From Wikipedia, the free encyclopedia
Eskandinaviako historia Europa iparraldean Eskandinavia izenez ezagutzen den eskualdeko historia da, bereziki Danimarka, Norvegia eta Suediakoa, nahiz eta batzuetan, definizio zabalago bat hartuta, Finlandia eta Faroeak ere Eskandinaviako kidetzat hartzen diren.
Harri, Brontze edo Burdin Aroko aztarna gutxi daude: material horietako erreminta edo tresna batzuk, bitxiak, apaingarriak, kairnak eta, batez ere, petroglifo izenez ezagutzen diren marrazkiak dituzten harri batzuk.
Azken glaziazio garaian ia Eskandinavia guztia izotz geruza fin baten pean zegoen eta. Klima pixkana berotuz eta glaziazio garaia amaituz joan zen heinean, Europa erdialdeko ehiztari nomadak eskualdea bisitatzen hasi ziren, baina K.a.12.000. urte ingurura arte ez zen biztanleria finkorik egon
Izotza urtu zenean, elur-oreinak Danimarkako eta Suedia hegoaldeko lursail lauetan bazkatzen hasi ziren. Ahrensburgotarren lurraldea izan zen hau, lurralde zabaletan ehizatzen zuten eta tundran lavvuetan bizi ziren zenbait triburena alegia. Zuhaitz gutxi zeuden eskualdean paper urkiez eta pixkana agertuz joan zen taigaz gain.
K.a. 9.000. urtetik k.a.6.000.era Eskandinaviako biztanleria nomadek edo erdi-egonkortutako taldeek osatzen zuten baina ezer gutxi dakigu beraiei buruz. Ehizari, arrantzari eta bilketari esker biziraun zuten. 3.000 urteko denbora-tarte honetako 200 ehorzleku inguru ikertu dituzte eskualdean.[1]
K.a. 7.milurtekoan, elur-oreinak eta ehiztariak Eskandinaviako iparraldera joan zirenean, basoak garatu ziren. Maglemosiarrak Danimarkan eta Suediako hegoaldean nagusitu ziren. Iparraldean, Norvegian eta Suediako iparraldeko zatirik handienean, Fosna-Hensbacka kulturakoak bizi ziren, batez ere basoaren ertzean. Iparraldeko ehiztari-biltzaileek taldeko animaliak eta izokinen mugimenduak jarraitu zituzten, neguan hegoaldera eta udan iparraldera lekualdatuz. Lehen herri hauek iparraldeko beste eskualde batzuetakoen (egungo Finlandia, Errusia eta Ipar Amerikako ipar ertzeko Bering itsasartearen lurretan zeudenen) antzeko kultura-tradizioak zituzten.
K.a. 6.milurtekoan, Eskandinaviako hegoaldeko eremua hostozabalen baso epelek estaltzen zuten. Bertako faunaren artean Asiako uroak, Europako bisonteak, altzeak eta oreinak zeuden. Garai honetan nagusitu zen kultura Kongemosea izan zen, fokak ehizatu eta arrantza egiten zuena. Kongemoseen iparraldean, Norvegiako eta Suediako hegoaldearen zatirik handienean, beste ehiztari-biltzaile batzuk bizi ziren: Nøstvet eta Lihult kulturakoak, Fosna eta Hensbackaren ondorengoak. K.a.6.milurtekoaren amaieran, hegoaldean, Kongemoseak Ertebölle kulturakoek ordezkatu zituzten.
K.a.5.milurtekoan, ertebølletarrek zeramika ikasi zuen hegoaldeko tribu bizilagunengandik. Hauek lurra lantzen eta animaliak hazten hasiak ziren. Nekazaritza jarduerekin ere hasita zeuden eta K.a. 3.milurtekoaren bueltan inbutu-formako ontzien kulturaren parte bihurtu ziren. K.a. 6.milurtekoan zehar, tribu horiek Suedian hedatu ziren Upplandera arte. Nøstvet eta lihult-ek teknologia berriak ikasi zituzten (ez nekazaritza, ordea) eta zulodun zeramikaren kulturakoak bihurtu ziren K.a. 4.milurtekoaren amaieran. Tribu hauek aurrera zihoazen nekazariak gelditu eta Suediako hego-mendebaldera bultzatu zituzten. Batzuek diotenez ordea, nekazariak eta biltzaileak beraien borondarez batu ziren tokiko biztanleriarekin eta ez omen zituzten ez hil, ezta kanporatu ere. Mistoa dirudien gune bat behintzat badago: Alvastra pile-dwelling.
