From Wikipedia, the free encyclopedia
Pelkosenniemi (inarieraz: Pelkosnjargâ) Finlandiako Lappi eskualdearen erdialdean dagoen udalerri bat da. Ekialdeko Lappi azpieskualdean dago, eta mugakide ditu Savukoski eta Sodankylä iparraldean, Kemijärvi hegoaldean, eta Salla ekialdean. 1.882,05 km²-ko udalerri honetan, 1.000 biztanle baino ez da bizi; beraz, biztanle gutxien duen Lappiko udalerria dugu. Finlandian, beste inon ez du izan basogintza industriak hainbesteko eragina ekonomian. Hartara, 1960ko hamarkadako urre-aroa eta 1990eko hamarkadan izandako gainbehera, basogintza-industriaren gorabeherek eraginak izan ziren. Gaur egun, ordea, turismoan oinarritutako ekonomia du Pelkosenniemik. Horri esker, nahiz eta eskualdeko iparralde osoan bezala industria ia garatu gabe dagoen, langabeen kopurua Lappiko udalerrietako txikienetarikoa da.
Pelkosenniemi | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Pelkosenniemen kunta | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Ekialdeko Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Pertti Severinkangas | |
Sorrera | 1916 | |
| ||
Koordenatuak | 67°06′30″N 27°30′55″E | |
Azalera - Ur-azalera |
1.881,57 km²[1] 45,40 km² (%2,4) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Suediera - Besteak |
949 (2017.08.31)[2] 0,52 bizt/km² (2016)[2] % 99,2 (ofiziala) % 0,2 % 0,6 | |
Webgune ofiziala |
Lappi eskualdeko muino ospetsuenetako bat ere udalerrian dago, tontorrak 500 metroko garaiera ozta-ozta igarotzen duen Pyhä muinoa. Muino honetan, 220 metroko Finlandiako euri-bide sakonena dago, Isokuru, eta gainera, eski azpiegitura berriak eraiki dira azken urteotan Kemijärvirekin garatutako plan turistiko bati esker. Hasiberrientzako, erdi mailakoentzako eta adituenentzako iraupen eta eski alpino hamar pista daude [3].
Azkenik, aipatu beharra dago udan antolatzen den Munduko Eltxo Zapalketa txapelketa. "Kirol" hau, Finlandiako ezohiko kirolen barneko ekintzetako bat da, eta bertako garailea, bost minututan eltxo kopuru gehien zapaltzen dituen lehiakidea da. Eltxo marka altuena, 1995. urtean Henri Pellonpääk lortu zuena da, hogeita batekoa hain zuzen [4].
Udalerria Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dago, Ekialdeko Lappi azpieskualdean eta Zirkulu Polar Artikoaren gainean. Bere bizilagunak, Savukoski eta Sodankylä udalerriak iparrean, Salla ekialdean, eta erlazio oso estua duen Kemijärvi hiria hegoaldean dira. Pelkosenniemik 1.882,05 km²-ko azalera dauka, Gipuzkoa bezain handia da, eta Lappiko bosgarren udalerri txikiena da. Metro gutxi batzuk baino neurtzen ez duten muinoz betea dago; aipatzekoa da udalerriko ekonomiaren erdigunea, 500 metroko garaiera ozta-ozta igarotzen duen Pyhä muinoa. Bertan daude finlandiarren artean ospetsu bihurtu diren eski-azpiegiturak. Muinoaren magalean, baso borealak dira nagusi; sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta izeidiak dira ohiko zuhaiztiak [5].
Klima subartikoa da nagusi, prezipitazio urriekin urte osoan zehar. Udak motzak eta epelak dira, eta ekain eta uztail bitarteko bost astetan (ekainaren 2tik uztailaren 10era), eguzkia ez denez guztiz ezkutatzen, gauerdiko eguzkia eta gau zuri fenomenoak ematen dira; negu izoztuak aldiz, luzeak izan ohi dira (zazpi hilabete gutxi gorabehera), eta lurzoru elurtuak azarotik maiatzera arte irauten du. Gau polarra aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, abenduaren 21ean eta 22an izaten da. Samiek, antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan, batez ere, irailean, urrian, otsailean eta martxoan [6].
