Zisjordania
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Zisjordania edo Jordanen Mendebaldeko Ibarra[1] (arabieraz: الضفة الغربية, Al-ḍaffa al-ġarbiyya; hebreeraz: יהודה ושומרון, Yehuda VeShomron) Palestinar Lurralde Okupatuak osatzen duen lurralde nagusia da[2], Mediterraneoko kostaldetik gertu, Mendebaldeko Asiako Sortalde eskualdean. Jordaniarekin eta Itsaso Hilarekin egiten du muga ekialdean eta Israelekin (bere Lerro Berdearekin) hegoaldean, mendebaldean eta iparraldean[2]. 1967ko Sei Eguneko Gerraren ondotik Israelek militarki okupatu zuen. Oslo II Akordiotik, 1995ean sinatuta, eskualdea 165 Palestinar enklabetan zatitu da, Palestinako Aginte Nazionalak osoki edo partzialki kudeatzen dituenak, eta 230 israeldar kokaleku, guztiz lotutako lurraldea osatzen dutenak, non Israelgo legedia aplikatzen den. Israelentzat, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem kenduta, Judea eta Samaria Eskualdea da.
Zisjordania | |
---|---|
Txantiloi:Herrialde info Palestina, Israeli-occupied territories | |
Administrazioa | |
Estatu burujabe | Palestina |
ISO 3166-2 | WBK |
Hiriburua | Ramallah |
Gobernuburua | Mahmoud Abbas |
Zatiketa | |
Geografia | |
Koordenatuak | 32°00′N 35°21′E |
Azalera | 5.860 km² |
Mugakideak | Israel, Jordania eta Green Line (en) |
Punturik altuena | Mount Nabi Yunis (en) |
Demografia | |
Biztanleria | 2.881.687 (2017) |
Dentsitatea | 491,76 bizt/km² |
Hizkuntza ofiziala | arabiera |
Ordu eremua | UTC+02:00 eta UTC+03:00 |
Eskualde hau 1948ko Arabiar-israeldar Gerran Jordaniak okupatutako lurralde gisa sortu zen. 1950ean Jordaniak lurraldea anexionatu zuen, eta izena eman zioten Jordan ibaiarekiko zuen kokapena zela eta: Transjordania gaur egungo Jordaniarentzat, eta Zisjordania lurraldearentzat. Jordaniaren esku egon zen 1967ra arte, Israelek Sei Eguneko Gerran konkistatu eta okupatu zuenean.
Osloko Akordioek, Palestinaren Askapenerako Erakundearen eta Israelen artean sinatuta, Palestinako Estatuaren autonomia mailak zehaztu zituzten. A eremua, Palestinako Aginte Nazionalak zuzenean kudeatzen duena; B eremua, elkarrekin kudeatzen dutena PANek eta Israelek; eta C eremua, Israeleko soilik kudeatzen duena. C eremua Zisjordaniako lurraldearen %60 baino gehiago da. Osloko Akordioaren arabera, C eremua "gradualki Palestinaren agintepera igaro behar zen", baina transferentzia hori ez da inoiz gertatu[3]. Zisjordaniaren inguruan Israelek harresi erraldoia eraiki du.
Zisjordaniak, Ekialdeko Jerusalem barne, 5.640 km2 lur eta 220 km2 ur ditu, Itsaso Hilaren iparralde laurdena. Gutxi gora behera 2.748.000 palestinar ditu, eta 670.000 israeldar, koloniatan bizi direnak, horietatik 220.000 Ekialdeko Jerusalemen[4][5]. Nazioarteko komunitateak Israelen kokalekuak Zisjordanian okupazio ilegaltzat ditu, nazioarteko zuzenbidearen arabera[6][7][8]. Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2004an egindako gomendioak ebatzi zuen 1967tik aurrera Israelek Zisjordania konkistatu ostean egindakoak -Jerusalemgo Legea, Israel-Jordania bake-akordioa eta Osloko Akordioak barne- ez zutela aldatu ez Zisjordaniaren ez Ekialdeko Jerusalemen egoera lurralde okupatu gisa[9]. Gazako Zerrendaren batera, Israelek okupatutako Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem Palestinako Estatuak aldarrikatzen ditu lurralde burujabe gisa, Israel-Palestina Gatazkaren ernamuina dena.
Euskaraz ohikoena den izena Zisjordania da. Neo-latinezko izena da, "Jordan ibaiaren alde honetan", eta hizkuntza erromantze gehienetan erabiltzen den izena ere bada. Era berean, Transjordania izena ematen zaio, "Jordan ibaiaren alde hartan" gaur egun Jordania izendatzen dugun lurraldeari, Jordan haranaren ekialdean baitago.
