Naturako baliabideak neurriz gain ustiatzea, etorkizuneko erabilera ezinezkoa bihurtu edo arrisku handian jartzeraino From Wikipedia, the free encyclopedia
Gehiegizko ustiapena edo gainustiapena[2], baliabide berriztagarri bat bere berriztagarritasuna kolokan jarri arte ustiatzean sortzen den fenomenoa da. Gehiegizko ustiapena denboran mantenduz gero, baliabidearen suntsipena gertatu daiteke. Terminoa hainbat baliabide naturali dagokio: basa sendabelarrak, -larreak, ehiza animaliak, arrainak, basoak eta ur akuiferoak.
Ekologiari dagokionez, gehiegizko ustiapena mundu mailan biodibertsitatea arriskuan jartzen duten bost jarduera nagusietako bat da[3]. Ekologoek terminoa era ez-jasangarrian ustiatzen diren populazioak deskribatzeko erabiltzen dute. Jasangarritasun falta hau populazioaren hilkortasun-tasak eta ugalketa gaitasuna aztertuz definitzen da. Honek populazio konkretu horren desagerpena eta baita espezie oso baten desagerpena ere eragin dezake. Kontserbazio biologiari dagokionez, terminoa giza jarduera ekonomikoaren testuinguruan erabili ohi da, baliabide biologikoak edo organismoak haien populazioek jasan dezaketen kopuruan baino gehiagotan erabiliak direnean. Terminoa arrantza, hidrologia eta baliabide naturalen kudeaketan ere erabiltzen da, nahiz eta definizioa pixka bat aldatzen den kasu hauetan.
Gehiegizko ustiapenak baliabideek suntsitzea eragin dezake, desagerpenak barne. Hala eta guztiz ere, gehiegizko esplotazioa jasangarria izan daiteke baita ere, arrantza arloko atalean azaldutakoaren arabera. Baliabide konkretu bakoitzean termino espezifikoagoak erabili daitezke. Adibidez, arrantza testuinguruan, gehiegizko arrantza terminoa erabili daiteke gehiegizko ustiapenaren ordez edo arriskuan dauden espezie espezie kontrolean. Gehiegizko ustiapena ez da gizakiei mugatutako jarduera. Sartutako harrapariak eta belarjaleek, esaterako, bertako flora eta fauna gehiegi ustiatu dezakete.
Gehiegizko ustiapenaren inguruko kezka nahiko berria da, nahiz eta gehiegizko esplotazioa ez den fenomeno berria. Milaka urteetan zehar eman da. Adibidez, errege hawaiiarrek janzten zituzten zeremoniako mantalak mamo txoriaren lumekin egindakoak ziren; gaur egun desagertutako espezie honetako 70.000 hegaztien lumak erabiltzen zituzten mantu bakar bat egiteko. Hegan egiten ez zuen Maurizioko dodo hegaztia da gehiegizko ustiapenaren beste adibide ezagun bat. Irletako beste hainbat espezieekin gertatzen den moduan, nahiko inozoa izan zen zenbait harrapariekiko, gizakiak hari hurbiltzea eta berau hiltzea erraztuz[6].
Hasiera garaietatik, ehiza giza jarduera garrantzitsua izan da bizirik irauteko bide gisa. Gehiegizko ustiapenaren historia oso bat dago gehiegizko ehizaren forman. Gehiegizko hilketa hipotesiak (Kuaternarioko desagertze gertaerak) azaltzen du zergatik megafaunaren desagertzeak eman ziren nahiko denbora laburrean. Hauek giza migrazioarekin batera aztertu daitezke. Teoria honen frogarik indartsuena Ipar Amerikako ugaztun handien espezieen % 80aren desagerpena da, gizakiak mendebaldeko hemisferioko kontinenteetara iritsi eta 1000 urte ingurura[7]. Erregistratuta dagoen fauna handiaren desagerpen azkarrena Zeelanda Berrian gertatu zen, non k. a. 1500. urterako, gizakiak uhartera iritsi eta 200 urte eskas pasata, moa hegazti erraldoien hamar espezie desagertzeraino ehizatu zituzten Maoriek[4]. Bigarren galera olatu bat eman zen europarrak iritsi ondoren.
Azkenaldian, gehiegizko ustiapenak jasangarritasun eta garapen iraunkorraren kontzeptuak pixkanaka azaleratzea ekarri du. Hauetan oinarrituta, errendimendu iraunkorra[8], eko-garapena[9][10] eta ekologia sakona kontzeptuak garatu dira[11][12].
