From Wikipedia, the free encyclopedia
Samiak[1] Eskandinaviako iparraldean bizi den talde etnikoa da, laponiar[1] izenaz ere ezaguna. Haien herrialdeari Laponia deritzo (samieraz, Sápmi, Sääˊmjânnam edo Säämi; finlandieraz: Lappi; suedieraz: Lappland; errusieraz: Лапландия). Datu zehatzik ez den arren, samiak guztira 80.000 bat lagun direla kalkulatzen da, eta hizkuntza galtzeko arriskuan duten arren, gizatalde hau tradizionalki samieraz mintzatu izan da.
Samiak Laponiarrak | |
---|---|
Sami familia bat, 1900. urtean. | |
Biztanleak guztira | |
80.000–100.000 | |
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak | |
Norvegia: 37.890–60.000 Suedia: 14.600–36.000 Finlandia: 9.350 Errusia: 1.991 | |
Hizkuntza | |
Samiera, norvegiera, errusiera, suediera | |
Erlijioa | |
Luteranismoa, Eliza Ortodoxoa | |
Zerikusia duten beste giza taldeak | |
Fino-ugriar herriak |
Samiak, gaur egun, Norvegiako, Suediako eta Finlandiako iparraldean, eta Errusiako Kola penintsulan bizi dira. Orain 2.000 urte, ordea, herrialde horietako lurralde osoan sakabanaturik bizi ziren. Gero, norvegiarrak, suediarrak eta finlandiarrak finkatu zirenetik, samiak iparralderantz mugituz joan ziren, herrialde horien iparraldean mugatuta gelditu arte.
Samien erdiak itsas arrantzaleak dira, Norvegiako kostaldean; eta gainerakoak, nekazariak, ibai arrantzaleak, eta elur oreinen abeltzainak, batik bat. Dena den, pixkanaka, gizarteko bestelako ogibideetan sartzen ari dira. Hala ere, samien gutxiengo batek gobernuen laguntza eskatzen du, haien kulturaren eta gizartearen iraupena ziurtatzeko: hizkuntzak bultzatu, elur oreinentzat bazka larreak gorde, eta abar.
Samiak Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia estatuetan sakabanatuta bizi dira, 388.000Km2 zabalerako lurralde batean. Lurralde horretan 2.000.000 biztanle bizi dira eta Sami etniako biztanleak 80.000-100.000 inguru dira. Samien lurraldea Saapmi deitzen da. Saapmiko hiri nagusiak Tromso, Murmansk, Kiruna eta Alta dira.
Saapmi hitza ez du bakarrik Samien lurraldea izendatzen. Horrez gain, Samien kultura, bizitza eta espiritualtasun osoari erreferentzia egiten dio.
Samiak 80.000-100.000 biztanle inguru dira. Horietatik 40.000 eta 60.000 artean Norvegian bizi dira, 15.000 eta 20.000 artean Suedian, 9000 inguru Finlandian, eta 2000 inguru Errusian(Kola penintsulan). Kolonizazioaren ondorioz, Samiak gutxiengoa dira bizi diren leku gehienetan. Salbuespenak Norbegiako Finnmark konderriko barnealdea eta Finlandiako Ohcejohka herria dira.
Saila da Samien kopuru zehatza zehaztea. Herri nordikoek ez dute Sami herritarren inguruko estatistika ofizialik gordetzen, eta beraz, autoidentifikazioa nahitaezkoa da. Familia batzuen kideak Samiak kontsideratzen dira eta beste batzuk ez. Identifikazio zehatzena Samien parlamentuetan bozkatzeko eskubidea dutenena izango litzateke. Norvegian eta Suedian, non Samien %90a bizi diren eta horien gehienek Norvegiera eta Suediera hizkuntza nagusi duten, bere burua Sami bezala identifikatu behar dute, eta gutxienez beraien aiton-amonen bat hizkuntza natiboa hitz egin behar du. Finlandian antzekoa da, baina badago Sami herritarren errolda bat. Errusian ez dago parlamenturako bozka zuzenik eta kideak Sami erakundeen ordezkariak dira.
