From Wikipedia, the free encyclopedia
Azaroko Iraultza (alemanez: Novemberrevolution) edo 1918–1919ko Alemaniako Iraultza Lehen Mundu Gerraren amaiera aldera gertatutako iraultza izan zen, Alemaniar Inperioaren monarkia konstituzionala Weimarko Errepublikaren demokrazia parlamentariora aldatzea ahalbidetu zuena.
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Iraultzaren zergatiak gerrak iraun zituen laur urteetan zehar alemaniarrek bizitako egoera latzean, Alemaniar Inperioaren porrotaren eraginean, eta batez ere herri xehera eta langile mailako jendea eta aristokraziaren eliteak eta burgesen arteko tentsio sozialean daude, azken hauek gerra galdu ostean boterea mantentzeak miseria gorrian zegoen herri xehearen sumindura piztuarazi baitzuen.
Iraultza Kielgo marinelen mantxinadarekin hasi zen. Itsasgizon hauek Britainiar Itsas Armadaren aurka Ipar Itsasora ateratzeko beren goi kargu militarren aginduei men egitea uko egin zioten. Egun guxiren buruan, iraultza Alemania osora zabaldu zen, eta 1918ko azaroaren 9an Gilen II.a Alemaniakoa kaiserrak bere kargua uztera behartuarazi zuen. Halere, 1919ko urtarrilean iraultzaileen muturreko helburu sozialistek huts egin zuten, Friedrich Ebert politikaria buru zuen Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak /SDP) aurre egin baitzien. Buruzagi sozialdemokrata hauek, gainontzeko alderdi burgesek bezala, iraultzak gerra zibila ekariko ote zuen beldur ziren, hortaz muturreko ideia iraultzaileei eta kaiserraren inguruko eliteko kideak kargugabetzeari uko egin zioten, aldiz, elite aristokratikoarekin harreman demokratikoak ezartzearen alde agertu ziren. Helburu honekin, SDPk Alemaniar Goi Komandantzia Militarrarekin aliantza bat hitzarmendu eta eskuin muturreko indar paramilitarren laguntzaz Espartakisten altxamendua (Spartakusaufstand) bortizki zanpatzea lortu zuten.
1919ko abuztuaren 11an iraultzaren amaiera formala jazo zen, Weimarko Errepublikaren Konstituzioa sinatu zenean.
1848-48ko martxoko iraultza zibilak porrot egin zuen Alemaniaren demokratizazioa eta batasuna batera lortu nahi izateagatik, nagusiki. Hurrengo hamarkadetan, herritarrak Estatu autoritarioaren aurka lerrokatu ziren (Obrigkeitstaat), bereziki Prusiaren aginpean egotera pasa zirenean 1871n.
Sortu berri zen Inperio Alemaniarra (Deutsches Kaiserreich), Bigarren Reich-a edota Alemania gillerminoa, monarkia konstituzionala zen. Parlamentuarentzat (Reicshtag), gizonen berdintasunezko sufragio, unibertsal eta sekretua aplikatzen zen (Männerwahlrecht). Parlamentuak Reichean zeukan eragina ordea, ez zen mugagabea. Bere aportazio garrantzitsu bakarra aurrekontuan aprobatzea zen. Kaiserreicheko gobernua Parlamentuaren eta emperadorearen aurrean zen arduraduna.
Sozialdemokratek, SPDa sortuko zutenak, Reichstagatik zeuden ordezkatuta 1871. urtetik. Beraien hasieretatik Estatu errepublikar bategatik borokatu zuten. Arrazoi honengatik, Otto von Bismarckek 1878tik 1890ra arte (bere kargugabetzearen urtea) harrapatu nahi zituen, Lege Sozialistetan oinarrituta. Hala ere, sozialdemokratek beraien ordezkaritza handitu ahal izan zuten ia hauteskunde guztietan. 1912ko Reichstagean alderdi sendoena konposatzen zuten, 110 diputatu eta bozken %28arekin.
Kaiserreicha fundatu eta 43 urtetara, Lehen Mundu Gerrara arte, SPDa izugarri hazi zen, baina beraien ezaugarriak ere aldatu zituzten. 1898an hasi zen gatazka errebisionistan (Revisionismusstreit), iraultzaren helburua ezabatu nahi zuten errebisionistek. Horren ordez, ezarritako orden ekonomikoarekin bat zetozten erreforma sozialak proposatzen zituzten. Alde marxistak berriz, errebisioei ezezkoa ematen zieten. Hala ere, SPDak ezkutatzen zuen erretorika iraultzailea, erabat erreformista bihurtu zen 1890eko Lege Sozialisten indargabetzetik. Lehen Mundu Gerra hasi zenean, nabarmen gelditu zen SPDa Inperioaren joko semidemokratikoaren parte zela.
