From Wikipedia, the free encyclopedia
Gizakiaren ekintza geologikoak, beste izaki bizidunenak bezala, geologian ematen diren prozesuetan eragina izan du. Baina beste izakiek ez bezala, gizakiak teknologia ere erabili du bere ingurua eraldatzeko eta bere onurarako erabiltzeko. Horregatik, gizakiak dira ingurunea gehien aldatu duten izaki bizidunak. Teknologia batzuek, bereziki nekazaritzaren sorrerak, hasieratik aldatu dute naturaren ziklo geologikoa[1]. Zientzialari batzuek gizakiaren ekintzaren ondorioz sortutako mundu berriari antropozeno izena eman diote[2][3][4].
Gizakiek ekosistemak aldatu dituzte, batez ere nekazaritzaren ondorioz. Iraultza neolitikoz geroztik, gizakiak eremu erraldoiak aldatu ditu, basoak moztu eta erre eta eremu asko berdindu ditu nekazal-lurrak lortzeko. Sustrairik gabeko lurretan higadura askoz handiagoa da.[5]
Lal eta Stewartek kalkulatu dute lurraren degradazioaren eta uztearen ondorioz 12 milioi hektarea galtzen direla urtero.[6] Scherren arabera, 6 milioi nekazaritza hektarea lur galtzen dira urtero degradazioaren ondorioz 1940eko hamarkadatik, aurretik Dudal eta Rozanovek egindako kalkuluaren antzeko emaitza.[7] Galera horiek ez dira bakarrik higaduraren ondorio, baita ere gazitasuna handitzeagatik, lurzoruaren nutrienteak galtzeagatik, azidifikazioagatik, konpaktazioagatik eta subsidentziagatik[8].
Lurzoruaren higadura erritmoa oraindik handiagoa dela uste da, eta ereindako lurren higadura erritmoa handiagoa da lurzoru berriaren sorrera erritmoa baino, normalki magnitude ordena bateko aldearekin.[9] Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, ereindako lurretan 10,7 tona galtzen ziren hektareako urtean, eta 1,9 tona hektareako belardietan. Lur galera hau gutxitzen joan da denboran zehar, hala ere[10].
Elikagaien industriako enpresa gehienek ongarriak eta pestizidak erabiltzen dituzte elikagaien produkzioa areagotzeko. Ongarri horiek nitrogeno oxidoak dira. Karbono dioxidoak baino kaltegarriagoak dira, eta kalte gehigarriak sortzen dituzte laborantza eremuetan.[11] Aldi berean, nekazaritzak eta abeltzaintzak, gas naturalak eta arroz soroek 250 milioi tona metano ekoizten dute.[12] Kliman efektua du nekazaritzaren praktika honek.
Gizakia da arroketan suntsipenik handiena eragiten duen izakia, etxeak, errepideak, trenbideak, zubiak... eraikitzeko erabiltzen baititu. Arroken erabilera horretarako, gainera, erliebea bera aldatzen du, tunelak eraikitzen ditu edo lurrak berdindu. Gainera, arrokak zein mineralak ateratzeko lur masa handiak mugitzen dira, lurrazpiko galeriak sortzen dira meatzaritzaren bidez, eta ateratako arrokekin hondakindegiak eratzen dira. Batzuetan mendi osoak deusezten dira, bertan dagoen landaretza eta ekosistema suntsituz[13] eta uraren ibilguak aldatuz.
Ekologiaren aldetik, metal astunak isurtzen dira uretara, eta ibaien azidifikazioa ohikoa da meatzeen inguruan[14].
Urtegien eraikuntzak ibaien dinamika aldatzen du, sedimentuak urtegietan bilduz itsasora iritsi gabe[16]. Erreken ibilbideak ere aldatzen dira, urmael txikiak sortuz, eta lehenago lur lehorrak zirenak ur azpian utziz. Urtegien ondorioz atzerakadak daude ibai delta[17], alubioi-konoak, ibai anastomosatuak, laku meandriformeak eta kostaldeak guztiz aldatu dira. Sedimentua urtegian metatzen denez, higadura handitzen da ibaian behera, eta denborarekin urtegia ere kolmatatzen doa[18]. Urtegien kapazitatea jaisten denez, energia hidroelektrikoa eta ureztatzea egiteko gaitasuna jaisten dira denborarekin, urtegia guztiz antzua bilakatu arte[19].
Ibaietan kanalizazioak egin ditu gizakiak, ibilbideak zuzenduz. Zuzenketa hauek eragin geologiko nabarmena dute: alde batetik ibaien sedimentazio eta higadura prozesuak eteten ditu, normalki sortzen diren meandroak desagertzen dira, eta eragina du ibai-ertzeko bizitzan. Kanal hauek garrantzitsuak dira nabigazioa emateko; askotan zementuzko bideak egiten zaizkie ibaiei, guztiz desnaturalizatuz[20].
