2021eko urtarrilaren 6an, protestari taldeek Washingtongo Kapitolioan eragin zituzten istiluak eta okupazioa, AEBko hauteskundeetako azken emaitzen kontra From Wikipedia, the free encyclopedia
AEBko Kapitolioko istiluak 2021eko urtarrilaren 6an gertatu ziren, Washington DCn Donald Trumpen aldeko protestari taldeek poliziari aurre egin eta kongresuaren eraikin ofizial hori okupatu zutenean. Protestariak Donald Trump AEBko jarduneko presidentearen aldeko manifestazio bateko partaide ziren, Save America goiburukoa, Mike Pence presidenteordeari 2020ko Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan Joe Bidenen garaipena ontzat ez ematea eskatzen ziona.[1][2]
Asteazken goizean, urtarrilak 6, milaka protestarik Washington Monument inguratu zuten. Hainbat pertsonak The Ellipsen hitzaldiak eman zituzten, besteak beste, Rudy Giuliani aholkularia eta Trump bera. Giuliani jendeari zuzendu zitzaion, eta konspirazio teoria hutsalak errepikatu zituen, hauteskundeetan bozkatzeko makinak "okerrak" zirela esanez. Trumpek hitzaldi bat eman zuen kristalezko hesi baten atzetik, hedabideei eraso eginez eta hauteskunde emaitzak iraultzeko dei eginez, Penceren botere konstituzionalaren barruan ez dagoen zerbait.[3]
Protestariak Kapitoliora sartu ahala, poliziak Capitol Hilleko eraikin batzuk ebakuatu zituen, eta manifestariek lortu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioan sartzea, baita Estatuen Gela Nazionalean ere.[4] Kapitolioko okupazio eta istiluetan bost pertsona hil ziren: lau protestari eta polizia bat.[5] Asteazken horretan bertan, 61 pertsona atxilotu ziren Kapitalioaren okupazioko istiluen inguruan; gero, gehiago atxilotu zituzten.[6]
2020ko AEBko hauteskunde presidentzialak, 2020ko azaroaren 3an ospatu zirenak, Joe Biden hautagai demokratak irabazi zituen, Donald Trump presidente errepublikarra garaitu zuelarik. Aurretik, botoak zenbatu bitartean eta ondoren, Trump eta beste errepublikar batzuk hauteskundeko emaitzak iraultzen saiatu ziren, botoetan iruzur zabala zegoela argudiatuz eta emaitzak ukatu eta irauli nahian.[7][8][9]
Presidente berriaren agintaldiko irekiera ekitaldia 2021eko urtarrilaren 20an zen egitekoa. Hauteskunde Kolegioaren emaitzak eta irabazlea berresteko Kongresua 2021eko urtarrilaren 6an bilduko zela eta, Trumpek ekitaldi batekin horri aurre egiteko planak iragarri zituen, hainbat estaturen hauteskunde emaitzen balioaz protesta egiteko.
2020ko abenduaren 31n, Washington DCko alkate Muriel Bowserrek eskatu zuen Columbiako Guardia Nazionaleko tropak zabaltzeko, aurreikusitako manifestazioetan tokiko poliziari laguntzeko. Bere eskarian idatzi zuen zaindariak ez zirela armatuko, eta "jendetzaren kudeaketaren" eta trafikoaren ardura izango zutela, poliziari segurtasun arazoetan zentratzen utziz[10]. Christopher Miller Defentsa idazkariak 2021eko urtarrilaren 4an onartu zuen eskaera[11].
Aurreko egunetan, Trumpek Pence lehendakariordeari eskatu zion Joe Bidenen garaipena ez onartzeko, botere konstituzionalaren barruan ez dagoen ekintza, eta dei hau errepikatu zuen urtarrilaren 6ko goizean egin zuen hitzaldian. Arratsaldean bertan, Pencek gutun bat bidali zion Kongresuari, non esan zuen Bidenen garaipenari ez ziola aurre egingo[12].
Urtarrilaren 5ean hasi ziren manifestariak Washingtonen biltzen, hurrengo egunerako antolatutako manifestazioaren aurretik. Astearte gauean eta asteazken goizean gutxienez hamar pertsona atxilotu zituzten.[1] Asteazken goizean, urtarrilak 6, milaka protestarik Washington Monument inguratu zuten. Hainbat pertsonak The Ellipsen hitzaldiak eman zituzten, besteak beste, Rudy Giuliani aholkulariak eta Trumpek. Giuliani jendetzari zuzendu zitzaion eta hauteskundeetan erabilitako bozkatzeko makinak "okertuta" zeudela zioten konspirazioaren teoriak errepikatu zituen.