Pelkosenniemi | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima subartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | 2,6 | -2,1 | 2,5 | 10,8 | 24,7 | 24,8 | 24,2 | 26,6 | 20,5 | 5,7 | 2,5 | 0,3 | 11,9 | |
Batez besteko maximoa ºC | -7,3 | -8,5 | -2,2 | 3,1 | 13,6 | 16,5 | 18,4 | 19,8 | 12,4 | 0,6 | -0,5 | -7,1 | 4,9 | |
Batez bestekoa ºC | -12,5 | -12,3 | -6,9 | -1,5 | 8,2 | 10,2 | 13,1 | 13,3 | 8,5 | -2,4 | -3 | -11,7 | -0,5 | |
Batez besteko minimoa ºC | -17,1 | -17,6 | -12,7 | -7,9 | 1,7 | 5,8 | 8,8 | 7,9 | 3,2 | -6,2 | -5,2 | -15,2 | -5,0 | |
Minimoa ºC | -32,1 | -30,8 | -26,9 | -15,8 | -1,9 | -0,7 | 3,1 | -0,2 | -4,7 | -15,1 | -9,7 | -30,9 | -13,8 | |
Prezipitazio-egunak | 10 | 15 | 13 | 13 | 16 | 12 | 16 | 12 | 18 | 14 | 16 | 15 | 170 |
540 metroko Pyhä, udalerriko muino altuena da. Garaiena izateaz gain, Finlandiako eski azpiegitura onenetakoak daude bertan, urtero milaka elurzale erakartzen dituztenak.
Aintzira gutxi daude Pelkosenniemin eta ur-eremua bere azalera guztiaren %2,4a baino ez da, 45,25 km²; ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da. Aintzira ezagun eta nagusiena hego-mendebaldean dagoen Pyhäjärvi aintzira da. Ibaiek bestalde, Pelkosenniemiarren bizimodua baldintzatu izan dute betidanik; aipatzekoa da bereziki Kemijoki, Lappi osoko ibai ospetsuenetakoa. Ibai honek, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan Ekialdeko Lappi mundura zabaldu zuen. Beste ibai ezagun batzuk, Kemijokirekin Pelkosenniemi elizatean bat egiten duten eta Savukoski eta Sodankylä udalerriak zeharkatzen dituzten Kitinen eta Luiro ibai emaritsuak dira. Bertan, lutxoperka eta izokina bezalako ur gezatako arrainak gustora bizi dira, eta ur korronte indartsu eta harroek udalerria eta Finlandia energiaz hornitzen dute. Gainera, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-kirolzale erakartzen dituzte. Kemijoki ibaia, Kanada herrialdean dauden hainbat ibaiekin batera, mundu osoko ur kalitate onena duen ibaia da.
Landaredia eta udalerriko faunak oso aberatsak dira eta ondorioz, Pelkosenniemik natura babesteko hainbat egitasmo gauzatu ditu; 2005. urtean esaterako, Kemijärvi eta Sodankylä udalerriekin batera Pyhä-Luosto Parke Nazionala sortu zuen. Bertan, altzeak, azeri artiko eta gorriak, elur-orein basati eta etxekotuak, hartz arreak, igarabak, laurehun urteko zuhaitzak eta Finlandia osoko hegazti espezie sorta luzeena dago; hala nola, antzarak, eskinosoak, mokozabal zuriak, urubiak, zapelatz liztorjaleak eta zingira-hontzak [8].
Pyhä-Luosto Parke Nazionala, 1938. urtean sortu zen Pyhätunturi parkearen eta Sodankyläko Luosto parkearen bat egitearen ondorioz sortu zen 2005. urtean. Urteko ia 100.000 turista jasotzen ditu parke nazionalak eta hiru udalerrien oinarri ekonomikoa bihurtu da. Aipatzekoa da gainera, Finlandiako euri-biderik sakonena udalerrian dagoela, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren ikurra den 204 metroko Isokuru euri-bidea.
Azken hamarkadan, eta bereziki 2005. urtean, Greenpeace eta iparraldeko samien, eta Stora Enso konpainiaren eta bertako langileen artean hainbat liskar izan dira enpresak zelulosa orea egiteko erabiltzen zuen egurraren jatorria zela-eta. Greenpeace erakundeak salatu zuenez, Stora Enso enpresak erabiltzen zuen egurra, Finlandiako Parke Nazionalak kudeatzen dituen Metsähallitus konpainiak Lappiko basoetatik ematen zion. Bertako basoen gehiegizko ustiapenaz, iparraldean abeltzaintzaz bizi diren samiek euren elur-oreinak pinudietako likenez elikatzea oztopatzeaz eta mila urteko ohitura arriskuan jartzeaz salatu zuten enpresa. Hala ere, ika-mika guzti hauek amaitu egin dira konpainiak negozioak Hego Amerikan errentagarriagoak zirela erabaki eta Kemijärviko frabrika itxi zuenean 2008ko apirilean [9].
Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. VII. mende inguruan; izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi. Kemijoki ibaiaren ertzean bizi ziren samiek (haien artean Pelkosenniemiarrek), gaur egun desagertua dagoen hizkuntza berezi batean hitz egiten zuten, kemieraz edo kemiko samieraz.
Erdi Aroan, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediako Erresumaren eskuen artetik zebilen lurraldea zen Pelkosenniemi, baina Behe Erdi Aroan suediarren boterea nagusitu eta hauen eragina nabarmentzen hasi zen. Lurraldea Suediar Erresumako antzinako Laponia probintziaren barruan zegoen, hain zuzen, Laponiako hego muga markatzen zuen herria zen. Kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko eta Pelkosenniemi, Sodankyläko elizatearen barneko herrixka bat bihurtu zen. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. Batez ere, Savoniatik zetozen finlandiar hauek, 1673tik aurrera iristen hasi ziren errege-dekretu baten bidez; lehena, Paul Pelkonen izan zen, udalerriari izena eman zion etxea eraiki zuena. XVIII. mende bukaerarako ia ez zen samirik gelditzen udalerrian, iparralde aldean bizi ziren sami batzuk izan ezik [10].
XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu behar izan zuten. Garai hartako Pelkosenniemiarrak, eguraldiak baimentzen zuenean behintzat, arto, patata eta zereal nekazaritzatik, arrantzatik, larru merkataritzatik, elur-orein zaintzatik eta, XVIII. mendetik aurrera batez ere, basogintzatik bizi ziren.
XVIII. mendean Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. XIX. mendean, Lappiko eta Finlandiako hirien hazkundea eman zen (Kemi, Kemijärvi eta Torniorena), eta udalerria, hazkundea buztanetik heldu eta garai berriak asetzeko behar ziren produktuak (egurra esaterako) lortzeaz arduratu zen. Basogintza industria eratzen hasi zen. 1903. urtean Kemiko portuarekin eta Rovaniemirekin batzen zuen trenbide ospetsua iritsi zen Kemijärvi bizilagunera, Laurila–Kelloselkä izenekoa; trenbide honen bidez, herriak ekoizten zituen basogintza industriako produktuak nazioarteratu ziren. 1916. urtean, gaur egun Pelkosenniemi osatzen duten herrixkak batu eta Sodankylätik behin betiko bereiziz, berezko udalerri berri bat sortu zuten; udalerri sortuberri honek, elizatearen izena jaso zuen, Pelkosenniemen kirkonkylärena hain zuzen.
Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Pelkosenniemiarrek udalerritik alde egin behar izan zuten hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra) eta Finlandiak lur-eremu asko galdu zituen; haien artean, Salla bizilagunaren zati bat. Neguko Gerran esaterako, bataila batzuk udalerriaren lurretan borrokatu ziren, dena den, sobietarrek ezin izan zuten Salla eta Pelkosenniemiren arteko muga gainditu. Gerra hauen ostean, herrialdeak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Bake-akordioak gerra udalerritik urrunarazi zuen eta Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan ezarri ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Finlandiarrek Kemi eta Tornio ingurura jo zuten alemaniarrak portu estrategiko hoietatik urruntzen saiatzeko eta bitartean, hauek finlandiarren gotorleku sendoena zen Rovaniemi suntsitzera abiatu ziren. Bidean Kemijärvi bizilaguneko eraikin guztien %70a erre zuten, baina Pelkosenniemik erreketa guzti hauetatik kanpo gelditzea lortu zuen.
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Udalerriaren erdigunea Kemijoki ibaia bihurtu zen orduan, eta bertan, herrialdea energiaz hornitzeaz arduratzen diren zentral hidraulikoak eraiki zituzten 60ko hamarkadan.