1900. urtearen inguruan, sozialdemokrata alemaniarrak langile-mugimenduaren buruan zeuden. 1914ko uztaileko krisian zehar, Francisco Fernando artxidukearen hilketaren ondorengoa, gerraren kontrako hainbat manifestazio antolatu zituen alderdiak. Haietan, Rosa Luxemburg, alderdiko bozeramaile ezkertiarra, desobedientziara eta gerra saihestera deitu zuen jendea, alderdi guztiaren izenean. Horregatik, Kaiserreicheko gobernuak, alderdiko buru guztiak harrapatzeko plana egin zuen gerran sartu orduko. Friedrich Ebertek, SPDko buru bat, Zurichera bidaia egin zuen alderdiko dirua toki seguru batera eramateko.
1914an Alemania gerran sartu zenean, SPDko gehiengoa sentimendu belikoak hartu zuen. Gauzak horrela, beraien lehengo presidenteari, August Bebeli, jarrai egin zioten. Ondorioz, beraien idealen kontran, Batasun Sakratua sinatu zuten. Alderdiko zuzendariak eta Reichtageko ordezkariak banatuta zeuden gerrari zegokionez: Friedrich Ebertekin batera, 96 diputatuk gerrako kredituak onartu zituzten. Bigarren presidentearekin batera, Hugo Haase, 14 parlamentario kontran zeuden. SPDak horrela, kredituak onartu eta grebei eta sindikatuei ordaintzeari uko egiten zieten gerran zehar. Karl Liebknecht berak ere, geroago gerraren kontrako ikur bihurtuko zenak, alderdiaren justifikazioak onartu zituen hasiera batean: ez zuen bozkatu bere taldearen aurka ez bozkatzeko. Hala ere, 1914ko abuztuaren 5ean, Rosa Luxemburg, Franz Mehring eta alderdiko beste kide ezkertiar batzuekin batera, Talde Internazionala osatu zuen (Internationale Gruppe), SPDak gerra aurretik zituen ideiak mantentzen zituena. Talde honetatik, Espartakisten Ligako gehiengoa atera zen 1916ko urtarrilaren 1ean. 1914ko abenduaren 2an, Liebknechtek gerrarako kreditu gehiago ematearen aurka bozkatu zuen eta horregatik SPDtik bota eta 4 urteko kartzela-zigorra ezarri zitzaion. Liebknecht gerrako bonoen kontra bozkatu zuen lehen diputatua izan zen. Luxemburg ere, gerraren amaierara arte atxilotua izan zen.
Gerrak geroz eta gehiago iraun eta geroz eta biktima gehiago eragin, SPDko kide batzuk 1914ko hiritarren pakea mantentzeko prest zeuden. 1916an enperadoreak eta gobernuak ez zituzten Kaiserreicheko politikako ildoak markatzen, Armadako buruek baizik. Paul von Hindenburg eta Erich Ludendorffek gobernatzen zuten Alemania praktikan, diktadore militar gisa; gerraren hasieran ezarritako helburuak jarraitzen zituzten. Honek langileei, 12 orduko lanaldia, soldata minimoak eta hornidura eskasak suposatzen zizkieten.
Gerra gogortzen zijoan heinean, gerraren amaiera eskatzen zuten ezkertiar gehiagoren ahotsak agertu ziren. Errusiar Iraultzaren hasieratik, 1917ko otsailean, Alemanian ere greba handiak antolatu ziren. 1918ko martxo eta apirilean Berlin, Leipzig eta Düsseldorfeko industriako 300.000 langilek parte hartu zuten haietan. 1918ko urtarrilean ere antzeko gertaerak eman ziren (250.000 grebalari) Berlin, Bremen, Hamburgo eta Essenen.
AEB gerran sartzean egoera okertuko zenez, Gilen II.a enperadoreak protestak baretzen saiatu zen bere Aste Santuko mezuan. Gerra amaitzean berdintasunezko hauteskunde generalak egongo zirela zin egin zuen.
