From Wikipedia, the free encyclopedia
Mendiko eskia mendizaletasuna eta eskia konbinatzen dituen kirol-diziplina da. Mendia elurtuta dagoenean eta normalean eski-estazio edo ekipatutako pistetatik kanpo, zapaldu gabeko elurraren gainean, igoerak eta jaitsierak egitean datzan eski-modalitatea da. Bereziki modalitate honetarako diren eskiak eta foka-larruak erabiltzen dira jarduera bera gauzatzeko, edota neguan, goi-mendiko beste jarduera batzuk burutzeko hurbilketarako.
Zaila da kirol honen jatorria zehaztasunez definitzea, gizakiak eskiak erabili izanaren lehen erreferentzia Norvegian aurkitutako K.a. 2500. urteko grabatu batekoa baita. Garraiobide gisara erabiltzen zen hasiera batean eskia ingurune polarretan. Alpeetara XIX. mendean iritsi zen funtzio berarekin, baina mendearen amaieran Ingalaterrako burgesiako esploratzaileak teknika hori baliatzen hasi ziren beraien mendi-esplorazioetan, eta beraz, garraiobiderako ez ezik, aisialdirako tresna ere bihurtu zen.
Eski-oholen azpian foka-larruak (lehenbiziko haiek naturalak izan ohi ziren, gerora material sintetikoek ordezkatu dituzte) ezartzeak aurrera egitea eta igoeretan eustea ahalbidetzen du. Ezagutzen den lehen eski-zeharkaldia Wilhelm Paulcke-k eta bere lau lagunek burutu zuten, bi eramaileren laguntzarekin, 1897ko urtarrilaren 19tik 23ra. Bernako Oberland (Suitza) zeharkatu zuten. Chamonix-Zermatt (Frantzia eta Suitza) zeharkaldi ezaguna berriz, 1903an burutu zen lehen aldiz. Gaur egun biak ala biak ibilbide klasiko bihurtuak. Teknikak, nahiz eta primitiboak izan, jada ongi bideratuta zeuden XX. mendearen hasieran eta Lehen Mundu Gerran ere erabili zituzten mendiko tropek gudu-zelaian. Gerra ondorengo lehen urteetan teknikak eta materialak asko garatu ziren. 1927an lehen eski-igoera italiarra egin zuten Monte Bianco-ra Ottorino Mezzalamak eta Ettore Santik.
1930eko hamarkadan, mendiko eskia eta eski alpetarraren bereizketa egin zen. 1933an, diziplina profesional gisara, gerora mendi-eskiko lehiarik garrantzitsuenetakoa bihurtuko zenaren lehen edizioa jokatu zen.
Bigarren mundu-gerraren ondorenean zabalkunde handia izan zuen neguko jarduera honek zale askoren artean.
Denbora-tarte luzean, eski alpetarraren gorakadaren ondorioz mendiko eskiak interes falta handia izan duen arren, azkenaldian, bitarteko mekanikoetatik ihes egin eta ingurune naturalagoetan gozatzeko gogoz dagoen geroz eta jende gehiago erakartzen du. Materialean izan den garapenak ere (arintasunak bereziki) lagundu du horretan. Horretaz gain, mendiko eskiaren praktika dibertsifikatu egin da, inguruneaz gozatzea helburu duten egun bat baino gehiagoko zeharkaldietatik hasi eta egun bakarreko eta zailtasun handiko irteerak egiteraino. Mendiko eskiko lehiaketek ere geroz eta jende gehiago erakartzen dute.
Igoera eta jaitsieretako ahalegin fisikoari eta plazerari, ibilbide polit bat trazatzeak ematen duen gogobetetzea gehitu behar zaio. Mendiko eskiak teknika ona eskatzen du, ezinbestekoa da lurzoruaren araberako esfortzuaren kudeaketa egiten jakitea, elurra eta neguan mendia zer den ongi ezagutzea eta horrekin zerikusia duten arriskuak (haize-plakak, pitzadurak...) kudeatzen jakitea. Finean, ezaugarri fisiko eta intelektualak eskatzen dituen kirol osoa da.