Ez dakigu lehen eskandinaviar hauek zein hizkuntza hitz egiten zuten, baina K.a.3.milurtekoaren amaieran tribu berriak gailendu ziren kordoi-zeramika kulturarekin eta aditu askok aitzindoeuropera hitz egiten zutela uste dute. Biztanlego berri hau Upplandera eta Osloko fiordora hedatu zen eta ziurrenik gaur egungo hizkuntza eskandinaviarren arbasoa den hizkuntza mintzatzen zuten. Artzainak ziren eta haiekin batera Neolitoan sartu zen Eskandinavia hegoaldeko zatirik handiena.
Metalurgia Eskandinaviako hegoaldera iristea bat etorri zen, tumulu luzeak, hobi-barrutiak, bi barrutiko etxeak eta beste zenbait tresna agertzearekin, eta, beraz, erabat neolitikoa den gizartea sortu zen.
Eskandinaviarrak merkataritzaren bidez Europako Brontze Aroan berandu sartu baziren ere, erdialdeko Europatik inportatutako eta ongi kontserbatutako artilezko, egurrezko eta urre eta brontzezko objektu aberatsak daude euren lurretan. Garai honetan Harri Aro nordikoaren ondorengo lehenbiziko zibilizazio aurreratua sortu zen Eskandinavian. Eskandinaviarrek Europako eta Mediterraneoko ikur asko hartu zituzten eta estilo eta objektu berriak ere sortu zituzten. Mizenasko zibilizazioa, Villanovako kultura, kultura Feniziarra eta Antzinako Egiptokoa garai honetako Eskandinaviako artelanen iturriak izan daitezkeela uste da. Atzerriko eragina anbarraren merkataritzarekin lotzen da, garai honetako Mizenasko hilobietan aurkitutako anbarra Baltikokoa baita. Hainbat petroglifotan ageri diren itsasontziek eta harrizko itsasontzi gisara ezagutzen diren harrizko formazio handiek itsaso bidezko merkataritzak euren kulturan eragin handia izan zuela adierazten dute. Hainbat petroglifotan ageri diren itsasontzien jatorria Mediterraneokoa izan daiteke.
Garai honetako tumulu eta petroglifo zelai asko dauden arren, haien esanahia aspaldi galdu zen. Brontzezko eta urrezko tresna ugari daude. Petroglifoen itxura gordina eta brontzezko lanak alderatuta kultura edo talde sozial ezberdinek sortutakoak direla ondorioztatu da. Brontze Aroan ez zegoen hizkuntza idatzirik herrialde nordikoetan.
Brontze Aro nordikoaren ezaugarrietako bat klima epela izan zen (Mediterraneokoaren parekoa) eta horri esker, biztanleria dentsitate handi samarra izan zen garai horretan, baina aroa okerrera egin zuen klima aldaketa batekin amaitu zen, hezeagoa eta hotzagoa bihurtu zen (Fimbulvetr kondairaren jatorria izan daitekeela uste da) eta oso litekeena da egoera horrek tribu germaniarrak Europa hegoaldera eraman izana. Garai honetan Ekialdeko Europan eragin eskandinaviarra izan zen. Milurteko bat geroago, eskandinaviar jatorria zuten ekialdeko zenbait herri germaniarrek (burgundiarrek, godoek, eta Heruloek), hala nola, lonbardiarrek, Eskandinaviari ( Scandza ) izena "nazioen umetokia" izena eman zioten Jordanes historialari erromatarraren Getican.