1968an, Science aldizkariak Garrett Hardinen “Komunen tragedia” (ingelesez, The Tragedy of the Commons) izeneko artikulu bat argitaratu zuen[13]. William Forster Lloydek 1833an argitaratu zuen parabola batean oinarrituta, gizabanakoek beren burukiko interesak gidatuta soilik, era inuzente batean, denenak diren baliabideen gehiegizko ustiapena eta suntsipena eragin dezaketela azaltzen du[14]. [orrialde behar] Lloydek egoera hipotetiko sinplifikatu bat deskribatu zuen, Erdi Aroan Europako lur jabetzetan oinarrituta: abeltzainek komunalak, edo herri lurrak elkarbanatzen dituzte, zeinetan bakoitzak bere behiak bazkatu ditzakeen. Hardinen artikuluan, abeltzain bakoitzak bere interes indibidualean pentsatuta jartzen du behi berri bat herri-lurrean bazkatzen, nahiz eta komunalaren jasate-ahalmena gainditzera iritsi daitekeen. Honek komunala abeltzain guztientzako kaltetzen du. Bere interesean soilik pentsatzen duen abeltzainak behi bat gehiago izateagatik lortzen duen onura berarentzat bakarrik jasotzen du, eta abeltzain guztiek komunalaren kalteak jasaten dituzte. Hala ere, abeltzain guztiek behi gehiago erosteko erabaki arrazional berdina hartzen dute, eta komunalean jaten ematen dietenez, azkenean komunala suntsitu egiten da. Hardinek honakoa ondorioztatzen du:
« | Horra hor tragedia. Gizon bakoitza bere ganadua mugarik gabe handitzen jarraitzera bultzatzen duen sistema baten barnean dago, mugatua den mundu batean. Hondamena da gizon guztiak jarraitzen ari diren bidearen amaiera, bakoitzak bere interesa jarraitzen baldin du herri ondasunen askatasunean sinesten duen gizarte batean. Ondasun komunal batean, askatasunak hondamena dakar guztiei[13] | » |
Saiakeran, Hardinek gai hau garatzen du, gaur egungo komunal ezberdinenen zenbait adibideekin batera, hala nola, parke nazionalak, atmosfera, ozeanoak, ibaiak eta arrainak. Arrainen adibideak oinarri hartuta, zenbaitetan "arrantzaleen tragedia" ere deitu izan da saiakera hau[15]. Saiakeran zehar gai nagusietako bat giza populazioen hazkundea da, Lurraren baliabide mugatuak komun orokorra izanik.
Herri ondasunen tragediak Aristotelesengana eraman gaitzaketen sustraia intelektualak ditu, zeinaren arabera "kopuru handienarentzat komuna denak arreta txikiena jasotzen duena da"[16], baita Hobbes eta bere Leviathan bera ere[17]. Komun tragediaren kontrako egoerari batzuetan antikomunen tragedia deitzen zaio: egoera bat non gizabanako arrazionalek, banaka jarduten dutenak, baliabide jakin batek galdu egiten duten gutxiegi erabiltzeagatik.
Herri ondasunen tragedia saihestu daiteke era egokian araututa badago. Hardinen "komun" kontzeptuaren erabilera gaizki ulertu da maiz. Honen ondorioz, Hardinek gerora adierazi zuen bere lanari "Arautu gabeko komunalen tragedia" izenburua jartzea egokiagoa izango zela[18].
Arrantza gune basatien kasuan, gehiegizko ustiapena edo gehiegizko arrantza gertatzen da espezie bereko arrain multzo bat "batez beste, epe luzeko errendimendu jasangarri maximoaren muga” baino gehiago arrantzatzen denean[19]. Hala ere, gehiegizko ustiapena jasangarria izan daiteke.
Aurretik ustiatu gabeko gune batetik arrainak arrantzatuak izaten hasten direnean, arrain gunearen biomasa murriztuko da, arrantzatzeak arrainak kentzen ari direla esan nahi baitu. Jasangarria izan dadin, arrainek ugalketa bidez erreproduzitzean lortzen duten biomasa arrainak arrantzatzean galtzen duten tasarekin orekatu behar da. Arrantzatze-tasa handitzen bada, orduan biomasa gehiago txikituko da. Une jakin batean, arrantzatzeko tasa maximoa gainditu egingo da, eta arrantzatze-tasa handitzeko saiakerak arrantza gunearen kolapsoa eragingo du. Puntu hori errendimendu jasangarri maximoa deitzen zaio, eta praktikan, arrantzatzen hasi aurreko biomasaren %30era iristen denean gertatu ohi da[20].