Lehen aipatu diren ibaien ekintza geologikoaz gain, gizakiak kostak ere aldatu ditu, eremuak zuzenduz, zementatuz, portuak eta dikeak eraikiz... kostako formak aldatu dira, tartean estuario, duna eta hainbat ekosistema[21][22].
Kostaldean eraikitzeak ur-gezaren beharra areagotzen du. Gizakiek putzuak eraiki dituzte ur behar hori asetzeko, eta ura akuiferoetatik ateratzerakoan itsasoko ura sartzen da bertan, gazitasuna handituz eta ura erabilezina bilakatuz[23].
Gizakiak inoiz egindako aldaketarik nabarmenena Aral itsasoa lehortzea izan da, mundu mailan ekosistema baten kolapsoaren adibidetzat hartzen da[24]. 1960. urtean, SESBak Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura desbideratzea erabaki zuen, Asia Erdialdeko basamortuko eremuak ureztatzeko. Horrela, sobietar Asia erdialdean arroza, meloiak, zerealak eta, batez ere, kotoia ekoizten hasi zen. Izan ere, Sobietar Batasunak munduko kotoi ekoizle handiena bihurtu nahi zuen, eta lortu egin zuen; gaur egun Uzbekistan munduko kotoi esportatzaile handienetariko bat da. Ureztatze-ubideak, eskala handian, 1930eko hamarkadan eraikitzen hasi ziren. Ubide horiek, eraikuntzari dagokionez, oso kalitate apalekoak zirenez, bidean ur asko galdu edo lurrundu egiten zen. Kara Kum ubidean (erdialdeko Asiako ubide handiena), adibidez, % 70a galtzen zen. Gaur egun ere, Uzbekistango ureztatze-ubideen luzera osoaren % 12a baino ez dago irazgaiztuta.1960 baino lehen, urtero 20-60 kilometro kubiko ur isuraldatzen ziren. Horrek esan nahi du Aral itsasoa urez hornitzen zuen emari gehiena desbideratuta zegoela. Beraz, 60ko hamarkadan itsasoa murrizten hasi zen. 1961 eta 1970 artean itsasoaren mailak, batez beste, urtean 20 cm egin zuen behera[25]. 70ko hamarkadan, beheratzea biziagotu zen, urtean 50-60 cm galtzera iristen baitzen. 1980ko hamarkadan, itsasoaren mailak urtean, 80-90 cm egiten zuen behera. Hala ere, nekazaritza lurrak ureztatzeko gero eta ur gehiago erabiltzen zen: 1960 eta 1980 artean, ibaietatik isuraldatutako ura bikoiztu egin zen eta kotoi ekoizpena ia bikoiztu.
Munduko leku askotan, uraren beharrak maila freatikoa jaistea eragin du. Gainera, basogabetzearen ondorioz ur gehiago doa ibaietara, eta gutxiago geratzen da akuiferoetan. Hala ere, hirietan ur gehiena estoldetan zehar doa, eta horregatik zona urbanizatuetan askoz ur gehiago doa lur azpira landa guneetan baino[26].
Hondakinen kudeaketan ohikoa da zabortegiak egitea, ingurunea aldatzeaz gain geomorfologia ere aldatzen dutenak. Zabor erradiaktiboa botatzeko ere instalazio handiak egiten dira. Azken hauek geologikoki oso egonkorrak diren eremuak zulatzen egiten dira, eta arrisku minimoa izaten dute, baina eraikitzeko behar diren lur mugimenduak oso handiak dira[27].
Gizakiak klima alda dezake, lokalki zein globalki[28]. Honek lurrazala eta behe atmosfera berotzea eragiten du, eta berotegi-efektua handitzen du. Bereziki, eta beste ondorio batzuen artean, gizakiak igortzen dituen berotegi-efektuko gasen (karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4), oxido nitrosoa (N2O) eta klorofluorokarbonoak (CFC)) ondorioz, Lurra berotu da 1830tik hona, iparburutik hegobururaino, batez ere poloetan, sentsibilitate termino altua duten lurraldeak direlako.[29]. Honen ondorioz, itsas maila igotzen ari da, glaziarrak urtzen ari dira eta animalien kopurua murrizten ari da[30].
Planeta guztian, euri eta elurteak esponentzialki igo dira. Klima aldaketa bortitzak jasan behar dira. 1970tik aurrera, urakanen indarra handitzen joan da.[31]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.