Brontze Aro nordikoa klima hotzago eta hezeago batekin amaitu zenez, garai honetan aurkikuntza arkeologiko gutxiago daude. Era berean, germaniar herriak Mediterraneoan eta erromatarrentzat ezagunak izaten hasten diren garaia ere bada. K.a. 113-101 urteen artean Jutlandgo (gaur egungo Danimarka) bi tribu germaniarrek Erromatar Errepublika erasotu zuten (gaur egun Zinbriar Gerra izenez ezagutzen dena). Bi tribu hauek, Zinbriarrek eta Teutoitarrek, Bigarren Gerra Punikoaz geroztik Erromak jasandako galerarik handiena eragin zuten. Azkenean erromatar legioek garaitu zituzten zinbriarrak eta teutoitarrak
Burdina baliotsua zen jatorriz eta apaingarrietarako erabiltzen zen. Orratzak dira aurkitu ziren objekturik zaharrenak, baina ezpatak eta igitaiak ere aurkitu zituzten. Aro osoan zehar erabili zen brontzea, baina, batez ere, apaingarri gisa. Brontze Aro nordikotik zetozen tradizioei jarraipena eman zitzaien arren, Erdialdeko Europan Hallstatt kulturaren eragin handia izan zen. Gorpuak lurperatu eta errautsak kutxetan gordetzeko Urnfield kultur tradizioarekin jarraitu zuten. Azken mendeetan, Europa Erdialdeko La Tène kulturaren eragina Eskandinaviara zabaldu zen Alemaniako ipar-mendebaldetik. Garai honetako aztarnak aurki daiteze Eskandinavia hegoaldeko probintzia guztietan. Arkeologoek ezpatak, ezkutuak, lantzak, guraizeak, igitaiak, kurrikak, labanak, orratzak, belarriak, irakinontziak, etab. aurkitu dituzte. Brontzea torkeetarako (iduneko) eta irakinontzietarako erabiltzen jarraitu zen, Brontze Arotik zetorren estiloari jarraiki. Aurkikuntza garrantzitsuenetako bat Dejbjerg gurdia da, Jutlandian aurkitua, lau gurpilekin eta brontzezko atalekin.
Tribu germaniar askotan Erromatar Inperioarekin harremana eta presentzia militarra mantendu ziren arren, Eskandinaviaren zatirik handiena mundu latindarraren periferiaren ertzean garatu zen. Suediarrei ( Suoiak ) eta Gautei egindako aipamenak kenduta, idazle erromatarren erregistrorik gabe gelditu zen eskualdearen zatirik handiena.
Eskandinaviara ondasun ugari inportatu ziren, hala nola, txanponak (7.000 baino gehiago), ontziak, brontzezko irudiak, beirazko edalontziak, esmaltedun belarriak, armak, etab. Gainera, metalezko objektuen eta zeramikazko ontzien estiloa erabat erromatarra zen. Lehen aldiz agertu ziren inausketarako guraizeen gisako objektuak. III. eta IV. mendeetan Itsaso Beltzaren iparraldean finkatu ziren germaniar herrietatik zenbait elementu inportatu ziren. Norvegiar runa esate baterako, horietako bat dela uste da.
Garai honetako zingiretako momia ugari daude Danimarkan, Schleswigen eta Suediako hegoaldean. Haien gorpuekin batera armak, etxeko tresnak eta artilezko jantziak daude. IV. mendeko arraun-ontzi handiak aurkitu zituzten Schleswigeko Nydam mosse- n. Asko erre gabe lurperatu zituzten, nahiz eta geroago tradizio hori berreskuratu.
V eta VI mendeetan, urrea eta zilarra ohikoago bihurtu ziren. Hau tribu germaniarrek Erromatar Inperioan egindako arpilatzeen ondoren, eskandinaviar asko urre eta zilarrarekin itzuli zirelako izan daiteke.
Erromatar Inperioa erori ondorengo aroa Germaniar Burdin Aroa izenez ezagutzen da, eta Germaniar Burdin Aro goiztiarra eta berantiarra deituriko bi garaitan banatzen da. Suedian Vendel aroa deritzo garai honi, Mälaren aintziraren ibilguan hilobi-gune aberatsak zituen aroa. Germaniar Burdin Aro goiztiarra historian daniarrak agertu ziren garaia da, Jordanesen arabera, heruloak ordezkatu zituzten suediarren (Suehans, suetidi) ondorengoak.
Inperio erromatarra gainbehera zihoanean, urre mugimendu handia egon zen Eskandinaviara, eta material horrekin egindako lan bikainak daude, besteak beste, ezpata zorroak eta brakteatoak. Gallehusen urrezko adarrak daude lan horien adibiderik esanguratsuenen artean.
Erromatar Inperioa desagertu zenean, urrea urritu egin zen eta eskandinaviarrak urrez estalitako brontzezko objektuak egiten hasi ziren, eskandinaviar estiloko korapilatutako animalien elementu apaingarriekin. Burdin Aroko germaniar apaingarriek forma anatomiko gutxiko animaliak erakusten dituzte, baina beranduago bikingoen aroan oso ezagunak diren elkarrekin gurutzatutako eta korapilatutako gorputz-adarren formak erabiltzen hasi ziren.
Historiaurreko garaietatik, Europa Artikoko Sami herriak egun Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiako Kola Penintsularen iparraldea hartzen duen eremuan bizi eta lan egin izan du.