Samien kultura tradizionalean ehiza eta arrantza influentzia handia eduki dute. Antzinan, Sami ugari elur-oreinen hazkuntzara dedikatzen ziren. Gaur egun, horretara dedikatzen direnak gutxiengoa dira eta nomadak izaten jarraitzen dute. Hala ere,kulturalki lanbide honek garrantzia handia jarraitzen du izaten, Sami nortasunaren parte baita. Fiordo-arrantzak ere leku garrantzitsua dauka Samien kulturan.[4]Arrantza izan da, hain zuzen ere, Sami gehienen lanbide nagusia. Gaur egun Samien erdia baino gehiago hirietan bizi da. Hirietan bizi direnak Samiak ez direnen antzeko lanbideetan dariote.[3]
Samiar hizkuntzek 20.000-35.000 hiztun inguru dituzte. Urálica hizkuntz multzoaren barruan sailkatzen dira(Zehazki Fino-Ugriar familiaren barruan). Hizkuntz hauek ez dira indoerupar hizkuntzak.[2] Laponian edo Sáapmi deituriko zonaldean hitz egiten dira, Europako iparraldean.[5]
Samiar hizkuntzen hiztunak horrela banatzen dira gutxi gora behera: Norvegian 20000 hiztun, Suedian 10000, Finlandian 2500 eta Errusian 2000.[5]
Finlandiera da Samieraren hizkuntz gertukoena. Baltofinlandiar hizkuntzen eta Samieraren arteko banaketa 2500. K.a inguruan gertatu zen.[2] Hala ere, badirudi Samiek beste hizkuntza bat hitz egiten zutela inbasioak gertatu baino lehen.[2] Lexikoaren %25 inguru ez da fino-ugriar jatorrikoa, horrek iradokitzen du inbasioak gertatu baino lehen guztiz desagerturiko hizkuntz ez-fino-ugriar bat hitz egiten zutela.[6]
Literaturan, samieraren aldaerak dialekto bezala tratatuak izan dira, baina horietako seik idazkerarako forma estandarrak dituzte, beraz zilegi da hizkuntza ezberdin kontsideratzea. Estandarizaturiko sei aldaera hoietaz aparte, beste aldaera batzuk daude, baina desagertzeko zorian daude. Soilik hiztun zahar gutxi batzuek hitz egiten dituzte.[2] Hauek dira Samieraren aldaerak: hegoaldeko samiera, saami ume, saami pite, saami lule, iparraldeko samiera (edo Norvegiar samiera), saami inari, saami skolt, saami akkala (edo saami babino), saamikildin eta saami ter. Iparraldeko Samiera hiztun gehien dituen aldaera da.[2] Aldaera guzti hauek bi multzo nagusietan sailka daitezke: Mendebaldekoa eta ekialdekoa.[5]
Nahiz eta Sami gehienek ez jakin bere hizkuntzan hiz egiten, azken urteetan belaunaldi berrien artean ikasteko grina berpiztu da. Beraien lurraldean zehar Samieran egindako irrati eta telebista programak, eskolak eta argitalpenak aurki daitezke.[3]
1956an zenbait eskualdeko Sami erakunde elkartu ziren eta “Laponiar kontuetarako iparraldeko Kontseilua” sortu zuten. Erakunde honek Oslon, Helsinkin eta Estokolmon ordezkaritza zuen. “Laponiar kontuetarako iparraldeko Kontseilua” gaur egungo Samiaren estandarizazioa bultzatu zuen. Erakunde honek “Laponiar hizkuntzaren komitea”(1971) eta “Laponiar idazleen Elkartea”(1979) sortu zuen.[6]
Hiztun gehien dituzten sei Samiar hizkuntzen artean, bost(Iparraldekoa, erdialdekoa, Lule, Inari, Skolt) idazketarako Latindar alfabetoa erabiltzen dute(Beti ere hizkuntza bakoitzaren soinuei adaptatua). Sami kildinak, berriz, egokitutako alfabeto zirilikoa erabiltzen du.[4] Sami kildina 1982an estandarizatu zen, eta iparraldeko samia 1985 urtean.[6]
Suediako dialektoan idatzitako lehenengo liburua 1619 urtean agertu zen, Norvegiako dialektoan idatzitako lehenengoa, berriz, 1728 urtean.[6]
