From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Xazurrak edo Ehiztariak zenbait armadak sortutako infanteria arineko taldeak izan ziren. Mendebaldeko Pirinioetako Armadaren dibisio bat ere izan zen.
Frantziako Iraultzan, ehiztari taldeak sortu ziren Pirinioetako mugak defendatzeko. Ipar Euskal Herriko zenbait lagunek beren baitatik hartu zituzten armak eta, 1792ko azaroan, Biltzar Nazionalaren ordezkariek lau konpainiatan batu zituzten; Chasseurs Basques (euskaraz: “Euskal Xazurrak" edo Ehiztariak) izena hartu zuten. 1793ko maiatzaren 7rako, 10 konpainia zeuden, 4 batailoitan antolatuak. Batailoi hauetako buruzagiak honako hauek ziren:
Konbentzio Gerra (1793-1795) hasi zelarik, 1793 hasieran, Donibane Garazi inguruko mendixkak defendatu zituzten, Moncey kapitaina buru zutela. Orduko balentriarik handiena 1793ko ekainaren 1etik 6ra egin zuten, Château Pignon, Donibane Garazitik hurbil, defendatu zutenean, askoz soldadu gutxiago ziren arren (1:8ko proportzioan frantziar iturri batzuen arabera).[1] Azkenik, Ventura Caroren osteek garaipen pirrikoa erdietsi zuten, gizon asko galdu baitzituzten.
1794ko ekainean, hiru euskal batailoik infanteria arineko bosgarren brigada erdia sortu zuten, Moncey buru zutela. 1794ko urrian, Harizperen batailoiak, bosgarren brigada erdiko granadariekin batera, Infernuko zutoina (frantsesez: colonne infernale) sortu zuen Donibane Garazi inguruko mendiak babesteko. Aldudeko guduan esku hartu zuten.
1795ean Frantziak eta Espainiak Basileako Bakea izenpetu ondoren, Euskal Ehiztariak mugan kantonatu ziren. 1798ko irailerako, batailoi bakarra zegoen. 1800ean Libournera eraman zituzten, eta bigarren batailoia berriz eratu zen. 1800eko kanpainian batailoi biak bigarren lerroan egon ziren, armée des Grisons izeneko taldean, eta 1801eko apirilaren 21ean Bernara bidali zituzten. 1806an bi batailoiek infanteria arineko bosgarren erregimentua eratu zuten, Jenako garaipenean parte hartu zuena. 1808an, Euskal Herriko hirurehun ehiztarik eratu zuten Joachim Muraten Espainiako Ohorezko Guardia. Batailoia Grande Armée-ren parte izan zen 1812ko Errusiako kanpainian; bertan sarraskituak izan ziren.[2]
Uruguaiko Gerra Handiko Montevideoko setioan, Euskal Ehiztarien erregimentu (edo batailoi) bat sortu zuen gobernu colorado-ak 1845eko apirilaren 8an. Uniforme urdinez eta txapel gorriz jantzirik, gudari gehienak Ipar Euskal Herriko etorkinak ziren, eta Juan Bautista Brie de Laustan izpurarra zuten koronela.
Unitateak bere estatu-nagusi, logistika, musika eta artilleria propioa zituen. 650 lagunek osaturik zegoen: granadari konpainia bat, tiratzaile konpainia bat eta zazpi infanteria konpainia. Blancos aurkariek Euskal Ehiztarien beste erregimentu bat sortu zuten, Karlistadetan aritutako beteranoekin.[3]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.