Errugbi (kirola)
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Errugbia, taldeka jokatzen den kontaktuzko kirola da. Ingalaterran sortua, Rugby School ikastetxean sortu zen, Rugby herrian (Warwickshire), 1845ean. Esaten denez William Webb Ellisek asmatu zuen, Rugby Schoolen futbolean ari zirenean, baloia eskuan hartu eta aurkarien aldean utzi zuenean: horixe omen da, International Rugby Board edo IRBkoen esanetan, errugbi modernoaren sorrera.
Nahiz eta errugbia kirol moduan ez ezagutu, jatorria hainbat lekutatik datorkio. Aztekek ezagutzera eraman zuten, baloiari eguzkiaren forma emanez. harekin jolastuz Jainkoarekin lotura egiteko. Horren helburua baloia denbora osoan mugimenduan edukitzea zen, bizitzaren jarraipenaren eta fruituen hazkundearen irudikapena egiteko.
Mendebaldean ere baloiaz jolasten hasi ziren: lehenak, itxuraz, egiptoarrak izan ziren. Futbolaren antz handia omen zuen, hilobi egiptoarretan azaltzen denaren arabera, K.a. 2.500 urtean (K.a.)[1]
Antzinako Grezian ere kirol bat sortu zuten, episkyros izenekoa. Horretan ere baloia eskuz egiten zuten, animalia zatiekin. Gerora, K.a. 146an, erromatarrak Grezia konkistatzen ari zirenean, Hhrpastum kirola sortu zuten, errugbiaren antzeko lehen kirola.
Geroago antz handia hartu zuen eta gaur egun harremana ikusten zaio calcioarekin: Shrovetide Football edo Inauterietako Futbolaren ondoren sortu zen Florentzian.
Errugbia sortu aurretik, Ingalaterrako kirolik jokatuena futbola zen; arau finkorik ez zegoenez, oso zaila zen egiaz nolakoa zen jakitea. Horren ondorioz sortu zen futbol modernoa.
1823an sortu omen zen errugbi modernoa, William Webb Ellis aitzindariari esker. Oso garrantzi handia ematen zaio hark futboleko legeen aurrean agertu zuen jarrerari, une hartan, futbolak ere ez baitzuen arau finkorik. Horregatik sortu zen errugbia, arau hauste bat egin zuelako Rugby Schooleko Teologia ikasle batek. Garai horretarako, oso iraultzailea izan zen futbolaren arauak haustea, kirol bera oso zaindua eta maitatua baitzen. Egia da 1880an idatzi zela William izan zela errugbiaren sortzailea, hau da, ez dago oraindik sortzailea bera izan zela ziurtaratzen duen dokumenturik. Hala ere, Munduko Errugbi Kopak haren izena hartu zuen, ez baitago beste pertsonarik kontu horri aurka egin dionik.
Errugbia zabaltzeko asmoa handia zenez, Ingalaterrakoek trenaren erabileraren bidez, zabaltze prozesua aurrera eramateko erabakia hartu zutenean, oso azkar hedatu zen Erresuma Batuko beste eskualdeetara. Hala nola Galesera, Eskoziara, Irlandara eta Frantziara. Haiekin lehen aldiz XIX. mendean Bost Nazioen Txapelketa sortu zen.
1908an errugbia Olinpiar Jokoetara sartu zuten lehen aldiz.
Munduko Txapelketa gauzatzeko inperialismoa oso faktore azpimarragarria bilakatu zen XX. mendean. Erresuma Batuak inperialismoari ondo heldu zion eta hainbat herrialdez jabetu zen, bere aberastasunerako: hor, bertako ondasun eta bitxikeriak hartzeaz gain, beraien ohiturak inposatzen zituzten. Horregatik, errugbia gaur egun ez da soilik Europan jokatzen den kirol bat, mundu osoan zehar zabaldu izan da. Horietako garrantzitsuenak Zeelanda Berria, Hegoafrika eta Australia dira. Ozeano Barean berriz, Argentina eta Uruguai izan ziren ospetsuenak.[2][3]
Urte askotan ikaragarri aldatzen joan dira legeak eta oso garrantzitsuak dira, kontaktu fisikoa etengabea baita. Horren arrazoi handietariko bat da partiduan edo entrenamenduan arauak zintzo betetzearen derrigortasuna, horren aurka joanez gero epaile batek zigortzea edo min fisiko zein psikologikoa jasatea dakar.