Artikoan eta artikoaren azpialdeko Fennoskandia eta Errusiako eskualdeetan bizi izan dira gutxienez duela 5.000 urtetik hona. They have inhabited the northern arctic and sub-arctic regions of Fenno-Scandinavia and Russia for at least 5,000 years. Samiak Artikoko biztanleriaren parte dira eta talde zirkunpolarretako (Artikoko Kontseiluko Herri Indigenen Idazkaritza, esate baterako) kide ere badira.
Petroglifoak eta aurkikuntza arkeologikoak edo K.a. 10.000 inguruko egonlekuak aurki daitezke samien lurralde tradizionaletan. Paleolito berantiarreko eta mesolito goiztiarreko ehiztari eta biltzaileak Komsa izenez izendatu zituzten ikertzaileek, ez baitakigu beraiek zein izendapen erabiltzen zuten.
Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LNE) 1989ko 169. hitzarmenaz geroztik indigena gisara onartuta daude samiak Norvegiako herri indigena gisara onartuta daude, eta, beraz, nazioarteko zuzenbidearen arabera, sami herriak Norvegian babes eta eskubide bereziak ditu.
Bikingoen Aroan, bikingoek Europako, Ekialde Hurbileko, Ipar Afrikako eta Ipar Amerikako eremu asko arpilatu, kolonizatu eta ustiatu zituzten, zehazkiago esanda, egungo Ternua uharteko eremuak.
Bikingoen Aroaren hasiera, oro har, 793an kokatzen da, bikingoek Lindisfarne uharteko monasterio garrantzitsua arpilatu zutenean, eta amaiera berriz, Harald Hårdrådek Ingalaterrako arrakastarik gabeko inbasio saiakera egin zuenean, 1066an eta normandiarren Ingalaterrako konkistarekin.
Finkamendu garaia 800. urtean hasi zen. Bikingoek Eskozia, Ingalaterra, Groenlandia, Faroe uharteak, Islandia, Irlanda, Livonia, Normandia, Shetland uharteak, Sizilia, Rus' eta Vinland (Ternua uhartea) inbaditu zituzten eta ondorenean bertan finkatu ziren.
Baltikoko Eslaviarrekin harremana
Garai honen aurretik eta ondoren, nordikoak nabarmen nahastu ziren eslaviarrekin. Kultura eslaviar eta bikingoek elkarrengan izan zuten eragina: tribu eslaviarrek eta bikingoek harreman handia zuten elkarrekin, elkarren aurka borrokatzen zuten, elkarren artean nahasten ziren eta merkataritzan jardun ere bai. Erdi Aroan, gune eslaviarretatik merkantzia kantitate handia eraman zen Eskandinaviara eta Danimarka elementu eslaviar eta eskandinaviarren nahasketaren bilgune izan zen. Eskandinavian eslaviarren presentzia hasiera batean uste zena baino handiagoa izan zen nahiz eta eslaviarren eta eskandinaviarren arteko hartu-emana ez den behar bezala aztertua izan. Danimarkako X. mendeko emakume baten hilobi bat bikingo batena zela pentsatu zuten luzaz. Baina azterketa berriek emakumea gaur egungo Poloniako eslaviar bat zela erakutsi zuten. Suediarren lehen erregea, Eric, Poloniako Piast dinastiako Gunhildekin ezkonduta zegoen. Era berean, bere seme Olof, Edla eslaviarrarekin maitemindu zen, eta bere frilla (ohaide edo maitale) gisa hartu zuen. Seme eta alaba bat izan zituzten: Edmund Zaharra, Suediako erregea, eta Astrid Olavsdatter, Norvegiako erregina. Kanuto II. Handia, Danimarkako, Ingalaterrako eta Norvegiako erregea, Poloniako Mieszko I.aren alaba baten, Gunhilden, semea zen, Ericen emazte eta Suediako erregina poloniar ohiarena.
Bikingoen sinesmenak Norvegiako mitologiari hertsiki lotuak zeuden. Bikingoek garrantzi handia eman zioten borrokari, ohoreari eta Valhallaren ideiari (hildako gerlarientzat jainkoen ondoan egoteko zegoen gotorlekuaren mitoa). Beste ohitura bat borroka odoltsuena zen. Honekin bereziki Islandia suntsitu zuten.
