From Wikipedia, the free encyclopedia
Itsas biologia itsas bizitza aztertzen duen biologiaren adarra da. Honen barruan sartzen dira itsasoaren berezko flora, fauna, funga eta mikrobioma, bai eta horiek osatzen dituzten itsas komunitateak ere. Zientzia hau, nagusiki, itsas ekosistemak osatzen dituzten espezieen eta bizi diren ingurune ozeanikoen deskribapenaz, sailkapen biologikoaz eta ikerketa zientifikoaz arduratzen da.[1]
Oso estuki lotuta dago beste hainbat zientziekin, hala nola, geologia, kimika edota fisika.[1]
Itsas biologia ulertzeko oso garrantzitsua da ozeanoetan dauden dinamika ezberdinak ulertzea, hauek eragin handia baitute dibertsitaean.
Haizea da olatuen sortzaile nagusia. Hauek itsaso, ozeano eta ur-gorputz batzuen gainazalean zehar mugitzen diren uhinakdira. Haizeak olatuetara transferitzen du bere energiaren zati bat eta indarra eragiten du uraren gainazalean. Haizeak eragindako presio-indarraren eta grabitate-indarraren arteko interakzio ziklikoaren ondorioz, olatuak zabaldu egiten dira, eta pixkanaka haien sorrera-eremutik urruntzen dira.[2]
Mareak Ilargiaren eta Eguzkiaren grabitate eraginagatik eta Lurraren, Ilargiaren eta Eguzkiaren errotazioagatik sortzen dira. Ilargia eta Lurra elkarrekin mantentzen dira grabitate erakarpenagatik. Ilargiaren grabitatea indartsuagoa da Lurretik hurbilen dagoen aldean. Hemen grabitatearen ekintzak ozeanoko ura Ilargirantz erakartzen du, eta beste aldean, berriz,ura ez da Ilargirantz desplazatzen. Leku gehienetan egunaren bukaeran bi itsasgora une eta beste bi itsasbehera une bereizten dira .[1]
Korronte ozeanikoa edo itsas korrontea ozeanoetako uren mugimendua da. Korronte hauek kausa ugari dituzte, batez ere, lurreko errotazio mugimendua (modu ezberdinean eragiten duena, bai ozeanoaren hondoan bai azalean ere), baita Lurraren translazio mugimendua, kostaldeen konfigurazioa eta kontinenteen kokapen erlatiboa ere.[3]
Ingurune hau plataforma kontinentalaren gainean kokatzen da eta 200 metroko sakonera du gehienez. Plataformaren ertzetik itsasorantz hedatzen da. Hemen tenperatura nahiko uniformea da gainazaletik gertu, baina sakoneran sartuz gero tenperatura asko jaitsi egiten da. Biodibertsitate eta produktibitate primario handiena (fotosintesia) eremu fotikoari dagokion geruza azalekoenean dago, eta eremu sakonenetan, berriz, oso espezie gutxi daude. Ingurune honetan bizi diren espezieak bi talde nagusitan banatzen dira:[1]
-Nektona: Beren mugimenduekin itsas korronteak gainditzeko gai diren organismoz osatua, hala nola arrainak, dortokak, itsas ugaztunak, olagarroak…
-Planktona: Tamaina txikiko organismoek edo mikroskopikoek osatzen dute. Organismo horiek ezin dituzte itsas korronteak garaitu, eta normalean itsas korronteek eramaten dituzte. Organismo horiek heterotrofoak nahiz autotrofoakizan daitezke. Talde honen barruan agertzen dira fitoplanktona, zooplanktona, bakterioplanktona, birioplanktona, bestea beste.[4]
Ur gorputz baten hondoan dagoen eskualde ekologikoa da, sedimentuaren eta zorupeko geruza batzuen azalera barne. Ozeanoetako gune sakonenetan bizi diren organismoak tenperatura baxuak eta oxigeno maila baxuak onartzen dituzten bizimoduak hartzen dituzte barnean, baina hori ur-masaren sakoneraren araberakoa da. Organismo hauen adibidea koralak dira.[5]
Prokarioto, alga zelulabakarrak, protozooak eta onddoak aurkitu ditzazkegu.