Arauak bereziak izan dira betidanik, oso neurtuak baitira. Horietako arrazoi nagusia jokalariek minik ez hartzea da, eta horrekin batera partida justua izatea, hau da, zalantzazko jokaldi bat gertatu bada, aurre egiten jakitea arauen bidez. Gainera, kudeaketa are zehatzagoa da, jokaldiak berrikusteko telebista erablitzen lehen kirola izan baitzen.[4]
Zelaiak belarrezkoa izan behar du, betidanik horrela jokatu izan delako; hala ere, kasu zehatzetan harean edo lur bigunean joka daiteke, baina ez da oso ohikoa. Zelaiaren egoera ez bada arauen araberakoa, bi taldeek jokatzeko ala ez jokatzeko erabakia hartu beharko dute; hori guztia partida hasi aurretik egin behar da, gero azken erabakia epaileak hartzen baitu. Bi taldeak ez badira ados jartzen, epaileak erabakiko du partida eginen den. Inoiz ezin da partida bat hasi, arau guztiak beteta eta bere lekuan ez baldin badaude.
Forma obalatua izan behar du, neurriokin:
Salbuespen bakarra haurren baloiei dagokie, txikiagoak direlako.
Partida batera hainbat baloi eramaten dira, zuzenak direla bermatzeko. Ahal den neurri eta presio berean edukitzen saiatzen dira, ez daitezen bi taldeetako inorentzat mesedetakoak izan. Presioak 65,71 - 68,75 kilopaskalekoa izan behar du.
Talde bakoitzak 15 jokalari baino gehiago ezin ditu zelairatu. Aldaketak egiteko ere eserlekuan jokalariak egon behar dute, norbaitek mina hartuz gero, aldatzeko aukera izan eta partida jokatu ahal izateko.
Entrenatzaileak partidura 16, 17 edo 18 jokalari eram,aten baditu, derrigorrezkoa izango du zelaian lehenengo ilaran lau pertsona edukitzea jokatzen. Aldiz, 19, 20, 21 edo 22 jokalari bidaliz gero partidara, gutxienez bost jokalarik derrigorrez jokatu beharko lukete lehenengo ilaran.
Jokalari bat lesionatuta egonez gero, zelaia utzi beharko du lehenbailehen. Zauri bat izanez gero, kontrolatu ahal baldin bada, zelaitik atera eta zauria ondo itxiz gero jokatzeko aukera eduki dezake. Aldiz, epaileak bere iritziz ikusten badu zauri handia edo lesio handia dela, jokalaria bidaltzeko eskumen guztia hartu dezake. Behin epaileak jokalari bat bidali duela, jokalari horrek ezin izango du berriz jokatzeko eskubidea eduki partida horretan jokalariaren osasuna kontuan hartuz.
Elstikoa, galtzak, barruko arropa eta botak eramatea derrigorrezkoa da. Horrez gain, gehigarri asko daude:
Material horiek ezin dira 1,5 cm baino lodiagoak izan; bestela, jokalariari kenaraziko zaizkio edo zigorra ezarriko zaio.
Zelaiaren luzera 95 metrokoa izaten da, eta zabalera, 65 metrokoa. Puntuak egiteko beste bi leku ere daude: bakoitza 22 m luze da eta zelaiaren luzeraren bi muturretan daude..
Puntua lortzeko beste aukera bat egoten da. Puntua lortzeko lekuen erdian, bi zutabe aurkitzen dira 5,6 m baztertuta eta elkar lotuta 3m-ko altuera dagoen zutabe horizontal batez. Bi zutabe bertikalek gutxienez 3,4 m eduki behar dituztenez, hiru zutabe horiek lotuz H itxurako puntuazio-gune bat ateratzen da. Puntua lortzen da H-aren goiko zatian sartzen denean bi zutabeen erditik.[5]
Talde baten postuak bitan banatzen dira: aurrelariak eta atzelariak. Aurrelariak, gorpuzkeran taldeko handienak izaten dira eta scrum edo uztartze guztietan beraiek hartzen dute parte. Teknika gutxi erabiltzen duten arren, indarra eta erresistentzia da postu honetan gehien eskatzen dena. Alboko sakeka edo line out-ak ere egiten dituzte.
Aurrelarietan, lehenengo lerroan bi harroin eta hooker bat egoten da. Bigarren lerrokoak izen horrekin ezagutzen dira. Hirugarrenean berriz, bi hegalekoak deitzen dira, eta falta den jokalaria erdilaria da.
