![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/5/52/Damage_in_Gaza_Strip_during_the_October_2023_-_29.jpg/640px-Damage_in_Gaza_Strip_during_the_October_2023_-_29.jpg&w=640&q=50)
Gerra krimenak Israel-Palestina gerran (2023-2024)
From Wikipedia, the free encyclopedia
Gerra krimenak Israel-Palestina gerran 2023-2024. urteetan gertatu dira. Gerra horretan, bi alde nagusiek, Israelek eta palestinar erakundeek, elkarri leporatu diote gerra krimenak egitea. Hala ere, intentsitate eta luzera aldetik, nabarmen ugariago dokumentatu da Israelen kontrako ebidentzia. Bi ataletan banatzen dira era honetako krimenak: batetik, Hamas eta erakunde politiko militar palestinarrek Gazatik urriaren 7an egin erasoak eta bahituen gaineko giza eskubideen urraketak eta, bestetik, hurrengo hilabeteetan Israelen indar armatu eta buruzagiek palestinar herritarren eta gatibuen gainean eragindakoak. Erregistratu diren gerra krimenak nazioarteko zuzenbidearen arabera tipifikatu dira.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/5/52/Damage_in_Gaza_Strip_during_the_October_2023_-_29.jpg/640px-Damage_in_Gaza_Strip_during_the_October_2023_-_29.jpg)
Zibilen hilketa indiskriminatua da horietako bat, baita ikastetxeei eta ospitaleei eraso egitea ere. Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek nabarmendu zuenez, «Honelako sarraskirik ez da izan gure historian. Aurreko gerretan triskantzak izan ditugu, baina hau genozidio baten parekoa da».[1][2] Urri erdialdean, NBEk adierazi zuen Gazakoa «inoiz ez bezalako giza hondamendia» zela.[3] Gazako inbasioak iraun bitartean, Israelen ekintza militarrak, Zerrenda horretan suntsipena zabaldu ez ezik, 39.000 pertsonatik gora hil ditu positiboki, Gazan ez ezik Zisjordanian, eta hamar milaka zauritu eragin. Haatik, 2024ko uztailean, ikerketa batek «kalkulu zuhurrean» jada 200.000 palestinar inguru hil zirela estimatu zuen.[4] Biztanleriaren gosetea eta egarria gerra arma gisa leporatu zaio Israeli, laguntza humanitarioa ere ukatuz. Israeldar hilak, berriz, milatik gora direla kalkulatu da.
2024ko maiatzean, erabaki sendorik hartzea lau hilabetez atzeratu ondoren, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Benjamin Netanyahu lehen ministroa eta Israelgo beste agintari batzuk atxilotzeko agindu zuen, genozidioa, lesa humanitate eta beste gerra delitu larri batzuk leporatuta. Hamasko zenbait arduradun ere atxilotzeko ere manatu zuen. Halaber, Rafahko Israelen ofentsiba geldiarazteko agindu zuen, eta Auzitegiaren kontrako askotariko erreakzioak piztu ziren horregatik, Israel, Hamas, AEB eta Mendebaldeko zenbait potentziarena bereziki. Salatu eta ikerketa bidez berretsi zenez, Israelek eta Mendebaldeko potentzia batzuek presio larriak egin zizkieten Auzitegiko kideei, Israelen kontrako erabakirik ez hartzeko.