-Prokariotoak: Organismo txiki eta estruktura aldetik sinpleenak dira.Hauek pareta zelular batez inguratuta daude eta ez dute nukleorik. Gainera, ez daukate beste hainbat organulurik.Bi azpitalde nagusi daude, bakterioak eta arkeoak, eta hauek historia ebolutibo independientea dute eta ezberdintasun genetiko eta biokimiko ugari dituzte.[1]
- Alga zelulabakarrak:Algak protistak dira. Nagusiki uretako lehen mailako ekoizleak dira, eta ez dute landareen ehun espezializaturik. Mota hauetako algak sinpleenak dira eta hainbat azpitalde bereiz daitezke, baina garrantzitsuenak diatomeoak eta dinoflagelatuak dira. Diatomeoak planktonaren parte dira eta silizezko estalkia dute. Hauek lehen mailako ekoizle garrantzitsuak dira itsaso zabalean, ur hotzetan. Dinoflagelatuak berriz, bi flagelo dituzte eta ezagunak dira batez ere argiaren emisioagatik.[1]
-Protozooak: Organismo eukariota zelulabakarrak dira, nukleoa eta zitoplasma dutenak[6]. 50.000 espezie daude, gehienak heterotrofoak. Protozooetan hiru talde nagusi bereiz daitezke, foraminiferoak, erradiolarioak eta ziliatuak. Foraminiferoak normalean kaltzio karbonatozko maskorra dute eta gehienak itsas hondoan bizi dira. Erradiolarioak ere maskorra dute baina hauena, berriz, silizez osatutakoa da.Ziliatuak, aldiz, lokomoziorako eta elikadurarako erabiltzen diren zilio asko dituzte.[1]
- Onddoak: Fungi erreinuko organismo eukariotoak [1] dira, eta gehienak zelulanitzak dira, hala ere, legamiak bezalako batzuk zelulabakarrak dira. Onddoak heterotrofoak dira, kloroplastorik eta klorofilarik ez dute, eta ezin dute fotosintesia egin. Gutxienez 500 itsas onddo espezie ezagun daude.[1]
- Algak: Algak eukariotoak dira, gehienak zelulanitzak. Algek ez dute landareek bezalako hosto, zurtoin eta sustrairik. Gorputz osoari talo esaten zaio, eta taloaren zati lauei, hostoak bailiran, fronde. Bertan dago eremu fotosintetiko nagusia. Sustraien antza duen egitura batek, errizoideak, taloa hondoari eusten dio. Algak modu sexual zein asexualen bidez ugaltzen dira. Ugalketa sexualak belaunaldi haploide (edo gametofito) bat eta beste diploide bat (esporofitoa) txandakatzea ekar dezake. Alga mota ugari daude baina hiru alga mota nagusi daude, berdeak, gorriak eta arreak . Zelula anitzeko alga berdeak ohikoak dira itsas ingurune batzuetan. Normalean distiratsuak izaten dira, klorofila beste pigmentuek estaltzen ez dutelako. Alga arreek pigmentu arre-horixkak dituzte, klorofilaz gain. Espezie handienak eta egiturari dagokionez konplexuenak dira. Alga gorriek osatzen dute itsas algen multzo nagusia. Klorofila pigmentu gorri batek estaltzen du.[1]
-Landareak: Loredun landareak edo angiospermak lurrean nagusi dira, baina gutxi batzuk bizi dira ozeanoetan. Landare lehortar bezala, benetako sustraiak, zurtoinak eta hostoak dituzte uraren, mantenugaien eta fotosintesian lortutako elikagaiaren garraioan espezializatutakoak. Itsas belarrak dira benetako itsas espezieak, eta besteak landare gazizaleak, hala nola paduretakoak eta mangladietakoak. Hauek hondo biguneko kostaldeko eskualdeetan, ekoizpen handiko belardiak garatzen dituzte eta mangleen kasuan, basoak kostalde tropikaletan hedatzen dira .[1]
Hauek dira itsas ornogabeen talde nagusiak:
-Belakiak: Belakiak egitura sinpleenetarikoa duten animalia zelulanitzen artean daude, eta ez dute ehunik ezta organorikere. Gehienak itsasokoak dira eta iragazle sesil gisa bizi dira. Poro xehe ugarik azalean ura zenbait kanaletan zehar sartu eta ibiltzea ahalbidetzen dute, non planktona eta partikula organikoak iragazi eta irensten diren.[1]
- Knidarioak: Knidarioak simetria erradialeko egitura bereziak dituzten organismoak dira, harrapakinak harrapatzeko erabiltzen baitituzte, gehienak haragijaleak direlako. Knidarioek polipo edo marmoka moduan ager daitezke, baita ere bi forma hauek txandakatuta. Knidarioen barruan 10.000 espezie ezagutzen dira eta horietako batzuk hidrozooak edo antozooak dira.[1]
-Ktenoforoak: Ktenoforoak simetria erradialekoak dira, eta knidarioen antzekoak dira itxuraz, baina zortzi lerrotako orrazi ziliodunak dituzte. 100 espezie inguru ezagutzen dira. Organismo hauek haragijaleak
