Hegazkintzaren historia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hegazkintzaren historia historiaurreko gizakia hegaztien eta beste animalia hegalari batzuen hegaldiak behatzen hasi zenetik datorrela esan daiteke, ikusteko gelditzen ziren egunetik dator. Mendeetan izan du gizakiak hegan egiteko irrika eta gizakiaren historian gaizki amaitu duten hegan egiteko zenbait saialdiren frogak daude. Batzuk hegaztiak antzeratuz saiatu ziren, egurrez eta lumaz egindako hego-bikotea besoetan jarri eta astinduz baina ez zuten itxarondako emaitzarik lortu.
Jende askok gizakiaren gaitasunekin hegan egitea ezinezkoa zela uste zuen baina nahia hor zegoen eta zenbait zibilizaziok hegan egin zezaketen dohain jainkotiarrak zituzten pertsonen istorioak kontatzen zituzten. Adibiderik ezagunena Ikaro eta Dedaloren kondaira da, Minos uhartean preso zeudela, ihes egiteko lumaz eta argizariz hegoak eraiki zituztela dioena. Ikaro gehiegi hurbildu zen eguzkira, bere hegoetako argizaria urtzen hasi zen, itsasora erori eta hil egin zen. Kondaira hau zerura iristeko saiakerengatik ohartarazpena zen, Bibliako Babeleko Dorrearen istorioaren antzera, eta gizakiak hegan egiteko milaka urtetan zehar izan duen desioa islatzen du.
Hegazkinaren historia modernoa konplexua da. Mendeetan zehar hegaldiak hartzeko saiakera herabeak izan ziren, gehienak porrot eginez, baina XVIII.mendeaz geroztik gizakia aire beroko globoekin esperimentatzen hasi zen, airera igotzea lortzen zutenak, baina kontrolatu ezin izatearen eragozpena zuten. Arazo hau XIX.mendean jadanik gainditu zen lehen hegazkinen eraikuntzarekin, haiek kontrolatzeko aukera eman baitzuten. Mende horren hasieran, jende askok hegaldia ikertu zuen planeagailuekin, denbora batez hegaldi kontrolatua eusteko gai ziren makinak, eta motorrez hornitutako lehen hegazkinak eraikitzen hasi ziren, baina kanpoko laguntzekin elikatuta ere, apenas lortu zuten hegan, aireratu eta metro batzuk ibili. XX. mendearen hasierara arte ez ziren izan lehen hegaldi arrakastatsuak. 1903ko abenduaren 17an, Wright anaiak hegazkin kontrolatu batean hegaldi bat egiten lehenak izan ziren, baina batzuek diote ohorea Alberto Santos Dumont-i dagokiola, 1906ko irailaren 13an egin zuen hegaldia. [1]
Geroztik pixkana hobekuntzak ugarituz joan ziren eta hobekuntza bakoitzak gaur egun ezagutzen dugun hegazkintza garatzen lagundu zuen. Hegazkinen diseinatzaileek etengabe hegazkinen gaitasunak eta ezaugarriak hobetzeko saiakeran dihardute, hala nola autonomia, abiadura, zama-gaitasuna, maniobra-erraztasuna edo segurtasuna, besteak beste. Hegazkinak gero eta material arinago eta erresistenteagoekin eraikitzen dira. Garai batean egurrez eraikitzen ziren, gaur egun berriz, hegazkin gehienek aluminioa eta ekai elkartuak erabiltzen dituzte ekoizpeneko lehengai nagusi gisa. Azkenaldian, konputagailuek ere asko lagundu dute hegazkin berrien garapenean.