90eko hamarkada hasieran ekonomia finlandiarrak hondoa jo zuen. Hainbat faktorek eragin zuten ekonomiaren gainbehera, haien artean SESBen desegiteak, eta ondorio larrienak langabeek jasan behar izan zuten gehienbat. Herrialdea EBn sartu ondoren, ekonomia suspertu egin zen baina Pelkosenniemi atzean gelditu eta apurka biztanleak Rovaniemi zerbitzu-hiriburura alde egiten hasi ziren. Honela, azken 30 urtetan, biztanleria ia erdira jaitsi da, 70eko hamarkadako 2.000 biztanletik, gaur egungo 1.000ra. Dena den, badirudi turismoaren garrantziaren hazkundeak, lanpostu berriak sortzen dituela; batik bat, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren eraginagatik eta udalerriak, Kemijärvi hiriarekin batera eskaintzen dituen natura eskaintzengatik, (Pyhä muinoko eski-azpiegiturak esaterako) [11].
Ez dago bertaraino doan trenbide sarerik, ezta aireporturik ere. Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trena Kemijärvi bizilaguneraino iristen da Laurila-Kelloselkä trenbideari esker. Trenbide honek Kemitik ekialderako bidea egiten du eta Sallako Kelloselkä herriraino iristen da. Trenbide hau 1934. urtean iritsi zen Kemijärvira eta bertako basogintza industriak ekoitzitako produktuak nazioarteratzeko oso baliagarria izan zen [12].
Aireportu hurbilenak aldiz, Sodankyläkoa eta Lappiko handiena den Rovaniemi aireportuak dira. Bi hauek, Pyhä muinoaren sarrera ate nagusiak dira eta bertatik eski azpiegiturara doazen kirolzale gehienak iristen dira.
Herrixketan zehar ibiltzeko edo inguruetako udalerrietara joateko Valtatie 5 autobidea hartu beharra dago. Udalerritik igarotzen den autobidea, hegoaldeko Heinola udalerrian hasi eta Sodankyläraino doa; 905 km-ko luzera dauka eta herrialdea eta udalerria zeharkatzen ditu hegoaldetik iparraldera [13][14].
Pyhä eta Sodankyläko Luosto muinoen artean eta izen bereko parke nazionalean, Lappiko eski-azpiegitura handienetako bat dago. Pyhäjärvi herrixkaren ondoan dago, udalerriaren hego-mendebaldean, eta sasoi eta urtaro guztietarako jarduerak eskaintzen direnez, azpiegitura hauek urte osoan irekiak daude. Iraupen eta alpino eski-pistak daude bi muinoen inguruan; Pyhä muinoan esaterako, umeentzako, hasiberrientzako eta adituentzako eski alpinoa praktikatzeko hamar pista daude, Luoston aldiz, zazpi.
Eski-estazioaz gain, jatetxeak, spak, dendak eta hotelak daude inguruan. Urte osoan zehar eskaintzen diren ekintzak daude; hala nola, elur motor safariak, husky txakurrek eta elur-oreinek gidatutako lera safariak, Kemijoki, Kitinen eta Luiro ibaietako arrantza, txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pyhä-Luosto Parke Nazionalean ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak [15].
Pelkosenniemiko leku bisitatuena da eta udalerriaren eta Kemijärvi bizilagunaren motore ekonomiko garrantzitsuena bilakatu da azken urteotan.
Udalerriak izugarrizko azalera dauka, Gipuzkoa bezain handia da, eta hainbat herrixketan banatua dago. Izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, herrixka hauen baterakuntzak sortu zuen udalerria 1916. urtean; udalerri berri honek, elizatea den herri handienaren izena jaso zuen, Pelkosenniemi hain zuzen. Honela, Sodankylä elizbarrutiaren menpe egon ostean eta elizak jasandako moldapenei esker, udalerri eskubideak jaso zituen.
Biztanle gehienak bi herri garrantzitsuenetan bizi dira; hau da, Pelkosenniemi herrigunean eta Suvanto herrian.
Hauek dira garrantzitsuenak:
|
|
|
|
100 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.
Nahiz eta hiri senideturik ez duen, Kemijärvi eta Savukoski bizilagunekin harreman estuak mantentzen ditu; 2005ean sortu zen Pyhä-Luosto Parke Nazionala eta natura turismoaren eskaintzetan eginiko elkarlanak, esaterako.
