hil zituzten Gaza osoan.[102] Abendu amaieran, Herzi Halevi Israelgo armadako buruak, The Wall Street Journal egunkarian argitaratu oharrean, iragarri zuen gerrak hilabeteak iraungo zuela, helburutzat hartuz «Hamas suntsitzea», «Gaza erabat desmilitarizatzea» eta «Palestinako gizartea deserradikalizatzea».[105] 2024ko urtarrilaren 1ean, Israelgo Defentsa Indarrek adierazi zuten aire eraso batean Adil Mismah, Hamasen eliteko indarren buruzagia, hil zutela.[106]
Urtarril erdialdera, telekomunikazioen erabateko blokea ezartzearekin batera, gogortu egin ziren Gaza erdialde eta hegoaldeko israeldar erasoak; urtarrilaren 18an, militar israeldarrek adierazi zuten «dozenaka terrorista akabatu» zituztela etxez etxeko borroketan.[107] Urtarrilaren 22a, berriz, egun beltzena izan zen israeldar armadarentzat, 24 soldadu hil ondoren, haietako gehienak jarritako minak lehertzean eraitsitako eraikinen pean hilik.[104] Urtarrilaren 22tik, Israelek gogor eraso zion Khan Yunisi eta Israelgo iturriek adierazi zuten inguraturik zutela hiria. Tanke eraso batek NBEren babespeko eraikin bati eraso egin zion, 800 pertsonaz beterik zegoenari, bederatzi hildako eta 75 zauritu utziz. Israeldar armadak hilabeteetako azken borroka handitzat jo zuen; milaka pertsona geratu ziren harrapaturik bertako ospitaletan.[108]
Abendu hasiera arte, Israelgo agintariek Gazako hegoaldea eta Rafah leku segurutzat jotzen zuten beren bonba erasoetatik babesteko.[109] Abenduaren 3an, Israelgo agintariek Khan Yuniseko zibilei hiriaren % 20 husteko agindu zieten, bertako aterpetxeak eta aterpetuak barne. Askok hegoalderago jo zuten, Rafahra.[110] Abenduaren 12 baino lehen, areagotu egin ziren Rafahren kontrako israeldar aire eta lur erasoak, palestinar iheslariak aterpe bila hegoaldera hurbildu ahala. Zibilen kontrako bonbardaketak gauez ere izan ziren, herritarren artean gosetea zabaldu ahala.[109]
2024ko otsailaren 2an, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak adierazi zuen Hamas garaitua izan zela Khan Yunisen, eta berehala Rafahra oldartuko zirela. Rafah Egiptorekin muga duen hiria da, eta horixe zen palestinarren eskuetan geratzen zen azken posizioa.[111] Israelek ia egunero egiten zituen aire erasoak Rafahren kontra. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, otsailaren 9an, adierazi zuen aginduak eman zizkiela IDFko buruzagiei planak egiteko luze gabe Rafahra sartzeko eta «zibilak ebakuatzeko», hiri horretan kanpin denda inprobisatuetan pilatzen ziren palestinarren artean panikoa piztu zuena.[112]
Otsailaren 10ean, Israelen aire erasoek dozenaka pertsona hil zituzten Rafahn Une horretan, milioi bat pertsonatik gora pilatzen ziren Rafahn, berez 280.000 pertsonaren bizileku. Egiptokorekin tentsioa areagotu zen. Herrialde horretako kanpo ministroak ohartarazi zuen Rafahren gaineko eraso batek hondamendi bat ekarriko zuela, eta ministro horrek adierazi zuen ere Israelek palestinarrak «beren lurraldetik kanporatzea» zuela helburu, Sinaira, hain zuzen ere.[112] Hamasek Israelen «genozidio xedea salatu zuen».[41] Otsailaren erdialderako, Rafahn babesa hartu zuten palestinarrak bertatik ihes egiten hasi ziren.[113] Israelen erasoaldia, ordea, atzeratuz joan zen: otsailaren 19an, Israelek iragarri zuen martxoaren 10ean sartuko zela Rafahra lehenago israeldar gatibuak aske ez utziz gero.[114] Martxoaren 4an, hala ere, Israelen aire eraso batek hamalau palestinar hil zituen gutxienez, asko haurrak, eta etxebizitza eraikin bat eraitsi.[115]
