From Wikipedia, the free encyclopedia
Boterea da, testuinguru soziologikoan, pertsona batek beste pertsona, entitate edo gauza batzuen gainean erabil dezakeen domeinua edo aginpidea; forma desberdinak har ditzakeelarik: norbaiten edo zerbaiten jabetza; erabili edo ustiatzeko gaitasuna; eta, oro har, autoritatea. Boterea hainbat motatakoa izan daiteke: ekonomikoa, exekutiboa, morala, etab. eta hainbat gradutan eta modu desberdinetan gauzatu daiteke. Historian zehar, zenbait korronte filosofiko eta sozialek teorizatu, birdefinitu eta analisatu dute boterea ikuspuntu desberdinetatik.
Boterearen nagusitasunak, edo haren inposizioak ez du nahitaez koakzioa (indarra edo indar mehatxua) eskatzen. Hala, zentzu soziologikoko "botereak", botere fisikoan zein botere politikoan hartzen ditu bere baitan, eta beste botere-mota asko ere bai.
Modernitatearen aurretik, Erregimen Zaharrean esateko, apenas ematen zitzaion aparteko esanahirik boterearen kontzeptuari pentsakeran. Nola boterea gizarte eginkizun nagusietan txertatua zegoen, familian, auzoan, parrokian edo lan gremioetan, hain atxikia tradizioari eta moralitateari, non oharkabean pasatzen den[1].
Txinako kultura politikoan, Zeruaren aginpidearen kontzeptuarekin lotzen zen botere gorenaren ideia, Europan ohikoa izan den erregeen jainkozko eskubidearen antzeko kontzeptua da, botere monarkikoa Jainkoaren borondatearen agerpen gisa legitimatu izan delarik Mendebalde kristauan. Ezberdintasun nagusia da Zeruko Mandatuak agintari bidegabea tronutik kentzea ahalbidetu zuela da. Bi sistemetan matxinada bidegabetzat hartzen zen, baina Txinako pentsamenduan, tiranoaren aurkako matxinada arrakastatsua Zeruko Mandatua beste eskuetara igaro zelako frogatzat hartzen zen[2].
Teorien politikoaren maisu Makiavelok boterearen ikuspegi politiko nahiko absolutista bat eman zuen Printzean, bere lanean. Printze baten aginpide arrakastatsu bati begira, boterea zer-nolakoa izan behar den idatzi zuen Makiavelok; autoritarioa, absolutua, bere menpekoen bizitzen eta ondasunen jaun eta jabe. Ideologia pragmatiko bat da absolutismo hori, dena da boterearen inguruan eraikia: nola lortu boterea, nola eutsi, nola gehitu, nola mantendu inori konturik eman gabe, salbu, Jainkoari eta historiari, eta horretarako, denak edo edozerk balio zuen Makiaveloren ikuspegian[3].
Frantziako Iraultzan, boterearen soziologian ideia berri batzuk ezarri ziren. Batetik, jakobinoek botere absolutu makiaveliko hori baliatu nahi izan zuten, zentzu totalista batekin: Robespierrek "tiranian kontra askatasunaren despotismoa" aldarrikatu zuen, boterearen oinarria masan oinarritu zuten, eta hertsiki zentralizatu ere bai. Horrekin batera, boterearen arrazionalizazio ere ekarri zuen ikuspegi horrek: paperezko monetan, pisu eta neurrien sisteman, hezkuntza-sisteman, armadan, guztian botere zentralizatu arrazional bat aldarrikatu zen[1].
Tradizionalki boterearen eta agintearen identifikazio bat egiten zen: boterea da "hor goian" dagoen zerbait, nornalean inposizioa dakarrena. 20. mendearen jasieran, agintea eta boterea berdintzen zuen pentsamendu zaharra irauli egin zuen Max Weberrek gizarte zientzietan. Weberren eskutik, eta harrezkero, boterea harreman bat da, non kokapen desberdinak dauden (agintzen duena, obeditzen duena), eta laburbilduz boterea da norberaren borondatea inposatzeko probabilitatean edozein delarik borondatearen oinarria[4].