Pelkosenniemiko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Pelkosenniemiko Udalbatza [16] | |||||
---|---|---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | Pelkosenniemiko udalbatza | |
-- | Zentroko Alderdia | 5 | 1 | % 31,9 | |
-- | Ezker Elkartasuna | 3 | 0 | % 18,4 | |
-- | Sitoutuma (Indp.) | 3 | 4 | % 18,4 | |
-- | Liga Berdea | 2 | 2 | % 11,8 | |
-- | Benetako Finlandiarrak | 2 | 2 | % 11,1 |
Lappiko udalerri gehienetan ez bezala, Zentroko Alderdia ez zen garaile suertatu. Garaipena zazpi eserleku lortu zituen Talde Independenteak eskuratu zuen; udalbatzan tinko sartu zen taldea eta Pelkosenniemiarren botoen %45,8a lortu zuen. Ondoren, hiru batzarkide galdu zituen Zentroko Alderdia eta bat irabazi zuen Ezker Elkartasuna izan ziren, lau eta hiru ordezkarirekin hurrenez hurren. Azkenik, Alderdi Kritsau-Demokrataren eserlekua dugu, botoen %8,5ari esker lortua. Aipatzekoa da, Kemijoki ibaian eraikitako zentral hidraulikoen aurkako jarrera hertsiaren ondorioz eta udalerrian duen babes sozial hutsagatik Liga Berdea ez zela udal hauteskundeetara aurkeztu. Hauteskundeen ostean, eratu berria zen udalbatzak Erkki Parkkinen alkate aukeratu zuen [17].
Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.
Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Pelkosenniemin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %9,8, eta 65 urte gehiagoko biztanleria aldiz, altuegia, %25,4koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %99,8aren ama hizkuntza da. Bigarren mailako hizkuntza samiek hitz egiten duten ipar samiera da. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVII. mendetik aurrera finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten. Gaur egun, ez da gelditzen kemiko samirik eta beraien berezko hizkuntza zen kemiera ere galdu da [18].
1.000 biztanle inguru dituen udalerri hau, biztanle gutxien dituen Lappiko udalerria da. Azken 30 urtetan, biztanleria ia erdira jaitsi da, 70eko hamarkadako 2.000 biztanletik, gaur egungo 1.000ra. Dena den, badirudi turismoaren garrantziaren hazkundeak, lanpostu berriak sortzen dituela; batik bat, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren eraginagatik eta hiriak, Kemijärvi udalerriarekin batera eskaintzen dituen natura eskaintzengatik, (Pyhä muinoko eski-azpiegiturak esaterako) [11].
Nazioartean ezagunena den Pelkosenniemiarra, 80ko hamarkadako Hanoi Rocks talde finlandiar ospetsuko gitarrista da, Andy McCoy. Herrigunean estatua handia bat duen gitarrista hau, mundu osoko gitarrista famatuetako bat izan zen 80ko hamarkadan eta Finlandia osoko rocker ezagunenetako bat da. Beste herritar bat, 2010eko Vancouverreko Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Tapio Luusua eskiatzailea da.
Nahiz eta udalerriaren jatorrizko biztanleak samiak diren, finlandiarrak baino ez dira bizi aspalditik; Pelkosenniemiar batzuk sami erroak dauzka noski, dena den, gutxi batzuk baino ez dira jakitun. Kemijoki ibaiaren ertzean bizi ziren samiek (haien artean Pelkosenniemiarrek), kemiko sami deitura jasotzen zuten, eta gaur egun desagertua dagoen hizkuntza berezi batean hitz egiten zuten, kemieraz edo kemiko samieraz. Sami hauek, XVII., eta bereziki XVIII. mendeko finlandiar etorrera masiboaren ondorioz iparralderantz jo zuten, Inari eta Sodankylä udalerrietara batik bat.
Nahiz eta izendapen hau ez den ofiziala, aipatu beharra dago inarieraz Pelkosnjargâ izena jasotzen duela udalerriak.
Pelkosenniemi herrian dago Lehen Hezkuntzako eskola bakarra, Pelkosenniemen Koulu izenekoa. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Kemijärvi udalerrian dago, Kemijärven Lukio, eta ikasle Pelkosenniemiarrek bertara joan behar izaten dute beren ikasketak jarraitu nahi izanez gero [20].
Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, herrigunetik 70 bat km-ra. Hala ere, Pelkosenniemi herrian eta Kemijärvi eta Sodankylä bizilagunetan, eritasun arinagoak sendatzeko eskualde-erietxeak daude [21].