2024. urtea hasi berritan, urtarrilaren 2an, drone batek Beiruten hegoaldea bonbardatu zuen arratsaldean, eta eraso horretan, besteak beste, Saleh al-Aruri hil zuten, Hamasen adar politikoko buruzagiordea eta Al-Qassam Brigaden —adar militarraren— sortzaileetako bat,[116] baita erakunde islamistako beste sei goi kargudun ere.[117] Libanoko hedabideen arabera, Israelgo armadak egin zuen bonbardaketa. Hamaseko bozeramaileek eta PANeko gobernuburuak Israeli egotzi zioten errua. Kolpe gogorra eman zitzaion Hamasi. Izan ere, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak astebete lehenago adierazi zuen Israelgo armada zazpi frontetan ari zela borrokan: «Fronte asko dituen gerra batean gaude: Gaza, Libano, Siria, Judea eta Samaria [Zisjordania], Irak, Yemen eta Iran».[116]
Zisjordanian greba orokorrerako deia egin zuten, eta, Al-Jazeera Qatarko telebistak jaso zuenez, mendekua eskatzen ari ziren hango herritarrak. Hezbola milizia xiitak, berriz, jakinarazi zuen hilketa hori ez zela «zigorrik gabe» gabe geratuko.[117] Erasotako erakundeak ere, Hamasek, mendekua agindu zuen.[118] Atentatuaren ondorioz, gerra inguruko herrialdeetara hedatu zitekeelako kezka piztu zen nazioarteko eragile nagusien artean.[117] Izan ere, ia aldi berean, atentatu batek ia 100 pertsona eta 284 zauritu hil zituen Teheranen eta, dolu eta protestarako bildutako irandar jendetzek Israelen eta AEBren kontrako aldarriak bota arren, Estatu Islamikoak bere egin zuen Teherango erasoa.[119]
Argia aldizkariaren azaroaren 29ko estimazioaren arabera, Israelen erasoetan ordu arte hildako palestinarren % 95 zibilak izan ziren, kontuan hartuz gero ordurako 20.000 palestinar hil bide zituztela.[120] Urriaren 7az geroztik, milioi erdi adingabek utzi behar izan dituzte euren bizitokiak, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko Ekialde Hurbilerako zuzendari Adele Khoderrek emandako datuen arabera. Haur horiek «ia edateko urik gabe, jendez betetako eremu txikietan eta babesik gabe» daudela gehitu zuen.[121] Abenduaren 27an, Gazako biztanleen % 85 lekualdatu behar izan ziren, beren bizilekuak atzean utzita.[122]
Israelen erasoetatik harago, nabarmendu zuen adingabeek «arrisku handiak» dituztela gaixotasunak garatzeko. «Haur izateko lekurik arriskutsuena da Gaza». Gazako zibilen hilketa masiboaz gain, Israelek Zerrendako palestinarren artean gosete eta gaitza zabaltzen joatea erabaki zuen.[123] Urriaren 12an, NBEk adierazi zuen une horretan 650.000 palestinarrek ur eskasia jasaten zutela.[70] Ataka horretan, egun berean, milaka herritarrek, horien artean asko desplazatuak, NBEren UNRWA agentziako eraikinetan indarrez sartu, eta irina zein bestelako elikagaiak eraman zituzten. Elikagai horiek Rafahtik kamioietan sartutako laguntza humanitarioa zen.[124][125] Urtarrilaren 20an, 650.000 palestinarrek gosete handia jasaten zuten, UNRWAk hala salaturik.[104]
Azaro hasieran, Israelen bonbardaketek sarraskia eragin zuten Jabaliako errefuxiatu esparruaren kontrako erasoan, gutxienez 400 pertsona inguru.[126] Hilabete berean, Gaza-Egiptoren arteko Rafahko muga ireki zitzaien zauritu eta herritar batzuei, eta hiritartasun bikoitzeko palestinarrei.[127] Gazaren kontrako erasoan, Israelek jo-mugan jarri zituen hala ospitaleak eta nola bizilekuak.[128] Azaroaren 3an, Israelgo indar armatuek al-Xifa Ospitaletik Rafah-ko mugara zauritu larriak zeramatzan anbulantzia konboi bat bonbardatu zuten; aldi berean, ikastetxeak, meskitak eta ospitaleak bonbardatu zituen, ihesi zihoazen herritarren aterpe aizun bilakatuak, hala nola al-Fakhoora ikastetxea, Jabaliako errefuxiatu esparruan.[129]