Eski-teknikez gain, mendiko eskiak ezagutza tekniko eta trebakuntza erregularra eskatzen ditu segurtasuna bermatzeko: elur-jausien biktimak bilatzeko metodoa ezagutzea, lehen sorospena kudeatzea, goi-mendian ibiltzen eta bizirauten jakitea, aterpe edo babeslekuak egiten jakitea (iglua, lubakia...), ingurune isolatu eta basatian sorospen teknikak gauzatu edo irtenbideak bilatzen jakitea, etab.
Eskiatzaileak bata bestearen atzetik joan ohi dira eta tarteka txandatu egingo da bidea trazatuko duena, taldearen burura pasatuz. Horrela fisikoki gogorrak diren elur-baldintzetan (elur hautsa, zarakarduna...) egin beharreko esfortzua banatu egiten da. Trazatzailea, malda pikoa denean, sigi-sagak eginez erregularki igotzen saiatuko da. Eskiatzaileei elur-jausi guneak edo gertatzeko aukera duten guneak zeharkatu beharra egokitu dakieke. Hori dela eta, eskiatzaileen artean distantzia-tarte bat errespetatu behar da arriskua gutxitzeko. Jaitsieran ere gauza berberak hartu behar dira kontuan eta jaisteko ibilbidea uneko baldintzen arabera trazatu beharko da, nahiz eta horrek batzuetan barne-gogoari muzin egin beharra esan nahi duen.
Mendiko eskia arriskua berekin duen diziplina da eta oso garrantzitsua da esperientzia izan eta oinarrizko arauak errespetatzea praktika behar bezala gauzatu eta gozatzeko.
Alpetar eskia edo mendiko eskia praktikatu behar duenaren ekipamendua ezberdina da, gehienbat igoerarako baina baita segurtasunerako ere. Jantziei dagokienez, neguko baldintza meteorologikoak eta egin behar den ahalegin fisikoa uztartu beharrak, hiru geruzen teknika aplikatzea eta aldaketak aurreikusten jakitea eskatzen du.
Ibilbidearen orientazioak, gogortasunak, iraupenak eta lurzoruaren nolakotasunak zehaztuko dute eraman beharreko materiala eta ekipamendua. Hargatik, lehiako praktikak material arinagoa eta sarritan garestiagoa lehenestea dakar.
Mendi-eskiko eskiak finkagailuekin: Alpetar eskiko eskien antzeko tamainakoak baina arinagoak izan ohi dira eta orpoa aske uzteko aukera eskaintzen duten finkagailuak izaten dituzte. Igoerak egiteko askatuta eramaten dira eta jaitsieretarako blokatu. Azken urteetan materialek izugarrizko garapen teknologikoa izan dute pisua arindu, igoeretarako maneiukortasuna handitu eta segurtasuna bermatzeko, bereziki jaitsieretarako. Karbonoa da nagusi eskien egituren konposizioan eta aluminiozko edo titaniozko aleazioak aldiz finkagailuenean. Era askotako finkagailuak daude:
Alpetar eskikoen antzekoak dira baina normalean arinagoak eta malguagoak. Gomazko zola izaten dute oinez egin beharreko ibilietan erosoago moldatzeko. Hauek ere normalean karbonozkoak izaten dira eta horrek igoeretarako arintasuna eta jaitsieretarako zurruntasuna bermatzen du.