Arrain gunea are gehiago arrantzatu daiteke, esate baterako arrantzan hasi aurretik zuen biomasaren %15era iritsi arte, eta ondoren arrantza tasa doitu biomasa maila horretan manten dadin. Kasu honetan, arrantza jasangarria da, baina guneak gehiegizko ustiapena jasaten du, errendimendu jasangarri puntua baino gehiago arrantzatu baita.
Arrain guneek "kolapsoa" jasan dutela esan ohi da, egungo biomasa haien biomasa historiko maximoko % 95a baino gehiago jaitsi bada. Bakailao guneak izugarri esplotatuak izan ziren 1970eko eta 1980ko hamarkadan, eta 1992an bat-bateko kolapsoa jasan zuten. Arrantza amaitu den arren, bakailao guneak ez dira berreskuratu[1]. Bakailaoa gune hauetako harrapatzaile nagusia izan ohi zenez, bere desagertzeak kaskada trofikoak eragin ditu[1].
Munduko arrantza guneen % 25 inguruk gehiegizko ustiapena jasaten dute, haien gaur egungo biomasak errendimendu jasangarri maximoaren puntua gainditu duelako[21]. Agortutako arrantza gune horiek, sarritan, gehiegizko ustiapena ez duten egoera batera itzuli daitezke arrantza tasa murrizten bada, biomasa portzentai egoki batzuetara itzuli arte. Behin bertara iritsita, arrantza errendimendu jasangarri maximoaren puntutik hurbil hasi daiteke berriro[22].
Herri ondasunen tragedia arrantza-esparruan ekidin daiteke arrantza-tasa eta praktikak arrantza kudeaketaren bidez egoki araututa badaude. Arau hauen adibide egoki bat, transferitu daitezkeen banakako kuotak (ITQ ingelesez) lirateke. Kasu honetan, arrantzale bakoitzari “jabetza” moduko bat ematen esleitzen zaio. 2008an egindako eskala handiko ikerketa batek ITQak erabiltzen zituzten eta erabiltzen ez zituzten arrantza guneak aztertu zituen. Ikerketa honen ondorioen arabera, kuota hauek arrantza guneen kolapsoak ekiditen zituzten eta gainbeheran zeuden arrantza guneak lehengoratzen laguntzen zuten[23][24].
Ur-baliabideak, hala nola, laku eta akuiferoak, normalean berriztagarriak diren baliabideak dira, naturalki berriz betetzen direnak. Ur fosilak kontzeptua, berriz betetzen ez diren akuiferoak deskribatzeko erabili ohi da batzuetan. Gehiegizko ustiapena emateko, ur-baliabide bat, Ogallala akuiferoa esaterako, karga-tasa gainditzen duen tasa batean ustiatua izaten ari da. Hau da, jasangarritasun tasa gainditzen da. Berriz betetzea inguruko erreka, ibaiak eta lakuetatik egin ohi da. Gehiegizko ustiapen jasan duen akuifero bat agortua edo gehiegi hustua izan dela esan ohi da. Basoek akuiferoen karga hobetzen dute zenbait tokitan, nahiz eta, oro har, basoak akuiferoen agortze iturri garrantzitsu bat diren[26][27]. Agortutako akuiferoak kutsatu egin daitezke, adibidez nitratoekin, edo betirako kaltetuak izan subsidentzia edo ozeanoko ur gazien intrusio bidez.
Honek munduko lurpeko ur eta laku gehienak baliabide finitu bihurtzen ditu, petrolioak eragiten dituen erabilera maximoaren inguruko antzeko eztabaidekin[28][29]. Eztabaida hauek nekazaritzaren eta aldiriko uraren erabileraren ingurukoak izan ohi dira, baina energia nuklearraren edo ikatza eta ikatz hondar meatzaritzaren bidez elektrizitatea sortzea ere ur-baliabideen erabilera intentsiboa da[30]. Hubbert kurba aldatu bat erabili daiteke berriztatu daitekeena baino azkarrago ustiatzen den edozein baliabideri[25]. Hubberten jatorrizko analisiak baliabide berriztagarrietan aplikatzen ez baziren ere, horien gehiegizko ustiapenak Hubberten antzeko gailurra izan dezakete. Horrek uraren gailurra kontzeptua ekarri du.