Abenduaren 17an, israeldarrek berriz bonbardatu zuten errefuxiatu esparru hori, eta gutxienez 90 hildako eta 100 zauritutik gora eragin.[130] Israelek segurtatu ohi du bere erasoen ituan Hamasen instalazio militarrak eta ezkutalekuak daudela, eta erakunde horrek ezkutu gisa baliatzen dituela leku horiek, zehazki al-Xifa Ospitalearen azpian, «baita NBEren egoitzak ere».[131][132] Al-Xifa Ospitaleko langileek aditzera eman zutenez, azaroaren 15erako israeldarrak ospitalera sartu ziren tiroka, kaosa eta etsipena zabalduz bertako 650 paziente eta aterpetutako 5.000-7.000 zibilen artean.[94][133] Israeldarrek ur eta oxigeno hoditeria leherrarazi ondoren, ospitaletik bertan aterpetuak «egarriz hiltzen» ari zirela ohartarazi zuten.[133]
Israeldar indarrek abeletxeak suntsitu zituzten, eta gosetea Gazako herritarren kezka nagusi bilakatu zen,[134] prezioak hirukoiztuz.[135] Azaroaren 17an, gosete arriskua berehalakoa zen, NBEk adierazi zuenez.[136] Indar israeldarrek babesleku izendatutako eraikinak eta eremuak bonbardatzen jarraitu zuten; azaroaren 18an, NBEren ikastetxe bati eraso egin zioten, hamarnaka hildako eraginez, asko haurrak eta emakumeak.[134] NBEk abenduaren 12an adierazi zuenez, Gazako herritarren erdiak goseteak jota zeuden.[109]
2024ko otsailaren 29an, sarraski bat gertatu zen Gaza Hirian, Israelek laguntza humanitarioaren bila bildutako 100 pertsonatik gora hil eta gutxienez 760 pertsona zauritu zituenean.[137] 2024ko martxoaren 4rako, NBEk azaldu zuen hamasei haur hil zirela malnutrizioaren eta osasun arreta gabeziaren ondorioz.[138] Apirilean zabaldu zenez, Gazako Zerrendako 576.000 pertsona, biztanleriaren laurden bat, gosetea jasateko zorian ziren, NBEren arabera.[139]
Giza baldintzen eta garbitasun estandarren gainbeherak gaitza zabaldu zuen pertsonen artean. Polio gaitzaren agerraldiak izan ziren haurren artean. Irailaren 1ean, jada, 72.611 haur polioaren kontra txertatu zituzten Gazan.[140]
Hamasen urriaren 7ko erasoen ondoren, arreta guztia Gazara bideratzen zen bezala, aldi berean israeldar indarrek 31 palestinar hil zituzten Zisjordanian bakarrik astebetean.[141] NBEk 2024ko martxo hasieran azaldu zuenez, Zisjordaniako israeldarrek palestinarrei tratu iraingarria eta giza legearen kontrakoa, sexu jazarpena eta bortxaketa mehatxuak egin zizkieten beren operazioetan.[142]
PAN Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei eskatu zien «berehala» esku hartzeko Palestinan, «okupazio indarrak herritarren aurka misilekin eta droneekin egiten ari diren erasoak geldiarazteko».[143] Hala 2023ko azaroan nola 2024ko otsailean, Amnistia Internazionalak israeldar indarrek eragindako giza eskubideen urraketa larriak salatu zituzten, tortura kasu oso ohikoak eta indarkeria hilgarriaren erabilera neurrigabea eta legez kanpokoa.[144][145] 2024ko otsailaren 27an, Zisjordanian oinarritutako Palestinako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Palestinak bizi zuen ataka jasanezina zelakoan.[146] Israelgo Armada bere erasoak areagotzen joan zen eta, abuztuan, eskala handiko operazio militarrei ekin zien, bereziki Jenin eta Zisjordania iparraldea astinduz.
Gerra luzatu ahala, Israel eta Palestinako lurralde mugakideetara zabaldu zen tentsioa, lehenik eta behin Israel eta Zisjordaniara bertara eta, berehala, Libanoko hegoaldeko mugara, Hezbola mugimendu islamistarekin dagoen gatazka puntuetara. Berehala, nazioarteko potentzien arteko jokaleku bero bihurtu zen, atzean zirela nagusiki AEB eta Iran, baita Europar Batasuneko herrialdeak eta Errusia ere.
