From Wikipedia, the free encyclopedia
Aintzira edo lakua[1] lurrez inguratuta dagoen ur eremu bat da. Aintzira gehienek ur geza dute, eta gehiago daude Ipar hemisferioan Hego hemisferioan baino. Handiak direnean itsasotzat hartzen dira. Txikiei urmael edo umantzi deritze.
Aintzirak aztertzen dituen zientzia Limnologia da.
Aintziren azterketa hidrologikoa egiteko miniaturazko ozeano baten parekoa dela eta hala aztertu behar dela hartu behar da kontuan lehenik eta behin. Horren arabera, aintzira ur masa bat da, eta ozeanoetako ur masaren antzera, ezaugarri fisiko eta kimiko jakin batzuk izan behar ditu, eta banaketa jakin bat gainaldean eta sakoneran.
Aintziretako uretan, ozeanoetakoetan bezala, mugimendu batzuk gertatu behar dira. Mugimendu horietan urlasterrak, bertikalak bereziki, garrantzi handikoak dira aintziran bizitza antolatzeko, ur laster horiei esker ur masa osoan zehar barreiatzen baitira elikagaiak.
Ozeanoa ez bezala, aintziretako ur bolumena denboran zehar aldatzen da, urteko zikloak osatuz oro har, nahiz eta epe luzeagorako aldaketak ere badiren; era berean, aintziretako ur bolumenean berezitasunak gertatzen dira aintzira beste ur emari baten isurbide izan ala ez. Beste ur emari baten isurbidea denean ura hartzen duen egitura bat da aintzira, eta ez badu beste ur emariren urik hartzen, berriz, ura pilatzen den gune bat da.
Ezaugarri horiek aintzira dagoen lurraldeko eragile jakin batzuen araberakoak izaten dira. Aintziretan isurtze arroetako ura pilatzen da, baina aintzirara iristen den urean eragina dute arroa horretako klimak edo klimek, arro horretako harri motak, topografiak eta landarediak, eta gizakiaren jarduerak urari egiten dion oztopoak. Aintzira ur hedadura sakon samarra da, sakongune batean ura pilarazten duen aurkako malda bati esker sortua eta, beraz, sistema ozeanikoaren eraginik ez duena.
Aintzirara iristen den ur kopuruaren eta aintzirak lurruntze edo irazte bidez galtzen duen ur kopuruaren arteko balantzearen arabera, edo aintzirak gainezka egiten du eta isuri bat izaten du ozeanora iristen dena (kasu horretan sistema exorreikoa da), edo, alderantziz, ura galtzen du (sistema endorreikoa).
Uren zirkulazioaren ezaugarri horiek eragina dute uraren osaera kimikoan, eta batez ere uretan disolbatutako gai kopuruan. Aintzira gaziak sistema endorreikoak dira, eta aintzira gezak, berriz, exorreikoak.
Latitude ertainetako aintzira sakonetako ura termikoki estratifikatuta egoten da askotan. Aintzira horietan goi eta behe geruzetako ura nahastu egiten da udaberrian, eta horrela, ur masak du ia oxigeno hornidura egokia. Uda partean, berriz, azaleko ura berotu eta aintziran tenperaturaren araberako geruzak bereizten dira: epilimnioi izeneko ur beroko geruza bat eratzen da goian, eta haren azpian hipolimnioi izeneko beste geruza bat, hotzagoa eta dentsitate handiagokoa, oxigenoa behar duten organismo gehienen bizilekua dena. Estratifikazioak udazken amaiera arte irauten du, harik eta berriro goi eta behe geruzetako uren arteko nahasketa gertatzen eta hipolimnioia oxigenoz gehiago betetzen den arte, hain zuzen ere. Industriarako gaiak hozteko ura behar izaten denean hipolimnioitik kanpora ponpatzen da ura, eta, behin berotu ondoren, aintziraren gainaldean askatzen da. Goiko geruzari erantsitako beroak areagotu egiten du estratifikazio termikoaren iraupena, udazkenean ohi baino beranduago hozten baita epilimnioia eta bizkorrago berotzen baita udaberrian. Hipolimnioiko urak landareentzako organismo elikagarri aberatsak ditu eta, beraz, aintzirako dinamikari arrotzak zaizkion mekanismoen bidez ura berotuz eta goiko geruzetan hustuz, eta Eguzkiaren izpiak gehien argitzen duten aldea denez, algak hazten dira goialdean. Algak hiltzean hipolimnioian pilatzen eta usteltzen dira hondakinak eta aintziraren eskualde horretako bizitza oparoa mantentzeko beharrezkoa den oxigenoa xurgatzen dute. Beraz, berotasunak aintziran duen oreka zertxobait aldatuz gero, berehala aldatzen da aintziretako bizitza ere, eta baita hondatu ere.
Ikuspegi hidrologikotik begiratuta, ezin egin daiteke aintziren sailkapen edo tipologia bat. Aintzira bakoitza egitura bakartu bat da, tokian tokiko baldintzen eragina du eta, horrenbestez, egitura berezia da eta ez du berdinik. Hala ere, aintziren sorreran badira eragile jakin batzuk eta aintziraren jatorriaren edo sorreran araberako sailkapen bat egin daiteke, jatorria zein den halakoak izango baitira aintziraren ezaugarriak, oro har.
Aintzirak ez dira eragile bakar baten bidez sortuak eta prozesu konplexua izaten da gainera, baina hala eta guztiz ere, aintzira mota hauek bereizten dira jatorriaren arabera: jatorri tektonikoko aintzirak, jatorri glaziarrekoak, sumendi jatorrikoak, jatorri karstikokoak eta aintzira artifizialak.
Konposizio kimikoa, esaterako, eta ez gatzen eduki soila, ingurune biofisikoaren funtsezko ezaugarria da. Nitrato eta fosfato edukia oso handia bada uretako landaredia oso ugaria da eta uretan disolbaturiko oxigeno guztia kontsumitzen du, eta horren ondorioz, animalia bizitza oro eragozten du; aintziraren eutrofizazioa gertatzen dela esaten da kasu horretan. Hori da, hain zuzen ere, aintziren ekologiaren kezka nagusietako bat; kezka hori dela eta aintziretara isurtzen diren hondakin industrialen kontrola lortu nahi da, hortik iristen baitira aintziretara nitrato eta fosfato kopuru handienak.
Euskal Herrian aintzira naturalik ez dago, padurak eta urtegiak baizik. Horien artean, Itoitz eta Esa (Nafarroa) eta Uribarri Ganboa (Araba) ditugu handienak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.