Mendebaldeko Ibarra (ingelesez: West Bank) geopolitikan gehien erabiltzen den izena da, eta arabierazko aḍ-Ḍiffah al-Ġarbiyyah izenaren itzulpena da. Izen hori eman zitzaion 1948ko Arabiar-israeldar Gerran okupatu eta Jordaniako Erresumak okupatu zuenean.
Otomandar Inperioaren garaian, 1517tik 1917ra bitarte, gaur egun Zisjordania gisa ezagutzen dugun lurraldea ez zen lurralde berezitua, eta Otomandar Siriaren parte zen.
1920ko San Remoko konferentzian Lehen Mundu Gerrako Aliatu garaileek Palestinako Britainiar Mandatua sortu zuten, eta lurraldea hor barruan sartu. 1920ko apirilaren 25ean onartutako San Remoko ebazpenak 1917ko Balfourren deklarazioa barnebiltzen zuen. Nazioen Ligaren 22. artikuluaren babesarekin eta Palestinarako Mandatuarekin, Erresuma Batuak bere boterea eraiki zuen. 1921eko apirilaren 11n Erresuma Batuak Abdullah I.a Jordaniakoa izendatu zuen Transjordaniako emirerriaren emir. Honek erresumaren independentzia aldarrikatu zuen 1946ko maiatzaren 25ean.
1947an, Nazio Batuek Palestinaren Partizio Planak proposatutako estatu arabiar baten zati izendatu zuten. NBEren 181. ebazpenak Mandatu Britainiarra estatu judu batean, estatu arabiar batean eta nazioartean administratutako Jerusalemgo enklabe batean banatzea gomendatzen zuen[10]. Estatu arabiarrari gaur egungo Zisjordaniakoa baino eskualde zabalagoa esleitu zitzaion. Ebazpenak "Samaria eta Judeako eskualde menditsua" izendatzen zuen[11], egun "Zisjordania" deitzen den eremua, proposatutako estatu arabiarraren zati gisa. 1948ko gerra arabiar-israeldarraren ondoren, Transjordaniak eremu hori bereganatu zuen[12].
1948ko Arabiar-Israeldar gerran, Israelek NBEren partizio planean "Palestina" gisa agertzen ziren eremuak okupatu zituen. 1949ko Armistizio Akordioek Israelen eta Jordaniaren arteko behin-behineko muga definitu zuten,funtsean, gerraren ondorengo borroka-eremua islatuz. 1948ko abenduko Jerikoko Konferentziaren ondoren, Transjordaniak Jordan ibaiaren mendebaldeko eremua anexionatu zuen 1950ean, "Zisjordania" edo "Mendebaldeko Ibarra" izenarekin, eta ibaiaren ekialdeko eremua "Ekialdeko Ibarra" edo "Transjordania" izendatu zuen. Jordaniak, gaur egungo izenez, 1948tik 1967ra bitartean gobernatu zuen Zisjordania. Jordania ez zuen inoiz formalki onartu nazioarteko komunitateak, Erresuma Batuak, eta Irakek izan ezik[13]. Jordaniako Abdullah I.a erregea Jerusalemgo errege koroatu zuen gotzain koptoak 1948ko azaroaren 15ean. Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemgo arabiar palestinarrei Jordaniako herritartasuna eta Jordaniako Parlamentuko aulkien erdia eman zitzaizkien[14].
Errefuxiatu asko kanpamentuetan bizi ziren, eta bizirik irauteko UNRWAren laguntzaren mende zeuden. Palestinako errefuxiatuak erresumako biztanleen herena baino gehiago ziren, 1,5 milioi biztanle inguru garai horretan. Zisjordanian bizi zirenek 1967ko apirilean bozkatu zituzten Jordaniako azken hauteskundeak. Parlamentuko ordezkariek kargu horretan jarraitu zuten 1988 arte, Zisjordaniarentzat gordetako aulkiak kendu zirenean. Palestinarrek aukera berdintasuna zuten Estatuko sektore guztietan, bereizkeriarik gabe. Nekazaritza izan zen lurraldeko jarduera nagusia. Zisjordaniak, azalera txikiagoa izan arren, Jordaniako nekazaritza-lurren erdia zuen[15].
