2001eko irailaren 11ko atentatuak (I-11 euskaraz, 9/11 edo 11-S izenez ezagunagoak), 2001. urtean Al Kaidako 19 kidek eginiko atentatu suizidak izan ziren[1].
2001eko irailaren 11ko atentatuak | |
---|---|
Mota | aircraft hijacking (en) masa hilketa atentatu Eraso suizida |
Honen parte da | terrorismoa Estatu Batuetan |
Data | 2001eko irailaren 11 |
Kokaleku | Arlingtongo konderria Manhattan Shanksville |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Antolatzailea | Saudi Arabia |
Helburu | World Trade Center, Pentagonoa, Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioa eta Etxe Zuria |
Honen ondorioa | District of Columbia Police Coordination Amendment Act of 2001 (en) Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Saila Afganistango gerra Patriot Act (en) airport security repercussions due to the September 11 attacks (en) No Fly List (en) |
Pertsona hilak | 2.996 |
Pertsona zaurituak | 25.000 |
Erantzule | al Kaida |
Arma | hegazkin komertzial |
Osatuta | |
Hashtag | #September11, #September11th, #NeverForget, #NeverForget911 eta #911Attack |
Atentatuetan lau bidaiari-hegazkin bahitu zituzten. Bahitzaileak lau taldetan banatu ziren, pilotu banarekin; pilotuok hegazkinak gidatuko zituzten, behin pilotuak eta eskifaia menderatuta. Lehen bi hegazkinek World Trade Centerko Dorre Bikien aurka egin zuten talka, hirugarrenak Pentagonoaren aurka, eta azkena Pennsylvaniako zelai batean erori zen, bidaiariek aurre egin baitzieten bahitzaileei. Hemeretzi bahitzaileez gain, beste 2973 pertsonak bizia galdu zuten eta oraindik beste 24 pertsona galduta daude[2].
Atentatuak
Gertakarien denbora-lerroa
Ameriketako Estatu Batuetako Ekialdeko ordu eremuan daude denbora lerroko orduak.
- 08.00: American Airlinesen 11 hegaldia, 92 pertsona zeramatzan Boeing 767 bat Bostongo Logan Nazioarteko Aireportutik aireratu zen Los Angeleserantz[3].
- 08.14: United Airlinesen 175 hegaldia, 65 pertsona zeramatzan Boeing 767 bat, Bostongo Logan Nazioarteko Aireportutik aireratu zen Los Angeleserantz[3].
- 08.19: American Airlinesen 11 hegaldian zihoan Betty Ong zerbitzariak airelinearen bulegoetara deitu zuen, hegazkina bahitzen ari zirela esateko[4].
- 08.21: American Airlinesen 77 hegaldia, 64 pertsona daramatzan Boeing 757 bat, Washington Hiriko Dulles Nazioarteko Aireportutik aireratzen da Los Angeleserantz[3].
- 08.37: Hegazkintza Administrazio Federalak NORADera (Ipar Amerikako Defentsa Agintea) deitzen du, American 11 hegaldia bahitu dutela jakinarazteko[4].
- 08.41: United Airlinesen 93 hegaldia, 44 pertsona zeramatzan Boeing 575a, Newarketik aireratu zen San Frantziskorantz[3].
- 08.46.30: American 11 hegaldiak World Trade Centerreko Ipar Dorrearen aurka talka egin zuen.
- 09.02.59: United Airlinesen 175 hegaldiak World Trade Centerko Hego Dorrearen aurka talka egin zuen. Gertakaria zuzenean grabatu zuten bertan zeuden telebista kamerek.
- 09.03: FAAk NORADi jakinarazi zion United 175 hegaldia ustez bahitua izan zela[4].
- 09.07: Etxe Zuriko arduradunak George W. Bush presidenteari ohartarazten dio bigarren dorrea ere erasotu dutela eta Ameriketako Estatu Batuak mehatxupean daudela. Presidentea Floridako eskola batean zegoen bisitan[5].
