Ezkaba (mendia)
Euskal Herriko mendia From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Herriko mendia From Wikipedia, the free encyclopedia
Ezkaba[1] edo San Kristobal Nafarroa Garaiko erdialdeko mendi bat da, Ezkabako mendilerroan kokatua, Iruñerriaren iparraldean. 895 metroko garaiera du itsas mailatik gora.[2] Kokapen estrategikoa du Iruñerriko iparraldeko sarrera kontrolatzeko.
Ezkaba | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 895 m |
Prominentzia | 363 m |
Mota | mendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°51′21″N 1°39′54″W |
Mendikatea | Ezkabako mendilerroa |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Nafarroako merindadeen zerrenda | Iruñeko merindadea |
Nafarroa Garaiko eskualde | Iruñerria |
Udalerria | Iruñea |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Artikatik |
Mendikat | Mendikat |
Luberri | Luberri |
Mendiak bi izen ditu. Zaharrena Ezkaba da, agirietan era hauetara ageri baita: 1007an Ezcaua, 1095ean Eschaua, 1268an Ezquaba, 1280an Ezcava edota 1350ean Ezcaua.[1] Berriagoa bada ere, San Kristobal izenak ere tradizio luzea du: 1291n dokumentatzen da tontorrean zegoen baseliza. Toponimo horrek indarra hartu zuen denborarekin, eta XIX. menderako San Kristobal esaten zitzaion mendiaren mendebaldeko zatiari, gailurra barne. Ekialdeko zatiak, berriz, Ezkaba izena atxiki zuen.[3]
Egoera horren aurrean, Nafarroako Toponimia Taldeak Ezkaba deitu zion mendiari eta San Kristobal tontorrari.[3] Euskaltzaindiak ere Ezkaba hobetsi zuen.[1]
Iruñerria iparraldetik ixten duten mendietako bat da. Berriobeiti, Berriozar, Antsoain eta Iruñea udalerriek hartzen duten mendiaren hegoaldeko isurialdea. Canal de Ezkaba izeneko harrarteak bitan zatitzen du mendia, Antsoain eta Iruñearen arteko muga eginez.[3] Mendiaren iparraldea Ezkabartekoa da.
Brontze eta Burdin aroetako hainbat herrixka izan ziren Ezkaban, garrantzitsuenetakoa egungo Artikako lurretan. XIII. menderako eraikirik zegoen San Kristobal baseliza, buruko minaren aurkako ospea zuena. 1599an, izurria Nafarroan zehar zabaldu zelarik, lazareto moduan erabili zuten.[4] XIX. mendean desagertu zen ermita, Alfonso XII.a gotorlekua egin zutenean.
Kokapen estrategikoa dela eta, tontorrean zenbait gotorleku izan dira. XIII. mendean eraiki zuten Ezkabako gaztelua; han babestu ziren 1276an Nabarreriako Gerrako buruzagiak, armada frantsesaren aurka borrokatu ondoren. 1750etik 1760ra, gotorleku txiki asko eraiki ziren Berriobeititik eta Arreraino. Eta Artikako lurretan, XIX. mendean kanpamentu militar bat ere izan zen.[5]
1878an, Espainiako errege Alfonso XII.ak agindu zuen bere izena eramango zuen gotorlekua eraikitzeko. 1919an bukatu zuten, baina behin ere ez zuen bere helburua bete, hegazkinak gerran erabiltzen hasi zirelako ordurako eta horiekin mota horretako gotorlekuek euren zentzu militarra galdu zutelako.[5]
Horiek horrela, San Kristobal gotorlekua espetxe militar bihurtu zuten 1934an, eta zeregin hori eman zioten 1945 arte. 1938an, Ezkaba gaineko presondegiko ehunka presok –2.500 ziren orduan– Europako espetxe batean inoiz izan den ihes handiena egin zuten: 798 presoetatik gehienak harrapatu zituzten ihesaldiaren ondorengo ehizan eta 206 hil; hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herrira iristea, Urepelera.[5]
XX. mendera arte hegoalde ia osoan mahastiak ugariak ziren. Ia herri guztietan izan dira harrobiak, ustiatuenak Artika, Aitzoain eta Berriozarrekoak. 1512-1515 bitartean, adibidez, harrobi guztiek dena emanda jardun zuten Iruñeko zitadelaren eraikuntza harriz hornitzeko. Antsoain eta Artikan silize meatzeak ere egon izan dira.[5]
2016an Iruñerriko Mankomunitateak Ezkabako Eskualde Parkea sortzeko erabakia hartu zuen. 1.000 hektarea inguruko hedadura du: 942,92 ha Ezkaba mendian, 50,91 ha Oihana mendian, eta 15,27 ha Urbizkainen. Zortzi udalerritako lurrak hartzen ditu: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Txulapain, Ezkabarte, Atarrabia, Iruñea eta Uharte.[6]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.