dira eta ohikoak dira bai ur beroetan bai ur hotzetan.[1]
-Poliketoak: Alde biko simetria erakusten duten organismoak dira.Espezie ugari daude eta horietako gehienak ingurune bentonikoan bizi dira.[7]
-Moluskuak: Moluskuak dira itsas animalien multzorik handiena. Beraien gorputza biguna da, oin muskular batekin eta normalean maskorra izaten dute. Mota askotariko moluskuak daude, baina talde nagusiak gastropodoak, bibalbioak eta zefalopodoak dira. Gastropodo gehienak karezko maskor bat dute, normalean kiribilean bildua dagoena erdiko ardatz baten inguruan luzexkara.[8]Bibalbioak, berriz, gorputza bi balbaz osatutako maskor batez babestuta dute.[9]Zefalopodoak, aldiz, ez daukate maskorrik eta haien gorputzak aldebiko simetria aurkezten du. Gainera azken hauek garroak dituzte.[10]
-Artropodoak: Artropodoak alde biko simetriako gorputz segmentatuta dute. Era guztietako inguruneetara egokitzeko arrakasta, neurri batean, exoeskeleto babesleari eta eranskin artikulatuei zor zaie. Mota honetako talde nagusia krustazeoak dira. Hauek bi antena pare dituzte, brankiak eta exoeskeleto kaltzifikatu bat. [1]
-Ekinodermatuak: Ekinodermatu helduek simetria erradiala dute. Endoeskeleto bat eta sistema baskular akuifero esklusibo bat dituzte ezaugarri. [1]
Arrainak izan ziren agertu ziren lehen ornodunak, eta horrek izugarrizko eragina eduki zuen itsas giroan. Arrainak, oro har, gorputzaren eta isatsaren alboetan ondulazioak eginez egiten dute igeri. Arnas-sistemari dagokionez uretan disolbatutako oxigenoa lortzen dute brankien bidez. Hainbat talde nagusitan sailkatu daitezke:
- Barailarik gabeko arrainak: Gaur egungo arrainik primitiboenak dira eta ez dute barailarik, beraz, xurgatuz jaten dute, aho biribil baten laguntzaz. Honen adibide dira mixinak eta lanproiak.
-Arrain kartilaginosoak: Marrazoak, marrak , torpedoak eta kimerak eskeleto kartilaginoso batez eta ezkata plakoide ñimiñoz estalitako azal zimurtsu batez bereizten dira. Masailezur mugikorrak eta hegats bikoitiak ere badituzte.
- Hezur-arrainak: Hauek dira gaur egungo ornodun guztien multzorik ugariena, 23.000 espezie ingururekin. Gehienak ozeanoetan bizi dira. Hezur-eskeletoaz gain, operkulu batez estalitako brankiak, hegats oso maniobragarriak, eta masailezur berezi bat dute.[1]
-Itsas narrastiak: Narrastien azala ezkata lehorrez estalita dago eta ia guztiek lurrean erruten dute. Itsas narrastien artean itsas dortokak, itsas sugeak, itsas iguana eta estuarioko krokodiloak daude. Itsas dortokak armadura itxurako maskor batez itxita daude, bizkarrezurrari atxikituta dagoena. Lehorreko dortokek ez bezala, itsas dotokek ezin dute burua maskorrean sartu. Itsas sugeak haragijaleak eta obobibiparoak dira. Itsas iguana Galapago uharteetako espezie bat da eta, nahiz eta denbora asko daraman arroketan, uretan 10 metroko sakonera arte igeri egin dezake. Krokodiloak mangladi eta estuarioetako zingiretan bizi dira eta itsas animaliarik oldarkorrenen artean daude.[1]
-Itsas hegaztiak: Itsas hegaztiek lehorrean egiten dute habia, baina denbora asko ematen dute uretan, eta itsas organismoak jaten dituzte. Talde honetan sartu daitezke pinguinoak, pelikanoak edota kaioak. Pinguinoek ezin dute hegan egin eta haien hegalak lodiak dira ur azpian igeri egiteko.Pelikanoak poltsa bat dute moko azpian eta arrainak harrapatzeko erabiltzen dute. Kaioek eta haien ahaideek biltzen dute itsas hegaztien barietate handiena. Kaioak harrapakariak eta sarraskijaleak dira.[1]
- Itsas ugaztunak: Hainbat taldetan sailka daitezke, hala nola, pinnipedoak, karniboroak, sirenidoak eta zetazeoak. Pinnipedoak, fokak eta haien ahaideak barne, hegatsak eta koipea dituzte, eta itsasoan hazi baina lurrean ugaldu behar dira. Karniboroak ugaztunen barneko ordena bat dira eta itsas ugaztunei dagokienez itsas igaraba eta hartz polarrak. Batzuk ez dute koipe geruzarik, ilaje trinkoa baizik[1]. Sirenidoak itsas ugaztun barazkijale bakarrak dira. Talde honetan manatiak eta dugongoak daude. Zetazeoak arnasketa biriken bitartez egiten dute. Gorputz hidrodinamiko bat dute itsasoan ondo igeri egiteko[11]. Talde honetan baleak, izurdeak eta mazopak daude.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.