- 09.08: FAAk New Yorkeko airetik igaro, aireratu edo lur-hartzen duten hegaldi guztiak debekatzen ditu[3].
- 09.10-09.25: Richard Clarke, terrorismoaren aurkako bulegoaren arduradunak, Etxe Zuritik bideokonferentzia bat antolatzen du aginte militarren artean erantzuna prestatzeko[6].
- 09.21: Manhattan uharteko zubi eta tunel guztiak ixten dituzte[3].
- 09.26: FAAk hegazkin zibil guztien aireratzea debekatzen du[3].
- 09.31: George W. Bush presidenteak diskurtso bat ematen du eraso terroristak gertatzen ari direla berri emateko[3].
- 09.34: FAAk NORADi jakinarazten dio American 77 hegaldia ere bahitu dutela[4].
- 09.34: George W. Bush presidentea zegoen eskolatik irten eta aireporturantz doa[5].
- 09.37.46: American 77 hegaldiak Pentagonoaren aurka talka egin zuen.
- 09.45: FAAk, presidentearen aginduz, hegazkin guztiek gertueneko aireportuan lur-hartzeko agindua eman zuen[3].
- 09.48: Kongresua eta Etxe Zuria husu zituzten[3].
- 09.57: Bush presidenteak Florida utzi zuen[3].
- 09.59: Hego Dorrea eraitsi zen.
- 10.03.11: United 93 hegaldia Pennsylvania zelai batean erortzen da. Dirudienez, bidaiari, tripulazio eta terroristen artean borrokak egon ziren eta hegazkinaren kontrola galdu zuten.
- 10.06: FAAk NORADi United 93 hegaldia ustez bahitu dutela jakinarazten dio[4].
- 10.28: Ipar Dorrea erortzen da.
- 11.04: New Yorkeko Nazio Batuen eraikina husten dute[3].
- 11.45: Bush presidenteak Luisianako base batean lur-hartzen du[7]
- 13.04: Bushek "Alerta Gorena" deklaratu zuen mundu osoan eta herritarrei mintzatu zitzaen telebistaz Luisianako basetik[7].
- 13.37: Bushek Luisianako basea utzi zuen[3].
- 14.51: Marineen Gorputzak misildun ontziak bidali zituen New Yorkera[3].
- 15.07: Bush presidenteak Nebraskako base batean lur-hartzen du[3].
- 16.36: Bushek bera Etxe Zurira eramateko agindua ematen du[3].
- 17.25: World Trade Centerreko 47 solairuko eraikin bat erausten da[3].
- 19.00: Bush presidentea Etxe Zurira iritsi zen[3].
- 20.30: Bush presidentea herritarrei zuzentzen zaie Etxe Zuritik[3].
Hegaldiak
Hegaldia | Jatorria | Norakoa | Talka egindako tokia | Heriotzak | Hegazkinaren airelinea | Mota |
---|---|---|---|---|---|---|
AA11 | Boston | Los Angeles | World Trade Centerean | 92 | American Airlines | Boeing 767 |
UA175 | Boston | Los Angeles | World Trade Centerean | 65 | United Airlines | Boeing 767 |
AA77 | Washington Hiria | Los Angeles | Pentagonoan | 64 | American Airlines | Boeing 757 |
UA93 | Newark | San Frantzisko | Pensilvaniako zelai batean | 44 | United Airlines | Boeing 757 |
Heriotzak
New York | Dorre Bikiak | 2.602 hildako eta 24 desagertutako[8] |
AA11 hegaldia | 93[8] | |
UA175 hegaldia | 64[8] | |
Pentagonoa | Eraikina | 125[8] |
AA77 hegaldia | 64[8] | |
Pennsylvania | UA93 hegaldia | 44[8] |
Guztira | 2.992 hildako eta 24 desagertutako | |
*19 bahitzaileak kontutan hartuta | ||
Hildakoak milaka zenbatu ziren, zehazki 2.973 pertsona, 246 bidaiariak kontuan hartuta. Horietatik 2.602 New Yorken hil ziren, dorreen barruan nahiz kanpoan, eta 125 Pentagonoko eraikinean. Biktimen artean 343 suhiltzaile, 23 New Yorkeko polizia eta New York eta New Jerseyko 37 portuko polizia. Gaur egun, oraindik ere 24 pertsona desagertuta daude[9].