Eleberriei dagokienez, Samieran idatzitako lehenengo eleberria “ Beaivu-Álgu (Daggry)” izan zen. Anders Larsenek idatzi zuen 1912an. 1914 urtean Pedar Jalvik istorio motz eta poemez osaturiko “Muothacalmmit (Snøfnugg)” liburua argitaratu zuen. Politika berriek Literatur jarduerak saildu zituzten eta hori dela eta, literatura Samia bultzatzeko ekimen hauek ez zuten jarraikortasunik izan.[7]
Samieran lehenengo idazle garrantzitsua Paulus Utsi izan zen. Guden arteko garaian Samieraz poemak idazten hasi zen, baina 1970 urterarte ez zituzten argitaratu. Utsik Sami nazioaren etorkizunaren inguruko ikuspuntu ezkorra adierazi zuen. Oraintsuagoko garaietan, Nils-Aslak Valkeapäären lana azpimarratu behar da. Artista multifazetikoa, Poesia, musika eta argazkilaritza uztartzen ditu.[7]
Gazteen artean Rauni Magga Lukarri aipatu behar da. Lukkari 1970ko hamarkadako kultura samiaren erromantizismotik aldentzen da eta gai politiko eta sozialak berreskuratu ditu. Sami komunitatearen barruan gertatzen diren diskriminazioak islatu ditu.[7]
Samien sinesmen tradizionalak panteismo, animismo eta txamanismoarekin harremana dute.[8]
Beraien sinesmen tradizionalen arabera jainkoez inguratuta gaude. Lurrean, zeruan, itsasoan, mendietan eta batez ere harkaitz eta zuhaitzetan aurkitzen dira. Samiek uste dute hiltzen direnean ez dutela inora bidaiatzen, baizik eta beraien azpian dagoen dimentsio paralelo batera mugitzen direla.[6] Hain zuzen ere, Samien txamanak dira bizidunen eta hildakoen munduen artean mugitzeko eta mezuak eramateko gaitasuna dutenak. Naturaren espirituekin komunikatzen dira eta sendagileak dira. XVII. Mendean, kristauen etorrerarekin, jazarriak izan ziren. Gaur egun txaman eta sendagile berriak sortu dira.[8]
Samien sinesmen tradizionalak kristautasunarekin nahastu dira. Misioilari kristauak XIII. mendean hasi ziren Samiak bihurtzen eta saiakera hauek protestantismoaren agerpenarekin areagotu ziren. Gaur egun, Norvegia, Suedia eta Finlandiako Sami gehienak kristau luteranoak dira. Errusiako Sami batzuk, Finlandiako Sami Skolt batzuk eta Norvegiako Sami gutxi batzuk ortodoxoak dira.[4]
Kristauen jazarpenagatik Samien musika tradizionala desagertzeko zorian izan zen. Azpimarratzekoa da Yoik deituriko kantu berezia. Aurreko mendeetan Norvegiako gobernuak kantu hau debekatu zuen eta Samien musika tresnak konfiskatu zituen. Gaur egun Yoik kantua biziberritze bat izan du eta Samien nortasunaren ikur bihurtu da. Sami ugarik bere doinu propioa dute, identifikatzen dituen kantua. Yoika naturarekiko harremana adierazteko era bat da.[8]
“Gákti”a(Norvegian “Kofte”) Sami herriaren jantzi pieza tradizional bat da. “Gakti”a bai zeremonietan bai lanerako(bereziki elur-oreinen artzaintzan) erabiltzen da.
Sami jantzi tradizionalak kolore nagusi bat erabiltzen du, harekin kontrastea egiten duten banda koloretsuekin apainduta. Txirikorda, brodatuak eta lepo altua ere jantzi honen ohiko ezaugarriak dira. [9]
“Ellos eatnu - La elva leve” (“Dejad que el rio fluya” gazteleraz) 70ko hamarkadan kokatzen da. Filmak Samiak hidroelektrikoen kontra eramandako borroka kontatzen du. Samiak pairatu duten arrazakeria agerian uzten da eta pertsonaia nagusiaren kontzientziazio prozesua erakusten da.
Sami Blood-30ko hamarkadan kokatzen da. Elur-orein artzaintzara dedikatzen den familia baten barne jaiotako bi ahizpen istorioa kontatzen da, baina batez ere bere Sami izaera ukatzen duen ahizparen ikuspuntutik. Suediar gizartearen arrazakeria eta horrek Samiengan eragiten duen auto gorrotoa erakusten da. Garai horietan Samientzak egindako eskola bereizitak eta estatuaren politika arrazistak eta asimilazionistak erakusten dira.
