Txikipedia:Hegazti
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hegazti edo txoriak animalia ornodunak dira, arrainak, narrastiak, ugaztunak eta anfibioak bezala. Dena den, hegaztiek antzekotasun handiagoa dute narrastiekin, ugaztunekin baino; izan ere, zientzialari askoren ustez, hegaztiak dinosauroen desagerpenaren ondoren bizirik jarraitu zuten espezie bakarra izan ziren, eboluzioaren eta erradiazioaren ondorioz, 10.000 espezie desberdinetara zabaldu dira gaur egun arte, galdu diren 150 espezie inguru kontuan hartuta.
Hirietako usoetatik hasita Antartikako pinguinoetaraino, hegazti guztiek antzeko zenbait ezaugarri dituzte:
- Bi hanka eta bi hego dituzte, baina hegazti guztiak ez dira hegaz egiteko gai.
- Lumak dituzte azalaren ordez. Hegaztiak dira lumak dituzten animalia bizidun bakarrak.
- Odol beroko animaliak dira.
- Mokoa dute, baina hortzik ez.
- Obiparoak dira; hau da, ez dira amaren gorputzetik jaiotzen, baizik eta emeak habian edo lurrean jarritako arrautza batetik.
- Atzeko oinekin ibiltzen dira.
- Hegazti guztiek mokoa dute.
Hala ere, hegaztiak elkarren oso desberdinak izan daitezke. Batzuk basamortu lehorrean bizi
dira, beste batzuk Artikoan edo Antartikan; batzuk haragijale edo karniboroak dira, beste batzuk belarjale edo herbiboroak. Hegazti espezie bakoitzak, bere ohitura, elikadura, jokabide eta bizitzeko modu propioak dituzte. Oso hegazti txikiak ere badaude, kolibria, esaterako; baita oso handiak ere, besteak beste, ostruka. Gehienek hegaz egiten dute, eta batzuek ezin badute ere, oso azkar egiten dute korrika. Pinguinoek, adibidez, hegaz egin ordez oso ongi egiten dute igeri.
Historian zehar hegaztiek jendea liluratu izan dute. Pertsona askok hegaztiak maskota gisa dituzte, edo hauek natura guneetan eta zooetan ikustea gustatzen zaie. Gainera, nekazariek etxeko hegaztiak hazten dituzte haien okela eta arrautzak erabiltzeko.