Osasun Sailaren arabera, 247 hildako latinoamerikarrak ziren. Hauetatik 25 dominikar, 18 kolonbiar, 13 ekuadortar, 6 kubatar, 4 argentinar[10] eta txiletar 1.
Bahitzaileak
19 gizon arabiar lau hegazkinetara igo ziren, bost bakoitzean United Airlinesen 93 hegaldian izan ezik, hemen 4 baitzeuden. Erasotzaileetatik 15 Arabia Saudikoak ziren, 2 Arabiar Emirerri Batuetakoak, 1 egiptoarra eta azkena Libanokoa[11].
Atentatuak burutu zituzten 19 gizon horiek Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren agindupean jardun zuten. Hona hemen atentatuen egileen izenak:
American Airlinesen 11 hegaldian:
- Mohammed Atta (egiptoarra, ustezko pilotua eta buruzagia)
- Waleed al-Shehri (saudiarra)
- Wail al-Shehri (saudiarra)
- Abdulaziz al-Omari (saudiarra)
- Satam al-Suqami (saudiarra)
United Airlinesen 175 hegaldian:
- Marwan al-Shehhi (Arabiar Emirerri Batuetakoa eta ustezko pilotua)
- Fayez Banihammad (Arabiar Emirerri Batuetakoa)
- Mohand al-Shehri (saudiarra)
- Hamza al-Ghamdi (saudiarra)
- Ahmed al-Ghamdi (saudiarra)
American Airlinesen 77 hegaldian:
- Hani Hanjour (saudiarra eta ustezko pilotua)
- Khalid al-Mihdhar (saudiarra)
- Majed Moqed (saudiarra)
- Nawaf al-Hazmi (saudiarra)
- Salem al-Hazmi (saudiarra)
United Airlinesen 93 hegaldia:
- Ziad Jarrah (libanoarra)
- Ahmed al-Haznawi (saudiarra)
- Ahmed al-Nami (saudiarra)
- Saeed al-Ghamdi (saudiarra)
Antrax erasoak
9/11ko atentatuak gertatu eta aste betera, antrax bakterio hilgarria erabiliz hainbat atentatu terrorista gauzatu ziren. Terroristek antraxa erabili zuten, gutunen bidez kazetari, politikari edo funtzionarioei bidaltzeko asmoarekin; New Yorken, New Jerseyn, Washington Hirian eta Floridan hain zuzen. Guztira 22 pertsona kutsatu ziren antraxarekin eta horietatik 5 zendu ziren.
Eraso hauek herri-segurtasun falta indartu zuten eta beldurra nagusitu zen berriro, irailaren 11ko atentatuak geroztik.
Eraso hauen egileak ezin izan ziren inoiz identifikatu. Orduko AEBetako presidenteordeak, Dick Cheneyk, baieztatu zuen ez zitzaiola batere harrituko Osama Bin Laden eraso horien atzean egoteak[12].
Ameriketako Estatu Batuetako segurtasun indarrek ezin izan zituzten egileak identifikatu, baina John Ashcroft orduko Fiskal Nagusiak Steven Hatfill doktorea aipatu zuen "pertsona interesgarri" bezala, nahiz eta ez zen inoiz haren aurkako epairik egin.
