Pantaila lau
Kurbadurarik gabeko pantaila-mota, ohiko pantailetako hodi katodikorik behar ez duen teknologia darabilena (kristal likidoa, plasma). / From Wikipedia, the free encyclopedia
Pantaila laua edo Panel lauko pantaila (FPD) edukiak bistaratzeko erabiltzen den gailu elektroniko bat da. Hainbat dispositibotan jarrita, testua, irudiak eta bideoa ikus daitezke: ordenagailuetan, gailu mugikorretan eta baita medikuntzako, garraioko edo industriako ekipamenduetan ere. Garai bateko izpi katodikozko CRT telebisten pantailekin alderatuz, arinagoak eta meheagoak dira. XX. mendearen amaiera aldera agertu ziren lehenak.[1][2] Gerora agertu diren berrikuntza teknologikoei esker, kristal likidoa[3] eta LED diodoak kasu, pantaila finagoak sortu dira: plasmazkoa, LCD, OLED, etab. Hegakorrak ala estatikoak izan daitezke. Hegakorretan pixelak aldizka eguneratu behar dira beren egoera mantentzeko eta horrek energiaren kontsumoa dakar. Estatikoetan, aldiz, irudia pantailan mantentzeko energiarik behar ez denez, energiaren erabilera eraginkorragoa da. Hala ere, pantaila abiadura motelagoan eguneratzen dutenez, ez dira egokiak aplikazio guztietarako. Pantaila lauen azken modeloek 3 zentimetrotik beherako lodiera dute eta bereizmen altua (1080p, 4K). Bereziki garrantzitsua da arina eta mehea izatea gailu eramangarrietan: ordenagailu eramangarrietan, telefono mugikorretan, argazki kamera digitaletan, eskuko bideokameretan, etab. Telefono adimendun gehienek OLED pantailak dituzte.