1967ko ekainean, Sei Eguneko Gerraren ondorioz, Israelek Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem okupatu zituen. Ekialdeko Jerusalem eta Latrungo inoren lurra Israelek anexionatu zituen, baina beste eremuak ez zituen berez anexionatu eta Israelgo Gobernazio Militarra izenarekin ezagutu ziren, Sinaiko penintsula eta Gazako zerrenda barne. Gobernazio Militarra 1982ra arte zen funtzionamenduan.
1974an Rabaten egindako Liga Arabiarraren gailurraren ebazpenak Palestinako Askapenerako Erakundea (OLP) izendatu zuen "herri palestinarraren legezko ordezkari bakarra". Jordaniak ez zion ofizialki uko egin zonaren gaineko errebindikazioari 1988. urtera arte[16], Zisjordaniarekin harreman administratibo eta legal guztiak eten zituenean eta, azkenik, Zisjordaniako palestinarrei jordaniar herritartasuna kendu zienean[17].
1982an, Israelen eta Egiptoren arteko bake-itunaren ondorioz, zuzeneko gobernu militarra autoritate erdi-zibil bihurtu zen. Izenean zibil izena bazuen ere, zuzenean Israelgo Defentsa Ministeriopean aritzen zen. Israelgo kokalekuak Judea eta Samaria Eremua izenarekin administratu zituen Israelek zuzenean.
Osloko Akordioetatik (1993) eta zehatzago lurralde eremuak definitu zituzten Oslo II fasetik Palestinar Aginte Nazionalak geografikoki elkarren segidan ez dagoen lurralde bat kontrolatzen du ofizialki; Zisjordaniako %18 inguru hartzen du, A eremua izenaz ezaguna, eta Israelgo erasoen xede izaten jarraitzen du. B eremua, %22 gutxi gorabehera, Israeldarren eta Palestinako kontrol militarraren mende dago. C eremua, %61 gutxi gorabehera, israeldarren kontrolpean dago osorik.
164 naziok Zisjordania onartzen dute, Jerusalem Ekialdea barne (hau ez baitago eremu banaketan kontuan hartua), "Palestinako Lurralde Okupatu" gisa[18][19]. Israelgo Estatuak NBE aipatzen du, esaten duenean gerran "ezarritako eta onartutako herrialde subirano bati" konkistatutako lurraldeak baino ez direla "okupazioa"[20].
Eskualdea | Administratzailea | Nazioarteko onarpena | Nork aldarrikatua | Aldarriaren onarpena | |
---|---|---|---|---|---|
Gazako zerrenda | Palestinar Aginte Nazionala (de jure) Hamasek kontrolatua (de facto) | Oslo II Akordioaren lekukoa | Palestinako Estatua | NBEko 137 kide | |
Zisjordania | Palestinar enklabeak: A Eremuak eta B Eremuak osatua. | Palestinar Aginte Nazionala eta Israelko indar armatuak | |||
C Eremua | Israelgo enklabeen legea (Israeldar kokalekuak) eta Israelgo indar armatuak (Israelen okupazioa) | ||||
Ekialdeko Jerusalem | Israelgo administrazioa | Honduras, Guatemala, Nauru eta Ameriketako Estatu Batuak | Txina, Errusia | ||
Mendebaldeko Jerusalem | Errusia, Txekiar Errepublika, Honduras, Guatemala, Nauru, eta Ameriketako Estatu Batuak | Nazio Batuen Erakundea nazioarteko hiri gisa Ekialdeko Jerusalemekin batera | NBEko hainbat kide, Europar Batasunarekin; burujabetza partekatua ere oso onartua | ||
Golan | Ameriketako Estatu Batuak | Siria | NBEko kide guztiak Ameriketako Estatu Batuak izan ezik | ||
Israel (sensu stricto) | NBEko 163 kide | Israel | NBEko 163 kide |
Zisjordaniako hiririk nagusiena Ekialdeko Jerusalem da, Nablus, Ramallah, al-Bireh, Jenin, Betleem, Hebron eta Yattah eta beste hainbat hiri txikiago dituelarik. Hala nola, 200 kolonia israeldarretik gora daude, tartean Ariel, Ma'ale Adumim eta Betar Illit. Nahiz eta beste hiri baino txikiagoa izan, Ramallah palestinarren hiriburu politikoa da. Iparraldeko muturrean dagoen Jenin iparraldeko eskualdeko hiriburua da eta Jezreel Haranaren hegoaldean dago. Modi'in Illit, Qalqilyah eta Tulkarm israeldar kostaldeko ordokiaren ondoan daude eta Jeriko eta Tubas Jordan ibaiaren haranean daude, Itsaso Hilaren iparraldean.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.