Basoak gehiegi ustiatzen dira zuhaitzen mozketa basotzea baino azkarrago ematen denean. Basotzea beste lur usadio batzuekin lehiatzen da, hala nola elikagaien ekoizpena, abeltzaintzarako larreen sorkuntza eta hazkuntza ekonomikoa areagotzeko tokia. Historikoki, basoko produktuen erabilerak, eraikuntzarako zein erregairako egur moduan, funtsezko papera izan du gizartean, uraren eta nekazaritza lurren antzera. Gaur egun, herrialde garatuek egurra erabiltzen jarraitzen dute etxeak eraikitzeko eta egur-pasta papera egiteko. Garapen bidean dauden herrialdeetan ia hiru milioi pertsonek egurra berotzeko eta janaria prestatzeko erabiltzen dute[31]. Basoak nekazal lurretan bihurtzeak eta egurrezko produktuak gehiegi ustiatzeak epe laburreko irabazi ekonomikoak ematen baditu ere, epe luzean diru sarreren zein produktibitate biologikoaren galerak eragiten ditu. Mendebaldeko Afrika, Madagaskar, Hego-ekialdeko Asia eta beste eskualde batzuek diru-sarrera txikiagoak izan dituzte gehiegizko esplotazioagatik eta horren ondorioz egur gutxiago sortzeagatik[32].
Gehiegizko ustiapena da bioaniztasunaren aurrean dagoen mehatxu nagusietako bat[3]. Beste mehatxuen artean, kutsadura, sartutako espezie inbaditzaileak, habitaten zatiketa, habitaten suntsitzea[3], kontrolik gabeko hibridazioa[33], berotze globala[34], ozeanoen azidifikazioa[35] eta haietako askoren atzean dagoena, gizakien gehiegizko populazioa[36].
Bioaniztasunarekin lotutako osasun-arazo nagusietako bat droga-aurkikuntza eta baliabide sendagarrien erabilgarritasuna dira[37]. Botiken proportzio garrantzitsu bat iturri biologikoetatik, zuzenean edo zeharka, eratorritako produktu naturalak dira. Itsasoko ekosistemak interes berezikoak izan ohi dira kasu hauetan[38]. Hala ere, arautu gabeko bioprospekzioek gehiegizko esplotazioa, ekosistemen degradazioa eta biodibertsitatea galtzea eragin dezakete[39][40][41].
Gehiegizko ustiapenak arriskuan dauden ornodunen herena mehatxatzen du, baita beste talde batzuk ere. Arrain jangarriak baztertuz, fauna basatiaren legez kanpoko salerosketak urtean 10.000 milioi dolar mugitzen ditu. Honen ardura duten industrien barnean basa-haragiaren merkataritza, Txinatar medikuntzaren merkataritza eta ilaje merkataritza dira[42]. Mehatxatutako Fauna eta Flora Espezie Basatien Nazioarteko Merkataritzaren Hitzarmena (ingelesez Convention for International Trade in Endangered Species of Wild Fauna and Flora edo CITES) arriskuan dauden animalien merkataritza kontrolatzeko eta arautzeko sortu zen. Gaur egun, 33.000 espezie animalia eta landare mota babesten ditu neurri batean edo bestean. Ameriketako Estatu Batuetako mehatxatutako ornodunen laurdena eta arriskuan dauden ugaztunen erdiak gehiegizko ustiapenaren eraginagatik dela uste da[43].
Organismo bizi guztiek bizirik irauteko baliabideak behar dituzte. Baliabide horien luzaroko gehiegizko ustiapenak, gordailu naturalak agortu ahal ditu, denbora-tarte laburrean berreskuratu ezin diren puntura arte. Gizakiek betidanik bizirik irauteko behar dituzten janaria eta beste baliabide batzuk biltzen dituzte. Giza-populazioak, historikoki, txikiak ziren eta bilketa-metodoak kantitate txikietara mugatzen ziren. Giza biztanleriaren gehikuntza esponentzialaren ondorioz, merkatuak eta eskariak handitzen doaz. Faktore hauek, harrapatzeko tekniken eta irisgarritasunaren hobekuntzarekin batera, espezie asko maila iraunkorretik haratago ustiatzea eragiten dute[44][45]. Termino praktikoetan, jarraituz gero, baliabide baliotsuak murrizten ditu oso maila baxuetaraino. Ustiapen hori orduan ez da jasangarria izango eta eta espezie bat desagertzea ekarri dezake. Gainera, ekosisteman aurreikusi gabeko efektu dramatikoak eragin ditzake[46]. Gehiegizko ustiapena sarritan merkatuak irekitzen direnean gertatzen da, aurrez ustiatu gabeko baliabideak edo tokian tokiko espezieak erabiliz era zabalean erabiliz.
