Julian Retegi Barberia, pilota arloan Retegi II.a deituraz ezaguna (Eratsun, Nafarroa Garaia, 1954ko urriaren 10a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari jokatzen zuen, eta esku huska jardun duten pilotari guztien artetik hoberenetakoa da; pilotazale askoren ustez, inoizko hoberena, Atano III.arekin batera.[1] Beste inork baino gehiagotan irabazi du esku huskako txapelketa nagusia, buruz burukoa: guztira 11 txapel lortu ditu. Eta, hiru txapelketa nagusiak kontuan hartuta ere (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) Retegi II.a da txapel gehien jaso dituena: guztira 20 (zerrenda horretan hurrengoak, Olaizola II.ak, 14 irabazi ditu); adituen artean adostasun zabala dago gehiago ere irabaziak izango lituzkeela, lau eta erdikoa lehenago berrezarri izan balitz (1989 arte kenduta egon baitzen). Retegi da urte berean hiru txapelketa nagusiak irabazi zituen lehena, 1990ean. Euskalduna da.

Informazio gehiago Retegi II.a, Pilotaria ...
Retegi II.a
Izen osoa:Julian Retegi Barberia
Jaiotza data:1954ko urriaren 10a
(70 urte)
Jaioterria:Eratsun (Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea:esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua:aurrelaria
Altuera: 1,75 m
Debutatze data: 1974ko uztailaren 14a
Debutatze pilotalekua: Zinema (Zarautz)
Erretiratze data: 2001eko irailaren 20a
Erretiratze pilotalekua: Adarraga (Logroño)
Itxi

Bizitza

Juan Ignacio Retegi —Retegi I.a— pilotariaren iloba da, eta txikitatik erakutsi zuen pilotarako sena. Julian Retegik 1974ko uztailaren 14an jokatu zuen estreinako partida profesionaletan, Zarauzko Zinema pilotalekuan. Hurrengo urtean, bigarren mailako buruz buruko txapelduna izan zen.

Lehen mailako txapela 1980an eskuratu zuen lehen aldiz. Hamar txapel gehiago ere irabaztekoa zen, 1980tik 1988 arteko guztiak jarraian, eta gero 1990ekoa eta 1993koa. Horrenbestez, buruz buruko txapel nagusia gehien jantzi duen esku huskako pilotaria da. Binakakoa, berriz, 1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997an lortu du. Irabazi zuen azken txapelketa 1997ko lau eta erdikoa izan zen, Titin III.a aurkari zuela. Hortik aitzina, lesioek eragotzita, ez zuen beste txapelik eskuratu. Azken partida Logroñoko Adarraga pilotalekuan 2001eko irailaren 20an jokatu zuen, Barriola bikotekide zuela, Olaizola II.aren eta Armendaritzen aurka. Guztira, 20 aldiz jaso du irabazlearen txapela esku huskako hiru lehiaketa nagusietan (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa), eta, horrenbestez, inoiz izan den esku huskako pilotaririk sarituena da. Jokatutako 1407 bat partidetatik, 843 irabazi zituen. Banakako partida guztietan, Martin Ezkurra izaten zuen botilero edo aholku-emaile.

Erretreta hartu eta gero, Asegarce enpresarentzat pilotariak fitxatzeko ardura izan zuen zenbait urtez. Telebistan ere ibilia da, Tele 5 katearen pilota partidetako esatari, bai eta Euskadi Irratiko esku huskako pilotako partidetan ere, langintza berean.

Julen semea ere pilotaria du, Retegi Bi izenarekin (izen hori aitaren omenez hartu du). Julian maiz aritu da Julenen botilero (partidan zehar aholkuak ematen, alegia).

Kirol lorpenak

  • Buruz buruko txapelduna (11 aldiz): 1980, 1981, 1982, 1983, 1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1990 eta 1993.
    • Buruz buruko txapeldunordea: 1989, 1991 eta 1992.
  • Binakako txapelduna (5 aldiz): 1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997.
    • Binakako txapeldunordea: 1989 eta 1994.
  • Lau eta erdiko txapelduna (4 aldiz): 1989, 1990, 1991 eta 1997.
  • Euskal Herriko binakako txapelduna: 1997.

Buruz buruko txapelketa nagusia

Lehen mailako txapelketan 1979an hartu zuen parte lehen aldiz. Hurrengo urtekoa jaso zuen lehendabiziko txapela. Hona hemen jokatu zituen final guztiak (letra lodiz, Julian Retegik lortutako tanto kopurua):

Informazio gehiago Urtea, Txapelduna ...
Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza
1980 Retegi II.a Maiz II.a 22-14
1981 Retegi II.a Ariño IV.a 22-11
1982 Retegi II.a Ariño IV.a 22-09
1983 Retegi II.a Galartza III.a 22-16
1984 Retegi II.a Galartza III.a 22-21
1985 Retegi II.a Galartza III.a 22-13
1986 Retegi II.a Tolosa 22-12
1987 Retegi II.a Tolosa 22-16
1988 Retegi II.a Galartza III.a 22-09
1989 Tolosa Retegi II.a 22-19
1990 Retegi II.a Tolosa 22-08
1991 Galartza III.a Retegi II.a 22-15
1992 Galartza III.a Retegi II.a 22-12
1993 Retegi II.a Galartza III.a 22-19
Itxi

Lau eta erdiko txapelketa nagusia

Lehenbiziko finala 1989an jokatu eta irabazi zuen, jada 35 urte zituela, hain zuzen ere, lau eta erdiko txapelketa 32 urteko etenaldia izan ondoren berrezarri zen urte berean (1957-1988), horregatik adituen artean adostasun zabala dago txapelketa honek etenaldirik izan ez balu Retegik 1980ko hamarkadan lau eta erdian zuen nagusitasunaren ondorioz irabaztea lortu zituen lau txapelak baino askoz gehiago irabaziko zituzkeela.

Informazio gehiago Urtea, Txapelduna ...
Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza
1989 Retegi II.a Galartza III.a 22-06
1990 Retegi II.a Galartza III.a 22-15
1991 Retegi II.a Eugi 22-07
1997 Retegi II.a Titín III.a 22-21
Itxi

Binakako txapelketa nagusia

Zazpi finaletan parte hartu eta bost txapel irabazi zituen.

Informazio gehiago Urtea, Txapeldunak ...
Urtea Txapeldunak Txapeldunordeak Emaitza
1988 Retegi II.a eta Errandonea Ladutxe eta Martinikorena 22-16
1989 Ladutxe eta Tolosa I.a Retegi II.a eta Arretxe I.a 22-18
1990 Retegi II.a eta Errandonea Bergara II.a eta Etxenagusia (Maiz II.aren ordez) 22-03
1991 Retegi II.a eta Arretxe I.a Salaberria eta Galartza III.a 22-19
1994 Titín III.a eta Arretxe I.a Retegi II.a eta Beloki I.a 22-14
1995 Retegi II.a eta Errandonea Unanue eta Zezeaga 22-17
1997 Retegi II.a eta Lasa III.a Eugi eta Zezeaga 22-01
Itxi

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.