Boterea indar inposatzaile hutsa baino gehiago da Weberrentzat: legitimazioa bilatzen du, eta hiru iturburu izan ditzake legitinmazio horrek; arrazionala (zuzenbide estatuak gorpuzten duena, adibidez, dominazio legala eraginez), tradizionala (patriarkalismoa izan daiteke, adibidez) eta karismatikoa (lider batek karismaz sortzen duena, adibidez).
Robert Nisbetentzat (1913-1996) onarpena botere-harremanetan kontuan hartzeko puntu inportantea da, eta autoritate eredu bati egiten zaien obedientzia, oro har, babesaren truke izaten da[4]. Autoritate mota desberdinak sailkatu zituen Nisbetek. Esate baterako, autoritate tradizionala iraganean bezala jarduten jarraitzean oinarritzen da: "beti horrela izan delako", aslkotan entzun daitekeen argudioa da. Beste bat da Lurraldeari loturiko autoritatea, non gzatalde baten ezaugarriak bizi den lurraldetik eratortzen direnean, eta kasu honetan babesa ematen duen komunitatea izan daiteke Estatua edo nazioa.
Botereaz hausnartu zuen 20. mendeko pentsalari ezagunenetakoa Michel Foucault izan zen. Boterearen mikrofisikaz mintzatu zen Foucault, estatu-boteretik harago beste urrats bat emanez, gizartn osoan zehar barreiaturik ikusten zuen boterea, indar zapaltzaile gisa nagusiki, gizarte-erakunde desberdinetan, hala nola ospitaleetan eta presondegietan: erakunde hauetako batzuetan ezarritako panoptikoaren diseinua, begi oro-kontrolatzaile batek ustez utilitarismoz baliatuko duen eraikin forma, botere egitura horien adibide argia ziren Foucaltentzat.
Anthony Giddensen ustez, berriz, boterea harreman-mota bat da eta, gehiengoak sostengatzen duen tesi klasikoaren kontra, ez du nahitaez bortxa inplikatzeen.[5].
Andrés de Blas Guerrerorentzat, botere politikoak, Estatuan gauzatzen denak, egungo gizarte modernoetan bi ezaugarri nagusi hauek ditu: lehenengoa obedientzia lortzeko ahalbidea duela, horretarako bortxa fisikoren erabilera monopolizatuz, eta bigarrena ahalmen hori estatu-antolaketan erakundetzen dela[6].
Estatuaren boterearen eta beste batzuen arteko bereizketarik egiten duenik ere bada. Tomás Ibáñez psikologoak bi paradigma bereizten ditu: Paradigma juridikoan, boterea substantzia bat gisa gogoematen da gizaki batzuek duten propietate bat da egitura jakin batzuen baiøn kokatzen dena legeak araututa daukana, jakinmina kontroolatzen duena, zapalkuntzazko mekanismoaz baliatzen dena...Paradigma estategikoan, aldiz, boterea harreman bat da erabiltzen den zerbait, bizitza sozialaren maila guztietan eman eta ekoizten dena. Baina botere mota hau ere, juridikoa bezala, arau gisa aurkezten da sarri, jakintza ekoizten duen garaipen baten emaitza balitz bezala, eta kontrol-mekanismoez baliatzen da hau ere, nahiz eta ez izan estatuaren bortxa monopolioa zuzenean[5].
Boterea transmititzeko mekanismoetan lengoaia da bat, dudarik gabe. Lengoaiaren bidez norberaren boterea adierazten da, eta mezuaren esanahia inposatzeko gaitasunak botere horren maila jakitera ematen du. Politika arloan erabiltzen diren mezuak aurrekoaren adibide garbiak dira. Ontzat ematen da alderdi politiko ezberdinak daudela, baina denok hitz antzekoak erabiltzen dituzte (demokrazia, herria, askatasuna, justizia, eta abar), haien esanahiak ezberdinak edota kontrajarriak izaten direlarik. Julen Goñi filosofoaren iritziz, hitz horien esanahia gizarte mailan inposatzeak, herriaren borondatea kontrolatzea suposatzen du, hein handi batean, zeren eta horri ailegatuko zaizkionak (komunikabideen bidez eta heziketaren bidez, besteak beste) bere pentsamendua eratuz joango dira[7].
