Txikipedia:Animalia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Animaliak izaki bizidun batzuk dira, zelulaniztunak (zelula bat baino gehiago dutenak) eta eukariotoak (zeluletan nukleo bat dutenak), sentitzeko eta beren kasa mugitzeko gai direnak. Landareek bezala, animaliek janaria eta ura behar dituzte bizi ahal izateko; baina, landareak ez bezala, animaliak beste izaki bizidun batzuez elikatzen dira (landare edo beste animaliez), ezin dituztelako fabrikatu beren elikagaiak; hau da, heterotrofoak dira.
Bestalde, animaliak beren inguruan gertatzen dena sentitzeko gai izaten dira (zentzumen batzuk dituzte); gainera, haien gorputzak aukera ematen die mugitzeko, inguruan gertatzen denaren aurrean erreakzionatzeko. Zentzumen horiek eta mugitzeko gaitasun hori, besteak beste, janaria aurkitzeko, kideak topatzeko eta beren burua babesteko erabiltzen dituzte.
Dena dela, animalia gehienak ibiltzeko gai badira ere, bakan batzuk ez dira mugitzen: koralak edo ostrak, adibidez, euskarri bati heltzen diote eta horrela ematen dute bizitza guztia.
Oro har, gizakiaz bestelako animaliak adierazteko erabiltzen da animalia hitza; hitz praktikoa da, eta ez da zientifikoa, beraz.
Animaliak aztertzen dituen zientzia zoologia deitzen da.