Gaur egun, baliabide naturalen gehiegizko esplotazioa eta erabilera okerra espezie aberastasunarentzat mehatxu etengabea da. Hau uharteko ekologiari eta horietan bizi diren espezieei begira nabariagoa da, uharteak miniaturazko munduen gisa ikus ditzakegulako. Uharteetako populazio endemikoak errazago desagertu daitezke gehiegizko ustiapenagatik, askotan ugalketa-tasa murriztua duten dentsitate baxuetan existitzen baitira[47]. Horren adibide onak uharteetako barraskiloak dira, hala nola, Achatinella eta Frantziar Polinesiako Partula. Achatinelline barraskiloen 15 espezie desagertutzat jo dira eta 24 arriskuan daude, eta 60 partulidae espezie desagertuta daude eta beste 14 arriskuan[48]. WCMCk gehiegizko bilketa eta bizitza osoko ugalkortasun baxua aipatzen ditu arrazoi gisa espezi hauen ahultasuna azaltzeko[49].
Beste adibide bat, triku arrunta Eskoziako Uist uhartean sartu zenean, biztanleria asko zabaldu zen eta gehiegizko ustiapena eragin zuen itsasertzeko txorien arrautzetan, haien hazkuntza arrakastan izugarri eraginez. Hamabi hegazti espezie daude kaltetuak, eta espezie batzuk % 39a murriztu dira[50].
Giza migrazioa, gatazka zibilak edo gerra nabarmenak badira, baliteke kontrolik ez izatea. Populazio zibilaren ezegonkortasun egoeretan, adibidez, Kongon eta Ruandan, su-armak ohikoak bihurtu dira. Herrialde horietan elikagaien banaketa sareen suntsitzearekin batera, ingurune naturaleko baliabideak zaurgarriak bihurtu dira[51]. Animaliak tiro praktikak egiteko erabiltzen dira edo, besterik gabe, gobernuak izorratzeko. Primate handien populazioak, hala nola gorilak eta txinpantzeak, ungulatuak eta beste ugaztun batzuk, % 80 edo gehiago gal dezakete ehizaren eraginez eta espezie batzuk guztiz ezabatuak izan daitezke[52]. Murrizketa hori deitzen da basa-haragiaren krisia deitu zaio.
Espezieen gehiegizko ustiapenak kaskada efektuak eragin ditzake. Hau bereziki aplikagarria da, gehiegizko esplotazioaren bidez habitat batek bere harrapari nagusia galtzen badu. Harrapari nagusiaren galeraren ostean, berak harrapatu ohi zituen espezieen gehikuntza nabarmena gerta daiteke. Era berean, kontrolik gabeko espezie hauek haien janari-baliabideak gehiegi ustiatu ditzakete, haien populazioaren zenbakiak gutxitu arte, agian desagertzeko puntura arte.
Itsas igarabekin gertatutakoa kaskada efektuaren adibide klasikoa da. XVII. mendearen aurretik hasi eta 1911ra arte, itsas igarabak masiboki ehizatuak izan ziren haien larru bero eta baliotsuengatik, zeinak 2500 US $ balio izatera irits zitezkeen. Honek Ipar Amerikako Pazifikoko kostaldeko kelp alga basoen ekosistemetan kaskada efektuak eragin zituen[53].
Itsas igaraben elikagai nagusietako bat itsas trikua da. Ehiztariek itsasoko igaraben populazioak gutxitu zituztenean, itsas trikuen populazioen askapen ekologikoa gertatu zen. Ondoren, itsas trikuek haien janari iturri nagusia, kelp alga, gehiegi ustiatu zuten. Honela, algarik gabeko itsas ondoak sortzen ziren, baina itsas trikuez beteak. Jateko janari gabe geratzerakoan, itsas trikua ere desagertu egin zen hainbat tokitan. Gainera, alga basoen ekosistemak beste espezie ugariren bizitokia direnez, algen galerak bigarren mailako desagertzeak eragin zituen baita ere, aipaturiko kaskada efektuaren eraginez[54].
1911. urtean, 32 itsas igaraben talde txiki batek besterik ez zuen biziraun urruneko koba batean. Orduan, nazioarteko itun bat sinatu zen itsas igarabak gehiago ustiatzea ekiditeko. Babes handiarekin, igarabak biderkatu egin ziren eta desagertuak egon ziren eremuak berriro ere populatzen joan ziren, poliki-poliki berreskuratu zirenak. Duela gutxi, arrain gordailuen kopurua murriztuta, gehiegizko esplotazioaren ondorioz berriro ere, orkek janari eskasia jasan dute eta itsas igarabak ehizatzen ikusi dira, espezie honen populazioa berriro ere gutxitzea eragin duena[55].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.