Mendiko eskia mendi ertainetan edo goi-mendian gauzatzen denez, ezinbestekoa da lurzorua, nibologia, glaziarretako balizko arriskuak, mendiko meteorologia eta ibilbideak (orientazioa, topografia) ongi ezagutzea. Jarduera burutzera abiatu aurretik eguraldiari eta elurrari buruzko informazioa begiratuta joatea gomendatzen da, baina horretaz gainera, eskiatzaileak motxilan pisua gehituko dioten hainbat tresna eta aparailu hartu behar ditu. Mendi-eskian Arva edo Recco-a, elur-jausietarako zunda eta pala erabiltzen jakitea baliagarria bezain ezinbestekoa da, elur-jausi batek norbait harrapatuz gero, kokapen zehatza aurkitu eta ahalik eta azkarren erreskatatzeko. Hainbat eredutakoak daude, arinagoak, desmuntagarriak…
Estatistikek, ezbehar baten kasuan, hiru tresna hauen erabilerarekin istripua izan dutenen bizirauteko probabilitatea handiagoa dela egiaztatzen dute. Berehalako esku-hartze batek heriotza ekidin dezake (gehienetan aire faltak eragindako itolarriagatik gertatzen da). Hipotermia arazoak itolarriak eta kolpeek eragindako arazoak baino geroago iristen dira.
Elur-jausiak harrapatutako pertsona bat inguruan gutxienez beste pertsona bat baldin badago eta biek ere ARVA baldin badaukate bakarrik erreskatatu daiteke horrela. Eta ez hori bakarrik, erreskatatzaileak pala eta zunda ere berekin izan ezean ezinezkoa da. Bilaketan eta indusketan pasatako denborak ikaragarrizko garrantzia dauka biktima bizirik erreskatatu ahal izateko eta horretarako behin eta berriz erreskateko praktikak egin behar dira (gutxienez urtean behin). Azken urteetan segurtasuneko sistema hauei teknologia berri gehiago gehitu zaizkie.
Laurogeigarren hamarkadatik aurrera elur-jausietarako airbag sistema bat ere garatu zen. Mekanismo hau motxila baten modukoa da, eduki txikiagoa edo handiagoa izan dezake (20, 40, 60 litro etab.) eta soka bat izan ohi du aurrean. Elur-jausi bat egokituz gero sokatik tira egitea nahikoa da automatikoki puxika puzteko (autoetan bezalaxe) eta elur gainean iraun edo flotatu ahal izateko. Sistema hau, hirurogeita hamargarren hamarkadan, basozain alemaniar batek elurraren gainean hainbat elementuk nola flotatzen zuten aztertu zuelako garatu zen. Geroago patentea Peter Aschauer-ek erosi zuen.
Segurtasuneko beste sistema batzuk snorkel-aren itxurako tutu soilak erabiltzen dituzte, elurpean gelditutakoan arnasketa errazten dutenak. AvaLung izenez dira ezagunak. Lehenbizikoak Tom Crawley estatubatuarrak asmatu zituen. Botatzen dugun arnas-fluxua hartzen dugunetik bereizten dute, eta ingurune itogarrian egoteko fenomeno arriskutsu hori ekiditen dute, hatsaren beroak urtuta eta berrizoztuta sortzen den izotzezko horma fin batek isolatuta.
Mendi-eskiko ibilaldien zailtasunak neurtzeko lehen eskala berrogeigarren hamarkadan sortu zuen Gérard Blachère frantziarrak. Eskala honek hiru maila bakarrik bereizten zituen:
Gerora gehitutako A laburdurak (MSA, BSA, OSA) goi-mendiko edo zailtasun alpinoko pasarteak daudela adierazten du, esaterako, haitzezko pasarteak edota glaziarrak. Mendiko eskiaren aurrerapen teknikekin eta garapenarekin berehala bihurtu zen Blachère-en eskala orokorregi, ibilbidearen esposizioa edo maldak parametro objektiboekin neurtu ordez, parametro ia subjektiboekin (ibilbidea burutzen duen eskiatzailearen gaitasunaren araberakoak) neurtzeak dituen berezko mugen ondorioz.
