euskal idazlea From Wikipedia, the free encyclopedia
Federiko Krutwig Sagredo (Getxo, Bizkaia, 1921eko maiatzaren 15a - Bilbo, Bizkaia, 1998ko azaroaren 15a) euskal idazle eta politikaria izan zen.[1]
Federiko Krutwig | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Getxo, 1921eko maiatzaren 15a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1998ko azaroaren 15a (77 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania alemana greziera frantsesa portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, politikaria eta akademikoa |
Lan nabarmenak | |
Kidetza | Euskaltzaindia Euskadi Ta Askatasuna |
Izengoitia(k) | Fernando Sarrailh de Ihartza eta Heiko Sagredo de Ihartza |
Aita alemana zuen, lanbidez enpresaria, eta ama, aldiz, veneziar jatorriko bizkaitarra. Nerabezaroan euskara bere kasa ikasi zuen. 1941ean Resurreccion Maria Azkue ezagutu zuen eta elkarlanean aritu ziren heriotzak banatu zituen arte. 1943an gainbeheran zegoen Euskaltzaindian sartu eta Azkuerekin batera suspertu egin zuten. Garai hartan pintoreen Mikeldi taldea eta Ikerketaren Julio de Urquijo Institutua eratu zituen. Euskararen batasun literarioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Krutwig.[2]
Ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen Frantziako Sorbonako Unibertsitatean eta Alemanian. Gernika aldizkarian (1945-53) lapurtera klasikoaren eta ekialdeko erlijioekiko aldekotasunak agertu zituen.
1952an Hego Euskal Herria utzi behar izan zuen, bere ideiengatik eta Euskal Herriko Elizari buruz egin zituen kritikengatik. Donibane Lohizunen, Jagi-Jagi mugimenduarekin harremanetan izan zen.
1963an Vasconia argitaratu zuen, Fernando Sarrailh de Ihartza ezizenaz.[3][4][5] Bertan Euskal Herriaren historia arakatu zuen ikuspegi erabat iraultzaileaz. Sabin Aranaz geroztik garatutako nazionalismoaren kritika zorrotza eginez, beste abertzaletasun mota baten alde hitz egin zuen, batez ere mugimendu antikolonialisten iturrietatik edanez. Franco diktadore espainiarraren poliziak ETAren inspirazio iturritzat jo zuen liburua. Alde horretatik, egia da ETAren sortzaile eta kideetako askok idazlana goraipatu egin zutela, baina horrek erakundean izan zuen indarrari buruz eztabaidak daude. ETAren V. Biltzar Nagusian oso txosten garrantzitsua aurkeztu zuen Krutwigek.
Lapurtera klasikoa (Axular, Etxeberri, Haranader, eta Leizarragarena) proposatu zuen euskara batuaren oinarri gisa, eredu kultista baten alde. Krutwigen iritziz, euskararen batasuna XVI. mendeaz geroztik lortua zen, eta batasun hori Leizarragak egin zuen. Bide horretatik, euskarazko idazlan guztietan eredu horixe bera erabili zuen, baita 1968 ondotik ere. Hasieran idazle eta euskalari asko eredu horren alde egon ziren, haien artean Luis Villasante, Jon Mirande eta Gabriel Aresti. Urteen joan-etorrian, ordea, asmo hori alde batera uzten joan zen, hiztunen hizkuntzatik urrunegi zegoela eta. Hala ere, Krutwigek eredu hori defendatzen eta erabiltzen segitu zuen bere bizitza osoan.
Helenista saiatua, Alfontso Irigoien, Manu Ertzilla, Mikel Morris eta Josu Lavinekin batera Jakintza Baitha elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1985 urtean, kultura helenistikoa bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin. Elkarteak "Halcón: Revista de Cultura Griega" aldizkaria argitaratu zuen.
Bizitzako azken urteetan Jose Maria Gorordoren Euskal Hiritarren Egitekoak alderdiaren hautagai zerrendetan aurkeztu zen. Hala ere, hil baino hilabete batzuk lehenago, Euskal Herritarrok hautesle elkartearen sustengatzaileen artean egon zen.
Poliglota handia zen. Hamabostetik gora hizkuntza ezagutzen zituen nahiko sakonki, mintzatzeko gauza izateko moduan, besteak beste hauek: latina, greziera, euskara, hungariera, nederlandera, errusiera, arabiera, hebreera, persiera, Indiako hizkuntzak, txinera, georgiera, paxtunera... [1]
Beste hizkuntza batzuekin mintzatzeko gaitasunik ez zuen, baina ondo ezagutzen zituen grafia, gramatika eta ezaugarri nagusiak. Euskaltzaindiko bileretan, askotan hitz baten etorkia azaltzeko, haren etimologia jatorrizko hizkuntzaren idazkeraz marrazten zuen inolako arazorik gabe...baita hebreera, arabiera edo hindierazko letrekin ere![1]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.