Kristautasuna Escandinaviara Europako lekurik gehienetara baino beranduago iritsi zen. Harald Blatand-ek 980. urte inguruan kristautu zuen Danimarka. Norvegian kristautze prozesua Olaf Tryggvason-en (K.o. 995. urtetik 1000. urtera) eta Olaf II. Haraldsson-en (K.o.1015. urtetik 1030.era) aginte garaietan hasi zen. Olaf eta Olaf II.a borondatez bataiatu ziren Norvegiatik kanpo. Olaf II.ak bere herrialdera klero ingelesa ekartzea lortu zuen. Norvegia sinesmen nordikotik kristautasunera aldatzea misiolari ingelesen ondorioa izan zen batez ere. Monarkiak lehenbizi eta azkenean herrialde osoa kristautu ondoren, praktika xamaniko tradizionalak baztertu eta, azkenean, jazarri egin ziren. XI. eta XII. mendeetan, Völvas-ak, kristautasunaren aurreko sinesmen-ohitura (seiðr ) eskandinaviarra praktikatzen zutenak hil edo erbesteratu egin zituzten kristaututako gobernu berriek. Islandiako lurralde autonomoak K.o.1000. urtean hartu zuen Kristautasuna Norvegiaren presioaren ondoren. Þorgeirr Ljósvetningagoði Goði tribuko buruzagia funtsezkoa izan zen hori lortzeko, Kristautasuna erlijio ofizial bihurtu zuen lege bat sortu eta esparru pribatuko erlijio-praktika legez kanpoko praktika gisara ezarri zuen. Horrela, Norvegiaren mehatxuari izkin egitea lortu zuen, feudoak kontrolatuz eta erlijioaren ondorioz piztu zitekeen gerra zibila saihestuz. Suediak denbora gehixeago behar izan zuen kristautzeko, XI. mendearen bukaerara arte bertako komunitateetako indigenen sinesmen praktikak mantendu baitziren.1066an, gerra zibil labur bat izan zen Suedian erlijio indigenetako praktikanteen eta kristautasunaren defendatzaileen artean. XII. mendearen erdialderako badirudi kristautasuna gailendu zela. 1164an, aurrez erresistentziari eutsi zion Uppsalako erdigunea Suediako artzapezpikuaren egoitza bihurtu zen. Eskandinaviako kristautasuna eta bikingoen aroaren amaiera ia bat etorri ziren. Kristautzeak Bikingoen komunitateak desagertzearekin zerikusi zuzena izan zuela uste da.
Kalmarko Batasuna ( Norvegiako danieraz eta suedieraz Kalmarunionen ) monarka beraren menpe Danimarka, Norvegia eta Suediako erreinuak batu zituen batasun pertsonalen multzoa izan zen (1397–1513/1520). Herrialdeek beraien subiranotasunari uko egin zioten baina ez independentziari, eta interes ezberdinek (bereziki Suediak daniarrekin Holstein- en jabetzaren inguruan zuen desadostasunagatik) 1430etik 1523ra arte iraun zuen gatazka eragin zuten.
1611-1613 bitarteko Kalmarko Gerra Christian IV. Danimarkako erregeak indarrez berriro Batasuna inposatzeko egin zuen ahalegina izan zen. Gatazka daniarren garaipen txiki batekin amaitu zen, baina ez suediarren porrotarekin. Kalmarko Batasuna birsortzeko azken saiakera izan zen.
Erreforma protestantea Eskandinaviara1530eko hamarkadan iritsi zen. Eskualdea berehala bihurtu zen luteranismoaren guneetako bat.
Hogeita Hamar Urteko Gerra 1618 eta 1648. urteen artean gertatu zen, nagusiki Germaniako Erromatar Inperio Santuaren lurraldean, Europa erdialdean, baina kontinenteko potentzia gehienek ere hartu zuten parte. Hasieratik protestanteen eta katolikoen arteko gatazka erlijiosoa izan arren, Habsburgoko Etxea mantentzea ere arrazoi nagusietako bat izan zen. Daniarrek eta suediarrek ere hartu zuten parte euren interesak babesteko.
Danimarkaren esku-hartzea Kristian IV.ak, Danimarkako eta Norvegiako Erresumako errege luteranoak, Danimarkak nazio protestante gisa zuen subiranotasuna galtzeko beldurrez, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren aurka aleman protestanteei armada gidatuz lagundu zienean hasi zen. Garai hori 1625ean hasi eta 1629an amaitu zen. Danimarkako erregeak etekin handia atera zion Alemaniako iparraldean egindako politikari (Hanburgok Danimarkaren burujabetza onartu behar izan zuen 1621ean, eta 1623an Verden eta 1653an Bremen ere Danimarkaren menpe egon ziren). Administratzaile gisa, Kristian IV.ak nahiko arrakasta izan zuen, Europan beste inork ez bezalako aurrerapen eta egonkortasun maila lortu zuen, Oresund zergarekin eta Suediarentzat konponketa handiekin ordaindu zena. Horretaz gain, Frantziako erregeordea, Richelieu kardinala, Alemanian daniarren sarraldi bat egiteko ordaintzeko prest egon izanak ere lagundu zuen. Kristianek hogei mila mertzenariorekin egin zuen, baina garaituak izan ziren eta erregeak eta bere erreinuak porrot gogorra jasan zuten.