70. hamarkadaren erdialdean beraz, zailtasuna neurtzeko sistemaren definizio berri bat hasi zen zabaltzen. Sistema berri honek jaitsierako zailtasuna neurtzen zuen eta Philippe Traynard-ek, Grenobleko Unibertsitateko irakaslea eta FFME[1]-ko (Frantziako Mendiko eta Eskaladako Federazioa) lehendakari ohia, sortutako eskalaren arabera adierazten zen.
Eskala honek 6 gradutan bereizten zuen jaitsieraren zailtasuna:
Handik gutxira, François Labande-ek, mendi-eskiko ibilbide ugari egin eta geroago gida ugaritan deskribatuko zituen eskiatzaile handiak, Traynard-en eskala osatu eta hobetu zuen. Batetik, jaitsierei zegokien zailtasunen eskalan zazpigarren gradu bat gehitu zuen:
Bestetik, berriz, igoerei zailtasun alpinoaren ezaugarriak gehitu zizkien (UIAA izenez ezagutzen den eskala, Union internationale des associations d'alpinisme[2] erakundearena, hain zuzen). Honek kontuan hartzen ditu besteak beste, ibilbidearen luzera, aldapen jarraikortasuna eta maldak, esposizioa, arrisku objektiboak, kota eta isolamendua. Hona hemen ezaugarri horiek guztiak kontuan hartzen dituen sailkapena edo eskala:
Ordura arteko eskalak edo sailkapenak ez zuen artean zailtasuna behar adina deskribatzen, batik bat, 90. hamarkadatik aurrera, mendiko eskian freeride ("eski askea" edo pistaz kanpoko eskiari ematen zaion izena) eta "malkarretako eskia" (steep skiing -en-, sci ripido -it- edo ski de pentes raides -fr- bezala ezagutua) agertzen hasi zirenean. Materialen garapen teknologikoak eta ibilbideak aukeratzeko askatasunak gero eta eskiatzaile zailduagoak sortu zituen. Horren harira, Volopress[3] argitaletxe frantziarraren (Volodia Shanhshahani, muturreko eskiatzailearen izenetik sortua) elurretako gida topografikoetan zailtasunaren eskala berri bat sartzen hasi ziren, Volo-ren eskala izango zena.
Mendiko eskiko eskalarik berriena, osoena eta konplexuena da, izan ere, hiru ezaugarri hartzen ditu kontuan: igoerako zailtasuna, eskiatzeko zailtasuna eta ibilbidearen esposizioa. 3.2/F/E2 formularekin definitzen da baina batzuetan 3.2/E2 modura ere laburtu izan da, eskiatzeko zailtasuna kontuan hartu gabe, oinezko mendigoizaleentzako elurretarako gida topografikoetan.
Mendiko eskiko txapelketarik ezagunenak bi urtez behin jokatzen diren Mendiko eskiko Munduko txapelketa, Mendiko eskiko Europako txapelketa eta urtero jokatzen den mendiko eskiko munduko kopa dira. 2020an sartu zen lehenbiziko aldiz mendiko eskia gazteen neguko olinpiar jokoetan. Lausanan (Suitza) jokatu ziren 2020ko urtarrilean, YOG2020.
Honako kategoriak daude txapelketan:
Euskal Herrian, lehiaketatik kanpoko proben egutegi bat eta lehiaketan sartzen diren proben egutegi bat daude. Lehian sartzen dena bitan banatuta dago: Mendiko Eskiko Euskal Herriko Kopa eta Txapelketa. Euskal Herriko Kopak gutxienez hiru eta gehienez sei proba puntuagarri ditu; bi lagunez osatutako taldeetan egin badaiteke ere, sailkapena banakakoa da beti. Euskal Herriko Txapelketei dagokienez, txapelketa bat egiten da lehiaketako modalitate bakoitzeko: banaka, bi lasterkariz osatutako taldeetan, eta erlojupeko igoera.
Lehiaketa bakoitzeko parte-hartzaileak 6 kategoria eta 4 azpikategoria hauetan banatzen dira, adinaren eta sexuaren arabera:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.