Azkaineko pilotari eta kantari lapurtarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Panpi Ladutxe[1] —jaiotzako izena, frantsesez, Pampi Laduche—, pilota arloan Ladutxe deituraz ezaguna (Azkaine, Lapurdi, 1955eko uztailaren 13a - Baiona, Lapurdi, 2021eko azaroaren 30a)[2][3] esku huskako pilotari profesionala eta euskal abeslaria izan zen. Joseph Laduche pilotariaren semea.[4]
Panpi Ladutxe | ||||
---|---|---|---|---|
Izen osoa: | Pampi Laduche | |||
Jaiotza data: | 1955eko uztailaren 13a | |||
Jaioterria: | Azkaine (Lapurdi) | |||
Heriotza data: | 2021eko azaroaren 30a (66 urte) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Postua: | aurrelaria | |||
Debutatze data: | 1981eko ekainaren 25a | |||
Debutatze pilotalekua: | Haroko udal pilotalekua | |||
Erretiratze data: | 1994ko abuztuaren 8a | |||
Erretiratze pilotalekua: | Deportivo (Bilbo) |
Pilotaren munduko izarrik handienetako bat izan zen, errematerako trebetasun ikusgarria zuena. Lehenik trinketean nabarmendu zen, eta buruz buruko eta binakako txapelketak irabazi zituen. 26 urte zituela hasi zen ezkerparetako pilotaleku profesionaletan. Binakako txapelketa nagusian izan zituen lorpenik handienak: txapeldun 1987an eta 1989an, Joxean Tolosa atzelaria lagun, eta txapeldunorde 1988an, Martinikorena atzelaria lagun. Bera izan zen ezkerparetako txapelketa nagusietako bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehenbiziko pilotaria.[4]
Panpi Ladutxe Azkainen jaio zen 1955eko uztailaren 13an. Gaztetan, Joseph Laduche aitarengandik jaso zuen pilotarekiko zaletasuna, hura ere pilotaria izan baitzen. Trinketean hasi zen jokatzen, eta berehala nabarmendu zen. 1973an lehenbiziko txapela irabazi zuen, 17 urterekin. 1974an, 19 urte zituela, afizionatuetako trinketeko munduko txapeldun izan zen Montevideon. Bi urte geroago, buruz buruko eta binakako txapelak irabazi zituen. Nagusi zen, eta horren erakusle izan zen hurrengo urtean beste horrenbeste egin zuela.[4] Aurrelaria zen, baina atzean ere aritu zen, Frantziako Federazioak hala behartuta, haren arerioei abantaila emateko.[5]
1977an, herriko trinketean jokatzeko desafioa bota zion Juan Ignacio Retegiri. Retegi I.ak sei aldiz irabazia zuen buruz burukoa ezkerparetan. Baina trinketean Ladutxe zen nagusi, eta irabazi egin zion. Haren maila ikusita, Retegi I.ak xaxatu egin zuen ezkerparetan hasteko, baita enpresek ere. Hark ere bazuen aspalditik probatzeko gogoa, eta baiezkoa eman zuen. Lehenbizi, ordea, horretarako prestatu beharra zuen: erronka handia zen, aurretik egin gabekoa. "Hemen dena egiten nuen: ezkerrez atera, eskuinez jo... Han ez nintzen deusik", zioen.[5]
1981ean egin zuen jauzia: trinketa utzi eta ezkerparetan hasi zen jokatzen profesional moduan. Kostatu zitzaion hasieran, baina poliki-poliki, neurria hartu zion. Egungo jokamoldea zuen: airea, bolea eta gantxoa. Errematatzaile petoa zen. Horri esker, mailaz igotzen joan zen, nagusiekin jokatzera iritsi arte. 1987an jo zuen goia, Joxean Tolosarekin binakakoa irabazita. 22-14 hartu zituzten mendean Martin Alustiza eta Ladis Galartza, Donostian. Txapela jantzita, mugarria ezarri zuen: Ipar Euskal Herriko pilotari bakar bat ere ez zen txapeldun izan ezkerparetan. Horregatik, hark esana da partida hori zuela kutunena. Bi urte geroago, berriz izan zen txapeldun Tolosarekin: 22-18 nagusitu zitzaizkien Julian Retegiri eta Fernando Arretxeri. Hori eginda, arantza atera zuen, urtebete lehenago, hark eta Jose Martin Martinikorenak galdu egin baitzuten finalean Retegi II.aren eta Inaxio Errandonearen kontra.[5]
1994an hartu zuen erretiroa Ladutxek, baina pilotari lotuta jarraitu zuen. Haren ondotik Ipar Euskal Herriak emandako ezkerparetako bi pilotari onenen prestatzailea izan zen: Yves Salaberri Xala-rena eta Sebastien Gonzalezena. Haiek hartu zioten lekukoa: Xalak lau txapel irabazi zituen, eta Gonzalezek, bat. Ezkerparetan ez ezik, trinketean ere aritu zen prestatzaile gisa. Makina bat trinketlari pasatu zen haren eskuetatik.[5]
Abeslaria izateagatik ere bilakatu zen ospetsu. 1995ean, Aitari diskoa argitaratu zuen, 2002an, Chansons du Pays Basque Xabi Pery eta Akelarreko Patrice Dumoraren laguntzaz, eta 2012an Orhoit. Kantutik bizi izan zen azken urteetan. Haren hitzetan, "urtean 120 bat musika emanaldi" eskaintzen zituen.[5] Bestalde, aktore lanetan ere aritu zen, Pilotari telesailean.[6]
2021eko azaroaren 30ean hil zen, Baionako eritetxean, minbiziak jota; 66 urte zituen.[4]
Urtea | Txapeldunak | Txapeldunordeak | Emaitza | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
1987 | Ladutxe - Tolosa | Alustiza - Galartza III.a | 22-14 | Anoeta pilotalekua |
1988 | Retegi II.a - Errandonea | Ladutxe - Martinikorena | 22-16 | Anoeta pilotalekua |
1989 | Ladutxe - Tolosa | Retegi II.a - Arretxe I.a | 22-18 | Anoeta pilotalekua |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.