Atentatuaren egiletza
FBIak Justizia Sailarekin batera 72 ordu baino gutxiagotan 19 bahitzaileak identifikatu zituen. Ondoren, FBIak 19 terroristen argazkiak argitaratu zituen, herritartasun eta ezizen datuekin batera. FBIak historiako polizia-operazio handiena gauzatu zuen 7.000 agenterekin. Operazioari PENTTBOM deitu zitzaion. Ikerketak amaitzean, Al Kaida eta Osama bin Ladeni egotzi zitzaien atentatuen egiletza. 2001eko irailaren 16ean, Bin Ladenek mezu hau eman zuen Al Jazeera telebista-katearen bidez:
« | Behin eta berriz diot ekintza hau ez nuela nik burutu, bestelako zergatiak dituzten pertsonek gauzatu dutela dirudi. | » |
Osama bin Laden |
Beranduago, 2001eko abenduaren 27an, Bin Ladenen bideo bat hedatu zuten honakoa esanez:
« | Mendebaldea orokorrean, eta Estatu Batuak bereziki, sekulako gorrotoa dute islamarekiko... Horregatik, Estatu Batuen aurkako terrorismoa onuragarria da eta justifikatua dago. | » |
Osama bin Ladenek atentatuei buruzko azken erreferentzia 2007ko irailaren 11n egin zuen, 6 urte beranduago, "hegazkinetako pilotuak heroiak izan ziren" esanez.
1.200 atzerritar inguru isilpean atxilotu edo kartzelaratu ziren, atentatuei buruzko ikerketekin zerikusia zutelakoan, nahiz eta AEBetako gobernuak ez duen inoiz zifra zehatzik eman[13].
2005eko irailaren 26ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Baltasar Garzón epaileak zuzendutako operazio batean, Abu Dahdahri 27 urteko kartzela-zigorra jarri zitzaion atentatuetan partehartzeagatik. Al Kaidako beste 17 kideri ere 6 eta 12 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri zitzaizkien[14][15][16].
2014ko irailaren 2an, atentatuen antolatzailetzat jotzen zuten AEBek Khalid Sheikh Mohamed, eta haren abokatuak, Jason Wright komandanteak, hemendik aurrera auzian parte hartzeari uko egin eta armada uztea erabaki zuen. Epaiketa «bidegabea» salatzeko hartu zuen erabaki hori abokatuak. Bere bezeroari torturak eragin zizkiotela salatu zuen Wrightek: itotze simulatua, esaterako, 183 aldiz[17].
Atentatuei erantzuna
Ameriketako Estatu Batuetan
Erasoak gertatu ondorengo orduetan, bilatze eta erreskate operazioa hasi zen, erreskaterako 350 txakur baino gehiago erabiliz[18]. Bizirik oso pertsona gutxi aurkitu zituzten, eta ondorengo asteetan begien bistakoa zen ez zutela inor gehiago bizirik aurkituko. Gorpuen berreskuratze-lanek hainbat hilabetez luzatu ziren. Piztuta zeuden sute guztiak itzaltzeko asteak behar izan ziren; obra-hondakinak ez zituzten guztiz kendu 2002ko maiatzera arte.
Irailaren 11ko atentatuek ikaragarrizko efektua izan zuten biztanleriarengan. Erreskate eta laguntza lanetan lagundu zuten segurtasun indarrak, bereziki suhiltzaileak, heroi aldarrikatu zituzten. Herrialde osoko polizia eta erreskate-taldeetako kideak New Yorken bildu ziren gorpuen berreskuratze-lanetan laguntzeko. Odol-emailetza kopurua izugarri hazi zen erasoen ostean[19].
Politikari dagokionez, biztanleek gogorki babestu zuten gobernuaren lana terrorismoaren aurka. Horrela, George W. Bush presidentearen onespen-indizea %86ra igo zen[20]. 2001eko irailaren 20ean, erasoak gertatu eta 9 egunetara, George W. Bush presidentea herriari eta Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuari zuzendu zitzaien, egun hartako gertakariak kontatu eta bere erantzun-plana azaltzeko. New Yorkeko alkateak herrialde osoan txalotu zuten erasoen aurrean edukitako jarrerarengatik[21].
Segurtasunari dagokionez, erasoen ondoren 80.000 arabiar eta musulmanen hatz-markak erregistratu ziren eta 5.000 atzerritar atxilotu ziren, AEBetako Kongresuak terroristak atxilotzeko indar militarrak erabiltzeko baimena eman baitzuen[22]. Baita ere, ministerio mailako agentzia federala sortu zen: Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Saila. Sail hori terrorismoaren aurka jarduteko birrantolatu zuten.