Samiak, modu batera edo bestera, Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiar estatuengatik herri indigena bezala aitortuak dira.
Herri batzuetan beraien parlamentu propioa dute, nahiz eta botererik gabeko parlamentuak izan.
Gehienek ez dute estatu propiorik eskatzen, gutxiengoa direlako eta beraien lurraldea oso zabala delako. Beraien bizitzeko era, kultura, hizkuntza, hezkuntza, lurra eta urari buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dute.
Historian zehar, baina batez ere meategiak zabaldu zirenetik, XVII. Mendean, Sami herriak genozidio isil bat pairatu du. Tresna ikusezinak baina efektiboak erabilita beraien lurra, ura, hizkuntza, erlijioa, nortasuna eta bizimodua kendu dizkiete. Azken batean genozidio kultural bigun bat pairatu du.[3]
Nahiz eta guztiz argi ez egon, badirudi Samiak ekialdetik gaur egungo lurraldeetara k.a 2000 urtean inguru heldu zirela. Vikingoen garaian(k.o. 793-1066) beste herri batzuekin hartu-emanak izan zituzten. Mortsen hortzak, artisautza eta larruak txanpon, metal xaflak eta gatzagatik trukatzen zituzten.[3]
1635tik aurrera, zilarrezko meatzaritza Sampin zabaltzen hasi zen. Kolonoak, administrariak eta misiolariak Samien lurretara heldu ziren. Bortizkeria eta ankerkeria erabilita beraien nagusitasuna inposatu zuten, Samien bizitzak zapalduz. Misiolariek kristautasuna bortizki inposatu zuten. Samientzat hain garrantzitsuak ziren Txamanak erre, danbor zeremonialak kendu eta leku sakratuak zuntzitu zituzten.[3]
XIX eta XX. Mendeetan zehar, estatu eskandinaboen sorrerarekin, zapalkuntzak aurrera jarraitu zuen eta zentzu askotan areagotu egin zen. Samiar hizkuntzak jazarriak izan ziren. Horrez gain, Sami herriaren lurrak lapurtuak izan ziren, beraien bizitzeko era kolokan jarriz. 1913an Elur-oreinen abeltzain nomaden seme-alabentzako bereizitako eskolak sortu ziren. Norvegieraz ziren eta ez zuten Samien kulturaren alde egiten. Soilik beraien bizitza nomadarako beharrezkoa zena irakasten zitzaien. Gainera, ezin zuten Norvegiako eskola publikoetan ikasi, beraz, segregazio sistema bat zen. 20 eta 30eko hamarkadetan, beraien nahien kontra eta poliziaren laguntzaz, Samiak argazki eta neurketen bidez anatomikoki ikertuak izan ziren. Ikerketa horien helburua garai haietako teoria arrazistak justifikatzea zen. Horrez gain, Suediako arraza-biologia institutuak emakume Samien antzutze kanpaina masiboak antolatu zituen.8 Norvegian eta Finlandian ez ziren hainbestera heldu, baina hala ere oso neurri bortitzak ezarri zituzten. Haurrak urrutiko barnetegietara bidaltzen zituzten. Beraien familiekin bakarrik urtean behin hitz egin zezaketen eta, horrez gain, beraien hizkuntza hitz egiteagatik zigortuak izaten ziren.[3]
Bigarren mundu gerran, Naziek Norvegia okupatu zutenean, Sami herri ugari zuntzitu zituzten.[3]
150 urte baino gehiagotan zehar, Norvegiak, kultur desberdintasunik gabeko herri bat sortu nahian, asimilazio politika bat aurrera eraman zuen. Hainbat gauzen artean, Norvegiako estatuak Samiei beraien ama hizkuntzan mintzatzea debekatu zien. Beraien kultura zerbait negatiboa kontsideratzen zen. Gizartearentzat, Samiak mozkortiak, alferrak eta atzeratuak ziren; modernitatearen garapenerako mehatxu bat. Garai honetan Samiek diskriminazioa pairatzen zuten, eta horren ondorio, bere identitatea izkutatzen hasi ziren, Norvegiarrekin nahastu nahian.[10]
Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan gauzak aldatzen hasi ziren. Autonomia eta autogestioari buruz hasi zen hitz egiten, eta nortasun kolektibo samia berreskuratzeko prozesua gertatu zen. Gazte mugimendu oso indartsu bat sortu zen. Mugimendu hau Samiek pairatu zuten diskriminazioagatik kalte ordainak exijitu zituen eta indigenen eskubideei buruz hitz egiten hasi zen.[10]