SPDk ordea, erreakzionatu egin zuen lanileen atsekabea ikusita. 1917ko apirilaren 9an SPDa beraien posizioaren arabera banatu zen: Ebert buru zuten gehiengo sozialdemokratak (MSPD) eta Hugo Haase buru zuten sozialdemokrata independienteak (USPD). Azken hauek gerraren amaiera nahi zuten eta demokratizazio handiago bat Alemanian, baina ez zeukaten programa sozio-politiko batu bat. Espartakisten Ligak, ordura arte alderdiaren banaketari uko egin zionak, USPDa osatu zuen.
AEB gerran sartu zenetik, Mendebaldko Frentearen egoera gero eta ezegonkorragoa zen. Horregatik, eta USPDari indarra kentzeko, SPDak komite bat antolatu zuen Reichstagean Zentroko Alderdiarekin (Zentrumspartei), ideologia kontserbadore-katolikoa zuena, eta Alderdi Popular Progresistarekin (Fortschrittliche Volkspartei), ideologia liberala zuena. 1917ko udan, komiteak pakea aurreikusten zuen erabaki bat aurkeztu zuen. Hala ere, OHLak, erabaki honi uko egin zion. Hindenburg eta Ludendorffek ere uko egin zioten, Errusian garaitu zutelako eta "garailen pakea" posible ikusten zutelako.
1917ko Errusiar Iraultzaren arrakastak SPDren jokabidea markatu zuen, klase erdi eta altuetan beldurra eragiteaz gain. Otsaileko Iraultzaren ondoren eta Nikolas IIren tronugabetzearen ondorioz, errusiar gobernu berriak Entente Hirukoitzaren alde jarraitu zuen gerra. Hala ere, Alemaniar Inperioak garaipen aukera bat ikusten zuen.
Urriko Iraultzan, boltxebikeak, gerrarekin amaitu nahi zutenak, Errusiako boterea konkistatu zuten. Leninen garaipenak Alemaniako erdi klaseak iraultzari zion beldurra areagotu zuen. SPDko buruek beraien deserosotasuna erakutsi zuten, Azaroko Iraultza saihesteko ahaleginak egin zituzten.
1918ko urtarrilean, berriro ere grebak izan ziren Inperio guztian zehar, milioi bat baino parte hartzaile gehiagorekin.
1918ko martxoan, Leninen gobernu sobietar berriak, Alemaniarekin negoziazioa onartu zuen, Brest-Litovskeko Ituna sinatzera bideratu zituena.
Ekialdeko Frentearen garaipenaren ondoren, OHLak ofentsiba berri bat agindu zuen mendebaldean. Baina uztailean, hornidura guztiak agortu zirenean, Alemaniaren garaipenerako azken aukera galdu egin zen. 1918ko abuztuaren 8an, "Ostiral Beltza" bezala ezagutua, tanke ingelesak Mendebaldeko Frentea zeharkatu zuten eta OHLa hornidurarik gabe aurkitu zen frente horri aurre egiteko. Irail aldera, austrohungariako Inperioa erortzear zegoen.
Irailaren 29an, OHLak enperadorea eta Georg von Hertling Reicheko kantzillerra, egoera militar larriaz ohartarazi zituzten, Ludendorffek Ententearekin armistizio bat egiteko eskaera egin zuen, frenteak 24 ordu baino gehiago iraungo zuenik ezin baitzuen ziurtatu.
Ludendorffen informeak gobernua hunkitu zuen. Hala ere, alderdi indartsuenak, SPDko buruak bereziki, prest zeuden azken orduan gobernua beraien gain hartzeko. Hertling monarkikoak aldaketa onartu ez zuenez, Gilen II.ak Max von Baden, liberal bat, izendatu zuen Inperioko kantziller berria. Bere gabinetean, Philipp Scheidemann sozialdemokrata sartu zen. Hurrengo egunean, gobernu berriak armistizioa eskeini zien Aliatuei, haiek nahi zituzten kondizioetan.
Inperioko herritarrak hortaz konturatu zirenean, Konstituzioan egindako aldaketak ia ez ziren nabaritu ere egin, gerrako porrotak sortu zuen hunkipenarekin alderatuta. Aldaketa hauek urriaren 28an izan ziren formalki onartuak Reichstagean. Handik aurrera, kantzillerrak eta bere ministroek Reichstageko gehiengoari lotuta zihoazen. Botere-militarra, enperadoretik gobernuari pasa zitzaion. Honekin, Alemaniar Inperioa, monarkia konstituzionala izatetik, monarkia parlamentario izatera pasa zen. SPDaren zuzendaritzaren ikuspuntutik, "Urriko Konstituzioa" deituak oso positiboak ziren. Ebertek zioen, uriaren 5ean alemaniar demokrazia jaio zela. Enperadorearen abdikazioaren ondoren, beharrezkoa zen iraultza bat.