Armarria Ahti Hammar artista helsinkiarrak sortu zuen 1960. urtean eta udalerriko udalbatzak urte bereko urtarrilaren 16an Pelkosenniemiko ikur nagusitzat hartu zuen (Barne Ministerioak martxoaren 24an). Armarria sortzerakoan, artistak eskualdeko natura eta kultura izan zituen buruan eta, hala, bertan agertzen diren irudiekin, udalerriaren bereizgarri nagusia irudikatu nahi izan zuen: Pyhä muinoa, alegia. Zilarrezko atzealdearen aurrean, urdin koloreko gurutzea dago, urdinezkoak ere diren hiru tontorren gainean. Izan ere, armarriko hiru tontorrak Pyhä muinoaren hiru gailurren irudiak dira eta gurutzeak, aldiz, muinoaren izena adierazten du (Pyhätunturi-k, euskaraz, "muino saindua edo sakratua" esan nahi du). Hammar artista, zehazki, aspaldiko kontakizun batean oinarritu zen armarria sortzeko; hain zuzen ere, esaten da Kemijärviko elizbarrutiko apaiz gorenak lurralde hartan bizi ziren samiak bataiatu eta kristautasunera bihurtu zituela 1648. urtean Pyhä muinoaren tontorrean [22][23].
Historiarekin zerikusia duten zenbait museo daude Pelkosenniemi herrigunean. Hala nola, eliza azpian dagoen eta udaran bakarrik irekitzen den Herri Museoa. Taivaan tulet YLE TV2 kateko polizia serie arrakastasua gainera, Kemijärvi eta Pelkosenniemi artean grabatzen da eta udalerriko ikuspegi zoragarriak herrialde osoan zehar erakusten dira [24].
Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Arvospuoli, Kairala, Luiro eta Suvanto herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [25].
Eraikin eta oroitarri aipagarrienak ondorengoak dira:
Udan antolatzen den Munduko eltxo zapalketa txapelketa da udalerriko ospakizun aipagarriena; "kirol" hau, Finlandiako ezohiko kirolen barneko ekintzetako bat da, eta bertako garailea, bost minututan eltxo kopuru gehien zapaltzen dituen lehiakidea da. Eltxo marka altuena, 1995. urtean Henri Pellonpääk lortu zuena da, hogeita batekoa hain zuzen [4].
Pelkosenniemiko egitura ekonomikoaren arabera, langile gehienak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Nahiz eta eskualdeko iparralde osoan bezala industria ia garatu gabe dagoen, langabetuen kopurua Lappiko udalerrietako txikienetarikoa da turismoari esker.
Izan ere, udalerriko diru-sarreren iturri nagusia Pyhä muinoko eski azpiegiturak dira; Pyhä eta Sodankyläko Luosto muinoen artean eta izen bereko parke nazionalean, Lappiko eski-azpiegitura handienetako bat dago. Pyhäjärvi herrixkaren ondoan dago, udalerriaren hego-mendebaldean, eta sasoi eta urtaro guztietarako jarduerak eskaintzen direnez, azpiegitura hauek urte osoan irekiak daude; hala nola, bertako hotelak, spak eta jatetxeak irekita egoten dira beti. Iraupen eta alpino eski-pistak daude bi muinoen inguruan; Pyhä muinoan esaterako, umeentzako, hasiberrientzako eta adituentzako eski alpinoa praktikatzeko hamar pista daude, Luoston aldiz, zazpi.
Eski-estazioaz gain, jatetxeak, spak, dendak eta hotelak daude inguruan. Urte osoan zehar eskaintzen diren ekintzak daude; hala nola, elur motor safariak, husky txakurrek eta elur-oreinek gidatutako lera safariak, Kemijoki, Kitinen eta Luiro ibaietako arrantza, txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pyhä-Luosto Parke Nazionalean ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak [15].
1960ko hamarkadan bestalde, basogintzak, garrantzi izugarria hartu zuen bertako ekonomian Kemijärvi udalerriari esker. Hala ere, denboraren poderioz, basogintza alde batera utzita, turismoaren isatsari heldu zion ekonomiak. Gaur egun bertara doazen bisitari gehienak ingelesak, alemaniarrak eta suitzarrak izan ohi dira [28].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.