Hamarkada horretan, estatu eskandinaviarrak sami herri indigenaren eskubideak aitortzen hasi ziren. Norvegian, samiak herri indigena bezala aitortuak izan ziren, eta, beraz, lege internazionalen arabera, babes eta pribilegio berezietarako eskubidea dute. 1971 urteko “elur-oreinen hazkuntza legea” samiei zenbait askatasun ekonomikoa eman zien. Elur-oreinen artzaintza finkapen eskubidea lortzeko baldintza material nagusia da. Gaur egun, aldiz, Sami gehienek beste lanbide batzuk bilatzen dituzte, bai hirietan bai nekazal guneetan, lurraren ustiapena dela eta. Meategien ustiapena, baso-soiltzea eta hidroelektrikoen eraikuntza lurraren pobretzea eragin dute, eta Samien bizitza tradizionala arriskuan jarri dute. Gainera, abeltzaintzara dedikatzen diren Samiak; arrantzaleak, ehizariak eta beste batzuk, legearen babesaren kanpo daude.[11]
Mexikorekin batera, Norvegia Lanaren Nazioarteko Erakundea(LANE)ren 169 ituna sinatzen lehenengo herrialdea izan zen, 1990ean. Bertan Samia jatorrizko herria dela aitortzen du eta bere eskubideak ezartzen ditu.[10]
Azkenik, Sami herriaren parlamentuen sorrera eta aitorpena(Finlandian 1973an, Norvegian 1989an eta Suedian 1993an sortu zen), Samien altxamendu politiko eta kulturalaren lorpen garrantzitsuenetarikoa izan zen.[10]
Sami herriak duen arazorik larriena lurraren erabilera historikoa da. Samiek ez zuten jabetza pribaturik eta ez zituzten aztarna nabarmenak utzi naturan. Horren ondorioz, lur erabileraren inguruan elur-oreinen artzainen eta interes pribatu eta publikoen arteko gatazkak ohikoak dira. Jabetza pribatua amankomunean kudeatzen diren lurrak baino gehiago errespetatzen denez, elur-oreinen abeltzaintzarako bideratzen diren lurrak etengabe behera doaz, errepideak, hidroelektroak eta meategiak gero eta lur eremu handiagoa hartzen baitute. Horregatik Samien borroka lurraren defentsan funtsezkoa da.[10]
Samien aurreko belaunaldiak, beraien lurrak eta ibaiak salbatu nahian, meatzaritza eta zentral hidroelektrikoen kontra borrokatu ziren. Gaur egungo Samiak, berriz, beraien elur-oreinek zeharkatzen dituzten lurretan parke eolikoak eraikitzearen kontra borrokatzen dira. Beti ere kolonialismo berdearen aurkako borroketan egon dira.[3] Samien bizitzak jasangarriak direla aldarrikatzen dute.
Garrantzia handia duen beste borroka bat hizkuntzaren berreskurapenarena da. Gaur egun, belaunaldi gazteen artean kontzientzia handia dago hizkuntzaren inguruan, eta gogoak eta aukerak dituzte beraien gurasoei ukatutako hizkuntzak ikasteko. Borondatea badago, egunerokoan erabiltzen ez den hizkuntza bat berreskuratzea saila bada ere. Hala ere, hizkuntzaren erabilera handitu da eta hainbat haurrentzat beraien ama hizkuntza da. Horrez gain, zenbait udalerri elebidun izendatu dira. Beraz ofiziala den informazio guztia bi hizkuntzetan egon behar da ( Adibidez Norvegiarra eta Samia, Norvegiako kasuan).[10]
Samiek ez dute tradizionalki herri nordikoen ezkerra eta ezker muturraren babesa izan, beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala(AEB, Australia, Zelanda Berria). Oraindik aurreiritzi arrazialak agerikoak dira eta herri askotan samiera ofiziala izatea arbuioa sortzen du. Baina hori horrela izanda, Sami mugimendu berri bat azaleratzen ari da.[3] Borroken eta prozesu nazional eta internazionalen ondorioz, Samien nortasunekiko harrotasun eta begirune handiagoa dago.[10]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.