Hala nola Patriotic Act legea onartu zen, askatasun eta eskubide konstituzional batzuk kendu edo mugatzen zituena. Neurri hori hartu omen zen AEBetako barne-segurtasuna handitzeko asmoz. Halaber, Ameriketako Estatu Batuen aurkako Atentatu Terroristen Batzorde Nazionala (National Commission on Terrorist Attacks Upon the United States) sortu zen gertakariak argitzeko intentzioarekin. Azken txostena 2004ko uztailaren 22an argitaratu zuten.
Nazioartean
Atentatuen ondoren, munduko gobernu askok terrorismoaren aurkako legeak ezarri edo zeudenak indartu zituzten, gehienbat islamiar terrorismoari begira. Hauen artean Erresuma Batua, India, Australia, Espainia, Frantzia, Alemania, Indonesia, Txina, Kanada, Errusia, Pakistan, Jordania, Maurizio, Uganda eta Zimbabwe[23]. Hartutako neurrien ondorioetako bat izan zen Al Kaidarekin erlazioa zuten banku-kontu korrenteak deuseztea[24].
Hainbat herrialdetako segurtasun eta inteligentzia zerbitzuek (Italia, Malaysia, Indonesia, Filipinak...) atentatuen ondoren Al Kaidarekin hartu-emana zuten pertsona ugari atxilotu zuten[25][26]. Atxiloketei dagokionez, Ameriketako Estatu Batuen Kubako Guantánamoko atxilotze-eremua ezaguna izan da, bertan "borrokalari ilegal" bezala izendatutako preso asko bertara eraman baitzituen atentatuen ondoren. Kartzela hori Amnesty International, Europar Batasuna edo NBE bezalako erakundeek gogorki salatu dute Giza eskubideak bortxatzeagatik.
Afganistango gerra
Ameriketako Estatu Batuek Terrorismoaren aurkako gerran emandako lehen urratsa Afganistango inbasioa izan zen 2001eko urriaren 7an, NATO eta NBEn laguntzarekin. Inbasioa egin zuten herrialde hartako gobernuak Osama bin Laden ez zutelako amerikarren eskuetan utzi nahi.
2001eko azaroaren 13an, Kabul hiriburua, AEB/NATO eta Iparraldeko Aliantzaren eskuetan geratu zen. Ordutik Al Kaida eta talibanak gerrilla insurgente bezala antolatu ziren.
Irakeko gerra
Ameriketako Estatu Batuen bigarren urratsa Terrorismoaren aurkako Gerran, Irakeko inbasioa izan zen 2003ko martxoan. Ekintza militar hau AEB eta Erresuma Batuak burutu zuten Nazio Batuen onespenik gabe. Gainera Espainia, Italia eta beste herrialde batzuek ere militarrak bidali zituzten Irakera. AEBen arabera inbasioa nahitaezkoa zen bere ustetan "suntsipen masiboko armak" baitzeuden Iraken. Inbasioak gerra kausatu zuen eta Saddam Husseinen gobernuaren gainbehera, 2003ko apirilaren 9an. Beranduago gerra krimenengatik dekapitatua izan zena. Duela gutxiko txostenen arabera baieztatu da inoiz ez zegoela loturarik Hussein eta Al Kaidaren artean, eta George W. Bush presidenteak Irak Terrorismoaren aurkako Gerrarekin erlazionatzen saiatu zen[27].
Gaur egun ondorioak oso larriak dira Irakentzat. 34.000 zibilen heriotza (2006an bakarrik, NBEn arabera) eta milioi bat irakiarren desplazamendua izan dira kalte nagusiak. Halaber, 2007an armada estatubatuarraren heriotz kopurua 4.000ra igo izen, 2001eko irailaren 11ko atentatuen hildako kopurua handituz.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.