Israelgo palestinarrek askotariko zigor eta ondorioak jasan dituzte, hala nola lan kaleratzeak, jazarpenak eta atxiloketak. Palestinarren kontrako oldarra Nakba errepikatzeko arriskua benetako bihurtu du, krisi hau hasi baino lehenagotik zetozen neurriak gauzatuz edo areagotuz.[147] Zisjordania, berriz, PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatzen du, eta lur palestinarra da, berez.[99]
Libanoko frontean, tentsioa hasieratik handitu zen, eta bi aldeek, Hezbola talde indartsua ere tartean, tiroketak eta su erasoak trukatu zituzten hilabete batez.[50] Urriaren 30ean, Israelek hegazkinez eraso egin zion Libanori eta Siriako Hezbolari, bertako kohete-jaurtigailuak neutralizatzeko, adierazi zuenez. Astetan, Israelek zein AEBk hainbat aire eraso egin zituzten Siria gainean.[148] Abenduaren 8tik 9ra, Israelek areagotu egin zituen Hezbola talde miliziaren aurkako aire erasoak, nahiz eta une horretan ez zen inor hil. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeeren arabera, miliziaren egoitza nagusiari egin zioten eraso.[149]
2024ko ekainaren 19an, Libano hegoaldeko Hezbola mugimendu xiitarekin hainbat erasoen eta kontraerasoen eskalada batera lerratu ondoren, Israel Katz Israelgo kanpo gaietako ministroak Libanoren kontrako «gerra osoa» planteatu zuen.[150] Irailaren 18-19an, Hezbolako kideen gailu eletroniko ugari urrunetik eztandarazi eta aire erasoz haren buruzagi gorenak erail ondoren, Israelek ofentsiba oso bati ekin zion Libano hegoalde eta ekialdean. Urriaren 1ean Israelek Libanoren lurreko inbasioari ekin zion. Jada lehendabiziko egunetan miloi bat pertsona ziren desplazatuak herrialde barnean.[151]
AEBk Itsaso Gorrian gerraontziak zabaltzeari erantzunez,[152] Yemengo matxino huthiek mehatxu hau egin zuten abendu erdialdean: Itsaso Gorria zeharkatzen zutela eta Israel helmuga duten ontzi guztiei eraso egingo zietela, baldin eta Israelek «berehala» laguntza humanitarioa, hala nola elikagaiak eta osasun baliabideak, Gazara sartzen uzten ez bazuen.[149] Huthiek Iranen babesa dute, eta Itsaso Gorrikoa munduko itsas ibilbide komertzial aktiboenetako bat da.[152] Abenduaren erdialderako, huthiek zortzi itsasontziri egin zieten eraso Yemengo Bab el-Mandeb itsasartean. Ondorioz, petrolioaren prezioek goranzko joera hartu zuten.[153][154]
Siriako Gerra Zibilak iraun bitartean, Israelek ehunka eraso egin zizkion Siriari, baina urriaren 7tik areagotu egin zituen, batez ere Iranen babespeko indarren eta Siriako armadaren kontra. Abenduan, Israelen aire eraso batek Irango Zaindari Iraultzaileen jeneral goren bat hil zuen. Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin ahala, 2024ko urtarrilean, Israelek aire eraso bat jo zuen Damaskon, eta 5 pertsona hil eraikin batean bilduta zeudela. Israelek adierazi zuenez, Iranekin lerrokatu buruzagiak ziren.[155] 2024ko otsailaren 2an, Estatu Batuek Siriako eta Irakeko dozenaka punturi egin zioten eraso, Jordanian egun batzuk lehenago soldadu batzuk hiltzearen ordainetan.[156]
Hezbolak, abenduaren 7an, gutxienez bost misil jaurti zituzten AEBk Bagdaden zuen enbaxadaren aurka. Erasoaren harira, Irakeko lehen ministro Xia al-Sudanik bere gobernuaren baimenik gabe «ez erantzuteko» eskatu zion AEBri. Hasieran, ez zuen inork erasoa bere gain hartu.[149] 2024ko otsailaren 2an, AEBren eraso militarrak jazo ziren Irak eta Siria arteko mugan.[156] Irakeko agintariek adierazi zuten AEB buru duen koalizioa gatazka eta «desegonkortasun faktore» bat bihurtzen ari zela Ekialde Hurbilean, eta koalizio horren Irakeko misioa etetera bultzatzen ari zela Irakeko gobernua.[157]
2023-2024ko Israel-Palestina gerrari buruzko nazioarteko erreakzioak urriaren 7tik hasi ziren Hamasek eta Gazako erakunde politiko-militarrek mugak hautsi eta Israelgo eskualde mugakideetara oldartu zirenean. Luze gabe, bi bloke sortzen joan ziren, elkarren kontrako posizioaz. Hasierako palestinar oldarraldiari Israelek ofentsiba suntsigarri luze batez erantzun zion, hainbat eragile politikok eta humanitariok «genozidiotzat» jo izan dutena. Estatuen artean, Iranek eta Hego Afrikako Errepublikak hartu dute gogorren Israelen kanpaina militarra, bigarrenak Israeli Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidio salaketa bat jarriz. Kontrako aldean, AEBk, Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta Australiak, besteak beste, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea eta «terrorismoaren kontrako borroka» argudiatu dute.