Trumpek beirazko hesi baten atzetik egin zuen hitzaldia, hedabideei eraso eginez eta Mike Pence presidenteordeari hauteskundeen emaitzak atzera botatzeko eskatuz (nahiz eta hark ez duen hori egiteko botere konstituzionalik). Trumpek Kapitoliora joateko eskatu zien bere aldekoei, Kongresua biltzen den lekura.[3] Adierazi zuen inoiz ez zutela etsiko, "inoiz ez amore emango", hauteskundeak lapurreta izan zirelakoan, "ez dugu gehiago jasango", "gure herrialdeak nahikoa izan du". Presidente ahalmenak eskualdatzeari "herrialdea suntsitzearekin" parekatu zuen. [13]
Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideak elkarturik zeuden Biden presidente izendatzeko eman beharreko azken urratsa egiteko, baina bertan behera utzi behar izan zen saioa Trump presidentearen aldeko jarraitzaileek Kapitoliora sartzea lortu zutelako.[14] Hori 14:10ean gertatu zen[oh 1] eta, ia aldi berean, Trumpek mezu publiko bat zabaldu zuen Mike Pence presidenteordea gaitzetsiz, hauteskundeetako emaitzei onespena ematearren: "AEBk egia exijitzen du!", adierazi zuen. Minutu batzuk geroago, Trumpek baketsu jokatzeko eskatu zien Kapitoliora sartutakoei.[15]
Honen ondorioz eraikin batzuk ebakuatu egin behar izan zituzten, eraikinaren barruan zeudenen ordezkariei bulegoetara joateko eta ateak eta leihoak ixteko eskatu zitzaien; kanpoan zeudenei "babesa bilatzea" aholkatu zitzaien. Kongresuko kideei gas-maskarak jartzeko eskatu zieten, segurtasun indarrak gas negar-eragilea erabiltzen hasi baitziren eraikinaren barruan. Eraikinetik kanpo, hainbat pertsonak beirazko leihoak apurtu zituzten eta leihoetatik sartu ziren.[16]
Trumpen jarraitzaileak eraikinera sartzerakoan sortutako liskarretan, 15:34 inguruan poliziak emakume bat tiroz zauritu eta hil zuen, aire armadako San Diegoko Trumpen jarraitzaile bat.[17][15] Beste hiru protestari hiltzeko zirkunstantziak ez zeuden argi, "larrialdi zerbitzuetan" hil zirela adierazi baitzuten.[18][19] Urtarrilaren 8an, egiaztatu zen polizia bat ere hil zela, guztira bostera igoz hildakoen erregistro ofiziala.[5] Gizon eta emakume bana Nancy Pelosiren bulegoan ikusi zen lasaitasun osoz gauzak eskuztatzen.[20] Korridoreetan, protestari bat Konfederazioaren bandera handi batez paseatu zen, herritar ugarik konnotazio arrazistaz beterik ikusten dutena;[21] gainera, protagonismo berezia hartu zuen momotxarroen piuraz mozorrotutako gizona, azkon bat aldean zuela Kapitoliora sartua.[22]
Arratsaldean, protestarien Kapitolioko inguraketa hastetik bi ordutik gora ondoren, presidenteak bideo bat plazaratu zuen, hauteskundeak lapurtu zietela nabarmenduz, "maite zaituztegu", "oso bereziak zarete" adieraziz, baina aldi berean protestariei etxera bakean itzultzera deituz.[23] Muriel Bowser Washington DCko alkateak etxeratze agindua eman zuen 18:00etatik aurrera eta urtarrilaren 7ko 6:00 arte.[15] Washingtongo Poliziak adierazi zuen 50 lagun baino gehiago atxilotu zituztela, eta protestariei suzko bost arma atzeman zizkietela.
15:41ean, Guardia Nazionaleko 3.000 kide baino gehiago ere mobilizatu zituzten Kapitolioan, 1.000 USA Today egunkariaren arabera,[15] baina ez zegoen argi hori egitea ote zen Trumpen nahia. Christopher Miller AEBetako Defentsa idazkariak ohar batean jakinarazi zuenez, berak Mike Pence presidenteordearekin eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako buruarekin batera baimendu zuen Guardia Nazionala Kapitolioan sartzera deitzea.[19]
Ia mundu osoko agintari eta politikarien artean, harridura eta gaitzespena sortu zuen protestariak Kapitoliora sartu ahal izana. AEBn bertan hainbat ahotsek harriduraz gain haserrea adierazi zuten segurtasun neurriek huts egiten zuten moduagatik, aditzera emanez Kapitolioko protestariak beltzak izan balira sartzea eragotzi eta bestelako erantzun gogorra emango zitzaiela. NBAko zenbait saskibaloi jokalarik eta taldek adierazpenak eta isiluneak egin zituzten Kapitalioko gertaeren kontra.[24][25][26][27] Joe Bidenek ere adierazi zuen Kapitoliora oldartu ziren protestariak "Black Lives Matter" mugimendukoak izan balira, beste tratu bat jasoko zutela segurtasun indarrengandik.[28]
Biharamunean, Joe Biden presidentegaiak "etxeko terroristak" deitu zien Kapitolioan sartutako protestariei.[29][30] Nancy Pelosi kongresuko bozeramaileak Kapitolioko poliziaburuaren dimisioa eskatu zuen.[30] Clinton eta Obama presidente ohiek Donald Trumpen mezu hutsal eta garratzei egotzi zieten gertatutakoaren erantzukizuna.[31] Instagram eta Facebookek mugagabe debekatu zituzten presidentearen erabiltzaile kontuak.[31] Mitt Romney errepublikarrak matxinada deitu zien Kapitolioko istiluei eta okupazioari.[32] Gaueko telebistako entretenimendu programetako esatariak bat etorri ziren Kapitalioko gertaerak eta Donald Trumpen jokabidea gaitzesten.[33]
Urtarrilaren 7an, Trumpek presidente aldaketa (urtarrilaren 20an egitekoa) zelaituko zuela iragarri zuen aholkulari baten Twitter kontuaz, sare sozialak haren kontua isilarazi ostean.[19] Trumpen gobernuko hainbat goi funtzionariok dimisioa eman zuten egun horretan bertan.[34] Protestariak Kapitoliora sartzean Joe Biden demokrata hauteskundeetako garaile berresteko saioa bertan behera geratu ondoren, urtarrilaren 7an saio horri ekin zioten berriz, eta Joe Biden hauteskundeetako garaile berretsi zuten ofizialki.[35] Alderdikide eta kabineteko laguntzaileen presioek bultzatuta eta gero eta bakartiago, egun berean Trumpek gaitzetsi egin zuen protestariek Kapitolioa okupatu izana eta, zeharka, onartu egin zituen hauteskunde emaitzak, urtarrilaren 20an administrazioa aldatu egingo zela adieraziz.[36][35]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.