Suediaren esku-hartzea 1630ean hasi zen eta 1635era arte iraun zuen . Habsburgoko Fernando II.aren gorteko batzuek Wallensteinek printze alemaniarrak kontrolatu nahi zituela uste zuten enperadorearen oniritzia lortzeko. Fernando II.ak kargutik kendu zuen Wallenstein 1630ean. Aurrerago, berriro deitu zion eta Gustavo II.a Adolforekin batera inperioari eraso egin eta hainbat guda garrantzitsu irabazi zituen.
Gustavo II.a Adolfok, aurrez Kristian IV.ak bezala, luterano alemanei lagundu zien beren aberriaren aurkako eraso katolikoak aurreikusten eta Baltikoko estatu alemaniarretan indar ekonomikoa lortzen. Kristian IV.aren antzera, Gustavo II.a Adolfo ere Richelieuk, Frantziako Luis XIII.aren erregealdian, eta holandarrek lagundu zuten diruz. 1630etik 1634ra, indar katolikoekin eraso zuten berriz eta okupatutako lur protestanteen zati handi bat berreskuratu zuten.
Berde iluneko eremuek XVII
Suediako boterea Karlos IX.aren mendean hasi zen. Ingriako Guduan, Suediak ekialderantz zabaldu zituen bere lurraldeak. Polonia, Danimarka-Norvegia eta Alemaniako lurraldeetako beste gerra askori esker are gehiago hedatu ahal izan zen, nahiz eta oztopo batzuk ere jasan, Kalmarko Gudua adibidez. Suedia bere inperioa finkatzen hasi zen beste gerra askoren bitartez, Iparraldeko Gerrak eta Eskaniako Gerra horren adibide. Danimarkak porrot asko jasan zituen garai horretan. Azkenik, Karlos XI.a Suediakoaren erregealdian, inperioa monarkia erdi absolutu gisa finkatu zen.
Iparraldeko Gerra Handia Errusiak, Danimarkako eta Norvegiako Erresumak eta Saxonia- Poloniak (1715etik aurrera Prusia eta Hannover ere bai) eratutako koalizioaren eta Suediaren arteko gerra izan zen 1700etik 1721era bitartean. Suediaren aurkako eraso koordinatu batekin hasi zen 1700ean eta 1721ean amaitu zen Nystad-eko eta Estokolmoko Itunarekin. Gerraren ondorioz, Errusiak Suedia ordezkatu zuen Baltikoko potentzia nagusi gisa eta Europako politikaren eragile nagusietako bat bihurtu zen.
Suediak eta Norvegia-Danimarkak koloniak mantendu zituzten XVII.mendetik XX.era Eskandinaviatik kanpo. Ipar Atlantikoan, Groenlandia, Islandia eta Faroe uharteak Danimarka-Norvegiako erresumaren parte izan ziren. Karibean, Saint Thomas kolonizatzen hasi zen Danimarka 1671n, Saint John 1718an eta Saint Croix erosi zion Frantziari 1733an. Danimarkak Indian ere mantendu zituen koloniak: Tharangambadi eta Frederiksnagore. Danimarkaren Ekialdeko Indietako Konpainiak Tharangambaditik egiten zuen lan. Suediak ere bazuen Suediaren Ekialdeko Indietako Konpainia. Beraien goraldian, Suediako eta Danimarkako konpainiek Britainia Handiko Ekialdeko Indietako Konpainiak baino te gehiago inportatzen zuten, produktuaren %90 Britainia Handian merkaturatzen zuten eta irabazi handiak lortu zituzten. Bi konpainiak gainbehera etorri zirenNapoleonen Gerren garaian. Suediak gutxi iraun zuen Suedia Berria izeneko kolonia bat izan zuen Delaware-n (AEB) 1630eko hamarkadan eta Karibeko Saint Barthélemy (1785–1878) eta Guadalupe uharteak ere bai.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.