Nazio Batuek pausa humanitario eta menia baten aldeko posizioa agertzetik gero eta gehiago laguntza humanitario bermatzearen alde eta Israelen jokabidea arbuiagarritzat jotzera pasa da. NBEko UNRWA erakundeak ezinbesteko lana egin du gutxienezko baldintza humanitarioak eta osasun zerbitzuak eskaintzen. Aldiz, Israelek Hamasi laguntzea leporatu zion, eta Mendebaldeko zenbait herrialdek diru laguntza kendu zioten. Bitartean, nazioarteko erakundeek palestinar biztanleria zigortuari laguntza humanitarioa eskaintzen jarri zuten indar osoa, Israelek sarritan eragotzia. Elikagaiak banatzeko GKE ezagun baten kontra ere jo zuen, zazpi aktibista erailez, AEBko Joe Biden presidentearen haserrea piztu zuena. Horrek, ordea, ez zuen aldatu haren funtsezko posizioa, Israel armaz eta politikoki babesteko.
Gerrak aurrera egin ahala, Mendebaldean, arrakala batzuk sortu ziren, Israelen kontrako gerra krimen salaketak areagotu ahala. Horien artean, Espainiak bi estatuen soluzioaren aldeko jarrera berretsi eta sustatu zuen, baita UNRWAren aldekoa ere. Errusiak eta Txinak jarrera erdibideko jarrerak agertu zituzten, gerra amaitzeko konpromiso baten aldekoak. Ekialde Hurbileko eta nazioarteko aliantza sistemak jarrerak polarizatu eta lurralde eta herrialde mugakide guztietara hedatu zuen krisia.
Gerrak iraun bitartean, hainbat gerra krimen erregistratu dira, nazioarteko zuzenbidearen arabera tipifikatuak. Zibilen hilketa indiskriminatua da horietako bat, baita ikastetxeei eta ospitaleei eraso egitea ere. Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek nabarmendu zuenez, «Honelako sarraskirik ez da izan gure historian. Aurreko gerretan triskantzak izan ditugu, baina hau genozidio baten parekoa da».[158][159] Urri erdialdean, NBEk adierazi zuen Gazakoa «inoiz ez bezalako giza hondamendia» zela.[160] Abendu hasieran, Michael Fakhri NBEren Gazako Erreportari Bereziak, herritarren janaria eskuratzeko ezintasunari loturik, «genozidio» deitu zion gertatzen ari zenari, gogora ekarriz Gazako palestinar guztiak gosetea jasaten ari direla.[110] 2024ko apirilaren 1ean, Israelen dronen eraso batek gosetea arintzen laguntzen zuten zazpi boluntario hil zituzten, World Central Kitchen (WCK) delako erakunde humanitariokoak, tartean zirela Erresuma Batuko, AEBko eta Australiako kideak. Israelek «dolumina zintzoa» agertu zuen hilketagatik, eta adierazi ikerketa bat abiatu zuela.[161]
Jan Egeland diplomazialariak eta Osloko bake akordioen eragiletako batek, gerra Gazako herritarrez ari zela, estu hartu zuen Israel, eta gerra krimentzat jo zuen populazio jakin bat mugiaraztea, Genevako konbentzioen arabera.[162] L. Moreno Ocampo Nazioarteko Gorte Penaleko fiskal ohiak genozidiotzat jo du biztanleria zibilaren gaineko bonbardaketa, genozidioa prebenitzeko obligazioa nabarmendu du, baita gerra honen zentzugabekeria ere.[163] Abenduaren 9an, Human Rights Watchek Gazako «sarraskia eta krimenak» babestea leporatu zion AEBri, NBEn su eten bat eskatzeko proposamen bati betoa jarri ondoren.[164]