Hurrengo hiru asteetan, AEBko presidente zen Wilsonek, armistizioaren alemaniar eskariari erantzun zion hiru ohar diplomatikoekin. Bertan, tropa alemaniarrak okupatutako tokietatik erretiratzea, ur-azpiko gerraren amaiera eta enperadorearen abdikazioa eskatzen zituen.
Urriaren 24ko Wilsonen hirugarren oharraren ondoren, Ludendorffek Aliatuen kondizioak onartezinak zirela kontsideratu zuen. Bat-batean, gerrara itzultzearen aldekoa zen. Baina alemaniar tropak gerra amaitu zelaren ideia eginda zeuden ia eta etxera itzultzeko irrikitan zeuden. Borroka egiteko jarrera ezdeusa zen jadanik, desertzioak ohikoak izan ziren.
Gobernuak beraz, Ludendorff kargugabetu eta Wilhelm Groenergatik aldatu zuten. Ludendorffek Suediara egin zuen ihes pasaporte faltsu batekin, herrialde neutrala baitzen hura. Azaroaren 5ean, Aliatuek armistizioa onartu zuten. Baina Wilsonen hirugarren oharrak, buruzagi militar eta politikoei, pakea lortzeko enperadoreak abdikatu beharra zuelaren ideia utzi zieten.
Kieleko portuan, Alemaniar Marinelen Agintean (Marineleitung), Reinhard Scheer almirantea buru zuenak, Royal Navyren kontrako azken eraso bat bidaltzeko asmotan zebilen Mantxako Kanalean. Eraso hau prestatzeko antolakuntzak matxinada bat eragin zuen marinelen artean, gerraren azken momentuetan hil nahi ez zutelako. Matxinada hau, monarkiarekin amaituko zuen iraultza general batean bihurtu zen azkenerako.
Marinelen altxamendua Schillingenen hasi zen, Wilhemshavenen parean, non alemaniar flota ainguratuta zegoen. Urriaren 29an, Thüringen eta Helgoland ontzietako tripulazioak itsasoratzeko agindua desobeditu zuten. Hirugarren eskuadrak, altxamenduan parte hartu ez zuenak, Kielera itzultzeko agindua jaso zuen, mila matxinatutako marinelez betetako itsasontzi batean, gorteak epaitzeko.
Gainerako marinelek, hori saihestu nahi zuten, matxinatutakoek beraien alde ere jokatu baitzuten lehenago. Beraien askapena eskatu zuten, baina komandoagatik ukatua izan zen. Hurrengo egunean, Kieleko etxe sindikalean (Gewerkschaftshaus), marinelek ontzioletako langileekin batera egingo zituzten ekintzak eztabaidatzeko bildu ziren. Etxe sindikala itxi zenen, kanpoan kontzentrazioak egin ziren, azaroaren 3an. Steinhäuser tenienteak hauen kontra tiro egiteko agindu zuenean 9 pertsona hil ziren, baina marinel batek tiroei erantzun eta ofiziala hil zuen. Manifestazioa errebuelta bihurtu zen.
Azaroaren 4eko goizean, hirugarren eskuadrako marinelek Kart Arteltek zuzendutako soldadu kontseilu bat aukeratu zuten. Horrez gain, beraien ofizialak desarmatu, itsasontziak okupatu, matxinatutako presoak askatu eta instalakuntza publiko eta militarren kontrola hartu zituzten. Arratsaldean Altonako armadako soldaduak batu zitzaizkien. Gauzak horrela, 40.000 marinel, soldadu eta langile ziren guztira.
Gau hartan, SPDko diputatu zen Gustav Noske Kielera iritsi zen. Gobernu nazional berriko eta SPDko zuzendaritzako ordezkari gisa, errebuelta kontrolatu behar zuen, iraultza posible bat saihesteko. Kieleko langile eta soldadu kontseiluak uste zuten, gobernu berriaren alde zeudela eta beraien laguntzarekin kontatzen zutela. Horregatik, Noske "gobernadore" izendatu zuten gau hartan, eta honek, Kieleko iraultzarekin amaitu zuen hurrengo goizean. Baina bien bitartean, gatazkek hiritik kanpo eragina izan zuten.
