Pirogeno
From Wikipedia, the free encyclopedia
Pirogeno sukarra eragiten duen eragileari deritzo. Pirogenoek gorputzeko tenperatura erregulatzen duen egituraren gain (hipotalamoaren gain) jarduten dute, tenperatura hori igoaraziz.
Sukarra, kasu gehienetan, infekzio baten ondorioz agertzen da [1]. Beraz, ohiko pirogenoak infekzioarekin lotutako eragileak dira, bi hauek izanik garrantzitsuenak:
- bakterioen endotoxinak: bakterio Gram negatiboek haien zelula-horman dituztenak; lipopolisakaridoak, esaterako. Sukarra ez ezik, beherakoak, hantura, tronbozitopenia eta leukopenia eragin ditzakete endotoxinek.
- zitokinak: batez ere, interleukinaren bat (IL-1), makrofagoek sortua. Goian aipatutako endotoxinek eta mikrobio patogenoek dituzten beste antigeno batzuek makrofagoak aktibatzen dituzte, interleukina-1 ekoizten dutenak. Interleukina honek gorputzeko termostatoaren gainean jarduten du, hipotalamoaren gainean, bere ohiko funtzionamendua desorekatuz eta sukarraren agerpena erraztuz. Efektu hori ez du modu zuzenean sortzen interleukina-1ek, prostaglandinen bidez baizik (interleukina horrek prostaglandinen sintesia eragiten du, prostaglandina horiek izanik gorputzeko tenperatura igotzen dutenak) [2]. Botika batzuen efektu antipiretikoa (aspirina, parazetamol...) prostaglandinen sintesia inhibitzean datza.