Abendu hondarrean, Hego Afrikak genozidio salaketa aurkeztu zuen Israelen kontra NBEren Justizia Auzitegian, eta erreklamatu NBEk berehalako menia agindu zezala.[165] Israelgo Netanyahuk, berriz, desafioz hartu zuen berria, Hagako Auzitegiari zilegitasuna kenduz eta «gaizkiaren ardatzarekin» parekatuz.[166] Izan ere, Gazako erakunde politiko armatuen urriaren 7ko erasoan, giza eskubideen urraketak identifikatu dira, eta gerra krimen gisa ikertu.[167] Gainera, NBEk irmo sinetsi zuen arrazoiak zituela eraso horretan sexu erasoak gertatu zirela;[168] Hamasek goitik behera ukatu zuen horrelakorik gertatu zenik.[169] 2024ko martxoaren 28an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli exijitu zion genozidioa saihestu behar zuela eta ezinbestekoa zuela Gazara laguntza humanitarioa sartzen uztea, Gazan «gosetea ezartzen» aritzea leporatu zion.[170]
Israelen Gazako eta Zisjordaniako eskalada militarraren helburu adierazia Hamas suntsitzea izan da, «terroristatzat» identifikatua. Hainbat alderdi politiko palestinarrek bat egin zuten hasieratik israeldar erasoaren kontra, baina Al-Fatah aparte mantendu zen. 2024ko uztailaren hondarrerako, ordea, palestinar hamalau fakziok hitzarmen bat sinatu zuten elkarrekin, Txinan negoziaziotan ibili ondoren: Hamas eta Fatah talde nagusiek sinatu zuten, eta beste hamabi taldek ere bai, haien artean Palestinako Jihad Islamikoa edo Palestina Askatzeko Herri Frontea. Hauteskunde libreak egiteko asmoa azaldu zuten, Palestinako Batzorde Nazionala berriz hautatzeko. Horrez gain, “elkarlanaren bidez” Israelen erasoei modu bateratuan aurre egitea adostu zuten, eta lankidetzan aritzea Gazara laguntza humanitarioa sartzeko.[171]
Israelek Ismail Haniyeh hil ondoren, Hamasek Yahya Sinwar hautatu zuen erakundeko lider berritzat abuztuaren 6an, ustez Gazako nonbait ezkutatua. Israeli desafio gordina egiteko erabakitzat jo zen, Israelek etsaietan etsaientzat jotzen baitzuen buruzagi palestinar hori.[172]
Urriaren 7an hasi eskalada militarrean, Benjamin Netanyahu zebilen Israelgo lehen ministro, eskuin eta eskuin muturreko gobernu baten buru. Lehen ministroa bera auziperatua izateko arriskuan zen, eta Israel krisi instituzional batean murgildurik zebilen. Gazako palestinar erasoarekin batera, Netanyahuk urgentziazko gerra kabinete bat eratu zuen ofentsiba horri aurre egiteko. Krisiaren kudeaketa eta bahituen krisia zela eta, Israelen bertan Netanyahuren kontrako adierazpenak eta mobilizazioak areagotzen joan ziren hilabeteak igaro ahala.