Atzelarietan desberdina da, zeren horiek teknika gehiago erabiltzen dute, ez dira aurrelariak bezain handiak baina azkarrak dira. Paseak ere ondo ematen dituzte eta ostikoz ere ondo ematen diote baloiari. Atzelarien postua jokoari mugimendua ematea da horretarako daude bost pertsona diagonalean jarrita. Atzelarietan aurrean dagoenari erdi-uztartze deitzen zaio, ondorengoa jokoa irekitzen duen pertsona da, atzeraka jarraituz bi erdilari daude eta azkenik diagonalaren amaieran, hegalekoa. Hegalekoaren beste aldean, hegaleko itsua egoten da, eta azkenik, taldeko azken jokalariari fullback deritzo.
Errugbian irabazteko, talde batek beste taldeak baino puntu gehiago lortu behar ditu. Honela lortzen dira:
Ingelesez, line out edo touch da. Oso ohikoa da, baloia kanpora irtetzen den bakoitzeko, prozesu hori egin behar delako. Baloia kanpora hainbat modutara irten daiteke: pase oker bat eginez, eramaileak kanpoko marra zapaldu badu edota zelaia ez den tokira joan.
Albo sakea egiterakoan, jokalari batek sakea egiten du; bitartean, bi taldeak sakea aterako duenaren aurrean jartzen dira metro bateko distantzian, bakoitzak bere taldearekin lerro bat eginez. Lerroak ateratzen duenari buruz perpendikular egon behar du eta 5-10 m inguruan. Taldekideek sakea oso gora botatzea erabakitzen badute, hartzaileak beraien taldekide bat altxatzen dute, baloia har dezan. Derrigorrezkoa da baloia bi lerroen erdira botatzea; bestela, baloia besteei ematen zaie.
Bi taldek osatzen duten eta geldirik egiten den jokaldia da. Hartarako, aurretik prestatzen da: talde bakoitza aurkariari begira jartzen da eta taldekidek elkar helduta. Epaileak txistua jotakoan suertatzen zaion taldeak baloia bi taldeen erdian uzten du eta uztartzean diren jokalari batzuek bultza egiten dute, aurkariak har ez dezan, eta beste taldekide batzuek baloia hartzen dute, jokoak segi dezan.
Lehen ilaran hookerra egoten da erdian eta bi izkinetan, harroinak. Hala ere, gaizki atera liteke, uztartzea okertzen bada. Hori gertatuz gero, aurreko urrats guztiak berriz egin behar dira.
Baloia inguratzen du gutxienez bi taldeetako jokalari batek.[6] Baloiak lurrean egon behar du eta jokalarien buru zein sorbaldak, aldaken azpitik egon beharko du. Ez bada ondo egiten, zigorrak egoten dira, hala nola, penaltia. Beste modu batzuk ere badaude zigor hori jasotzeko: adibidez, rucka jada osatuta dagoenean, beste jokalari bat sartzea bertara; horrek ere penaltiaren ondorioa dakar.
Behin bi taldeetako batek baloia berreskuratu duenean, epailearen zain egoten dira, jokoak segi dezan. Baloia ez bada bost segundo baino lehenago irteten, baloia berreskuratu duen taldea zigortu eginen da.
Rucka bezala jokoan zehar egiten da, hau da, ez da geldialdirik egoten, maul-ean jokalari bat baloia ematen egoten da, eta bere taldekideek alboetatik eta atzetik bultza egiten diete aurrera joateko asmoz; arazoa da aurkariak ere baloia duenaren aurka joaten direla. Honen bukaera, baloia lurrera joaten denean, baloia duena maul-etik ateratzen bada edo uztartze bat osatzen bada da.
Jokalariak maul baten kanpoan baldin badaude, ezin izango dute bertara sartu, salto egin edo kanpora bidali barruan dagoen bat. Hori guztia egin ezkero, goal zigor bat eskainiko zaie aurkariei.
Errugbi mota asko daude: ezagunen hamabostekoa da.
Errugbi mota desberdinak egon arren, munduan zehar kirol berriak asmatu izan dira, hala nola, futbol gaelikoa, australiar futbola eta futbol amerikarra. Guztiek antzekotasun handiak dituzte, baina kultura eta tradizio desberdinetatik datozenez, bakoitzak bere kirol mota asmatu du.
Beste kiroletan ez bezala, txapelketa bat ez da bestea baino hobea. Leku askotan daudenez, ez da horrenbesteko lehiarik sortzen.
