From Wikipedia, the free encyclopedia
Hezeguneak, etengabe edo aldizka, urak hartuta egoten diren eremu lauak dira, bai lehorrekoak (aintzirak, zingirak, zohikaztegiak) nola itsabazterrekoak (padurak, mangladiak)[1].
Ingurune hauek garrantzi handiko onurak eskaintzen dizkiote gizarteari, hala nola, ura araztea, uholdeen kalteak arintzea eta itsasertza egonkortzea[2]. Horrez gainera, aniztasun biologiko handiko ekosistemak dira, eta landare eta animalia askoren bizilekua[3].
Hezeguneak mundu osoan arriskuan daude. Beren kontserbazioa eta zentzuzko erabilpena sustatzeko[4], 1971ko otsailaren 2an Ramsarko hitzarmena sinatu zen. Euskal Herriko zortzi eremu daude hitzarmen horren barruan, baina, jakina, hezeguneen katalogoa askoz handiagoa da. Hitzarmena sinatu zenetik, urtero, otsailaren 2an Hezeguneen Mundu Eguna ospatzen da.
Hezegune mota asko daude eta, horregatik, definizio orokor bat ematea ez da gauza erraza. Batetik inguru horiek oso izaera aldakorra, eta bestetik zehaztu gabeko ezaugarri morfologikoak izaten dituzte. Hori dela eta, hezeguneen definizio ugari agertu dira. Zientzialari batzuen esanetan, adibidez, "hezeguneak oinak bustitzeko balio arren, igeri egiteko balio ez duten alderdiak dira". Definizio honek hezeguneen ezaugarririk garrantzitsuena aipatzen du: ura egotea, baina sakonera txikikoa. Kanpoan gelditzen dira, beraz, sakonera handiko aintzirak, adibidez. Hala ere, erabat zuzena ez da, zenbait hezegune igeri egiteko bezain sakonak direlako[5].
Beste zientzilari batzuek ekotono gisa definitzen dituzte. Beraz, lehortar eta urtar ekosistemen arteko trantsizio-aldea izanen lirateke[6]. Mitsch eta Gosselinken arabera, "hezeguneak lehorreko eta uretako ekosistemen arteko interfazean agertzen dira eta, horietatik ezberdinak diren arren, beren eraginaren mendean daude"[7].
Ramsarko hitzarmenaren arabera hezeguneak "padura, zingira, zohikaztegi edo urez estalitako guneak dira, naturalak zein artifizialak, iraunkorrak zein aldi baterakoak, ur-geldikoak zein lasterrekoak, gezak, gazikarak zein gaziak izan, itsasoko urak hartutakoak barne, baldin eta itsasbeheran haien sakontasuna sei metro baino gutxiagokoa bada"[8].
Scottek[9] 39 hezegune mota (30 natural eta 9 artifizial) bereizi zituen arren, guztiak bost kategoriatako sailkapen honetan laburbitzen ahal dira[10]:
Hezeguneen ezaugarri nagusiak hauek dira[5]:
Landaredi hau bi motatakoa izan daiteke:
Ekosistema hauek dauzkaten baldintza bereziek eta gehienetan agertzen den elikagai aberastasunak, animalia-komunitate jori eta interesgarriak izatea eragiten dute[11]. Fauna sarritan endemikoa da eta inguruko faunatik bereiztua. Narrasti eta hegazti familia asko horrelako inguruetan bizitzeko moldaturik daude.
Hezegune asko bioaniztasun handiko eremuak dira, eta landare eta animalia asko hezeguneen erabat mendekoak (hezeguneetatik at ezin dute bizirik iraun). Izan ere, itsasertzeko hezegune batzuk -mangladiak, koralezko uharriak, estuarioak eta itsas belarrez estalitako hondoak- munduko ekosistema aberats eta emankorrenetakoak dira[12].
Munduko hezegune handienak[13] | |||
---|---|---|---|
Kontinentea | Hezegunea | Deskripzioa | Azalera (km²) |
Eurasia | Mendebaldeko Siberiako lur behereak | Zohikaztegiak | 2.745.000 |
Hego Amerika | Amazonas ibaiaren arroa | Sabana eta uholde-lautadako basoak | 1.738.000 |
Ipar Amerika | Hudson badiako lur behereak | Zohikaztegiak, zingirak, padurak | 374.000 |
Afrika | Kongo ibaiaren arroa | Zingirak, ibarbasoak, larre hezeak | 189.000 |
Ipar Amerika | Mackenzie ibaiaren arroa | Zohikaztegiak, zingirak, padurak | 166.000 |
Hego Amerika | Pantanal | Sabanak, larrebelardiak, ibarbasoak | 160.000 |
Ipar Amerika | Mississippi ibaiaren arroa | Uholde-lautadako hostozabalen baso misto epelak, zingirak, padurak | 108.000 |
Afrika | Txad aintziraren arroa | Belar eta zuhaixka-sabanak, zuhaiska-estepak, zingirak, padurak | 106.000 |
Afrika | Nilo ibaiaren arroa | Zingirak, padurak | 92.000 |
Ipar Amerika | Prairie Pothole eskualdea | Zingirak, larreak | 63.000 |
Hego Amerika | Patagoniako Paramoa | Zohikaztegiak | 44.000 |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.