Gobernua eta armada, ordea, bat eginik iraun zuten 2024ko ekain arte. 2024ko ekainean, arrakalak hasi ziren irekitzen Israelgo agintarien artean. Rafahko inbasioa burutu zelarik, borrokak ez ziren eten. Netanyahuk harrera epela egin zion Joe Bidenen su-eten planari; Benny Gantz ministroa, berriz, aldeko izan zuen. Desadotasun horiek areagotu egin ziren gerraosteko Gazarako Netanyahuk planik ez aurkeztean. Gatibu batzuen askapenak atzeratu bazuen ere, ministro horrek, Benny Gantzek, eta Gadi Eisenkotek, dimisioa eman zuten.[173][174]
Netanyahuren gobernua gehiengorik gabe gelditu zen, koalizioko kide erradikalenen baitan. Ekainaren 16an, Rafah hegoaldean, Israelgo armadako estatu gorenak "pausa taktikoak" egiten bide zituen, Rafahra hamaika orduz laguntza humanitarioko konboiak sar zitezen. Proposamen horrek Netanyahuren arbuioa hartu zuen ("onartezintzat" jo zuen), gerraren erdian era horretako pausak egin ezin zirelakoan. Ondorioz, lehen ministro israeldarrak armadaren agintariekin konfiantza galdu eta kargugabetu egin zituen.[175]
Trukean, bere hurbilagoko talde txikiago bat izendatu zuen armadan manatzeko, tartean zirela Netanyahu, Yoav Gallant Defentsa ministroa eta Tzachi Hanegbi Segurtasun Nazionalerako aholkularia.[175] Ekainaren 21ean, Daniel Hagari IDFen bozeramaileak adierazi zuen Hamas garaitu ezin den ideia bat zela, «herritarren bihotzetan txertatua», eta oker zebilela Hamas suntsi zitekeela pentsatzen zuen oro; Netanyahuk arbuiatu egin zituen adierazpenok.[176]
Israelgo palestinarrek askotariko zigor eta ondorioak jasan dituzte, hala nola lan kaleratzeak, jazarpenak eta atxiloketak. Palestinarren kontrako oldarra Nakba errepikatzeko arriskua benetako bihurtu du, krisi hau hasi baino lehenagotik zetozen neurriak gauzatuz edo areagotuz.[177] Gazaren aldeko elkartasun adierazpenak txikienak gogor jazarri dira, (etsaiak) «hauspotzea» leporatuz. Horregatik atxiloturik suertatuz geroz, lanpostutik edo unibertsitatetik bota ditzakete gatibu hartutakoak. Urriaren 19an, Israelgo polizia buruak Israelgo palestinarrak Gazara deportatzeko mehatxua eman zuen, haiekin identifikatzen zirelakoan.[178]
Gatibuen krisia hasi zenetik, kale protestak egiten hasi ziren Israelgo hiri nagusietan, Israelen 2023ko urriaren 7an hartutako gatibuak askatzea erreklamatzeko. Pixkanaka, ordea, manifestazio eta elkarretaratzeak areagotu eta gatibuei buruzko Netanyahuren estrategiaren aurka bihurtu ziren. 2024ko apirilaren 1ean, hamar milaka protestari atera ziren kalera Tel Aviv, Jerusalem, Haifa, Be’er Sheva, Caesarea, gatibuen senitartekoekin bat eginez Netanyahu gobernutik kanporatzeko, lehen ministro hori "hitzarmen baterako oztopotzat" joaz.[179]
Ekainaren 20an, milaka atera ziren manifestazioetan Jerusalen, Tel-Aviven eta Caesareako Netanyahuren etxe aurrean, hauteskundeak erreklamatuz eta «gatibuak askatzeko porrotaren» kontra. Bost eguneko protesten eta istiluen buruan egin ziren protesta horiek, The Times of Israel egunkariaren arabera.[180]
Uztailaren 7an, eskalada militarraren bederatzigarren hilabetean, milaka pertsona bildu ziren manifestazioetan, Tel Aviven nabarmenen, Israelgo gatibuak askatzeari begira su-eten bat eta Netanyahuren dimisioa erreklamatzeko. Gainera, Israelgo hainbat errepide blokeatu zituzten.[181] Uztailaren 14an, milaka pertsonaren manifestazioak eta istiluak errepikatu ziren Tel Aviven; senitartekoek deitoratu eta gogor kritikatu zuten Netanyahuren gatazkako posizioa, gatibuak askatzean zapuzten ari zelakoan, Deifen hilketa ahaleginaren ondoren.[182]
Irailaren 1ean, Hamasen eskuetan ziren Israelgo sei gatibu Rafahn hilik agertu zirela jakin zen. Hori zela eta, Netanyahuren kontrako kaleko giroa gaiztotu egin zen. Gauean bertan, manifestazio jendetsuak egin ziren herrialdeko hainbat hiritan —antolatzaileen arabera, milioi erdi lagun atera ziren kalera— eta, biharamunean, harago joan dira Netanyahu gobernuburuaren kontrakoak, greba orokorrera deituta. Ben Gurion Nazioarteko Aireportuan bertan behera gelditu ziren hegaldiak.
Une horretan, bahituen senideek Israelgo Gobernuari leporatzen zioten nahikoa ez egitea horiek askatzeko, eta sentsazio hori areagotu da Israelgo armadak atzo beste seiren gorpuak aurkitu zituelako. Komunikatu baten bitartez, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak orduan adierazi zuen Israelgo lehen ministroak huts egin zuela borrokak gelditzeko akordio bat lortzen, eta horren «zuzeneko ondorioa» zirela sei bahituen heriotzak.