1987tik gaur egun arte jokatu den txapelketa da, lau urtean behin jokatzen dena. Mundu osoko herrialde indartsuenak lehiatzen dira. Orain arte kopa gehienak irabazi dituena Zeelanda Berriko errugbi selekzioa da: hiru urrezko domina, zilarrezko bat eta brontzezko hiru. Koparen izena William Webb Ellis sortzailearen omenezkoa da.
Txapelketa horretan Ingalaterra, Gales, Irlanda, Eskozia, Frantzia eta Italia lehiatzen dira. Lehen aldiz 1882an jokatu zenez, historia luzeena duen txapelketa da eta, horrez gain, jardunean dirauen zaharrena. Urtero antolatzen da, eta txapeldun nagusia Ingalaterra da, 28 garaipenekin.
The Rugby Champioship edo Errugbi Txapelketa, Hego hemisferioan jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena da. 1996an sortutako txapelketa bat da; hasieran, Hegoafrikak, Australiak eta Zeelanda Berriak soilik jokatzen zuten eta, txapelketa horri Hiru Nazioen Txapelketa deitzen zitzaion. 2012an Argentina sartu zen lehen aldiz txapelketa honetara eta orduan izena aldatu zioten orain ezagutzen den bezala jarriz.
Europa mailan dagoen txapelketarik garrantzitsuena da. 1995ean sortu zen da eta urritik maiatzera bitartean jokatzen da. Bertan, Europako talderik onenek jokatzen dute; gehienak Frantzia, Italia, Gales, Irlanda, Ingalaterra eta Eskoziakoak dira. Hala ere, Espainiako eta Errumaniako talde batzuek esku hartu dute inoiz.
Gehien irabazi dituen taldea Stade Tolousain da.
1991n sortutako txapelketa da, lau urtean behin jokatzen dena. 1991n Galesek antolatu zuen lehen aldiz; 1994an, Eskoziak; eta 1998an World Rugbyk hartu zuen antolatzaile postua gaur egun arte. Garaipen gehiena dituen taldea Zeelanda Berria da, 5 koparekin.
Euskal Herrira errugbia bi zatitan desberdinetan iritsi zen, XIX. mendean Ipar Euskal Herrira iritsi zen, 1897. urte inguruan jakin zen egon zela lehen aldiz interesa errugbiaren munduan sartzeko. Guzti hau Baionako herrian hasi zen, 1898an Biarritz-Sporting-Club et de «l'Amicale des anciens de Jules-Ferry taldea sortu zen, honekin batera 1902an Biarritz Stade zelaian jokatzen hasi ziren. 1913ko apirilaren 26an Biarritz-Sporting-Club taldearekin batu eta Biarritz Olympique behin-behineko izena hartu zuten.
Hego Euskal Herrian berriz, XX.mendeko hasieretan hasi ziren. Ipar Euskal Herrian ez bezala, Hego Euskal Herrian gehiago kostatu zitzaien errugbiaren zaletasuna zabaltzea. Hazkunde hori ez zen handia izan 1980. urtera arte, non Euskalerriko Rugby Eskola Independienteak ekintzak antolatzen hasi zen, hala nola, topaketak bertako errugbi taldeekin.
Aviron Bayonnaiseko jokalariak Euskal Errugbi Ligako garaipena ospatzen, 2019an.
2019an, Euskal Errugbi Liga (Euro Basque Rugby Challenge) abiatu zen, iparraldeko eta hegoaldeko taldeak barne hartuta. Gizonezkoen zazpi taldek hartu behar zuten parte eta Aviron Bayonnais aurreneko txapelduna izan zen. Etorkizunean emakumezkoen txapelketa egiteko asmoa dago, bai eta gizonezkoen bigarren maila bat ere.[8]
Ezbairik gabe, ohitura handiagoa dago Ipar Euskal Herrian, Hegoalden baino. Izan ere, Frantzian eta Europan emaitza onak lortu ditu azken urteotan Biarritz Olympiqueko taldeak. Baionako Aviron ere aritzen da Frantziako lehen mailan. Beste zenbait errugbi talde: U.S. Nafarroa (Donibane Garazi/Baigorri), Sport Athlétique Mauléonais (Maule), Saint-Jean-de-Luz Olympique (Donibane Lohizune)...
Beti ere maila apalagoan, Hego Euskal Herrian ere badaude zenbait talde esanguratsu:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.