Jule Goikoetxea (Donostia, 1982) filosofoaren erabera, gizonezko eta emakuzmekoen arteko "diferentzia ez da kromosomikoa, boterezkoa baizik"[8]. Boterearen forma desberdinak analisatuz gero, dela politiko, ekonomikoa edo kulturala, guztietan gizonezkoek botere kultural, ekonokiko, sozial eta sinboliko gehiago dute, emakumezkoek baino. Goikoetxearen aburuz, "botere horiek berdintzeak ekarriko lukere berekin gizon eta emakume kategoriak desagertzea, zeren eta bagina bi izaki mota botere berdinekin, ez lirateke fizon eta emakume kontzeptuak esistituko".
Feminismoak botere desoreka hori salatu duenean, 21. mendean bereziki, sortu izan diren erreakzio batzuk, ultraeskuineko diskurtso batzuen berzpiztuera, edo maskulinitate zauritu baten muturreko joerak, hala nola Incelena. Jokin Azpiazu soziologoaren iritziz, honela azaltzen dira joera horiek: "Zer gertatzen da boteredunarekin boterea kuestionatzen denean? Bada, boterean dagoena asaldatu eta haserretu egiten dela eta horren aurrean erreakzionatu egiten duela, boterea beti oldartzen delako mugak jartzen zaizkionean"[9].
Feminismoaren alorretik botere kontzeptuari egin zaion beste ekarpena ahalduntze edo boteretzearena da. 1995. urtean Beijingen egindako Emakumearen Mundu Konferentziaren ondotik, gobernuetatik berdintasuna lortzeko ahaleginetan, boteretzea edo empowerment aurkeztu zen estrategia nagusi moduan. Kontzeptuak orokortzearen joera hartu du, eta modu eta testuinguru anitzetan erabiltzen da harrezkero[10].
Botereak soziolinguistikarekin duen harremana nabarmendu dute askok. Paulo Freirek esana da: "Nik ezin dut hizkuntzaz hitz egin boterea alde batera utziz". Kolonizatzaileak dio, Freirek gogorarazten digunez, zapalduen hizkuntza ez dela gai teknologiaz edo arteaz jarduteko, eta hori botere harremanen isla da, ez berezko egitate bat[11].
Pierre Bordieuk azpimarratu zuen komunitate batean dauden hizkuntzeak indar-harreman batean daudela, merkatu moduko batean, eta prestigio handienak duen taldeak hari komeni zaizkion eta berarentzat egokienak diren arau linguistiko eta soziolinguistikoak hartzen eta inposazen dituela[12]. “Eguneroko hizkuntza praktikak borroka eremu dira”, Bourdieuren iritziz[13]. Hizkuntzatik haratago, soziologia kritikoa egin zuen Bourdieuk, marxismoaren ohiko metodoak alde batera utzita, eta mundu sinbolikoa ikertuz. Hortaz, irakaskuntzan, artean eta oro har kapital sinbolikoaren aradatrzean egituratzen diren botere-mekanismoez azterketak egin zituen Bourdieuk[14].
Logikoki, boterearen eta hizkuntzaren arteko harremana euskal pentsalariek ere aztertu dute, euskararen zapalkuntza historikoa eta diglosiari begira jarri direnean. Paulo Iztuetak argi dio[15]: "Hizkuntzaren bizia, gehienbat, botereak erabakitzen du. Hauxe da euskaren kasua."
Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek euskara eta feminismoaren gaia jorratzean, botere harremanak identifikatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, testuinguruen arabera izan baitaiteke pertsona bat zapaldua eta zapaltzailea. Eskisabel eta Agirrek argi dute, dena den: "Gure erantzuna da ezin garela izan euskaltzale feminista izan gabe, eta ezin garela feminista izan euskaltzale izan gabe"[13]
Era berean, Eider Perez filologo feministaren ustez, emakume, feminista eta euskalduna izateak modu zehatz eta konplexuan zeharkatzen du gorputza, eta hori azaltzeko Angela Davisen zapalkuntza hirukoitzaren ideia ekarri izan du gogorak: “Hiru aldiz zapalduak izan gaitezke, baina hiru bider errebelde ere bilakatu gaitezke”[16].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.