Gertakarien bere kontakizuna errazago zabaldu ahal izateko, Israelek zentsurara jotzen izan du zuzenean. Electronic Frontier Foundation (EFF) erakundearen arabera, sionistek sistematikoki egin dizkiete eskaerak sare sozialen plataformei, milaka profil eta eduki zentsura zitzaten. Horretarako, aski ezagunak den arrazoibidea erabili izan dute: seinalatutako edukiek "biolentzia" edota "terrorismoa" sustatzen zituztela.[183]
Urriaren 7tik azaroaren 4ra bitartean, egun horietako gertakarien kontakizuna markatzeko saiakera masibo bat egin zuten Israelgo agintariek: zehazki, 9.500 profil edo eduki ezabatzeko eskaera egin zieten hainbat plataformari. Meta taldeari egin zizkioten eskaera horien % 60, eta men egin zien enpresak: sionistek adierazitako profilen eta edukien % 90 ezabatu zituen. Facebook, Instagram, Whatsapp eta abarren enpresa nagusia da Meta. Metak berak, zuzenean, aitortu du zentsuratu egin dituela hainbat iruzkin, besteak beste, Palestinako bandera zeramatelako; eta debeku zuzena jarri dio arabierazko shaheed hitzari, "martir" adierazteko erabiltzen dena.[183]
2024ko irailean, Jewish Chronicle agerkariko lau zutabe-idazlek dimisioa eman zuten Gazari buruzko albisteetan «asmakizun hutsak» argitaratzen omen zituztelako. Adierazi zutenez, gainera, era horretako informazio faltsuak azkenekoak baizik ez ziren, eta albiste horiek Erresuma Batuko iritzi publikoan eragitea omen zuten helburu.[184] Luze gabe, 2024ko urriaren 3an, Israelgo Atzerri ministroak NBEko Idazkari Nagusi Antonio Guterresi herrialdean sartzea debekatu diotela jakinarazi du. Israel Katzek Guterresi Iranek Israelen aurka misilekin egindako erasoa “argi eta garbi” ez gaitzestea leporatu zion, baita "terroristak, bortxatzaileak eta hiltzaileak" babestea ere.[185]
Urriaren 7an Hamasek eta beste zenbait erakunde politiko-militar palestinarrek Israeli eraso egin ziotenetik, askotariko protestak eta elkartasun ekitaldiak antolatu dira munduan eta Euskal Herrian. Protestak Israelen zein Palestinaren aldekoak izan dira, baina gerrak aurrera egin ahala eta Al-Ahli Arabi ospitala leherrarazi ondoren, areagotu dira munduan Israelen bonbardaketak salatzeko protestak, batez ere Ekialde Hurbilean, baina baita Europan eta Estatu Batuetan, bertako buruzagi politikoen kontra, Israel babestearren. Hainbat ahotsek garbiketa etnikoa salatu dute.[186]
Euskal Herrian, manifestazio ugari egin dira, besteak beste Iruñean, Donostian, Bilbon edo Baionan. Ipar Euskal Herrian, bereziki, protestek agintarien eragozpenak, debekuak eta, oro har, zapalketa kausitu dute. Urriaren 19an, Baionan 120 pertsona elkarretaratu ziren, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez. Herriko etxe aitzinean antolatua zuten bilkura debekatu zuen suprefeturak, eta poliziak plaza hartu zuen.[187]
2023ko abenduaren 8an, 3.000 pertsona elkartu ziren Gernikan, Gernika-Palestina herri ekimenari erantzunez. Elkarretaratze horretan, bildutakoek Palestinako bandera bat eta Picassoren Guernica koadroaren zati bat osatu zuten.[188] 2024ko urtarrilaren 28an, berriz, milaka manifestarik martxa bat egin zuten Ordiziatik Beasainera, Israelekin harremanak dituzten euskal enpresen eta erakundeen «konplizitatea» salatzeko, CAF enpresarena «bereziki».[189]
2024ko otsailaren 29an, Euskal Herriko hainbat sortzailek eta artistak bat egin zuten Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko, tartean zirela Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Maia eta Igor Otxoa, besteak beste.[190] 2024ko martxoaren 17an, milaka lagunek egin zuten bat kulturgileen deiarekin. Donostian egindako manifestazio horretan, Palestinari elkartasuna adierazi zioten, eta «genozidioa» eteteko eskatu. Haizearen Orrazian, protestariek performance bat antzeztu zuten, lurrean hilotz plantan sarraski bat irudikatuz.[191][192]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.