Azaroaren 4tik, marinelen delegazioak Alemaniako hiri handienetatik sakabanatu ziren. Azaroaren 7an, iraultzak kostako hiri guztietan zehar zabalduta zegoen, hala nola, Hannover, Brunswick, Munich. Azaroaren 9an hutsik geratu zen tronu inperialaren postua eta Munichen, langile eta soldadu kontseilu batek, Luis IIIa tronuari uko egitera behartu zuten.
Langile eta soldadu kontseiluek (Räte) SPDko eta USPDko kideez zeuden osatuta gehienbat. Zuzenbidea demokratikoa, pazifista eta antimilitarista zen. Fürstenen (printzeak) boterearekin, kontseiluek ordura arte botere guztiak zituen aginte general militarra kentzea lortu zuten. Inperioko instituzio zibil eta ofizial publikoak ez zituzten ukitu (polizia, epaitegiak...). Ia ez zen jabetza edo industriaren konfiskaziorik eman, Reicharen neurriak espero baitziren. Iraultzarekin eta gobernu berriarekin konprometituta zeuden ejekutiboekin kontatzeko, agite militarraren azpian egon ziren instituzioak berrikustea eskatu zuten soilik.
SPDak hiri mailan botere handia lortu zuen horrela. Hala ere, kontseiluak orden berriaren alde jokatzen ari zirela uste zutenean, SPDko buruek elementu deserosoak ikusi zituzten beraietan. Alderdi burgesen antzera, kongresu nazionalerako hauteskundeak exijitzen zituzten, Estatu modua erabakitzeko. Iritzi honek, iraultzaile askoren aurka jarri zituen.
Friedrich Ebert ados zegoen Max von Badenekin iraultza sozial bat saihestu eta Estatuaren ordena mantendu behar zelarekin. Hark Inperioko alderdi burgesak eta elite aristokratak konkistatu nahi zituen Estatua berriz estrukturatu eta Errusiakoa bezalako Iraultza erradikal bat saihesteko. Honi, horniketen egoera txarrarekiko zegoen beldurra gehitu behar zitzaion. Ebertek uste zuen SPDak, dudarik gabe, gehiengo parlamentarioa lortuko zuela, erreforma planak egitea ahalbidetuko ziena. Arrazoi horregatik, botere zaharrekin adostasunez jokatzen saiatu zen. Bere alderdikoei garaipen bat erakusteko, eta aldi berean monarkia erreskatatzeko, Ebertek, azaroaren 6tik aurrera, Enperadoreren dimisioa exijitu zuen. Baina Gilen II.nak ez zuen ongi hiriburuko egoera ezagutzen eta Kaiserreichera itzultzeko esperantzak zituen. Kantzillerrak Spara bidaiatzeko plana egin zuen, Enperadorea ohartarazteko, baina ez zen behar izan, Berlingo egoera segituan aldatu baitzen.
Azaroaren 8ko gauean, USPDak Berlinen kontzentrazioak ditu zituen azaroaren 26erako, non greba generala eta manifestazio masiboak iragarriko zituen hurrengo egunetarako. Ordurako, Ebertek berriro ere, Enperadorearen abdikazioa exijitu zuen, SPDaren garaipen gisa iragarri nahi baitzuen pausu hau. Gatazka posibleak ekiditeko, von Badenen gobernuak Naumburgoko Tiratzaileen 4. Erregimentua zabaldu zuen Berlinen. Baina erregimendu honetako soldaduak ez zeuden herritarren aurka tiro egiteko prest. Beraien ofizialek esku-granadak eman zizkienean, delegazio bat bidali zuten alderdi sozialdemokratikoaren organora, egoera argitu ziezaieten.
Modu honetara, hiriaren kontrol-militarra sozioaldemokraten eskuetan egotera pasa zen. Baina Ebertek armada kontroletik kanpo geratzeko beldurra zuen, ezker aldeko botere politikoek langileak manifestazioetara eramaten bazituzten. Aukera hau, 100.000 pertsona zituzten manifestazioak Berlineko zentrura zuzendu zirenean eman zen.
Gutxi gorabehera ordu horretan, enperadoreak 39 komandanteei egindako inkestaren emaitzak jaso zituen: frenteko soldaduak ere ez zeuden bere aginduak betetzeko prest. Berlingo telegramek abdikatzeko eskatu zioten, bere iragarkiak egoera lasaituko zuelakoan. Hala ere, Enperadore alemaniarraren titulua utzi zuen, baina ez Prusiako erregearena.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.